Hiru hamarkadatan diseinugile-lana eta marrazkigintza uztartu ondoren, marrazkigintzan buru-belarri murgiltzeko hautua egin zuen Joseba Beramendi "Exprai" iruindarrak 2023an. Erabaki hura hartu zuenetik ia bi urte igaro direnean, berarekin hitz egin nahi izan dugu. Marrazkigintzaren alderdi ugariez, teknologiak ogibidean eragin dituen aldaketez, etorkizuneko erronkez, iaz Txalapartarekin argitaratu zuen Zu hor eta ni hemen liburuaz eta irailera bitartean Donostian, Aiete Kultur Zentroan, ikusgai jarri duen erakusketaz aritu gara solasean, besteak beste.
(Elkar aldizkariaren 61. zenbakiaren azala)
30 urte baino gehiago pasatu dituzu diseinuaren eta publizitatearen munduan lanean (15 inguru enpresa berean), eta urte horietan guztietan denetariko lanak egitea egokitu zaizu: kartelak, liburuak, aldizkariak, kanpainak… Baina orain bi urte, 2023an, marrazkigintzan buru-belarri murgiltzeko erabakia hartu zenuen. Ez zen erraza izango... Zerk eraman zintuen hautu hori egitera?
Argi gera dadin, ez dut nire burua berrasmatu; bizitza osoan ez diot marrazteari utzi. Urteak eta urteak daramatzat prentsa anitzeko orrialdeak zikintzen. Baina egia da horretan buru-belarri aritzeko erabakia duela pare bat urte gauzatu nuela.
Zergatik hartu nuen erabaki hori? Bi arrazoi nagusi daudela esango nuke.
Batetik, urte asko neramatzalako diseinugintzan eta sektorearen bilakaera ez zitzaidalako batere gustatzen. Teknologiaren eta baliabideen demokratizazioak lanbide honi nolabaiteko errespetua galtzea ere ekarri duelako.
Eta bestetik, beti marraztu izan dudalako. Txikitatik marrazkilaria izan nahi nuen eta orain ideia ona iruditu zitzaidan jauzi hori ematea, egin ez izanaren damuak ito baino lehen.
Bitxia egin zitzaidan erabakiaren berri sareetan eman nuenean sortu zuen jakin-mina. Ez nuen halakorik espero, uste nuelako jendeak bere bizitzaren gaineko erabakiak egunero hartzen zituela, jabetu ala ez. Baina, bat-batean, komunikabideek horren bueltan galdetzen zidaten! Nik ez nion ez epikarik ez interesik ikusten kontu horri, eta oraindik ere larritzen nau zerbait garrantzitsuaz konturatu ez izanaren sentsazioak, zaplaztekoa eta damua noiz etorriko zain. Hala ere, jolastera etorri gara eta saiatu behar nintzen.
(Balerdi Balerdi taldearen Hegoko lautadaren ertzetik diskoaren azala)
Gauzak zeharo aldatu dira hiru hamarkadatan. Teknologiak gauza asko eman dizkigu; kendu ere bai, noski. Zure ustez, nolakoa da egungo egoera jardun artistikorako?
Lehen ere diseinatzailea langile prekarioa bazen, orain prekarioa eta gutxietsia da. "Flipau" bat eman gabe, gogoratu nahiko nuke diseinu baten atzealdean funts bat dagoela, ez dela estetika hutsa, eta badirudi azken urteotan aspertu nintzela exekutore hutsa izateaz, nire irizpidearen aurka bezeroen nahiak asetzeaz. Izan ere, bezero horiek ikusten dute teknologiak dena egin dezakeela eta, antza, uste dute diseinatzailearen lana teknologia hori dantzan jartzea dela. Baina ez bakarrik bezeroek. Gutxieneko egitura duten agentzietan lan egiten duten diseinatzaileek ulertuko dute zertaz ari naizen. Marketin-adituek, komertzialek, zuzendari desberdinek eta diseinatzailearen gainetik dagoen edonork (hau da: agentziako lantalde gehienak) antzeko jokatzen du.
Ez da hain erraza izango gaizki ordaindutako norbait behar dutenean lan hori gauzatzeko. Hori bai, zerbait gaizki ateraz gero, azken katebegi horren errua izango da, lan prekario gehienetan gertatzen den bezalaxe.
(Eskola-liburuen kanpainarako Elkarrentzat egindako irudia)
Zure ibilbide luzean, marrazkilari gisa denetarik egiteko aukera izan duzu, hamaika bezerorentzat (Gara, Berria, Ttap, Gaztezulo, Aizu!…). Esaterako, paperezko zein sareko komunikabideetan komiki-zintak egi(te)n dituzu. Oro har, gaurkotasunari lotuta eta lan-tarte mugatuekin aritu beharrak izango du zailtasunik, ezta?
Errespetu itzela diet eguneroko zinta egiten duten marrazkilariei (Zugazart, Zaldieroa, Olariaga, Oroz…). Holako lana udan bakarrik egiten dut, hilabete batez eta, disfrutatu arren, aldapatsua egiten zait. Jakina, urtero praktikarik gabe harrapatzen nau eta horretarako giharra berotzen hasten denean hilabetea joaten zait. Gainera, hilabete bakarreko tarte horrek ere presioa gehitzen dit. Ai, ene... Pentsa: urte osoa hor egongo banintz, eta egun kaxkar bat izanez gero, askoz ere malguago nintzateke nire buruarekin. "Lasai! Gaurko zinta ez da oso fina izan, baina biharkoa hobea izan daiteke" esan eta aurrera, urte osoan marjina badagoelako. Baina hilabete bakarra izateak nire buruarekin askoz zorrotzagoa izatera behartzen nau: "31 egun eta 31 aukera bakarrik dituzu! Ez ezazu bat ere galdu!". Eta zama horrek batzuetan ez dit uzten behar bezala disfrutatzen, baina tira... Ez naiz horretaz kexatuko.
Egunerokoak bat-batekotasuna eskatzen du, baina gaur egun sareek ezarri dute bat-batekotasun hori minutuetakoa izan daitekeela. Bihar argitaratuko den zintarako otu zaizun txistea beste hamaika pertsonari bururatu ahal zaie tarte horretan. Finean, milaka buru daude gauza berean pentsatzen aldi berean, eta zure txistea argitaratu baino lehenago sareetan ikustea (batzuetan hobetua ere) beldurgarria da. Zer esanik ez aldizkarietan ari bazara. Astekari edo hilabetekarietan argitaratzeak beste erritmo batzuk ditu. Horrek esan nahi du argitaratu baino egun batzuk lehenago sortu eta bidali behar duzula bineta edo zinta. Zure ideia bera errepikatua ikusteko aukerak biderkatzen dira.
Horregatik ere, eskertzen dira egunerokotasuna eskatzen ez duten beste formatu batzuk: Xabiroin, hiruhilabetekaria izanik, ez daukagu presio hori. Esperimentaziorako atea irekitzen du, eta esaten dudalarik pentsatzen ari naiz gehiagotan zeharkatu beharko nukeela ate hori.
(Ruben Ruizek idatzi eta "Exprai"-k ilustratutako Pellokeriak liburuaren azala)
Iritzi-artikuluak eta liburuak ilustratzen ere aritzen zara, azken urteotan, adibidez, Javier Traité historialari katalanarekin elkarlanean bi komiki argitaratu dituzu. Nola egiten da lan kasu horietan? Alegia, zein izaten da idazlearen eta marrazkilariaren arteko harremana?
Prentsarako artikuluekin ez da harremanik izaten. Normalean, oso denbora gutxi dago lan hori egiteko eta ez da nolabaiteko elkarlanerako aukerarik sortzen. Noiz edo noiz, ordea, planifikatutako testua bada, egileari bai bidali izan diot marrazkia berarekin komentatzeko, baina ez da ohikoena.
Berrian ilustratzen ditut Udako Narrazioak ere, oso gauza polita eta literarioa, oso gustura egiten dudana. Horretan ere egileekin dudan harremana hutsaren hurrengoa da. Sarritan faltan botatzen dut kontaktu hori, baina egia da narrazio horiekin "ez nagoela iradokizunik jasotzeko prest". Ez harrokeriagatik, ez pentsa. Baina lan horri nire arau propioak jartzen dizkiot urtero. Hamar bat ipuin dira udan argitaratzeko, bakoitza egile eta estilo desberdinekoa; horregatik saiatzen naiz urteko uzta horri batasun grafiko bat ematen. Batasun hori lehenengo testuarekin erabaki eta definitu behar dut, ttanttaka jasoko ditudan gainontzekoak ikusi gabe, eta beldur naiz egileekin gauzak adosten hasten banaiz nire ekarpen txiki hori kolokan jar daitekeela.
Liburuak enkarguz ilustratzerakoan, harremana editoreekin mantentzen saiatzen naiz, beraiek baitira erabakiak hartzen dituztenak. Gertatu izan zait egileekin adostutakoak gero editoreek atzera bota izana. Orduan, nagusiaren aginduetara. Oso desberdina da idazle batekin liburu ilustratu bat edo komiki bat egitea, non obraren egileak bi diren. Kasu horietan elkarlana ezinbestekoa da eta elkar ulertzea eta sintonia berean egotea are eta ezinbesteago. Javier Traitérekin bi komiki argitaratu ditugu momentuz (Historia disparatada de España eta Historia disparatada de la monarquía) eta itzela izan da berarekin aritzea. Saiakera historiko eta umoretsuaren esparruan koka genitzake eta umorea egiteko asko errazten du bidea bioi gauza berdinak grazia egiteak. Elkarrekin barre egitea funtsezkoa izan da. Horietan bai, gidoilariak eta marrazkilariak zintzoak eta eskuzabalak izan behar dute, bestearen iritzia jasotzeko eta propioa mahai gainean jartzeko. Baina, esan bezala, konexioa egonda erraz asko doa gainontzekoa.
(Javier Traitérekin elkarlanean egindako bi komikien azalak. Argazkia: Adolfo Lacunza)
Iaz, Zu hor eta ni hemen argitaratu zenuen Txalapartarekin, haurrei zuzendutako zure lehen liburua. Erronka handia izango zen testuaz —bertsotan emana, gainera— eta marrazkiez arduratzea. Zer kontatu nahi izan zenuen? Zer-nolako esperientzia izan zen?
Asko maite dut liburu hori. Genozidio bat zuzenean ikusten ari gara eta ezin dugu ez ikusiarena egin. Haurrek ere ikusten dute, nahi eta nahi ez, eta galderak egiten dituzte, etxean gertatu zaidan bezala. Ez da gai erraza beraiekin hitz egiteko, ordea. Honen gaineko liburu bat egitea bururatu zitzaidan, baina ez nekien nondik jo. Ez nuen leziorik emateko asmorik. Ez da Palestinaren historia edo israeldar estatuak gauzatutako genozidioa. Ez dago analisirik, ez dago ezer. Galderak besterik ez.
Izan ere, ume baten egunerokotasunaren inguruko galderen bitartez elkarrizketa bat abiatu ahal da. Marrazkiek, ordea, irakurlearena ez den beste testuinguru batera bideratzen dute galderen fokua. Testuak gauza bat esaten du. Marrazkiek istorio propioa kontatzen dute. Eta, biak elkartzerakoan, osotasun horrek errealitate latz bat hurbildu nahiko luke.
Testuari dagokionez, nuen ideiari jarraituz, prosan idazten hasi nintzen eta berehala damutu nintzen, buruan nuena paperean inozoegia ikusten nuelako. Bueltak ematen hasi eta testuari nolabaiteko grazia emateko bertsotan planteatu nuen. Horrela kantatzeko ere balio zezakeen eta ideia jantziago ikusten nuen nire buruan.
Eta hain da kantatzeko modukoa, eskolaren batek musikatu eta ikasleekin landu duela klasean. Elkarrizketa hasi nahi nuen etxean, baina jada jauzia eman du ikasgeletara. Lagungarri bada, ezin diezaioket gehiago eskatu liburu honi.
Egia da denbora asko hartzen duela prozesu osoak, baina horrelako gehiago egin beharko nituzke!
(Zu hor eta ni hemen liburuaren azala)
Behin baino gehiagotan, urte hauetan guztietan pilatutako ezagutzak partekatu dituzu ikastaroetan eta hitzaldietan. Zein dira saio horietan azpimarratu izan dituzun gako nagusiak sortzaile-lanari dagokionez?
Oso praktikoak izan dira gehienak, gauza zehatzei begira. Irakasleei zuzendutako tutorial modukoak izan dira batzuk, hizkuntza grafikoa klasean erabiltze aldera, eta ikasleentzat narrazio grafikoaren gakoetara hurbiltzeko, besteak. Tartean, komikiaren lengoaia propioari buruzko zerbait, beste egile batzuen liburuen aurkezpenak egin... Baina ez dut propio nire buruaz hitz egin.
(Zu hor eta ni hemen liburuko orrialde bat)
Ingurura begiratuta, zelako egoera ikusten duzu marrazkigintza profesionalari dagokionez? Zure aburuz, zein dira ogibidearen erronka nagusiak?
Inguruan kristoren marrazkilariak ikusten ditut. Gauza zoragarriak egiten dituen jendea. Euskal Herrian sortzaile on andana daukagu. Baina profesionaltasuna lan bati esker bizitzeko aukera bada, marrazkigintza profesionala unikornio bat dela esango nuke. Apur batzuek lortu dute marrazteaz era duin batean bizitzea, baina gehienok (aberatsak izan ezean) beste ogibide batekin uztartu behar dugu. Laburrean esanda, lan asko eta diru gutxi. "5 minututan egiten den" marrazki horrek ez ditu normalean ustezko 5 minutu horiek eskatzen, ordu batzuk baizik. Hortaz, nik ere beste lan batzuk egin behar ditut jateko. Nire kasuan, liburuen diseinua eta maketazioa da lanbide paralelo hori. Oso gustura egiten dut, liburuen mundua zoragarria delako eta etengabe ikasteko aukera itzela delako. Finean, lantzen dudan liburu bakoitza behin baino gehiagotan irakurtzen dut, zeharka bada ere, ortotipografia eta atal desberdinak kontrolatzen ditudan bitartean. Ez dut zama bat bezala bizitzen, gozatzen eta ongi eta gogotsu egiten dudan lan bat delako.
Marrazkigintzara bueltatuz, lan asko eta diru gutxi. Ideia bat egiteko, sarritan gertatu zait liburu bat maketatzeagatik gehiago kobratzea marrazkiekin janzteagatik baino. Hor bada pentsatzeko zerbait. Salbuespenak salbuespen, ez dago argitaletxeen, aldizkarien, agentzien... eta marrazkilarien arteko harreman orekatu bat. Lehenengoek bigarrenei mesede bat egiten dietela dirudi eta mesedegilearen posiziotik produktua mamiz betetzen duen hori estutzen dute gehiegitan. Eta, kontuz, marrazkilariok ere ez diegu inolako mesedea egiten argitaratzaileei, baina harreman sinbiotikoa eta guztiontzat onuragarria izan beharko lukeena gutxitan ematen da. Prekarietatea da nagusi.
Orain Adimen Artifiziala sartu da partidan. Ikusi dugu argitaletxe handi batzuk ere lotsarik gabe hasi direla hura erabiltzen, irudigileen lana baztertuz, nahiz eta emaitzak oso erdipurdikoak izan oraindik. Espektakularrak izan daitezke irudi horiek, liluragarriak hainbat kasutan, baina lurrin merkez estalitako kiratsa darie. Kroketen antzera, handik eta hemendik hartutako osagaiekin egindako masa bat dira, nahiz eta zapore onekoak izan daitezkeen. Gaitz erdi litzateke, erabilitako osagaiak lapurtuak ez balira. Hor mobida larria dago, etika oso gutxitan sartzen delako interes ekonomikoek goraino betetzen duten gelan. Orain irudigileez ari gara, baina erredaktoreek, idazleek, musikariek... badakite zertaz ari garen.
Erronkez galdetzen zenidaten, baina eguneroko erronka hilabete honetan fakturatzeko lan berri bat aurkitzea denean, zaila da epe ertain edo luzerako erronkei so egitea. Bakarrik egiten dugu lan, gure etxeetan, gure kobazuloetan sartuta. Erronkarik balego, niretzat elkarlana indartzea litzateke, sektorearen duintasuna aldarrikatzeko, indartzeko eta lan-eskubideez janzteko. Ari gara, poliki-poliki, Euskal Irudigileak eta Lanartea bezalako elkarteekin. Lorpenak agertzean doaz, baina asko dago egiteke oraindik.
(El mono aldizkariaren 100. zenbakiaren azala)
Irailaren 7ra arte, zure lanez gozatzeko aukera dago Donostian, Aiete Kultur Zentroan, "Ilustratzailearen txokoa" programaren baitan. Zer ikus dezakegu? Zer-nolakoa da norbere lana leku bakar batean bilduta eta publikoaren esku ikustea?
Bertan lagin "random" xamar bat ikus daiteke. Prentsarako, argitaletxeendako edota lagunentzako egindako gauzak ikusi ahal da. Polita izan da horrelako txoko goxo batean gauzak sartzea. Ez marrazkiak bakarrik, baizik eta beste gauzatxo batzuk. Adibidez, azkenean gauzatu ez zen proiektu baterako panpintxoen prototipoak, edo baita ere nire egunerokoaren parte diren objektu batzuk.
Espero dut jendearen gustukoa izatea, behintzat.
(José Mujica)
Eta, bukatzeko, ba al duzu proiektu berririk une honetan esku artean? Aurrera begira, zer geratzen zaizu egiteko?
Proiektuak proiektu izateari uzteko gogor heldu behar zaio, eta horretan ari naiz kontu pare batekin, nahi baino geldoago. Esan bezala, egunero jateko ohitura txarra daukagu eta balizko olak kerik botatzen ez duen bitartean, gogoaren zoko batean geratzen da. Gauza asko geratzen zaizkit egiteko eta guztiak egingo ez ditudala jakinik, egin ditzakedan horietan gauzatxoak probatzea gustatzen zait. Hori akaso estilo propio bat lantzearen kontra joan daiteke, baina marraztea gozatu behar dudan zerbait da eta jolastera etorri gara.
(2025eko abuztuaren 6an argitaratutako Berezia)