Idoia Torregarai kazetaria eta gidoigilea da ikasketaz, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) komunikazio-arduraduna ogibidez eta umorezalea bihotzez. 2017tik hiru bakarrizketa sortu ditu Mirari Martiarenaren ondoan, azkena Ztandap. Berriki, Mikroipuinak liburua kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Bertan, Twitterren (orain X) idatzitako 150 istorio labur bildu ditu, Patxi Huarte "Zaldieroa"-ren marrazkiez lagunduta. Idoiarekin hitz egin dugu, bere bizitza profesionalaren errepaso laburra egiteko. Hona hemen kontatu dizkigunak.
Orain gutxi argitaratu duzu zure lehen liburua, eta gure artean oso ohikoa ez den generoa aukeratu duzu. Zergatik mikroipuinak? Nolakoa izan da testu horiek sortzeko prozesua?
Duela 10 urte sartu nintzen Twitterren (gaur egungo X), eta hantxe topatu nuen nire burutazioak eta istorio laburrak idazteko tokia. Beharbada kazetaria naizelako eta bizitza titularretan ikusteko ohituragatik, nire idazteko era ongi lotzen da karaktere gutxiko neurrira. Horretaz gain, umorea ere formatu laburrean egitea gustatzen zait, eta, orduz geroztik, ehunka mikroipuin idatzi ditut sare sozial honetan. Azken batean, sortzeko behar hori bertatik bideratzen dut.
Nire eguneroko bizitzan gertatzen zaizkidan gauzak idazten ditut mikroipuin hauetan. Edozer gauza izan daiteke: trenean entzun duzun elkarrizketa bat, une horretan sentitu duzun zirrara, laneko pasarte bat, amets bat... Normalean bat-batean etorri zaidana idazten dut, gustatzen zaidalako berehalakotasun horrek mikroipuinei ematen dien freskotasuna. Gutxiagotan buruan bueltaka ideia bat izaten dut eta beharbada egun bat edo behar izaten dut idazteko.
Noiz eta nola bururatu zitzaizun material hori guztia liburu batean biltzeko ideia? Testu asko geratu al dira kanpoan? Zelakoa izan da aukeraketa? Eta zelan sortu zen Patxi Huarte "Zaldieroa"-rekin kolaboratzeko aukera?
Duela bi urte edo hasi nintzen horretan pentsatzen, Elon Musk-ek Twitter erosi zuenean. Orduan hasi nintzen pentsatzen nire mikroipuinak gizon horrenak zirela eta horrek asko pentsarazi zidan. Mundu birtualetik mundu errealera ekartzeaz amesten hasi nintzen, uste nuelako zerbait polita geratu zitekeela, are gehiago ilustrazio batzuekin lagunduta.
"Zaldieroari" esan nion ea prest egongo zen marrazkiak egiteko. Zergatik "Zaldieroa"? Bada urteak direlako Twitterren elkar ezagutu ginenetik, eta azken urte hauetan nire mikroipuin askoren zintak egin dituelako BERRIAn. Umore antzekoa erabiltzen dugu, eta liburua dotoretzeko egokiena bera zela pentsatu nuen. Eta baiezkoa esan zuen. Bere marrazkiek, liburuari maila estetiko handia emateaz gain, mikroipuinak ikaragarri aberasten dituzte. Gainera, kasu askotan meta-mikroipuin bat gehitzen dio, eta horrek oraindik eta interesgarriagoa egiten du liburua. Benetan ederra izan da berarekin elkarlan hau egitea; izan ere, erraza izateaz gain, bere sormena eta lan egiteko modua hobeto ezagutzeko aukera eman dit. Lehendik miresten banuen, orain gehiago!
Mikroipuinen hautaketa ez da erraza izan, batez ere ehunka nituelako, eta, hori dela eta, hainbat galbahe pasatu behar izan ditugu. Saiatu gara gaiak gehiegi ez errepikatzen, guri gustatzen zaizkigunak txertatzen eta ilustratzeko "Zaldieroa"-rentzat egokienak zirenak aukeratzen. Era berean, lan oso polita izan da, idatzitako hainbat testu berraurkitzeko, eta baita ere nire lanarekiko atxikimendu eza praktikatzeko.
Umoretik asko dute mikroipuinetako askok. Haietako batek honela dio:
-Maite zenuen?
-Izugarri.
-Zenbat?
-Ohean geundela ni altxatzen nintzen pasilloko argia itzaltzera.
Baina badira sakonagoak ere, barrurago eragiten dutenak; liburuari hasiera ematen diona, esaterako. Honela dio:
Oroitzapen batean zintzilik geratu naiz.
Zeri idaztea gustatzen zaizu?
Egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzez idaztea gustatzen zait. Gauza txikien epikotasuna azpimarratzea maite dut. Janariaz asko idazten dut, kroketez, zuhaitzez, maindireez, kaleko elkarrizketez,... eta maitasunaz.
Umorea, liburu honetan ez ezik, zure bizitzako beste hainbat arlotan ere presente dago. Berriki hirugarren bakarrizketa estreinatu duzu Mirari Martiarenarekin: Ztandap. Nola ezagutu zenuten elkar? Zelakoa da elkarrekin lan egitea?
Duela 20 urte ezagutu ginen, Mirari UEUko bekadun lanean hasi zenean. Ni komunikazio-arduraduna naiz bertan, eta segituan nabaritu genuen gertutasuna. Biok baserri-mundutik gatoz, eta umore berdintsua genuela konturatu ginen. Orduz geroztik beti egon gara harremanetan, eta bakoitza bere bidea egiten hasi ginen umorearen munduan. Baina duela bederatzi urte, Oiartzun irratian elkarrizketa bat egin zidan, eta bertan galdetu zidan ea zer geratzen zitzaidan egiteko. Eta nik erantzun nuen berarekin monologoak egitea zela hori. Horrela, 2017. urteko Euskararen Egunean oholtzara igo ginen lehendabiziko aldiz, Usurbilen. Eta konturatu ginen hori zela egin nahi genuena elkarrekin, bion arteko kimika ikaragarria delako.
Mirari nire umore-bikia da, inoiz eduki ez dudan ahizpa. Berarekin egotea eta lan egitea naturala da, erraza, eta dibertigarria. Denbora honetan guztian bizitzak ostikada batzuk ere eman dizkigu, eta hortxe egon gara elkar babesten. Autoan egiten ditugun ordu horietan guztietan sortzen dira ikuskizun berriak. Gai baten inguruan hasten gara hitz egiten, eta bakarrizketa baterako eman dezakeela ikusten dugu. Pixkanaka, bakoitzak landu nahi ditugun gaiak ateratzen dira, eta bukaeran dena lotu eta idazten ditugu. Oholtzan, elkarri indarra ematen diogu, eta oso garrantzitsua den beste gauza bat: elkar miresten dugu.
Zer da, zehazki, Ztandapen kontatu nahi izan duzuena? Aurrekoekin (Bakean dagoena bakean utzi eta Luze eta motz), trilogia moduko bat osatzen duela esan liteke? Zer ematen dizu zuri genero horrek?
Emakume bezala gure bizipenetatik eta egunerokotasunetik sortu ditugu bakarrizketa hauek. Aurreko bi ikuskizunetan lantzeke geratu zitzaizkigun gaiak hartu eta haiekin osatu dugu pieza berria, sentitzen genuelako oraindik gauza asko ditugula esateko. Gure gizartean genero-kontuekin eztandarazteko hainbat gai daudela iruditzen zaigu, eta hori egiten saiatzen gara ikuskizun berrian, eta hortik dator izenburua ere. Bestetik, Stand-Up Comedy umore-motarekin hitz-jokoa egin nahi izan dugu. Azken finean, hori egiten ari garelako herriz herri azken sei urteetan. Gustatzen zaigu zuzenean publikoaren aurrean umorea egitea, eta hori aldarrikatu nahi dugu izenburu honekin. Azkenik, umorea genero-gaiak lantzeko modu gozagarria eta eraginkorra dela ikusi dugu, eta bide horretatik jarraitu nahi izan dugu. Umorearen bidez gai konkretu batzuez hitz egin nahi dugu; izan ere, "emakumeen gauzak" izateagatik askotan ezkutuan egoten dira. Umorearen bidez gai hauek konpartitu, eraiki, deseraiki eta normalizatu nahi ditugu, eta hori egiteko umorea oso tresna eraginkorra da.
Formatu honek asko betetzen nau. Jendearen aurrean zuzenean egotea zirraragarria da, zuzeneko erantzuna ikusten duzulako. Jendearekin konektatzen duzunean eta publikoa gozatzen ikusten duzunean, zoragarria izaten da! Hustu egiten zara, alde batetik, baina, bestetik, jasotzen duzuna ikaragarria da. Egia da saio batzuk gogorrak ere izaten direla, jendeak ez duelako hainbeste barre egiten, baina horrek ere hazteko aukera ematen dizu, ikasteko eta hurrengoan hobeto egiteko bideak jartzeko.
Harpa jotzen umorezko podcasta ere sortu duzue elkarrekin, EITBpodkast atarirako. Zer da?
Bada, munduko POZKAST bakarra! Izan ere, guk lortu nahi duguna da jendeak entzuten duenean ongi pasatzea eta barre egitea. Azken finean, bizipoza zabaldu nahi dugu Harpa jotzenen bidez. Bertan Mirarik eta biok txorakeria eta fundamentu gabeko gaiei tartea egiten diegu. Horretarako, gai bat aukeratzen dugu, eta gure bizipenak kontatzen ditugu, eta, ondoren, gonbidatu bati elkarrizketa zoro bat egiten diogu. Zoragarriak dira gure gonbidatuak! Opari bat izaten ari da, eta eskerrak eman nahi dizkiogu EITBpodkasti gure aldeko apustua egiteagatik, eta baita ere Hiru Damatxori eta Iñigo Etxarri gure soinu-teknikariari hau posible egiteagatik.
UEUko komunikazio-arduraduna ere bazara, eta zeregin horretan ere umoreak leku nabarmena izan du beti. 2022an, adibidez, UEUren 50. urteurrena ospatzeko, Bekaduna umorezko webseriea estreinatu zenuten, eta Barredromoa dibulgazio-saioa ere egiten duzue. Orain egun gutxi egin duzue hirugarrenez. Nola joan da? Zientziaren eta beste gauza "serio" askoren dibulgazioan ere laguntzen du umoreak, beraz?
Nire ekarpen eta apustu pertsonala da umorea eta zientzia batzea, eta aurten ere Barredromoa zoragarri atera da animatu diren ikertzaile ausartei esker. Kontuan izan behar da beraiek ez direla umoregileak eta ez dela batere erraza erregistro honetan bakarrizketa bat egitea. Umoreak informazioa iraunkorragoa eta gogoangarriagoa egiteko ahalmena du, eta, horretaz gain, ongi pasatzeko balio du. Zer gehiago nahi dugu?
2018an, Barretartia umore-zerbitzuak proiektua jarri zenuen martxan. Zer helbururekin? Zergatik da hain garrantzitsua umorea?
Nire bizitzako une batean umorearekin zerbait egiteko beharra sentitu nuen. Ordura arte umorea nire eguneroko bizitzan erabiltzen nuen nire izaeraren parte zelako eta baita bizitzari aurre egiteko estrategia bezala ere. Baina une batetik aurrera hortik haratago zerbait egiteko nahia izan nuen. Eta horrela sortu zen Barretartia bloga. Handik gutxira hortik abiatuta Euskadi Irratian umorezko kolaborazioak egiten hasi nintzen, eta gero formazioak ematen, eta gero bakarrizketak egiten... Eta pentsatu nuen hori guztiori nonbait biltzeko webgunea sortzea.
Umorea nire bizitzako oinarria da; nire bizitzari zentzua ematen dio, eta behar dudan zerbait da. Gainera, onura fisikoak ditu, eta jendearekin konexioa lortzeko eta sormena garatzeko oso eraginkorra da. Eta hori dena gutxi balitz, dibertigarria da!
Orain arte egin duzun bidea ikusita eta duela bederatzi urte Mirarik planteatu zizun galdera hura geure eginda, zer geratzen zaizu egiteko? Baduzu literaturarekin jarraitzeko asmorik?
Espero dut oraindik egiteko gauza interesgarriak edukitzea! Jakin-min handiko pertsona naiz eta saltsera ere bai. Aitortuko dizuet gustatuko litzaidakeela umorezko late-show bat aurkeztea euskaraz. ETB, entzun duzu? (begi-keinua, begi-keinua). Eta literaturari dagokionez, jarraitzen dut mikroipuinak idazten, baina nire ametsetako bat noizbait nobela bat idaztea da. Ea lortzen dudan!
(2024ko apirilaren 23an argitaraturako Berezia)