Oihane Sánchez Duro artista, aktibista, pedagogo, ikertzaile eta diziplina anitzeko hezitzaileak Lorategi hibridoentzako praktika mutanteak / Prácticas mutantes para jardines híbridos argitalpen kolektiboa aurkeztu du berriki, Euskal Herriko sorkuntza garaikideari buruzko gogoeta egiten duten testu eta saiakera bisualak biltzen dituena. Ekoizpen artistiko jasangarri bati buruzko/baterako espekulazioak / Especulaciones sobre/para una producción artística sostenible (2020) eta Sortzaileek ez dituzte inoiz irudikatzen berek garaile suertatzen diren munduak eta beste fikzio batzuk / Las creadoras jamás imaginan mundos en los que ganan y otras ficciones (2022) lanak biltzen dituen sailaren hirugarren liburukia da. Hiru liburu horietan jasotako ideiez eta proposamenez, etorkizuneko erronkez eta aukerez eta hezkuntzaren garrantziaz hitz egin dugu berarekin, besteak beste.
Egungo praktika artistikoetako produkzioaren eta programazioaren inguruko doktorego-tesia egin zenuen 2020an: Análisis de la producción y la programación en las prácticas artísticas contemporáneas; en busca de una producción sostenible en la CAV de las políticas culturales basadas en la idea de monocultivo a la diversidad de formatos híbridos. Zer aztertu nahi izan zenuen? Zein zen zure hasierako tesia? Eta zer ondorio atera zenuen?
Tokiko testuinguru artistiko eta kulturalaren arteko desoreka zen tesiaren abiapuntua, eskematizatutako eredu kultural batzuk erreproduzitzearen ondorioz. Horrela, zirkuitu itxi bat finkatzen da: kontsumitzeko ekoiztea, kultura eta, hedaduraz, artea produktu bihurtuz, berez ondasun izan beharrean.
Hasiera batean, 70eko hamarkadan herrialde anglosaxoietan garatu izan diren kultura-politika neoliberalek zehaztutako praktika artistikoak identifikatu ziren. Gaur egun, politika horiek arte-ekoizpen, -erakusketa eta -salmentarako egokia den laborantza-salda sortzen duten baliabide eta tresnetan oinarritutako sistema bat babesten dute (baina produktuak mantentzeko berme nahikorik gabe). Are gehiago, horrek testuinguruaren gaineko hainbat ondorio dakartza berekin, eta horiek, lehenik eta behin, beste tipologia eta adierazpen artistiko-kultural batzuen garapena oztopatzen dute eta, bigarrenik, sortzaileen ehuna prekarizatzen dute, bai lanekoa, bai emozionala. Hipotesiak iradokitzen zuen ekoizpen artistiko eta kultural iraunkorragoarekin lotutako praktiken aniztasuna sustatzeak testuinguruaren oreka berrezarri dezakeela.
Ondorio nagusien artean, azpimarratzen da proiektu kultural batzuk lehenesteak, beste batzuk baztertzen diren bitartean, artea eta kultura biziberritze ekonomiko eta urbanorako baliabide gisa hartzeak sortzen duen paradoxetako bat erakusten duela. Era guztietako jarduera artistiko-kulturalen ugaritasuna eta aniztasuna dagoela badirudi ere, eskaintza eskasa da, eta hiri batetik bestera errepikatzen eta klonatzen diren formatuen inguruan egituratuta dago. Horren ondorioz, formatuak eta edukiak berdintzen dira.
(Argazkiaren egilea: Eva Ruiz Martínez)
Urte berean, tesi hartan jasotako ideiei tiraka, eta, kultura arloko hainbat profesionalen esperientzien bidez, Ekoizpen artistiko jasangarri bati buruzko/baterako espekulazioak / Especulaciones sobre/para una producción artística sostenible argitaratu zenuen. Zer-nolako espekulazioak jasotzen ziren liburu hartan EAEko panorama artistikoaren inguruan?
Edukiak zuzentzeko hartu den "espekulazioaren" ideia imajinatzea besterik ez da. Horrela, argitalpenean zehar, "espekulazio" horiek ehundu edo ondorioztatu egiten dira testu guztiak zeharkatzen eta lotzen dituen hari gidaritik abiatuta.
Lehenengo testuek (Andrea Estankona Loroñok eta Ane Seijas Garzonek idatzitakoak) adierazten dutenez, oro har, artea "bizitza-munduetatik" bereizitako esfera gisa ulertzen da, eta beharrezkoa da lurrera itzultzea. Egileek beren testuetan azaltzen dute zer arte-mota ekarri nahi dugun bueltan, zer bultzatu nahi dugun (eta, beraz, ekonomikoki sustatu), zer publikori zuzendu nahi diogun, eta abar.
Ondoren datozen testuek (Arturo/Fito Rodríguez Bornaetxeak, María Muriedas Díezek, Haizea Barcenilla Garcíak eta Igor Rezola Iztuetak sinatuak), aurreko erronkari erantzun nahian bezala, aurrez pentsatutako ideia batzuk desmuntatzeko beharra adierazten dute, "aldendutako arte" hori eta artista mitifikatuaren profila biltzen dituen mistizismoari uko egiteko. Artista-eredu hau praktika artistikoan sartu den logika ekonomizistarekin identifikatzen da eta, horregatik, bateraezina da eguneroko bizitzako gorabeherekin eta beharrezko zainketekin.
Lehen testuek izaera analitikoagoa duten eta problematika testuinguruan kokatzen duten bitartean, Iker Fidalgo Alday, Raquel Asensi Blanco eta Laura Díez Garcíaren ekarpenak proposatzaileagoak dira. Espekulatzeari ekiten diotela esan liteke, baina ez dira ezerezetik abiatzen, baizik eta beren esperientzia pertsonaletan eta profesionaletan oinarritzen dira, hainbat proposamen artistiko-kulturalen buruan (Laura Díezen eta ANTespacio Elkartearen kasuan, Iturfest bezalako jaialdiak bultzatzen baititu), hainbat proiektutan parte hartuz, edo norberaren praktikaren garapenari dagokionez.
Iker Fidalgok eta Laura Díezek adierazi dutenez, kolektibitatea baldintza bat da egunerokotasunean errotutako ingurune kultural bat eraikitzeko, nodoak eta sareak izatearen garrantzian, ez bakarrik eragile kulturalen artean, baita sare sozialarekin ere, eta garatzen den testuinguru partikularraren ezaugarriei lotutako praktika baten bidez.
Maria Ptqk-rena bezalako testuek praktika eta proiektu esperimentalekiko konfiantzarik eta zaintzarik eza aurpegiratzen dute; izan ere, praktika eta proiektu horiek errebeldeak, disidenteak eta, azken finean, deserosoak dira (Karpinteriaren kasuan bezala), baina guztiz beharrezkoak testuinguru soziokultural anitza eta dibergentea sortzeko. MawatreS, bere aldetik, Daniel Muñoz Rodríguez ilustratzailearekin elkarlanean, sorkuntza garaikidearen fase desberdinetan inplikatutako erakundeen artean ere ezartzen diren botere-harremanak iraultzeari buruz ari da.
Hain da handia artearen munduaren eta bizi-munduen arteko bereizketa, non Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) artean ere arteak eta kulturak ez duten berezko espaziorik. Arantza Lauzirika Moreak eta Natxo Rodríguez Arkautek argudiatzen duten bezala, horren arrazoia da kultura, eta horrekin batera artea, beste helburu batzuk lortzeko bitarteko gisa ulertzen dela, eta ez ondasun edo eskubide gisa berez. Beraz, logika neoliberalaren kulturaren erreskate honetan, Ricardo Antón Troyasek tresna permakultural batzuk erabiltzea proposatzen du, hain zuzen ere, lehen liburuki honetan jasotako ekarpen guztiek ia batera adierazten duten distantzia laburtzeko.
Normalean, analisiek, ondorioek eta hausnarketek paisaia etsigarria marrazten dute; zapore mingots moduko bat uzten digute, eta badirudi horretara ohitu garela. Hainbeste, non badirudi jada ez dagoela ametsetarako lekurik, eta hemen aurkitu nuen bigarren liburuki bat proposatzeko motorra.
2022an, Sortzaileek ez dituzte inoiz irudikatzen berek garaile suertatzen diren munduak eta beste fikzio batzuk / Las creadoras jamás imaginan mundos en los que ganan y otras ficciones argitaratu zenuen, aurrekoa bezala, hainbat kultura-eragileren testuekin. Sorkuntza garaikidearen izaera prekarioaz hitz egiten zen liburu hartan, eta beste egoera batzuk irudikatzeko saiakera egiten zuten parte-hartzaileek. Baina posible da etorkizunean pentsatzea oraina zalantzaz beteta dagoenean?
Aurreko erantzunaren azken ildoekin jarraituz, katastrofista samarra naizela sentitzen dut, eta horrek ezetz esatera eramango ninduke; ezinezkoa dela etorkizunean pentsatzea oraina ziurgabetasunez beteta dagoenean. Baina uste dut beharrezkoa dela etorkizun bat posible balitz bezala jokatzea.
Kapitalozenoak eta horren ondoriozko krisi eko-sozialak hondamendia iraultzeko zer egin dezakegun galdetzera garamatzan bezala (Isabelle Stengersen zentzuan), Kapitalismo Kulturala deiturikoak ere egiten du. Sentitzen dut gauza batek zein besteak (baliabideen ustiapenean oinarritutako ereduak) frustrazio- eta etsipen-sentimendu batean murgiltzen gaituztela, eta horrek, besterik gabe, desaktibatu egiten gaituela. Hortik sortzen da "[...] eta beste fikzio batzuk" erranaldia. Jakina, beste etorkizun batzuetan pentsa dezakegu (eta pentsatu behar dugu) ziurgabetasuna gorabehera (bizitzarako eta arterako, eta horrela bi esferak hurbil daitezke).
Hala, bigarren liburuaren premisa da, hain zuzen ere, sorkuntza garaikidea sistema prekarizatzaile batek bereganatu duela, eta sistema horrek artistei eta kultura-eragileei beren ekoizpenaren kontrola kendu diela. Hau da, arriskuan jartzen du ingurune atseginagoak sortzeko eta eraikitzeko gaitasuna, eta, aldi berean, forma errealak edo fikziozkoak irudikatzekoa. Hori dela eta, garatu beharreko testuak esperimentalagoak izan zitezen animatzen zen, baita fikziotik gertukoak ere, imajinatzeko ariketan bertan jarraitu beharreko bide posible bat adierazten zuen aztarnaren bat edo beste aurkitzeko itxaropenarekin.
Liburu batean zein bestean, zalantzan jartzen ziren ekoizpen artistikorako aurrez definitutako formulak, eta gai horretan sakondu nahi izan duzu Lorategi hibridoentzako praktika mutanteak /Prácticas mutantes para jardines híbridos liburu berrian ere. Horretarako, ekosistemaren eta kulturaren arteko paralelismoak planteatzen dituzten metaforetan eta aditu askoren teorietan oinarritu zara. Beraz, zure ustez, posible da beste kultura-ekosistema bat? Zer baldintza behar da horretarako?
Tesian ondorioztatzen zen zaila dela hain burokratizatua dagoen sistema baten inertzia haustea, EAEko kulturaren administrazio eta kudeaketarena, esaterako. Horren ondorioz, beste helburu batzuetarako errentagarriak diren ekimen kulturalak eta artistikoak bultzatu dira (ekonomia eta hiria berroneratzea, hiri-marka, eta abar), baina horiek ez dute nahitaez laguntzen kultura- eta arte-sare osasuntsu bat mantentzen. Hala eta guztiz ere, tokiko ekosistema kulturalean dauden ereduak aztertzerakoan, garrantzi handikoa da "ona" eta "txarra"-ren arteko dikotomiatik aldentzea; oreka eta osagarritasun kontua baita, batez ere. Hortik sortzen da hibridazioaren ideiarekiko interesa, paisaia heterogeneoagoak lortzeko oinarri gisa.
Tesian, hertsiki instituzionalak, ez hain instituzionalak eta instituzionalizatu gabeko formak elkarreraginean aritzeko aukera planteatzen zen (koexistentzia hutsetik harago). Horrela, formatuen arteko hibridazioak beste tipologia batzuen garapena oztopatzen duten eskema batzuen nagusitasunak eragindako ahultzea arintzeko modu bat izan litezke. Adibide ona da Amarika Kudeaketa Proiektua, 2008-2011 aldian gutxi gorabehera izen bereko batzarrak abian jarri zuena. Horren arabera, Batzarra (erakundetu gabeko antolaketa-modu bat) Arabako Foru Aldundiari zegozkion hiru gune kudeatzera igarotzen zen.
Ba al dago gure testuinguruan aplikatzeko balio dezakeen eredurik, ispilu gisa baliatu dezakegun adibiderik?
Oso erreferente ona da jada desagertuta dagoen Arteleku, 1987 eta 2014 urteen artean Gipuzkoako Aldundiak sortutako arte espazioa. Bere jarduera amaitu baino lehen, artistak eta kultur eragileak prestatzera eta denboran luzatutako prozesuekin, ikerketa artistikoarekin eta esperimentazioarekin askoz ere arreta handiagoa izatera bideratutako zentro gisa funtzionatu zuen. Bai eta lehen aipatutako Amarika Batzarraren kudeaketa-proposamena ere, esaterako; proposamen honi esker, sektoreko profesionalak hiru erakunde-guneren antolaketan inplikatzea bermatzen zen.
Hirugarren liburuan, bestalde, gaur egun aktibo dauden proiektuak jasotzen dira, sorkuntza biltzen duten alderdien zati bati edo batzuei dagozkienak (ekoizpenaz gain, bitartekaritza, kudeaketa eta abar). Proiektu horietako bakoitzak testuinguruan identifikatutako helburu eta behar desberdinak asetzen ditu. Horixe da, adibidez, ZAS Kultur gunearen kasua: Gasteizko alde zaharrean kokatutako proiektu independente bat da, eta 2016an hasi zen, beren ibilbideko une ezberdinetan dauden Gasteiz inguruko eta Euskal Herriko artisten eta kultur eragileen aniztasunari prestakuntzan (ekoizpenerako laguntzaz gain) laguntza emanez. Edo Artoteka bitartekaritza-proiektuarena. Auzo-elkarteen eta artisten arteko elkarbizitzaren eta elkarrekikotasunaren adibide onak ere badaude, Naldako Espacio Comün gunean (Errioxako herri batean, hain zuzen ere) gertatzen den bezala.
Horiek eta beste asko oso ikaskuntza baliotsuak ateratzeko aurrekariak eta adibideak dira.