Zuriñe Benavente eta Ignacio Monterrubio: «Altrastek eraldaketa du helburu, konpainia tradizionalaren kontzeptua gainditu eta egitura dinamiko eta polifazetiko bihurtzea»

  • Zuriñe Benavente eta Ignacio Monterrubio: «Altrastek eraldaketa du helburu, konpainia tradizionalaren kontzeptua gainditu eta egitura dinamiko eta polifazetiko bihurtzea»
    "Mientras llueva" (argazkia: Jesús Robisco)

Altraste Gasteizko konpainiak hamarkada bat darama etengabe eraldatzen eta sormena esploratzen, egitura klasikoen mugei ihes eginez. Konpainiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Lutinier eta El Bolero lanak estreinatu dituzte, eta adierazi dute beren ibilbidean beste kapitulu bati ekin diotela. Zuriñe Benavente eta Ignacio Monterrubiorekin hitz egin dugu.

 

Nola eta zergatik sortu zenuten Altraste konpainia? Zerk bultzatu zintuzten?

2014. urtean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko Musika Elektroakustikoko Laborategiko zuzendari Alfonso G. de la Torrek musika eta dantza elkarrekin sortzeko aukera eskaini zigun. Lan hori Suecako Mostra Sonora (Valentzia) jaialdian estreinatu zen, Ensemble Sinkroren programazioaren barruan; izan ere, Alfonso hango zuzendari ere bazen.

Artista eta sortzaile gazte garaikideen bultzatzaile handia izan zen Alfonso G. de la Torre; karrerak hasteko beharrezkoak zituzten tresnak eta laguntza eskaintzen zizkien. Guri dagokigunez, funtsezko zeregina izan zuen Altrasteren jaiotzan eta ordutik egin dugun bidean.

Diziplina anitzeko arte-sorkuntza esploratzeko gogo bizia genuen, musika eta soinu-artearen eta dantza eta mugimenduaren mundutik gatozen artistak garenez.

Bernaola Zikloa gure lehenengo sorkuntzei eta lankidetzei forma emateko eszenatoki ezin hobea bihurtu zen. Izen handiko musikariekin lan egiteko zortea izan genuen, hala nola Garth Knox biola-jotzailearekin eta Alfonso Gómez pianistarekin, eta esperientzia horiek beste proiektu batzuetan murgiltzeko aukera eman ziguten; esate baterako, Ines Medina artista plastikoak Igorren antolatutako bi erakusketaren inaugurazioan, non berariaz horretarako sortutako dantza- eta musika-piezak aurkeztu baikenituen.

Altrasteren jaiotza eta Bernaola Zikloaren barruan izandako lehenengo sormen-esperientziak mugarri izan ziren gure ibilbide artistikoan. Bihotz-bihotzez eskertzen diogu Alfonso G. de la Torreri eman zigun berebiziko babesagatik eta gure ahalmenean sinesteagatik.

Mientras llueva (argazkia: Jesús Robisco)

 

Zer-nolako proiektuak egiten dituzue? Nondik sortzen da inspirazioa? Nolakoa da zuen lan-prozesua?

Altraste etengabeko sormen-eraldaketan ibili da hamarkada batean. Aukera eta interakzio-modu berriak bilatu nahi horretan, uko egin diogu lerro artistiko "salgarri" edo identitate finko batean sartzeari. Momentuko kezkek, topaketa artistikoek eta lan-ildo artistiko berrien aurkikuntzak bultzatu dute bilaketa hori.

Altrasten, esperimentazioa eta ausardia dira funtsezko zutabeak. Ez dugu errutinarik nahi, eta etengabeko esplorazioaren alde egiten dugu, hori baitugu hazteko motorra. Filosofia horrek lehenengo egunean genuen ilusioari eusten lagundu digu, eta lengoaia propio baterantz eboluzionatzen, non musikak, dantzak eta testuak bat egiten baitute performancea helburu dela, azpimarra jarrita oraina erakartzean eta ikus-entzuleekin gertuko elkarrizketa esanguratsu bat izatean.

Hamar urteko etengabeko eraldaketak etengabeko irakinaldian dagoen talde artistiko bihurtu gaitu.

Qué tienen las flores (argazkia: Jesús Robisco)

 

Zuen obra askotan (Mientras llueva eta Nancy en Vietnam dira adibide) oso presente daude denboraren joanari buruzko gogoeta, konpondu gabeko ametsak edo hasieretarako eta amaieretarako irrika. Zergatik? Zer beste konstante daude zuen lanetan?

Hamazazpi urtek bereizten gaituzte Altrasteko bi fundatzaileak, belaunaldi-arrakala batek; baina, hala ere, konexio artistiko sakon baten ernamuina izan da hori bera. Adin guztietako artistenganako miresmenak elkartuta, sormenezko bidaia batean murgildu gara, eta denbora dugu protagonista eztabaidaezina bidaia horretan.

Izan ere, Denbora lanarekin hasi ginen gu denbora esploratzen: Garaioneko Amaia eta Juliarekin izan genituen elkarrizketa inspiratzaileetatik sortu zen lan hori. Karmele Igartuaren poesia erabili genuen ardatz gisa, eta horrek gidatu gintuen denboraren izaerari buruzko bidaia introspektibo batean.

Hasierako esperientzia horretatik aurrera, gure lanek egitura klasikoen mugetatik ihes egiten jarraitu dute. Gure sorkuntzetan, denbora lineala zatitu egiten da, eta memoriaren eta esperientziaren esplorazio ez-linealari zabaltzen zaio bidea. Iraganaren ikasketak berezkoak dituen zailtasunei heltzen diegu, eta, aktualitateak ondo islatzen duen bezala, akats berberak behin eta berriz errepikatzeko dugun erraztasunari.

Denbora, etengabeko joan-etorrian, gure ekintzak islatzen ditugun ispilu bihurtzen da. Mugimenduaren, musikaren eta hitzaren bidez, ikus-entzuleak beren denbora-harremanari buruz gogoeta egitera gonbidatzen ditugu, historiaren linealtasuna zalantzan jartzera eta oraina ulertzeko eta etorkizun kontzienteago bat eraikitzeko beste aukera batzuk bilatzera.

Nancy en Vietnam (argazkia: Jesús Robisco)

 

Zuen sorkuntzetan ez ezik, beste artista batzuekin ere egiten duzue lan. Zerk bultzatzen zaituzte horretara? Zer balorazio egiten duzue esperientzia horietaz?

Elkarlana funtsezkoa izan da gure bide artistikoan, motibazio- eta inspirazio-iturri agorrezina. Diziplina askotako artista bikainekin lan egiteko aukera izan dugu denbora honetan guztian: performerrak, musikariak, artista bisualak, argazkilariak, diseinatzaile grafikoak, ilustratzaileak eta eszenografoak. Izen hauek guztiak gure sorkuntza-unibertsoaren parte dira: Katie Duck, Mark Tompkins, Maria Scaroni, Jeremy Wade, Vera Mantero, Guillermo Weickert, Txaro Arrazola, Txubio Fernández de Jáuregui, Sergio García, Daniel Abreu, Garth Knox, Jesús Robisco, Diego Areso eta Kike Blanco. Haien talentua, eskuzabaltasuna eta gure lanean jarri duten konfiantza funtsezko eragileak izan dira gure hazkunde eta garapen artistikorako.

Lana artista horiekin partekatzea esperientzia oso aberasgarria izan da. Baina are aberasgarriagoa izan da bizitza, hizketaldiak eta esperientziak partekatzea. Meg Stuart eta Tino Sehgal (biak Veneziako Bienaleko Urrezko Lehoiaren irabazleak) edo Monica Valencianoren (Dantzako Sari Nazionala eta estatuko performer onenetako bat) mailako artisten topagune izan da gure etxea.

Artista horiekin anekdota zoragarri ugari partekatu ditugu. Goxotasun handiz gogoratzen dugu Mark Tompkinsen emozioa, 1998an Pompidou Zentroan egindako bere proiektuetako baten bideoa erakutsi zigunean, zeinetan João Fiadeiro, Julyen Hamilton, Vera Mantero, Lisa Nelson, Steve Paxton, Fran Poelstra, Carrenme eta beste artista batzuekin aritu baitzen elkarlanean. Hori guztia inspirazio-iturri handia da guretzat, eta Euskal Herrian oraindik egin daitekeen guztiaren amets-kutxa bat ere bai.

El grito del elefante, Maria Scaronirekin

 

Ospakizunetan zabiltzate: 10 urteko bidea egin duzue. Nolakoa ari da izaten bidaia? Zer izan da zailena denbora honetan guztian? Eta atseginena? 

Zuriñe Benavente gipuzkoarra da sortzez, eta antzezle onenaren Kritikaren saria jasoa du Katalunian, baina oraindik ez du bere lana jaioterrian erakusteko aukerarik izan. Konpainiek leku eta zirkuitu tradizionaletara iristeko dituzten zailtasunen seinale da hori. Eta horixe izan dugu erronka handienetako bat, ikuskizunen salerosketa-egitura zaharretan sartzea, zirkuitu beteak eta lanen kalitatea beti nagusitzen ez duten faktoreek baldintzatuak baitira. Errealitate horrek, bidegabea izateaz gain, ekintzara eta birsortzera bultzatu gaitu, oraindik ere dena egiteko dagoela sinetsita. Birsortzea, gehien gustatzen zaiguna egiten jarraitzeko.

Horren aurrez aurre, esan behar dugu Gasteizen babes handia eta erabateko konfiantza lortu dugula gure proiektu osorako. Antzoki-sarea, Artium museoa, Kaldearte jaialdia, udalaren eta aldundiaren kultura-erakundeak, Monstrenko kolektiboa, Bernaola Zikloa, Baratza aretoa, Antxoko!!! jaialdia eta Dantza Kontserbatorioa funtsezko zutabeak izan dira gure ibilbidea garatzeko.

Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait instituziok ere erakutsi dute gureganako konfiantza: Dantzaguneak, Bilboko La Fundicionek edo BAD jaialdiak, esaterako. Horretaz gain, Arabako kultura-ekintzailetzaren saria jaso genuen, eta danZálava proiektua jaiotzen eta sendotzen ikusi dugu. Horri esker, gure mugetatik kanpo ezagun egiten hasi gara orain.

Garrantzitsua da azpimarratzea Altrasten bizitza pertsonala eta profesionala bateragarri egitea lortu dugula, gure bi seme-alabak jaio direnean. Era berean, kolaborazioei eta topaketei esker, Tino Sehgalen talde artistikoan parte hartu dugu azken urtean. Esperientzia horrek beste ate batzuk ireki dizkigu, eta arte bisualen mundua esploratzeko aukera eman digu. Gainera, esperientzia horri esker, eszenan pertsonalki heltzeko eta hazteko beharrari erantzun ahal izan diogu; izan ere, konpainia batek urte batzuetan antzezten igaro dezakeen denbora baino gehiago igaro baitugu guk hilabete gutxi batzuetan, bostehun ordu baino gehiago, alegia.

 

Eta hamargarren urteurrena ospatzeko, Lutinier ikuskizuna estreinatu duzue, eta, ia aldi berean, El Bolero dantza-soloa. Zer esan diezagukezue horiei buruz? 

Oso pozik gaude Lutinier eta El Bolero lanak estreinatuta, eta, gure lanari dagokionez, heldutasunera iritsi garela sentitzen dugu. Pizkunde artistikoa ekarri diote Altrasteri bi lan horiek, eta konpainia gisa gure nortasuna berresten duen lan-ildo bat esploratu dugu.

Lutinier diziplina anitzeko ikuskizun bat da, eta bost artista kolaboratzaile biltzen ditu: soinuaren, mugimenduaren, argiaren, eszenaren eta hitzaren artisauak. Galderak egiten dizkiote elkarri eta egiten dizkigute guri, berriz jaiotzeko eta berriz hasteko bizitzak eskaintzen dizkigun aukerei buruz.

Diziplina anitzeko lanaren aitzindari izan den Iñaki Azpillaga artistarekin izandako lankidetzatik sortua, Lutinier edozein espaziotara egokitzeko modukoa da, eszenikoa izan zein ez. Malgutasun horrek, momentua erakartzearekin, eskulangintzarekin eta ikus-entzuleenganako hurbiltasunarekin batera, Altrasteren funtsa islatzen du, eta definitzen, etorkizuneko gure bidea. Lutinier inflexio-puntu bat da gure ibilbide artistikoan. Asmo-adierazpen bat da, artista gisa esploratzen eta eboluzionatzen jarraitzera bultzatzen gaituena.

El Bolero 16 minutuko dantza-solo bat da, espazio ez-konbentzionaletarako pentsatua. Maurice Ravelen pieza sinfoniko ikonikoan inspiratua, dantzaren sustraietara bidaiatzeko gonbita egiten digu, non gorputza eta musika elkarrekin hizketan ari baitira harreman garbi eta zuzenekoan, benetakotasunez beterik.

Ikusleak oholtza baten inguruan biltzen dira lur-arrasean; horrek leku intimo eta gertukoa sortzen du, eta ikusleak obraren konplize aktibo bihurtzen dira. Ekintzak etengabe inguratzen eta itauntzen ditu ikus-entzuleak, eta esperientzia artistikoaren protagonista bihurtzen ditu. Emankizun bakoitza bakarra eta errepikaezina da, eta, une askotan, lotura sakona sortzen da dantzaren eta ikus-entzuleen artean.

Pieza honekin nahi dugu ahalik eta pertsona gehienekin konektatu, komunikatu eta lotura bat ezarri, izan positiboa zein ukaziozkoa. Axolagabekeria saihestu, eta publikoarengan erantzun emozional bat sortu nahi dugu.

Lutinier eta El Bolero lanek beste kapitulu bat abiarazi dute Altrasteren historian. Energiaz eta ilusioz beterik gaude, gure artea esploratzen eta partekatzen jarraitzeko.

 

Sorkuntzaz gain, 2017tik danZálava dantza- eta mugimendu-jaialdia antolatzen duzue. Badakigu une honetan, hain zuzen ere, lantegi eta performance berriak prestatzen ari zaretela. Zer da zehazki danZálava? 

DanZálava amets batetik sortu zen: Gasteizera Brusela, Paris, Amsterdam edo Berlinen arnasten den sormen-bizitasuna ekartzea. Dantzako profesionalentzako prestakuntza-lantegiak eguneroko zerbait izango diren leku bat imajinatu genuen, mundu mailako artistek beren ezagutza eta talentua partekatzeko leku bat.

Irmotasunez eta pasioz, amets hori errealitate bihurtu dugu. DanZálavak prestakuntza-lantegiak edukitzeaz gain, nazioarteko erreferentziazko artistak ere gonbidatzen ditu, eta jaialdiaren norainokoa gure mugetatik harago hedatzen da. Gero eta ohikoagoa da galdera hau: nola lortu duzue Gasteiz bezalako hiri batean Europako kultur hiriburu handietara bakarrik mugatuta zeudela ziruditen gauzak gertatzen aritzea?

Arrakastaren gakoa hau da: artista bakoitza goxotasunez hartzea, gure proposamenak ausartak izatea eta ikerketa-ildo zehatza ezarrita edukitzea, zeinak arreta jarrita baitu denbora errealeko konposizioan, inprobisazioan eta mugimenduaren ikerketan. Horrek guztiak konfiantza sortzen du, eta izugarria da emaitza. Urteko programa iragarri bezain laster, gure lantegi, laborategi eta jarduerak dantzako profesionalez betetzen dira, ez bakarrik Euskal Herrikoez edo Espainiakoez, baita Europa osoko profesionalez ere. Gero eta artista gehiago erakartzen ditu Euskal Herriko kultur giroak eta danZálavan ikasi eta sortzeko aukerak.

 

Aurreko guztiari ComoPezEnBicicleta espazioa abian jartzea gehitu behar zaio. Nola sortu zen proiektua?

2020. urtea mugarria izan zen Altrasterentzat. Gure alaba Noa jaiotzearekin batera, COVID-19a ere etorri zen, eta horrekin, mugak itxi eta bidaiatu ezina. Errealitate berri horrek hutsune sakon batean murgildu gintuen, Europa osoko artista eta proiektuekin genuen ezinbesteko lotura kendu baitzigun.

Dantza konfinatu egin zuten. Ohituta geunden bidaiatzera, beste errealitate batzuetan murgiltzera eta kultur aniztasunaz elikatzera, mugimendua sortu eta ulertzeko dugun modua aberasteko.

Zoritxarrari aurre egiteko, geure burua berrasmatzea erabaki genuen. Ilusioz eta tematsu jarrita, aletegi bat birgaitzeari ekin genion Galbarruli herrixkan. Errealitate bihurtu zen ametsa: ComoPezEnBicicleta; artisten eta publikoaren arteko topalekua; sortzeko babesleku bat, lanean jarraitzeko, kontziliatzeko eta hazteko.

Azken hilabeteotan berriz ere bidaia batzuk egiteko aukera izan dugun arren (Frantzia, Belgika, Holanda, Portugal eta Suitza), ComoPezEnBicicletak esplorazio artistikoa eta topaketak egiteko leku izaten jarraitzen du, egutegiek eta dirulaguntzek ezartzen dituzten mugarik gabe. Ingurunearekin, naturarekin eta beste artista batzuekin berehala konektatzeko aukera ematen digu ComoPezEnBicicletak. Barrerarik gabeko espazioa da, non sormenak aniztasunetik eta elkarlanetik jaten duen.