Tabakalerak, sorkuntza-zentroa den aldetik, nazioarteko egonaldi eta baliabide programa bat du, artista, sortzaile eta eragile kulturalei babesa emateko. Programa honen helburua da ekoizpen-prozesuak babestea eta haietan laguntzea, kontzeptuaren eta ekoizpenaren garapenean.
Programa berri honekin, Tabakalerak dituen beste batzuekin batera, espazio bat sortu nahi da eragileak eta haien proiektuak elkarren ondoan garatu daitezen, egoiliarren eta eragile gonbidatuen arteko topaketak ahalbidetzeko.
Tabakaleraren programa kulturala lan-ildo zehatz batzuk garatzen ari da, mundu garaikideari buruzko hausnarketaren eta eztabaidaren inguruan hainbat ildo interesgarri egituratzeko. Bere programazio-ardatz desberdinen bidez, Tabakalerak gizarte garaikideari eragiten dioten gaiak hurbildu nahi dizkie publiko desberdinei.
Ekoizpenerako laguntzen deialdiak ezinbesteko protagonismoa hartzen du prozesu honetan, haiei jarraipena emateko borondatearekin, eta gure programak biltzen dituen arloak elkarrekin erlazionatzeko asmo argiarekin. Zalantzarik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan, aurrerantzean EAEn, bizi diren eragile berriekin lankidetzan aritzeko aukera bat da, kontuan hartuta funtsezko pieza direla Tabakaleraren proiektua hazi eta aberasteko.
XEDEA
Deialdi honen xedea da, EAEn bizi diren eta arte garaikidearen sektorean lan egiten duten artistei eta tokiko eragile kulturalei arte-proiektuak garatu ahal izateko lanerako espazioak eta baldintzak eskaintzea.
Deialdiak izaera desberdinetako proiektuak ditu helburu, diziplina artistikoa edo proiektua aurkitzen den fasea kontuan hartu gabe.
Aurkeztutako proposamen guztietatik bi hautatuko dira laguntza hauen onuradun izateko.
Batzorde hautatzailea Tabakalerako langileek osatuko dute eta aurkeztutako proposamenen artean, deialdiaren baldintzei egoki erantzun dieten bi proposamen aukeratuko ditu.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.