Nuria Culla donostiarrak bigarren diskoa kaleratu du: Hamaika gau. Besteak beste, musikaren munduan eman zituen lehen urratsez, lan berriaren sortze-prozesuaz, crowfunding edo finantzaketa kolektiboaz eta musikaren industrian gertatzen ari diren aldaketez hitz egin dugu berarekin.
Oker ez bagaude, 2014an ekin zenion bakarkako ibilbideari, gitarra klasikoa eta jazz-kantua ikasi ondoren. Barruan gordeta zeneukan guztia ateratzeko modua izan zen? Nola oroitzen dituzu urte haiek?
Bai, tira, 2014an oraindik jazz-kantua ikasi gabea nintzen; 2019an sartu nintzen kontu horretan. 2014an neure kabuz abesten hasi nintzen, gitarrarekin batera, musika klasikotik pixka bat aldentzen, gaur egungo estiloko bertsioak egiten, eta baita nire lehen abestiak idazten ere.
2018an iritsi zen zure aurreneko lana: Lluvia de marzo en Venecia. Gitarra eta ahots soilez. Bidean izen artistikoa ere aldatu zenuen. Zer jaso nahi izan zenuen lehen EP hartan?
Bai, nire lehen abestiak Autumn izenarekin grabatu nituen. Gero konturatu nintzen nahiago nuela nire benetako izena erabili, proiektu pertsonala zelako. EP horretan horixe nahi nuen: nire bakarkako ibilbidea hasi, nire kanta propioekin.
Hamaika gau dauka izena zure disko berriak, eta alde nabarmenak antzeman daitezke lehen lan harekin konparatuta. Hasteko, 2021ean "I used to" eta "Casi nada" abestiak kaleratu zenituenean hasitako bidetik, musikariz inguratuta zatoz. Zergatik? Nortzuk izan dituzu ondoan prozesuan zehar?
Bai, Musikenen sartu nintzenean, nire musika-erreferentziak asko ugaritu ziren, eta nire soinua ere potoloagoa izatea nahi nuen. Talde-formatuan hasi nahi izan nuen, estilo berriak sartzeko nire musikan (jazza, soula, soinu elektrikoak...) eta ez gelditzeko kantautore akustiko moduan.
Aurreneko bi abesti haiek Gonzalo Encinalek (pianoa), Jesus Bastiasek (baxua) eta Edi Saboritek (bateria) grabatu zituzten nirekin.
Aurten grabatu ditugunetan ere, Gonzalo eta Edi aritu dira pianoan eta baterian, baina Pablo Garciak hartu du baxuaren ardura. Beste lau musikari ere gehitu zaizkigu: Javi Echarri (gitarra elektrikoa "Fuego" eta "Puerto Rico" kantetan), Jon Viejo (tronpeta), Miguel Parrondo (saxofoiak) eta Eider Díaz (flauta).
Estilo aldetik ere ezberdintasun handiak daude batetik bestera: jazza, soula, bossa nova, musika elektronikoa... uztartu dituzu lan berrian. Aurrekoa kaleratu zenuenetik sei urte joan izanak ere izango zuen eraginik, ezta? Zer-nolako diskoa da Hamaika gau?
Bai, aipatu dudan bezala, Musikeneko ikasketa berrietan sartzerakoan, nire estiloari buelta bat ematea erabaki nuen, eta argi dago han ikasitakoak influentzia handia izan zuela horretan. Urte hauetan sortu ditudan abestiek eta kanta zaharrekin egin ditudan moldaketek ziklo bat osatzen dute, eta diskoa ateratzea ziklo horri bukaera ematea izan zen, neurri batean.
Hamaika gau, eta hamaika kanta, CD fiskoan, behintzat; horietatik bederatzi, berriak. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Lehenengo lanean ere halaxe izan zen. Nola erabakitzen duzu zein hizkuntza erabili? Ala abestiak berak eskatzen du hizkuntza bat?
Ba ez dut beti modu berean erabakitzen. Batzuetan, musika iristen da lehenengo, eta musika horrek eskatzen didanaren arabera egiten dut abestia ("Hamaika gau"-n bezala). Beste batzuetan, aldiz, idatzitako poema bati musika gehitzen diot ("Ciudades fantasma"-n adibidez).
Hiru hizkuntzak erabiltzea gustatzen zait, sonoritate ezberdinak ematen dituztelako eta hizkuntza bakoitzak abestiaren identitatea markatzen duelako.
Kanta lasaiak dira, oro har, musikari dagokionez. Baina hitzetan hausnarketarako ideia asko jaso dituzu: osasun mentala, beldurrak, maitasuna, isiltasuna, denboraren joana, ametsak... Bereziki kezkatzen zaituzten kontuak dira?
Bai, nik beti esaten dut (eta uste dut gehienok hori pentsatzen dugula) egoera negatiboak edo tristeak inspiratzaileak direla. Beraz, gehienetan mota horietako gaiak azaltzen dira nire kantetan. Baina badago letra aldetik pixka bat arraroa den abesti bat, jolas moduko batetik atera zena: "Puerto Rico". Gauetan izaten nituen ametsak koaderno batean apuntatzen hasi nintzen, eta amets horietatik ateratzen ziren istorioekin abestia idatzi nuen.
Josu Ervitirekin grabatu dituzu kanta berriak. Zer eman dio haren lanak azken emaitzari? Egon da inprobisaziorik grabazio-prozesuan? Zer izan da zailena?
Josuk asko lagundu digu prozesu osoan: edizio-, nahasketa- eta masterizazio-lanean batez ere, baina baita produkzioan ere. Ia guztia argi eraman genuen aldez aurretik, baina, soinua bilatzerakoan edo zalantzak nituenean, bere iritziak asko lagundu zidan, baita abesti batzuen azken xehetasun txikietan ere, efektuak sartzerakoan eta abar.
Crowfunding kanpaina bat baliatu duzu diskoa grabatu eta kaleratzeko. Gero eta ohikoago bihurtu da: batzuetan, artistak hala erabaki duelako; beste batzuetan, ordea, aukera bakarra delako. Zure kasuan, zergatik hautatu zenuen bide hori? Zer abantaila eta muga ditu?
Azken urteko ia aurrezki guztiak inbertitu nituen proiektuan, eta pixka bat –zati bat bederen– berreskuratzeko egin nuen. Gainera, gastu gehiago falta ziren oraindik, eta modu horretan errazagoa izango zela pentsatu nuen.
Alegia, laguntza ekonomikoaz gain, disko askoren salmenta bermatzeko balio du finantzaketa-modu horrek, eta promoziorako bide oso ona da, jendeak partekatzen duelako eta ezezagun askoren parte-hartzea lortzen delako.
Mugei dagokienez, kanpaina prestatzea lan handia da: bideoak grabatu behar dira, webgunea oso ondo prestatu erakargarria izan dadin, sare sozialetan oso parte-hartze aktiboa izan...
Azken urteetan aldaketa ugari izan dira musikaren industrian, eta, zorionez, ahots berriak ere agertu dira han eta hemen. Zure ustez, zein dira bidea urratzen hasiak diren musikarien zailtasun eta erronka nagusiak?
Gaur egun, mundu global honetan nabarmentzea da zailtasun handiena. Geroz eta errazagoa da musika egiteko erremintak lortzea eta musika partekatzea, baina ez hori hurrengo mailara eramatea, zure musika ogibide bihurtzea.
Oso zaila da kontzertuak lortzea (baldintza onekin) eta jendeak zure musika entzutea ez baduzu zerbait komertziala egiten edo marketinean oso ona ez bazara.
Kontzertuak aipatu dituzu. Zer moduz doaz? Bakarrik ala taldean ari zara zuzenekoetan? Beharbada, jada hasita egongo zara abesti berriak sortzen. Ala gozatzeko unea da?
Kontzertuak bilatzeko unea da orain, disko berria mugitzeko pixka bat. Beraz, ez nago sormen handiko momentuan. Horretarako, astia behar da, eta, gainera, komenigarria da diskoa sortzeko egindako lan guztiaren ondoren denbora apur bat pasatzen uztea.
Bakarkako kontzertuak ematen jarraituko dudan arren, taldearekin mugitzea da orain daukadan helburua, abesti berriak hobeto defendatzen direlako soinu osoarekin.
Momentuz, urriaren 31n daukagu aurrenekoa, Tabakalerako Kutxa Fundazioa aretoan, Sara Mansillarekin batera. Berak ere bere diskoa aurkeztuko du gure kontzertuaren ondoren.
(2024ko irailaren 26an argitaratutako Berezia)