Anize Amestoy, soinu-diseinatzailea: «Nire erronka haundiena izan zen independente bezala nere kondu lanean hastea»

  • Anize Amestoy, soinu-diseinatzailea: «Nire erronka haundiena izan zen independente bezala nere kondu lanean hastea»

Oso gazterik jakin zuen Anize Amestoyk soinuaren inguruan lan egin nahi zuela. 2018 eta 2020 artean soinu-diseinatzaile izan zen Ubisoft bideojoko-estudioan, baina, gero, bere kasa lanean hastea erabaki zuen, proiektu txikiagoetan. Gaur egun, bere estudiotik, soinu eta musika integrazio- eta muntaketa-lanak egiten ditu bideojokoetarako, ikus-entzunezkoetarako, eszenografietarako..., soinu-identitatearekin lotutako proiektuak albora utzi gabe. Etorkizunera begira, fikziozko film luze baten soinu-diseinua egitea gustatuko litzaiokeela aitortu digu.


Soinu-teknikari eta -diseinatzaile ikasketak egin zenituen, ezta? Beti izan zenuen argi zer egin nahi zenuen? Nola gogoratzen dituzu zure aurreneko urteak lanbide honetan?

15 urterekin jadanik banekien soinuaren inguruko lana gustatzen zitzaidala. Segurrenik betidanik musika jotzen nuelako eta nire ingurumenean, familian, entzumenaren garrantziarekin hazi bainintzen. Leheinik ikus-entzunezkoarentzat soinu tekniko lana ikasi nuen, eta, ondotik, bideojokoarentzat soinu-diseinuan berezitu. Azken urte hauetan egiten ditudan lanen aniztasuna ikusirik, ohartzen naiz proiektu ezberdinentzat eta jende ezberdinekin lan egitea biziki aberasgarria dela. Horregatik beti gogotsu hasten naiz proiektu berrietan lanean.


Pare bat urtez soinu-diseinatzaile izan zinen Ubisoft-en, baina 2020an zeure kontura hasi zinen lanean, zeure estudiotik. Zergatik? Zer abantaila ditu?

Bai, Pariseko Ubisoft estudioan proiektu erraldoietan egin nuen lan. Ehunka pertsonak lan egiten zuen proiektu bakoitzean, eta 10 eta 20 soinu-diseinalari arteko lantaldeetan ari nintzen lanean. Artistikoki, askatasun nahiko haundia izanez ere, bakoitzaren eginbaharrak aski berezituak dira. Gainera, zure burua langile ordezkagarri bezala sentitzen duzu, eta sentiarazten zaituzte. Besteak beste, horregatik utzi nituen Ubisoft eta Paris. Orain nere kontu arituz, proiektu askoz ttipiagoentzat egiten dut lan, baina, artistikoki interesgarriagoak, originalagoak eta jendearen arteko harremanetan gizatasun askoz gehiagorekin gauzatzen direnak. Horrez gain, denbora gehiago uzten dit gustatzen zaizkidan gauzak egiteko, hala nola musika sortzeko eta jotzeko.


Bideojokoetarako soinu- eta musika-sorkuntzan aritu izan zara gehienbat, baina ikus-entzunezkoetarako ere lan dezente egin duzu, eszenografietarako soinu-bandak eta soinu-identitatearekin lotutako proiektuak ahaztu gabe. Azalduko diguzu, labur bada ere, zer-nolako lanak diren?

Film laburrentzat eta animazio-filmentzat, bideojokoetan bezala, soinuak sortu eta muntatu behar dira istorio bati zentzua emateko eta obrari sinesgarritasuna gehitzeko. Ezberdintasun haundiena soinuen integrazioa da, filmetan kronologikoki eta bideojokoetan geografikoki (3D ingurumen batean) edo jokolariaren ekintzen arabera. Museo-eszenografian edo argi-soinu emanaldietan ere helburua ikus-entzulea istorio batean murgiltzea da, soinu-muntaketa edo -edizioari esker. Soinu-identitate sorkuntzan, aldiz, izan hedabide edo enpresa batentzat, identitate grafikoak sortzen diren bezala egiten da. Hala nola, bezeroaren proiektuaren baloreak eta mezua hedatzeko erabiliko den soinu edo musika ezagungarri bat sortzea da helburua. Lan bakoitzak baditu bere erronkak, bainan bakoitzak ondoko lana aberasten du, lan-esperientzia eta -ezagutzak aberastu arau.


Zein izan da orain arteko erronkarik handiena zure ibilbidean? Baduzu lan kuttunik?

Nire erronka haundiena izan zen independente bezala nere kondu lanean hastea. Horregatik segur aski, garaian sortzen ari ginen eta pausoa egiten lagundu didan bideojoko-proiektua da nere lan kuttuna, Pile Up! Box by Box izenekoa. Baita lehen aldiko, joko baten soinu eta musika osoa sortu nituelako ere.


Soinua eta musika bi kontzeptu ezberdin dira. Sorkuntza-lana ere ezberdina da batean eta bestean?

Egia da soinuaren eta musikaren sorkuntza-lana bi gauza ezberdin direla. Soinu-efektuek, -anbienteek, entzuleari informazio nahiko gordin bat pasarazten badiote, musikak, aldiz, emozio bat sentiarazi behar dio. Hortik hasita musika-tresnen erabilera eta emozioen musikatzea, nire aldetik, musika-teoria gutti ezagutzen dudanez, molde aski inprobisatu eta intuitiboan egiten ditut. Bainan azkenean soinuaren eta musikaren arteko muga ez da hain argi, zeren musika bat soinuen artean uzten diren isiltasunek dute sortzen. Orduan, edozein soinuk, musika-tresna batetik etorri ala ez, musika sor dezake.


Eta lan-motaren arabera? Alegia, oso ezberdina al da, esaterako, bideojokoetarako soinu- eta musika-sorkuntza telebistarako eta zinemarako egiten diren proiektuekin alderatuta?

Geroz eta gehiago ohartzen gira bideojokoak eta filmak egiteko teknikak, bereziki irudiaren aldetik, oso hurbilak direla eta batzuetan ere berdinak. Hala ere, oraindik ezberdintasun ainitz dituzte bi lan-mota hauek. Ezberdintasun nagusia izanki, bideojokoetan ikus-entzuleak duela, bere hautuen bitartez, istorioa moldatzen edo kontrolatzen. Sortzeko momentuan eta soinuak bata besteari lotzeko momentuan, dena aldatzen du, filmetan ez bezala soinu-sortzaileak geroa ez baitu ezagutzen. Horrek erran nahi du bideojoko batean, soinu berri bat sartu ondotik, jokoa behin eta berriz saiatu behar dela, jokolariak bizitzen ahalko dituen egoera guzietan, soinua ona dela segurtatzeko.


Nondik abiatzen zara soinuak eta musika sortzeko? Zein dira baliatzen dituzun tresna nagusiak?

Soinuen jatorriak ugariak dira. Estudioan grabaturiko musika-tresna edo edozein objektu izan daiteke. Kanpoan ere grabagailu batekin giroak edo edozein soinu graba ditzaket. Beste sortzaile batzuek eginiko soinu-bankuak ere erabiltzen ditut. Azkenik, soinu-efektu edo musikarako erabilgarriak diren soinu berezi batzu sortzeko sintetizadore birtualak ere erabil ditzaket. Bistan dena edozein jatorriko soinu bat beste edozein jatorriko soinu batekin edo gehiagorekin nahas dezaket bilatzen dudan emaitza lortu arte.


Interaktibitatea, aniztasuna, fisikaren simulazioa… Gauza asko izan behar dira kontuan soinu- eta musika-sorkuntzan, gero elementu horiek guztiek ondo funtziona dezaten osotasun baten parte gisa. Nola lortzen da batasun hori? Elkarlana ezinbestekoa izango da, ezta?

Sorkuntza bakoitzaren helburua da beti konduan hartu behar dena. Zergatik egiten dut soinu hori? Zer mezu edo informazio transmititu nahi dizkiot entzuleari? Eta erran gabe doa konduan hartu behar direla baita ere obra berean elkarlanean ari diren beste elementuak: marrazkiak, bideoak, animazioa... Horretarako, ikasten den gauza bat ez bada ere, obra kolektibo horren parte-hartzaile ezberdinekin edo bezeroekin argiki komunikatzea ezinbestekoa da. Hori lortzen bada eta bakoitzak bere lana ongi egiten badu, proiektuaren helburuak errexki lortzen dira.


Normalean, soinu- eta musika-sortzaileok era askotako lanak egin behar izaten dituzue, elkarren artean oso ezberdinak. Nolakoa da, zure ustez, ogibideak izan duen bilakaera? Zein da egungo egoera? Eta etorkizuneko erronka nagusiak?

Ez daude lan berdina egiten duten bi soinu- edo musika-sortzaile. Bakoitzak ahal duen lanarekin egiten du, lortzen duen lanarekin edo gustukoa duen lanarekin. Bideojokoen ekoizpena mundu mailan krisian da, eta nere aldetik ere lan-eskaintza guttiago ditut arlo horretan. Bainan, hala ere, saiatzen naiz lan-mota ezberdinen aniztasuna atxikitzen, lehenago erran bezala, biziki aberasgarria baita niretako. Saiatzen naiz ere inguruan ditudan eragileekin aritzea ahal bezainbat. Euskal Herriko ingurukoekin, iparraldekoekin gaur eta agian hegoaldekoekin bihar. Euskal Herriko hedabide- eta sortzaile-kopurua haunditu arau proiektu gehiago eta mota ezberdinetakoak burutzen direla iduritzen zait. Edo hala izatea espero dut bederen. Kulturari ematen zaion tokia murriztuko ez delako esperoan.


Zer esango zenieke soinu- eta musika-sorkuntzan lehen urratsak eman nahi dituzten gazteei?

Lehenik orroitarazi nahi nieke ez dela sorkuntza-lana baizik. Lanbide oso teknikoa dela, bainan hori egiten lortzeko bide ezberdin asko direla. Ikasketen bidez lehenik, eta, gero, lan-esperientzia ezberdinei esker. Bidea luzea da, orduan lotu behar da, jakin-minez gauza berriak saiatu eta gustatzen zaizuena egiten segitu.


Zer duzu orain esku artean? Eta etorkizunera begira, zer egin nahiko zenuke?

Lan ezberdinak ditut esku artean, hala nola bideojoko bat, animazio-serie bat, irrati berri baten soinu-beztitzea, musika-manaketa bat... Etorkizunerako, beti lan-mota aniztasun hori atxiki nahi nuke, bainan lehen aldikotz fikziozko film luze baten soinu-diseinua egitea gustatuko litzaidake.


(2024ko urriaren 14an argitaratutako Berezia)