Muare: «Diskoan jaso duguna egiazkoa eta zuzena da, ikaspen-prozesu baten emaitza zintzoa»

  • Muare: «Diskoan jaso duguna egiazkoa eta zuzena da, ikaspen-prozesu baten emaitza zintzoa»
    Argazkia: Biel Oliverd. Estilismoa: Izaro Ieregi. Makillajea: Hiart Olea

Pandemiaren garaian erein zuten Maddi Gerriko Fariñasek eta Eli Beraza Sorarrainek Muare proiektuaren hazia, eta, soinu propio baten bila aritu ostean, iazko urte amaieran kaleratu zuten aurreneko diskoa. Besteak beste, bertan jasotakoez, grabaketa-prozesuan bizi izandakoez, bidean ikasitakoez eta etorkizuneko asmoez hitz egin dugu eurekin.


Aspalditik elkar ezagutzen zenuten arren, pandemiaren testuinguruan abiatu zenuten Muare. Antza, euripean etorri zitzaizuen ideia, aterki beraren azpian. Zer asmorekin sortu zenuten?

Kontatu nahi genituen gauzak geneuzkan noiz atera zain, eta horiek gure modura kontatzeko gogoa, nolabait. Pretentsiorik gabeko egitasmoa izan zen, biok entsegu-lokalean elkartu eta geneuzkan ideiak askatasunez batak besteari azaltzeko hitzordu bat jarri genuen, besterik gabe. Ez gintuen inolaz ere arduratzen bide hark nora eramango gintuen, baina batak bestearen potentziala ezagutzen genuen eta bagenekien seguruenik gai izango ginela zerbait interesgarria lortzeko, edo behintzat gu musikalki aseko gintuena. Lotura estilistiko eta formaletatik ere aldendu nahi genuen, gure ahotsak koakziorik eta beldurrik gabe entzun eta proiektatu.


Iazko urte bukaeran atera zenuten, euskarri fisikoan, zuen lehen diskoa, Balio Dute kolektiboarekin, eta urtarrilean jarri duzue entzungai online. Fase baten amaiera izan da? Zer jaso duzue bertan? Zelan definituko zenukete zuen musika?

Lehenik hilabete batzuk eman genituen lokalean abestien sorkuntzan eta produkzioan lanean, eta urtebetez abesti horiek oholtzan ibili ondoren argitaratu dugu diskoa. Pausoak ordena horretan eman izanak, naturalki, diskoaren aurkezpena fase baten amaiera bezala sentitzera eraman gaitu sorkuntza-prozesuari dagokionez. Egunerokoan, ordea, egiaztatu dugu oholtzaz haratago musika elkarbanatzeko aukerak gure lehen abesti horien bizitza luzatu duela, eta aurkezpenaren ondoren erakusleiho berriak ireki zaizkigu. Edonola ere, diskoan jaso duguna egiazkoa eta zuzena da, ikaspen-prozesu baten emaitza zintzoa, eta horrek asko betetzen gaitu. Intimitatetik unibertsalera eramandako musika da, folklorearen, poparen eta musika urbanoaren berezkoak ditugun influentzien emaitza ere bai, momentuka minimalista eta atmosfera elektronikoan bildua.


Nolakoa izan da grabaketa-prozesua? Dena itxita eta ondo zehaztuta eraman duzue grabaketa-saioetara? Ala izan duzue inprobisaziorako tarterik?

Nahiko inprobisatua izan da; izan ere, hasi ginenean aurreikusten genuena baino landuagoa izan da emaitza. Gauzak gure kabuz eginda asko ari ginen ikasten eta ahalduntzen, eta gogoa geneukan ahal genuen neurrian grabazioan ere horrela jarraitzeko. Zati instrumentala entsegu-lokalean grabatu genuen geure baliabideekin, ahotsen grabazioa eta perkusioen lanketa lagunen estudioetan egin genituen, etxekoekin eta gertu, eroso, baina diskoa forma hartzen hasi ahala potentziala ikusi genion, eta emaitza profesionala nahi genuela eta lor genezakeela ikusi genuen. Horrek esperotako bidetik pixka bat desbideratzera eta aldrebestera eraman gintuen, prozesua luzatu ere egin zen, baina merezi izan duela uste dugu. Balio izan digu konturatzeko, gainera, uste genuena baino argiago geneuzkala gauzak eta horretan sinetsi behar genuela geure buruak gutxietsi gabe (beti bezala!).


Melodiek eta atmosferek sekulako garrantzia hartzen dute diskoan. Nolakoa izan da sintetizadore, erritmo kutxa, looper eta antzekoekin aritzea? "Prima" abestian etengabe errepikatzen duzue «zenbat ikasi dugun itzalean» esaldia. Zenbat ikasi duzue zuek prozesu honetan?

Tresnak erabiltzeak eta horiekin lortu nahi genuen atmosferaren produkzioak ikaskuntza teknikoa eta musikala ekarri digu. Baina ikaspen garrantzitsuenetako bat lanean hasi eta dagozkion emaitzak jasotzeari beldurra kentzearena izan da. "Prima" abestiak kontatzen duena da itzalean luze jardun ondoren datorren kontenplazio-momentu bat, non ohartzen zaren zer-nolako bidea egin duzun, zein ederra den bertatik ingurura begiratzea, tontor batetik bezala, eta zein erraza den orain lehen hainbeste beldurtzen zintuen bide hori. Ondoren datorrenari desberdin begiratzea aurrerantzean. Ahalduntzeaz eta ahizpatasunaz ari da, eta Muare-ren ibilbideaz haratago doa.


Baina, nola ez, hitzak ere ezinbestekoak dira atmosfera berezi horiek sortzeko. "Prima"-n, esan bezala, pisu handia dute errepikapenek, eta "Duda" eta "Memoria" kantak errimaz beteta daude. Nolakoa da abestiak sortzeko prozesua? Zer dator lehenengo, hitza ala musika?

Momentuz ez dago patroirik. Abesti batzuen abiapuntua letra bat izan da; beste batzuena, harmonia bat. Ideia edo gogoeta bat mahai gainean jarri eta horri melodia bat jartzeko ariketa ere egin dugu, eta inprobisaziotik ateratako momentuak ere jaso ditugu. Horrek abestiak elkarren artean nahiko desberdinak izatea dakar, nahiz eta uste dugun lortu dugula kohesio bat mantentzea.


"Hurrengoan" kantan diozue: «Hurrengoan garaiz iritsiko naiz. Ez naiz berriro inoiz gehiago berandu iritsiko […] Hurrengoan garaiz biziko naiz». Egungo garai zoro hauetan, presaren presaz, bizitzea ahazten zaigu?

Bada hori mezuaren parte bat; uste dugu badirela presaz eta larritasunez bizi diren pertsonak. Baina lotu nahi genuke, baita ere, askatasunaren eta errepresioaren arteko dikotomiarekin, ezin baitugu ahaztu aireratzeko askotan salto bat eman behar izaten dugula, lo gaudela baina lotuta gaudelako, motel gabiltzala ekintza atzeratzen dugulako beldurraren beldurrez, prokrastinazioa ez dela alferkeria, eta ausardia behar dela aurreiritzien gainetik norberaren borondatea lehenesteko eta egiaz bizitzari heltzeko, beranduegi izan baino lehen. Kolektibo batzuentzat beste batzuentzat baino gehiago, bide batez.


Muare abian jartzea pentsatu zenutenetik orain arte egindako bidean, zer ikasi duzue elkarrengandik? Oso ezberdinak al dira musika-talde baten eta bikote baten lan-dinamikak?

Elkarlana, eta esan genezake sorkuntza lana bereziki, pertsonak oso ondo ezagutzeko modu bat da. Batak bestearen gaitasunak ezagutu ahal izan ditu, eta ulertu dugu gaitasun horiek nolako harremana duten bakoitzaren izaerarekin. Hori oso aberasgarria da, eta asko ikasi dugu batak bestearengandik. Bestalde, bikotean eta modu autogestionatuan lan egiteak ardura eta lan-karga handiak hartu beharra dakar, baina, sintonian egonez gero, proiektuaren norabidea erabakitzeko askatasun osoa ere badaukagu, eta erabateko bermea gure ahotsa errespetatuko dela.

Argazkia: Biel Oliverd. Estilismoa: Izaro Ieregi. Makillajea: Hiart Olea


Zer-nolako oihartzuna ari da izaten diskoa? Eta zer moduz doaz kontzertuak? Zein izango da Muareren hurrengo geltokia? "Memoria" abestian diozuen bezala, zuek ere «aurrera bidean, atzerantz bezainbeste»? Ala «aurrera bidean gal al gaitezke»?

Diskoa, bere hedadura xumean noski, oso harrera ona izaten ari dela uste dugu, edo hori da behintzat entzuleek helarazi digutena. Promozio-lana zertxobait serioago hartu genezakeen agian, baina oraingoz egin dugunarekin oso pozik gaude. Datozen hilabeteotan pare bat data dauzkagu etxetik gertu, eta gogoz gaude bertan izateko. Aurrera bidean, bai, baina bizi-proiektu txiki bat tarteko, pausatxo bat egingo dugu zuzenekoekin, laster iragarriko duguna. Dena den, ilusioa dugu berriro ere abestien sorkuntzan murgiltzeko, zain dauden kolaborazio batzuetan parte hartzeko eta emaitzak argitaratzeko.


(2024ko otsailaren 20an argitaratutako Berezia)