Euskadiko kultur sektorearen finantzaketa publikoari buruzko jardunaldiak 2026

Bilbao 2026(e)ko Azaroak 17
  • Euskadiko kultur sektorearen finantzaketa publikoari buruzko jardunaldiak 2026

2026ko azaroaren 17an, 9:30etik 16:30era, Euskadiko kultur sektorearen finantzaketa publikoari buruzko jardunaldi profesionala egingo da Harrobian (Bilbo). Euskal kultur sektorean lan egiten duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Erreserbak zabalik daude dagoeneko, eta plaza kopurua oso mugatua da.

Euskadik lege berri bat izango du laster. Euskal Kultur Sistemaren Lege berria udazken honetan onartzekoa da Eusko Legebiltzarrean, eta datozen urteetan herrialdeko kultur ekosistema berrantolatuko du. Baina baliabiderik gabeko legea asmo onen adierazpen hutsean gera daiteke. Horregatik, ESKENAk, Kultibak eta Harrobiak jardunaldi profesional hau antolatu dute, galdera zehatz bati erantzuteko: zer baliabide ekonomikorekin finantzatuko da kultura Euskadin?

Plaza gutxi daude, eta erreserbak martxan dira dagoeneko. Euskadiko kultur sektorean lan egiten baduzu, eztabaida honetan zuk ere baduzu zer esana.

ERRESERBATU ZURE PLAZA HEMEN

Zertaz hitz egingo dugu?

Jardunaldi honen abiapuntua argia da: kultura garapen jasangarriaren laugarren zutabea da, ekonomiaren, gizarte-ekitatearen eta ingurumenaren parekoa. Kulturan inbertitzeak eragin zuzena du lurralde-kohesioan, demokraziaren osasunean, berrikuntzan eta ongizatean.

Ikuspegi hori datuen eta proposamen zehatzen bidez defendatu nahi dugu. Horretarako, teoriatik ekintzara eramango gaituen ibilbidea proposatzen du jardunaldiak:

  • Abiapuntua: zergatik da kultura inbertsio bat? Kulturak gizarte-kohesioan, hezkuntzan, osasunean eta ekonomian duen eragina aztertuko dugu, baita kulturaren aldeko apustua zergatik den erantzukizun publikoa ere.
  • Egoeraren argazkia: non gaude? Kultur sektorearen finantzaketa-eskariari buruzko txostena aurkeztuko dugu. Sektoreak kreditua eskuratzeko dituen zailtasunak, enpresa txiki eta ertainen eta kultura-erakundeen finantzaketa eskasa, eta dirulaguntzak osatzeko dauden aukerak izango ditugu hizpide: berme-lerroak, kulturaren arloko arrisku-kapitala eta inpaktu-inbertsioa.
  • Beste esperientzia batzuetatik ikasten. Gertuko bi esperientzia aztertuko ditugu. Katalunian, Actúa Cultura 2% kanpainak kultur sektore osoa elkartzea lortu zuen, kulturarako gutxieneko aurrekontu bat aldarrikatzeko. Horrez gain, nazioarteko beste adibide batzuk ekartzeko lanean ari gara. Esperientzia horiek guztiek ondorio berera garamatzate: kulturan inbertitzea, batez ere, borondate politikoaren araberakoa da.
  • Gure testuingurura ekarrita: lege berria. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak zuzenean azalduko ditu Euskal Kultur Sistemaren Lege berriaren gako nagusiak eta, bereziki, zer tresna eta konpromiso ekonomiko jasoko dituen.

Jardunaldiaren bigarren zatian, entzutea ez da nahikoa izango: parte hartzeko unea iritsiko da. Kultibak eta Eskenak lan-saio kolektibo bat dinamizatuko dute, goizean jasotako ideiak euskal kultur sektorearen errealitatearekin uztartzeko. Helburua da jardunalditik aldarrikapen zehatz eta partekatuekin, lehentasunezko lan-ildoekin eta asmo-adierazpen batekin ateratzea, legearen izapidetzeak aurrera egiten duen bitartean sektoreak ahots bateratua izan dezan. Bazkarian ere izango dugu elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko tartea.

PROGRAMA

eskena.org

Laburrean

Non