Hika Teatroak 35 urte bete ditu. 1989an sortu zuten bederatzi lagunek, baina 2005ean Agurtzane Intxaurraga bakarrik geratu zen konpainiaren gidaritzan. Harrezkero atsedenik gabe jarraitu du lanean, arte eszenikoek gure gizarteko arazoak ulertzeko modu berezi bat ematen dutela sinetsita. Berarekin hitz egin dugu konpainiaren ibilbideaz, kultura kontsumitzeko modu berriez, arte eszenikoen erronka nagusiez, 35 urte eszenara begira dokumentalaz eta urrian estreinatzekoa den Zorretan antzezlanaz, besteak beste.
Zer da Hika Teatroa, eta nola jaio zen? Zein dira bere jardunaren zutabe nagusiak?
1989an sortu zen. Garai hartan Antzerti zegoen Donostian, Euskadiko Arte Dramatiko Zerbitzua. Kultura Sailaren mende zegoen, ez Hezkuntza Sailaren mende, baina eskola zen, eta denetarik ematen genuen bertan; bost ordu egunean, hiru urtez. Hirugarren maila amaitu aurretik erabaki genuen Hika sortzea.
Antzerki zuzena egin nahi genuen, gertukoa, gaztelaniaz "teatro de tú a tú" esango genukeena, eta horregatik jarri genion Hika izena, hika-zuka jokoan oinarrituta. Freskoa eta gertukoa publikoarentzat, horrela definitzen genuen hasieran gure jarduna. Eta uste dut hori mantendu egin duela Hikak, bere izaera sozialarekin eta helburuekin batera: gizartearen egia erakustea, antzerki garaikidea egitea, momentuko arazoez hitz egitea…
Denboraren joanean, estilo asko probatu ditugu eta publiko-mota ezberdinentzako lanak egin ditugu –helduentzat, familientzat...–, etiketetatik pixka bat aldentzeko ere.
Kalean hasi ginen, eta gure lehen ikuskizuna Eta ohea egin gabe izan zen. Lau bikote, bakoitza bere ohearekin, kaletik, etxe bila. Orain 35 urte izan zen hori, eta ikuskizun hark gaur harrera ezin hobea izango luke; izan ere, arazo horrek hor jarraitzen du oraindik. Gerora etorri zen Chaplin Tropela, antimilitarismoaz hitz egiteko. Alegia, une bakoitzean barrena mugiarazi diguten gaiei heldu diegu. Hori bai, ni beti saiatu izan naiz antzerki garaikidea egiten, kontzeptuala, naturalismotik apur bat urruntzen dena, poetikoa, eszenografia handiak erabili gabe estetikari garrantzi handia ematen diona.
Alde horretatik, Hikak bere zigilua dauka. Uste dut egiten duguna autore-lana dela beste ezer baino gehiago. Urte hauetan guztietan bere nortasun propioa eraiki du, dramaturgia berriak, euskara eta berdintasuna ikur bihurtuta. Batzuetan jendeak kanpotik esaten dizu "Antzematen da Hikarena dela", eta horrek onerako harritu egiten zaitu.
Nork osatzen du Hika Teatroa?
Nik beti pluralean hitz egiten dut, baina, berez, Hika, enpresa gisa, neu naiz momentu honetan. Bederatzi hasi ginen, eta, gutxinaka, modu oso naturalean, jendea uzten joan zen, eta 2005etik neu bakarrik nago. Baina lankideak ditut, niretzat ezinbestekoak aurrera egiteko. Urte asko daramatzat Asun Etxeberriarekin, eta, Nagore Martinezek gutxiago daraman arren, biak ditut oso-oso etxeko. Halere, une latz edo erabakigarrietan, azken erabakia hartu behar denean, alegia, ardura nirea bada ere, enpresaria neu naizelako, erabaki guztiak beraiekin partekatzen eta hausnartzen ditut, oso modu transbertsalean.
Arlo kreatiboari dagokionez, oso osasuntsu dago Hika, eta hala sentitzen dut, baina, estruktura aldetik, gainontzeko guztiak bezala, beti dago hari batetik zintzilik. Alde horretatik urteotan ez dugu askorik aurrera egin, alderantziz. Arte eszenikoak une oso zailak bizitzen ari dira. Egun, bi edo hiru langile dituen estruktura bat ezin da emanaldietatik bakarrik bizi, eta dirulaguntzekiko mendekotasun handiegia daukagu. Horregatik, dibertsifikatu egiten gara, eta lan arlo desberdinak irekitzen ditugu. Baina horrek zer dakar? Gu, adibidez, hiru gara enpresan, baina ekonomia hori, gehienetan, nik sortzen dudan lanak mantentzen du. Beraz, zenbat eta gauza gehiago jarri martxan, auto esplotazioa handiagoa da. Egungo sistemarekin ez da erraza oreka lortzea.
35 urteko ibilbidean, 36 antzezlan sortu dituzue, baina, horrekin batera, beste hainbat proiekturen zuzendaritza artistikoaz ere arduratu zarete. Zuen webgunean ageri diren kolaboratzaileen zerrenda ia amaigabea da. Auzolana eta lan kolektiboa oso garrantzitsuak izan dira beti Hika Teatroarentzat, ezta?
Bai, ni baserriko umea naiz, eta auzolana izan da umetatik irakatsi didatena; lan kolektiboan sinesten dut. Hori dela eta, gogorra egiten zait ikustea zein indibidualista bihurtu garen.
Niretzat arte eszenikoak espazio libre bat dira, askea eta kolektiboa. Kolektiboa erdigunean dago beti. Gure lanak hori dauka: ez da zuzendari edo aktore baten lana bakarrik. Talde ikaragarri bat dago atzean, eta denak dira osagarriak eta beharrezkoak une askotan. Inoiz gertatzen da aktore bat gaixo egotea eta, halere, lanera joatea, emanaldi bat egitera. Presio hori badago. Pieza batek huts egiten badu, beste guztiak erortzen dira. Beraz, gure lana guztiz kolektiboa da, eta pieza bakoitza da garrantzitsua.
Zer eta nola kontatu nahi duzun erabakitzea eta hori oholtzan ondo defendatuko duten aktoreak aukeratzea ezinbestekoa da, baina horri laguntzen dion guztia ere oso garrantzitsua da: argia, soinua, jantziak… Askotan, kontatu nahi duzuna jada kontatuta dago, eta, kasu horretan, kontatzeko moduan dago balioa, eta hori lan kolektiboaren emaitza da. Horrez gain, beste ikuspuntu bati helduta, arte eszenikoak topaketa dira, sortzaile-taldearen eta publikoaren arteko topaketa kolektiboa, elkarrizketa eta gogoeta eragingo dituena. Elkarren arteko lotura eta konpromisoa. Hamaika arrazoi, kolektiboa defendatzeko.
Tonbola (Argazkia: Dani Blanco)
Oso antzezlan ezberdinak egiten dituzuen arren, poesia bisuala eta errebeldia eszenikoa uztartzen dituzte oro har zuen ikuskizunek, eta gai sozialak oso presente izaten dituzue. Tonbola (2020) da horren adibide argia.
Tonbola antzerki politikoa da. Lehen komentatzen nuen bezala, gaiak egungo gizarte honetatik ateratzen dira, eta, Tonbola egitea erabaki genuenean, orain bezala, migrazioaren arazoa oso presente zegoen, arazo sistemikoa delako.
Nire ustez, arte eszenikoek, entretenitzeaz gain, gure gizarteko arazoak ulertzeko modu berezi bat ematen dute, ikuspegi artistiko batetik betiere. Beraz, zerbait sortzera goazenean, beti ingurura begiratzen dugu, eta oso kontuan izaten dugu gu zerk mugiarazten gaituen. Zentzu horretan, Hikaren jarduna oso argi definitu daiteke antzerki politiko eta sozial bezala, entretenitzearekin batera gogoetarako bideak zabaldu nahi dituelako.
Niretzat eszenatokia errebelde eta aske izateko gunea da. Aukera ematen dit jaso dudan heziketagatik, lotsagatik... agian eguneroko bizitzan egiteko gauza ez naizen hori egiteko. Eszenatokiak askatasuna ematen dit ni neu izateko modu basatian, ni neu topatzeko eta aske sentitzeko.
Gazte (Argazkia: Egoitz Bengoetxea-Otsabi)
2021ean, Oinkari Dantza Taldearekin elkarlanean, Gazte sortu zenuten, kaleko dantza ikuskizun gaztea, gazteekin egina. Gazteengandik ere badago zer ikasia, beraz. Aldiz, haiengana iristeko zailtasuna da kulturaren arloan maiz aipatzen den gaietako bat. Zer iritzi duzu?
Sortzaile gisa, Gazte, bereziki, opari bat izan da. Hasi ginenean, pandemia garaian, 17 eta 24 urte bitarteko hamar gazte ziren, eta ikerkuntza-laborategi batekin abiatu ginen. Beraiengandik hasi nintzen sortzen. Apur bat lehenago zuzendu nuen Lourdes Iriondori egin zitzaion omenaldia (Ez gaude konforme. Lourdes eta hamaika lore), eta "Zerekin ez gaude konforme?" galderarekin hasi ginen lanean. Handik gutxira, gauza oso interesgarriak hasi ziren sortzen. Konfiantza hartu zutenean ezin ziren isildu, eta benetako elkarrizketa bat ematea lortu genuen, zeren nik ere, Eneko Gilekin batera (hiru belaunaldi batera), ikuskizunaren parte izaten amaitu nuen. Besteak beste, gazte haiek gazte sentiarazi ninduten, haien taldeko, aldiro. Eta, gainera, gazte askok ikusi zuten Gazte, ez behin, batzuk birritan ere bai, eta hori gaur egun esperientzia ikaragarria da. Gazteei ahotsa eman eta gazteak erakarri!
Hemen inoiz ez da erraza izan gazteak antzokira erakartzea. Hurbildu direnek gurasoen eskutik egin dute. Duela urte batzuk 11 urte arte gutxi gorabehera lortzen zen, orain, aldiz, 8tik gora oso zaila da ume bat ikustea. Gainera, egun kultura kontsumitzeko moduak aldatu egin dira; orain, beste abiadura batean bizi gara. Arte eszenikoek ez daukate abiadura hori. Saiatzen ari gara batetik eta bestetik gazteengana iristen, baina orokorrean ez dugu lortzen. Zer egin? Ez da erraza, baina itxaropena dut presentzialtasunak, topaketak horrek, kolektibotasunak, irabazten bukatuko duela.
Gainera, iruditzen zait hemen, Europako iparraldeko beste herri batzuekin alderatuta, arte eszenikoak periferikoak izan direla beti, zerbait marjinala. Uste dut hezkuntzatik hasi behar dela publikoa sortzen, ume-umetatik ohitu behar dela jendea. Jaiotzen garenean ez dakigu irakurtzen; ikasi egin behar da, eta horretarako ezinbestekoa da irakurzaletasuna bultzatzea. Gauza bera egin behar da arte eszenikoekin; gizartean ez daude presente. Aldiz, oso presente dago kirola. Ezin da konparatu, baina ikasketa-prozesu bat da, eta hemen, zoritxarrez, ez da horren alde apustu sendorik egiten.
Nik hiru seme ditut, eta saiatzen naiz haiengan arte eszenikoekiko interesa sortzen, baina kosta egiten zait. Mugikorra daukate eskuetan, eta mugikor horretan mundu oso bat presente. Arriskua da begiekin ingurura begiratzea ahaztea eta mundua pantaila horretatik bakarrik ikusten asmatzea. Dena den, goian aipatu bezala, antzerkiak daukan presentzialtasunari eta gorputz-azalarekin lan egiteko gaitasunari esker, itxaropena dut gaindituko dugula egoera hau ere.
Uste dut ekitaldien garaian bizi garela, eta, pandemiaren ostean, terrazen garaian. Terrazek hartu dute kalea. Oso gogorra da kale-antzerkia egitea ondoan terraza batzuk dituzula. Iruditzen zait pandemiaren ondoren kale-antzerkia kontsumitzeko modua bera ere aldatu egin dela. Lehen jendea antzerkia ikustera hurbiltzen zen; orain, ematen du terrazatik ikusi behar dela.
Asko begiratzen diot futbolari. Mundu horri erreparatzen diodanean, pentsatzen dut: "Zer da hau?". Iruditzen zait jendeak erromatar zirku bat behar duela bere ezinak bideratzeko, pandemiaren ondoren, batez ere, gure amorrazioak inoiz baino gehiago oihuka adierazten ditugula. Arte eszenikoek arreta, gogoeta eta elkar entzutea eskatzen dute, beste modu bat azken finean, eta modu hori askoz ere intimoagoa eta besteekiko begirunetsuagoa da nire ustez.
Bitartekaritza- eta sentsibilizazio-programak ere garatzen dituzue, adibidez, Lezoko Udalarekin.
Bai, Lezoko Udalarekin bigarren urtez jarri dugu martxan "Lezo Eszena" proiektua, sentsibilizazioa, bitartekaritza eta publiko berriak sortzea helburu dituena. Iaz oso ondo joan zen.
Hiru lan-lerro ditu: "Txalostean" solasaldiak dira lehenengoa. Lezon dantza- eta antzerki-emanaldiak egiten diren aldiro, solasaldiak gidatzen ditut publikoaren eta artista-taldearen artean. Modu poliedriko batean arte eszenikoen mundua ezagutzeko aukera ematen diote publikoari. Ez dugu sormen-prozesuaz bakarrik hitz egiten; asko hitz egiten da banaketaz, ekoizpenaz, testuen lanketaz... Iaz oso ondo joan ziren, eta aurrera jarraitzen dugu.
Bestetik, sortzaile gazteen lana ikusarazteko, antzerki-testu laburren lehiaketa jarri genuen martxan iaz. Amaieran, azken sei finalistekin irakurketa dramatizatuak egin genituen, festa giroan. Baldintzak ziren sei testu finalistetatik lau gutxienez euskarazkoak izatea eta bi gutxienez 35 urtetik beherako egileenak. Giro ederra sortu zen; gazte asko bertaratu ziren. Denetarik egon zen: egile berriak, eskarmentu handiko egileak... Modu batean Lezo martxan jarri dugu arte eszenikoei lotuta. Ea aurten zer gertatzen den, espero dut testu asko jasotzea. Une honetan irekita dago bigarren edizioan lanak aurkezteko epea.
Ikusle fidelak saritzea da hirugarren lerroa. Horientzat sari berezi bat egongo da urriaren 5ean egingo den kale-jaialdian. Bi sarrera zozkatuko dira hiriburu bateko antzokiren batera joateko.
Hau guztia aukera ederra da guretzat ere, Lezoren parte sentitzeko, eta iruditzen zait lezoarrak ere gustura daudela iazko emaitzak ikusita. Publikoarengana gerturatzeko eta kulturaren demokratizazioa lantzeko ahaleginak dira. Lehen, gure ikuskizunak sortu eta azken emaitza erakustera mugatzen ginen; sektorea erakusteko eta zabaltzeko modu bat da hau, maila profesionalean sektore hau zertan den erakusteko saiakera bat.
Atearen bestaldean. Aretoko bertsioa (Argazkia: Renata L. Etanowski)
Atearen bestaldean du izena zuen lanik berrienak. Ate bat ireki eta gurutzatzea edo baten bati pasatzen uztea. Oso gauza sinplea dirudi, baina beti ez da hain erraza, ezta?
Ez. Bakardadea izan zen ikuskizunaren abiapuntua; bakardadeaz hitz egin nahi nuen, bakardadeaz oso modu generikoan. Bakardade-mota asko egon litezke, eta guztiok sentitu dugu noizbait horietakoren bat. Gainera, emozio berberak eragiten dizkigu denoi: tristura, etsipena, nekea... Horretaz hitz egin nahi nuen familiari zuzendutako ikuskizun batean, testurik gabe eta zuzeneko musikarekin.
Aurrera egiteko daukagun gaitasunaz eta munduaren edertasunaz hitz egin nahi nuen baita ere, bizi ditugun garai ilunen aurrean istorio bat kontatu edertasunetik. Ate bat irekitzea oso zaila da askotan. Norbera norbere gauzetan murgilduta egoten da, eta hortik ateratzeko pausoa ematea oso zaila da; ez da batere erraza atea zabaldu eta aurrera begiratzea. Hau oso ahalegin polita da. Oso pozik nago emaitzarekin, harrera ederra izaten ari da.
Astigarragan estreinatu genuen, otsailean, aretoko bertsioa, eta, gero, maiatzean, Leioako Umore Azokan, kalekoa. Urritik aurrera berriro aretora itzuliko gara. Pozez gaude berriro bira hasteko.