"20.000 especies de abejas", aniztasunari gorazarre

  • "20.000 especies de abejas", aniztasunari gorazarre

20.000 especies de abejas Estibaliz Urresolaren lehen film luzea da. Nortasunari begira jartzen gaitu filmak, sotil, familia bateko harremanen trantsizioari so. Nazioarteko aintzatespen ugari jaso ondoren, zinemetara iritsiko da apirilaren 21ean, ostiralean. Filma jendaurrean estreinatzeko ordu gutxi falta direla, filmaren zuzendariarekin hizketan jardun gara.


Zerk bultzatu zintuen 20.000 especies de abejas filma egitera? Zer kontatzen duzu filmean? Zer iradokitzen du izenburuak?

20.000 especies de abejas trantsizio baten istorioa da. Familia osoak egin beharreko trantsizioa da, ordura arte mutikotzat jotzen zuten umeari, Aitorri, bidelagun egiteko, udan amaren herrira, Euskal Herrira, joan eta han bere burua neskatzat agertzen hasten denean, berak hala sentitzen baitu barruan.

Filma identitateari buruz ari da, norbera zer den bilatu edo aldarrikatu edo ikertzeko prozesuei buruz. Baina ez da Sofia Oterok interpretatutako pertsonaia urratzen ari den bidea bakarrik; baita tartean diren gainerako emakumeen bidea ere, belaunaldi bateko ala besteko: amona, izeba zaharra, ama bera eta, jakina, Sofia Oterok antzezten duen pertsonaia.

Hiru belaunaldi horiek bilduta, emakume horiek beren bizitzak nola bizi izan dituzten aztertzen ahalegindu naiz, denak ere "emakume izatearen” etiketaren baldintzapean baitaude: etiketa horrek zer irudikatzen duen aztertu nahi izan dut, benetan ezer baden, edo zenbat modu dauden leku horretan esperimentatzeko eta bizitzeko.

Aniztasunaren gorazarrea da, izateko era guztien eta mundu honetan bizitzeko era guztien gorazarrea. Eta izenburuan bertan ere agertu nahi izan dut aniztasun hori: 20.000 especies de abejas. Erleak direlako, inondik ere, naturaren biodibertsitatea ziurtatzen dutenak, eta uste dut desberdin izate horrek eta naturaren dibertsitate horrek garamatzala gizakion arteko desberdintasunak aberasgarritzat hartzera, gure gizarteari aberastasuna ematen diotela ulertarazten digulako.

(20.000 especies de abejas filmaren fotograma)

Dozenaka elkarrizketa egin dizkiet trans adingabeei laguntzeko prozesuan zeuden familiartekoei, eta istorioa elkarrizketa haietan oinarrituta dago, erabat. Adingabe horiek Naizen elkarteko kideak ziren. Ekai Lersundiren suizidiotik abiatutako prozesua izan zen. Gizarte osoa astindu zuen gertaera horrek, baita ni neu ere, goitik behera. Mugarria izan zen hura, horren aurretik eta horren ondoren; ordura arte ez baitzitzaien benetan so egiten ume transei, ez haien errealitateari benetan kontu egiten. Ekaik, erabaki hura hartuta, horixe nahi zuen, errealitate hori agerian jarri. Eta, uste dut, tamalez, lortu zuela, 2018tik hona iratzarri egin garela sentitzen dut nik. Eta ez soilik iratzarri: lehenengo urratsak eman ditugu kolektibo askori orain arte aitortzen ez zitzaizkien oinarrizko eskubide guztiak babesteko eta defendatzeko.


Nola egin zuen aurrera prozesuak, hasierako ideia hartatik?

Proiektua Gariza Filmsek antolatutako egonaldi artistiko batean hasi zen. "Gela bat norberarena” izena du, eta sortzaileentzako eremu aproposa sortu nahi du, obra artistikoak garatzen edo idazten hasteko moduan izan daitezen.

Egonaldia amaitu nuenean, Noka programarako aukeratu ninduten, eta han aurkeztu nuen gidoiaren lehen bertsioa. Programa egundokoa izan zen niretzat; ia urtebete iraun zuen, eta arlo desberdinetako profesionalen aholkuak jasotzeko eta kontsultak egiteko aukera eman zidan: gidoia zela, zuzendaritza kontuak, ekoizpena eta banaketa. Perspektiba handia eman zidan programak, eta nire ekoizpen-etxea sortzera bultzatu eta animatu ninduen: Sirimiri Films. Enpresa horren bidez hasi nintzen proiektua sustatzen lehendabiziko garapen-fase horretan, eta, adibidez, bertatik eskatu nizkion proiektua garatzeko laguntzak Arabako Foru Aldundiari. Laguntza horiek funtsezkoak izan ziren hain luze jo duen prozesua benetan abian jartzeko.

Azkenik, 2019. urtearen amaiera eta 2020. urtearen hasiera bitartean, Gariza Films ekoizpen-etxe nagusi eta behin betikoa bihurtu zen, proiektuaren ernamuina izan zen egonaldi artistikorako deialdia egin zuen ekoizpen-etxea bera. Aurrerago, Kataluniako Inicia Films ere sartu zen. Aliantza horiek lotuta, finantzaketa-faseari eta ondorengo prozesu guztiei ekiteko moduan geunden azkenean.

(Filmazioko irudia)


Ume transen kontua oso gai delikatua bezain ezezaguna izanik jende askorentzat, nola landu zenituen gaia eta familiek bizi dituzten errealitate desberdinak? Zer izan zen zailena filma sortzeko prozesuan?

Halaxe da, bai, gai oso delikatua da, eta ardura handiz tratatu beharra zegoen. Horregatik, dokumentazio- eta elkarrizketa-fase oso nekeza landu nuen 2018an, familia asko eta asko elkarrizketatu nituen. Familia horien topaketetara ere joan nintzen, urteroko topaketak ziren, eta familia horietako neska-mutilak ezagutzeko aukera izan nuen. Elkarrizketa horietan oinarrituta, Naizen elkarteak berak liburu bat argitaratu zuen, Tránsitos izenekoa. Lan horretan, gurasoek barru-barrutik kontatzen zuten beren prozesuak nolakoak izan ziren. Bildutako informazio horretan oinarritu nintzen jakiteko zertan ziren berdin familia horien esperientziak; umeek aipatutako pasarteak, egoerak, gogoetak eta galderak bildu nituen, eta huraxe izan zen gidoiaren lehen bertsioaren ernamuina.

Egia da 2020an, bi urteren ondoren, konturatuta nengoela gizartea gero eta aurreratuago zegoela. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen zuen kontu hau, eta, beraz, 2020an Naizen elkartean sartzen ari ziren familiek gehiago zekiten eta errealitate horri buruzko ezagutza handiagoa zuten aurrekoek baino. Hortaz, egoeraz jabetzeko unea edo umeari lagun egiteko prozesua hasteko unea ez zen aurreko familiek izan zuten berdina, haien aldean gauza askoren berri bazutelako eta ordurako errealitate hori ez zelako ez hain estalia ez hain tabu.

Beraz, gidoia martxan zegoen arren, bigarren dokumentazio-fase bati ekin nion; ziur egon nahi nuen filma garaiaren isla zela. Litekeena zen 2018an transitoa egina zuten familietan edo elkarrizketatu nituen familietan (trantsitoa askoz lehenago egina zuten askok) prozesuak desberdinak izatea, eta ziur egon nahi nuen filmak zorrotz jasotzen zuela garaian garaikoa. Hortaz, dokumentazioa lantzen hasi nintzen berriro buru-belarri, jakina, errespetu osoz.

(20.000 especies de abejas filmaren fotograma)

Ziur asko, prozesu osoko gauza zailenetako bat zera izan zen, filmaren fokua, tratamendua eta ikuspegia zein izango ziren ondo asmatzea. Erraza zatekeen, azkenean, pertsonaia nagusi bakarrari, Sofia Oterok interpretatutako pertsonaiari, lagun egiteko kontakizuna sortzea. Baina, dokumentazio-prozesu hura guztia funtsean familiekin landu nuenez, eskutik esku, haien aita-amen begietatik, filmera eraman nahi nuen begirada hura, batik bat elkarrizketa horietan familiakoek esandako gauza batzuek eman zidatelako gakoa. Kontua da askok esan zidatela transitoa, finean, ez zutela neska-mutilek egin, haiek hasieratik zekiten-eta nor ziren, baizik ingurukoek, ume horiei beste begi batzuez begiratzen ikasi behar izan zutelako. Alegia, besteen begirada, hura eraldatzen zen. Eta elkarrizketak nagusiki guraso horiekin egin nituenez, haien erretratua margotu nahi nuen, familiako harreman baten trantsizioaren erretratua.

Ikuspuntu bikoitz horri eustea izan zen lan nekezenetako bat gidoia lantzean: harreman horretako bi poloen ikuspuntuak, amaren eta alabaren arteko harremanean sintetizatuta, baina, jakina, familiako gainerako kideak ere biltzeko moduan. Bi pertsonaia horietako bakoitzaren, alabaren eta amaren, bidaiaren narrazioa idatzi nahi nuen, bata eta bestearen bidea bien arteko ispilu-joko bihurtzeko, batek edo besteak egindako urrats bakoitzak bestearekin duen harremanari eraginez.


Hortaz, esan genezake 20.000 especies de abejas lanean, nolabait, sintetizatuta daudela zure film laburretan agertu diren emakume guztiak? Zer emakume-mota gustatzen zaizu erakustea? Nolakoak dira, oraingoan, filmaren protagonistak?

Egia da nire aurreko film laburretan emakume baten bizitzaren une jakin batean gelditu izan naizela. Hasteko, Adri lana 11 urteko neskato bati buruzkoa zen, menarkia edo lehenengo hilekoa iritsi zitzaionekoa kontatzen zuena. Polvo somos lanean, berriz, heldutasunari, gazte-heldutasunari erreparatu nion. 30 eta 40 urte arteko bi ahizpak, heriotza baten ondorioz, berriz elkartu behar izan zuten, eta, berriro familiarengana bildu, ama eta amonarekin batera. Hor hasi nintzen filmean irudikatzen den belaunaldi-artekotasun hori lantzen. Eta Cuerdas lanean, 70 urtetik gorako emakumeei erreparatzen diet, zehazki, 91 urteko protagonistari.

Egia da, nolabait, 20.000 especies de abejas lana belaunaldi horien guztien bilkura dela. Pertsonaia femeninoak sakon lantzea interesatzen zait, haien konplexutasuna jasotzea, batzuetan horren falta sumatu dugu-eta zinemaren historian; hainbat eremutan azaldu nahi ditut, ñabardura guztiekin, argi-ilunekin eta itzalekin, eta normalean ikusten ez dizkiegun paperak eginez. Esate baterako, Cuerdas lanean, 91 urteko emakumea bere bizitzaren jabe egiten ari dela ikusten dugu, erabaki bat hartzen, itxuraz erabaki hutsala, bere baitakoa eta pribatua, baina azkenean bere ingurune hurbila eraldatuko duena, erabaki politiko ere bihurtuz, gizarteari eragiten diolako.

(20.000 especies de abejas filmaren fotograma)

20.000 especies de abejas filmean familia horretako emakumeen aniztasuna erakutsi nahi izan dut, ahalik eta gehien erakutsi ere. Esan genezake emakume hauek era konplexuan agertzen direla, desberdin agertzen direla harremanen arabera, familiako zeinekin dabiltzan. Seguru asko, beren bizitzan gauza askori uko egindakoak dira emakume horiek, eta arrastoa bertan geratzen da, luzaroan dirau, familiako hartu-emanak moldatzen ditu, begi-bistatik ezkutuan, ondorengoei ere eraginez eta baldintzatuz, aspaldidanik datorren inertziaren eta legatuaren arrastoan.  Agian, uda horretan, bizi behar izango duen prozesu horri esker, egindakoa konpontzeko edo, gutxienez, zalantzan jartzeko, jabetzeko, aukera izango du familiak.


Erleak oso presente daude, izenburutik hasita. Zer leku dute filmean?

Erlea oso sinbolo emankorra iruditzen zitzaidan, eta filmean hainbat arlo lantzeko aukera eman zidan. Erleek, a priori, beldurra ematen dute, eta jendeak ez ditu maite; ezezagunak ditugun gauza guztiak bezalaxe, esango nuke. Alabaina, haiengana hurbiltzen zaren heinean, eta konturatzen zarenean nola antolatzen eta komunikatzen diren, erlauntza batean zer-nolako adimena dagoen... miresmena pizten dute, zenbaterainoko mesedea egiten diguten konturatzen gara.

Bestalde, birsinbolizazioaren ideia ere hor dago. Hau da, erlearen pozoiak, beldurra ematen badigu ere, aplikazio terapeutikoak izan ditzake, sendabidea ere izan daiteke. Birsinbolizazioa film osoan aplikatu nahi izan dut, alderdi askotan.

(Filmazioko irudia)

Gainera, familia-erlauntzaren ideia ere badago: erlauntz batean hainbat erle daude; bakoitzak zeregin bakar, espezifiko eta desberdina dauka, eta, hala ere, den-denak dira beharrezkoak erlauntzak bizirik iraungo badu.

Horrez gain, erlauntza banakoen batura baino askoz ere gehiago da, eta bere legeak ditu, organismo bizia balitz bezala. Familiaren erreferentzia ere izan daiteke, banakoen batura baino askoz ere gehiago delako familia, eta bere arau eta legeak dituelako, baita herentziak ere: sekretuak, esan gabe geratu direnak, gaizki esanak... familia osoa baldintzatzen, eragiten eta eraldatzen dutenak.


Hitz egin dezagun sariez. Berlinale jaialdiaren 73. edizioan, 20.000 especies de abejas filmak Guild Film Prize eta Berliner Morgenpost Readers' Jury Award sariak jaso zituen, eta Sofia Oterori interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza eman zioten. Gero, Malagako jaialdian, film onenaren Urrezko Biznaga jaso zuen, eta Patricia López Arnaizek taldeko emakumezko antzezleen interpretazio onenaren Zilarrezko Biznaga saria. Eta duela egun gutxi, Hong Kong International Film Festival jaialdiak erabaki zuen emakumezko aktore onenaren saria interprete zehatz bati beharrean, filmeko emakume antzezle guztiei ematea. Zer da aitortza horiek guztiak jasotzea zinemetan estreinatzear dagoen film batentzat?

Egia esan, filmak orain arte egin duen bidaia izugarri polita izan da, ustekabekoa zeharo, eta oso eskertuta gaude jaialdi horietan aukeratu gaituztelako. Bereziki, oso polita iruditzen zait sarion segida, zuek esanda bezala: interpretazioaren arloan, lehenengo saria Sofiarentzat izan zen, gero Patriciarentzat eta, azkenik, emakumezko antzezle guztientzat; eta sari oso bidezkoak iruditzen zaizkit, benetan gustura eta eskertuta nagoelako filmeko emakume horien guztien interpretazio-lanagatik. Izango al dira sariok erakargarri eta akuilu, ikusleak antzezle miragarri hauek ikustera hurbiltzeko, erlauntzaren muin hori zein ederki irudikatzen duten ikustera. Hala nahi nuke, ahalik eta jende gehienak ikus dezan filma, azken finean, horretarako egiten dugu-eta lan, ikusleentzat, eta ez hainbeste jaialdietarako. Hala ere, jaialdiek eta sariek filmari ikusgarritasuna ematen laguntzen dute, oihartzun handiagoa izaten.

(20.000 especies de abejas filmaren fotograma)


Zure aurreko lana, Cuerdas film laburra, arrakastaz arrakasta dabil estreinatu zenetik. Proiektu hori eta 20.000 especies de abejas batera landu behar izan zenituen. Nola egin zenuen? Zer istorio kontatzen du Cuerdas lanak?

Bai, hain zuzen, azken-azken sari bat ere jaso du Cuerdas lanak: Europako Akademiaren Sarietarako, hots, European Film Awards sarietarako hautagai izatea. Saria, hautagaitza, Holandako Festival Go Short jaialdian lortu genuen, Aste Santuan, eta, horri esker, zuzenean hautagai izango gara. Eta bai, Cuerdas proiektu zoragarria izan da, uste baino askoz ere gehiago eman dit, batez ere nire barrurako.

Emakumeen abesbatza baten istorioa da, kideek erabaki bat, ustez txikia, hartu behar dutela-eta: eskualdeko enpresa kutsatzaileenetako bat herriaren erdi-erdian dago kokatuta, eta haren babesletza onartu edo ez erabaki behar dute. Agian babesletza horrek abesbatzaren biziraupena ziurtatu lezake, ala ez, eta abesbatza finantza-krisi gorrian dago, desagertzeko arriskuan. 70 urtetik gorako emakumeen abesbatza da. Protagonista Rita da, 91 urtekoa. Bada, itxuraz hain soila den erabakia korapilatu egiten da, eta agerian geratzen da jendarte batean halako pisua duen enpresa batekin bizitzeak badituela, bai, inplikazioak.

Fikziozko film laburra da, baina, era berean, Muskiz, Gallarta, Ortuella eta Meatzaldeko emakumeen benetako lekukotzak ere baditu oinarrian. Eta, hain zuzen, hori da, nire ustez, proiektuaren alde funtsezkoenetako bat: haiekin batera lantzeko erabakia hartu izana, komunitate horretako benetako emakumeekin batera. Benetako bi talde erabili genituen aproposko abesbatza sortzeko, emakumeen antzerki-talde bat, Muskizko Juego de Damas, eta Sanfuentesko emakumeen abesbatza bat. Bi talde horiek batuta sortu nuen eztabaida betean dagoen fikziozko abesbatza. Nire ustez, bertako emakumeak izateak egiaren soinekoaz jantzi du kontakizuna, eta horrek konektatu ditu, batez ere, ikusleak eta jaialdiak.

(Cuerdas lanaren fotograma)

Egiari zor, proiektua lehenago filmatzekoa genuen, baina ezin, konfinamenduaren ostean oraindik ere indarrean geratu ziren murrizketa guztiak zirela-eta, hain luze jo zutenez. Esate baterako, ezin ginen 15 lagunetik gora elkartu eta abesbatza-taldeek ezin zuten jardun. Atzeratu eta atzeratu ibili ginen, etsi beharrean ere ikusi nuen nire burua, gehiegi pilatuko zelako lana, 20.000 especies de abejas lanaren aurreprodukzioaren hasierarekin batera zetorrelako. Hala ere, proiektu horrekin konpromiso oso handia sentitzen nuen, eta egin, egin genuen azkenean, in extremis. Aurreprodukzioa 2021eko maiatzean hasi zen, filmazioa azaroan eta film laburraren postprodukzioa 2022ko otsailean bueltan amaitu zen, 20.000 especies de abejas laneko casting, lokalizazio eta abarren prozesu ia guztiak ordurako martxan zeudela. Hortaz, bai, erabat pilatu ziren bi lanak.

Cannesen estreinatu zen Cuerdas lana, maiatzean, 20.000 especies de abejas lanaren filmazioa hasteko lau aste besterik ez zirela falta. Gero, Goya sarietarako izendatu zuten, eta Goya sarietako sustapen-kanpaina osoa film luzearen postprodukzioarekin batera gertatu zen. Egia esan, 18 hilabete horiek benetan erotzeko modukoak izan ziren, atsedenik gabeak eta oso nekagarriak, baina, orain, bi zikloak amaitzen ari diren honetan, oso esker oneko eta pozik nago biak aurrera ateratzeko gauza izan garelako. 


Zure ekoizpen-etxearen bidez, Sirimiri Films, pedagogia bultzatzen ari zarete, gizartea eraldatzeko tresna delakoan, Nerea Ganzarainekin batera sortutako Pixelatu proiektuaren bitartez. Zer da proiektu hori? Norentzat da? Nola antolatzen zarete?

Bai, Sirimiri Films etxetik, ilusio handiena egiten didan gauzetako bat Pixelatu proiektua da. Aipatzen duzuen bezala, Nerea Ganzarainek eta biok osatutako kolektiboa da; zinema tresna pedagogikotzat darabilgu hainbat espazio sortzeko hainbat talderekin: adingabe, ikasle, emakume, arrazializatutako pertsonen elkarte eta abarrekin. Azken batean, hainbat elkarterekin gabiltza zinemaren magia ezagutarazten, diziplina desberdinetan: stop motionfoley... Hain zuzen, azken hori da gehien gustatzen zaigun tailerretako bat, eta jendeak ere gehien eskertzen duenetako bat. Foley diziplinan, soinu-efektuak sortzen ditugu aretoan bertan, filmen postprodukziorako. Entzuteko gonbita egiten digun artea da. Gero, entzute hori abian jartzen dugu edo taldeak entzuteko bideratzen du.

Alegia, kolektiboak sortzeko esperientzia dugu zinema, harremanak sendotzeko; finean, elkarrekiko topagunea dugu. Arte Eskolako katalogoko tailerrak eskaintzen ditugu (ikastetxe guztiek eskura dezakete katalogo hori), baina, era berean, udalen bitartez ere bagabiltza, esanda bezala: kideak ikus-entzunezkoen arloan alfabetatu nahi dituzten elkarteekin, edo herritarrekin, bateko eta besteko taldeekin... indarra har dezaten eta beren historiak kontatzeko gai izan.

(20.000 especies de abejas filmaren fotograma)


20.000 especies de abejas lana ostiral honetan, apirilaren 21ean, iritsiko da zinemetara, eta jende gehiagoren feedback-a jasotzeko modua izango duzu. Zer espero duzu? Zure ustez, filmean lantzen diren gaiak zinema-aretoetatik atera eta ikasgeletara edo gizartearen beste esparru batzuetara irits daitezke?

Bai, filma ostiralean, hilaren 21ean, estreinatuko da. Zirrara askoko astea da, eta, jakina, poz handikoa. Azkenean, iritsi da unea, bost urtez lanean aritu ondoren. Baina, era berean, nerbioak ere baditugu, lana publikoari emango diogulako, epaimahai bikain horri. Eta jendeari zerbait eragin nahi diogu barruan.

Kolore askoko filma da, eta publikoak kolore horiek guztiak gozatzea nahi genuke. Balioko ahal du lantzen duen gaiari buruzko solasaldi pausatua sortzeko, izango ahal da horretarako bidea, gai garrantzitsua da-eta garai hauetan. Jakina, sinetsita nago material oso interesgarria dela gai hori lantzeko edo hainbat eremutara proiektatzeko, ez bakarrik eremu zinematografikotara, baizik baita ikasgeletara, edo kolektiboetara, lankidetzan aritzeko, eztabaidatzen eta abar. Gure bazter guztietara iristea nahi nuke. Apirilaren 21ean, zatozte denak estreinaldira!


(2023ko apirilaren 20an argitaratutako Berezia)