2019an kaleratu zuen Susa argitaletxeak Miñan liburua, Ibrahima Balderen bizitzaren kronika, hark ahoz kontatu eta Amets Arzallusek idatziz jaso zuena. Orain, Artedramak, Timberlake Wertenbaker antzerkigilearekin batera, eta Ametsen konplizitatearekin, testu hura antzerkira ekarri du. Sambou Diaby, Eihara Irazusta, Mikel Kaye eta Ander Lipus bera izango dira oholtzan. Luhuson aurrestreinaldia egin ondoren, Arriaga Antzokian izango da estreinaldia, urriaren 25ean (26an beste emanaldi bat egongo da). Dagoeneko 60 emanaldi baino gehiago dituzte lotuta, eta eskola-saio ugari ere egingo dituzte. Ander Lipusekin hitz egin dugu.
2019an argitaratu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan liburua, Ibrahimaren bizitzaren kronika, hark ahoz kontatu eta Ametsek idatziz jaso zuena. Zein da Ibrahimaren historia?
Ibrahima Balde Kronakryn jaio zen. Egun batean, Alhassane anaia txikiak, hango gabeziak tarteko eta etxean nahiko txiroak izaki, erabakitzen du etxetik alde egitea bizitza hobe baten bila. Halako batean, Ibrahimari deitzen dio Libiatik, Baba Hassan eremutik, esanez Europara eramango duen programa baten zain dagoela bertan. Egoera horren berri duenean, anaiaren bila abiatzen da Ibrahima, hura topatu eta etxera ekartzeko. "Miñan" hitzak pularrez anaia txikia esan nahi du.
Miñanek Ibrahimaren odisea hori guztia kontatzen du. Libiarainoko bidaian zorigaiztoko egoera askori egin beharko die aurre: basamortuak zeharkatu behar ditu, mafiekin arazoak ditu, tortura jasaten du, esklabo hartzen dute... Azkenean, Baba Hassanen enteratzen da Alhassane anaia txikiak naufragio bat izan duela.
Zer egin ez dakiela, Ibrahimak ia burua galtzen du, ia erotu egiten da, bere ideia ez baitzen Europara joatea, baizik eta anaia hartu eta harekin etxera itzultzea. Lotsaz eta tristuraz bizi da, eta, azkenean, Marokora joatea erabakitzen du. Nadorreko basoan pasatzen ditu egunak. Halako batean, programa bat hartzea lortzen du, eta zodiak batean abiatzen da, erreskatatzen duten arte.
Hori da, gutxi gorabehera, Ibrahimaren odisea. Baina odisea hori ez da bukatzen Mediterraneoan poliziak edo itsas salbamenduko ontzi batek hartzen duenean. Irungo tren-geltokian ezagutzen du Ametsek. Harrezkero, beste odisea bat pairatzen du, paperik gabe bizitzearena. Azkenean, 10 urteren ondoren, ama eta bi arrebak ikustera joatea lortzen du. Esandako hori guztia kontatzen du Miñanek, guk antzezlanean ere jaso dugun azken anekdota edo istorio horrekin batera.
Zer eragin zizun barrenean liburu haren lehen irakurketak? Zerk piztu zuen zuregan liburu hura antzerkira egokitzeko nahia?
Nik pandemia-garaian irakurri nuen liburua, eta, egia esan, zirrara eragin zidan. Oso gogorra iruditu zitzaidan eta, aldi berean, poetikoa, oso ondo idatzia, samurtasunez eta espiritualtasun handiz. Ederra izan zen irakurketa, bere krudeltasunean, noski.
Nire burutik inoiz ez zen pasatu testu hura antzerkira eramatea, baina Timberlake Wertenbaker ezagutu nuen. Hark egin zuen Ibrahimaren eta Ametsen kontakizunaren lehen itzulpena ingelesera (Little Brother: an odyssey to Europe), eta aipatu zidan Londresen antzerkira eramateko asmoa zutela. Garai hartan, ni Timberlakekin zerbait egiteko ideiarekin nenbilen, eta esan nion pena zela euskaraz sortutako literatura-obra baten antzerkirako lehen egokitzapena ingelesez izatea eta ez euskaraz. Horrela, gutxika-gutxika, Londreskoa bertan behera gelditu zen —orain badakit apirilean edo maiatzean han estreinatzekoa dela— eta komentatu nion ea zergatik ez genuen antzezlana euskaraz sortzeko apustua egiten.
Behin Ibrahimaren eta Ametsen baiezkoa jaso genuenean, taldea osatzeari ekin genion, eta, hala, sorkuntza-prozesu guztia talde oso batekin egin dugu (musika, jantziak, argiak, eszenografia, ekoizpena, banaketa...).
Urriaren 18an Luhuson egin genuen emanaldia, eta urriaren 25ean Bilbon, Arriaga Antzokian, estreinatuko dugu. Ibrahimak ahotsez kontatu eta Ametsek idatziz jaso zuena guk gorputzez eta ahotsez eraman nahi izan dugu oholtzara.
Hitz xumez eta poetika handiz kontatutako liburu hark oihartzun handia izan zuen. 2020ko Zilarrezko Euskadi Saria irabazi zuen, eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan da harrezkero. Frantzisko aita santuak ere publikoki goratu du. Ez zen lan samurra izango testu hura —benetako gertaerak jasotzen zituena, gainera— antzerkira egokitzea, ezta? Zer-nolako fideltasuna zor zaio kasu horietan jatorrizko lanari?
Lan handia izan da egokitzapena egitea. Den-dena ere ezin zen kontatu, eta Ibrahimaren eta Ametsen kontakizunaren pasarte batzuk alde batera utzi behar izan ditugu. Antzezlanak ordu eta erdi irauten du, eta tarte horretan guretzat esanguratsuenak diren bizipenak eta egoerak kontatzen ditugu.
Oso argi izan behar da hau ez dela fikziozko antzezlan bat, baizik eta benetako historia bat. Artedramak migrazioaren inguruan egin duen hirugarren antzezlana da honako hau. Lehenengo, Etxekoak egin genuen, gero Atzerrian lurra garratz etorri zen, eta, orain, Miñan sortu dugu.
Etxekoak eta Atzerrian lurra garratz benetako istorioetatik abiatzen ziren, egiazki gertatutako historia batzuetatik, baina fikzionatuak ziren. Miñanen kasuan, oso fidelak izan gara jatorrizko testuarekin. Ezin duzu fikzioa sartu, benetako historia baten kontakizuna delako. Ametsek ez du ezer asmatu, Ibrahimak kontatutakoa da dena, eta, beraz, gu ere fideltasun horren lagun izan gara.
Amets hasieratik egon da sorkuntza-prozesuan, eta bere ideiak, bizipenak, Ibrahimak kontatu zizkionak helarazi dizkigu. Konplizitate handiarekin egin dugu lan elkarrekin.
Timberlakek eta Ametsek ere ondo ezagutzen dute elkar, eta izugarrizko konplizitatea egon da bien artean. Lan handia egin dute elkarrekin obra literarioan jasotako hitzak antzerkira ekartzeko. Ibrahima, aldiz, Madrilen ezagutu genuen, baina nolabaiteko distantzia hartu du.
Edozein modutan, asko zaindu dugu Ibrahimaren zauria, dena izan zen bezala kontatzeko.
Miñan liburuaren ezaugarri nagusietako bat da irakurri ahala irudiak —irudi asko— agertzen zaizkiola irakurleari begien aurrean, ikusi eta sentitu egiten direnak: basamortu amaigabea, polizia, bahitzaileak, egarria, gosea, mina... Nolakoa izan da hori guztia oholtzara eramatea? Zer izan da zailena?
Dena izan da zaila oholtzara eramateko, baina, aldi berean, liluragarria. Obran zehar, gauza asko gertatzen zaizkio Ibrahimari, egoera ezberdin ugari bizi ditu, eta guk bagenuen muga bat. Ibrahimak kontatzen du bere historia, eta gu hortik abiatu gara. Ipuin bateko narratzailea balitz bezala kontatzen dio bere historia publikoari.
Gero, kontakizun horretan hainbat egoera, leku eta pertsonaia agertzen dira. Pertsonaia horiek Sambou Diabyk, Mikel Kayek, Eihara Irazustak eta nik neuk jokatzen ditugu, eta egoera ezberdin horiek dakarte, nolabait esateko, drama edo ekintza.
Beraz, antzezlanak bi elementu nagusi ditu: alde batetik, Ibrahima (Sambou Diaby) publikoari kontatzen ari zaion historia, eta, bestetik, haren oroimenean dauden eta bat-batean plazaratzen diren gertaerak.
Ikusi ahal izan dugunez, datozen hilabeteetarako 40 emanaldi baino gehiago dituzue lotuta, eta kopuru hori hazten ari da etengabe. Ikusmin handia sortu duzue. Presio-mota hori gustura hartzen da?
Miñan fenomeno bat izan da, eta horren eragina handia da. Emanaldia sortu baino hilabete lehenago jada, elkarrizketa pila bat egin ditugu. Miñan antzerkira ekartzeko proposamen berri honetan jarri dute begirada komunikabideek, eta ikusmina handia da programatzaileen artean eta antzokietan. 40 emanaldi baino gehiago, ez; dagoeneko 60 baino gehiago ditugu lotuta, eta hori ez da ohikoa izaten.
Ikusmin handia sortu dugu eta presio handia daukagu, baina guk beti jokatzen dugu presioarekin; azken batean gure ogibidearen parte da publikoarekin harremana izatea eta publikoari gure lana eskaintzea. Egia da jende askok liburua irakurrita daukala eta, beraz, agian juizio gehiago izango ditugula: "hau ez duzu sartu", "hau nik ez nuen horrela irudikatzen"... baina hori guztia lanaren parte da. Bakoitzak bere iritzia izango du, eta horri ere aurre egin beharko diogu, baina espero dugu gure antzezlanarekin jendeari iristea jatorrizko obra literarioak zeukan indarra. Nik neuk uste dut lortu dugula, batez ere aktoreen lan bikainagatik. Sambou Diabyren lana ikaragarria da, baita Eihararena eta Mikelena ere. Nire lanari buruz ez dut ezer esango.
Oro har, gure gizarte honetan, Mediterraneoa zeharkatzen duten pertsonak deshumanizatzera jotzen dugu. Horren aurka egiteko ahalegina da Miñan antzezlana? Zein da zabaldu nahi duzuen mezua? Nork ikustea gustatuko litzaizueke? Eta nork ikusi beharko luke?
Alde batetik, uste dut edonori irekita dagoela eta jendeak ikusmin handia daukala. Arriaga Antzokiko emanaldietarako sarrera asko eta asko saldu dira. Hurrengo emanaldia Oiartzunen daukagu, eta hiru aste lehenago sarrera guztiak agortuta daude. Hendaian ere badakit agortu direla... Badago ikusmina eta jakin-mina.
Migrazioaren gaia pil-pilean dago, eta momentu oso delikatua bizi dugu. Horregatik, uste dut gure antzezlanak pentsarazteko balio beharko lukeela behintzat.
Eskola-emanaldiak ere egingo ditugu, dezente gainera. Uste dut oso garrantzitsua dela gazteek ere Afrikatik eta atzerritik oro har datorren jendearen begirada eta ahotsa ezagutzea, batez ere pixka bat humanizatzeko eta pertsona horiei ikusgarritasun apur bat emateko.
Gustatuko litzaidake, baita ere, hemen migratzaileak diren pertsonak, nolabait deserrian bizi direnak, antzerkira hurbiltzea eta ikustea askok euren azalean bizi izandakoa. Ea lortzen dugun ikuskizun hau hemengoentzat ez ezik kanpotik etorri direnentzat ere izatea.
Orain Miñan erakusteko garaia den arren, hasi al zarete Artedraman proiektu berrietan pentsatzen?
Bai, ari gara proiektu berriekin, nola ez. Artedramak Axut! kolektiboarekin egingo du hurrengo proiektua, eta jada saltsan sartuta gaude.
Horrez gain, Artedramak ADEL formakuntza-topaketa eta jaialdia egiten du urtero Aulestin, eta, datorren urteko Pazko astera begira, egitaraua prestatzen ere hasiko gara.
Herrigintzan ere ari gara. Ni Markina-Xemeingoa naiz, eta herrian libertimendu bat egiteko asmoa daukagu. Horrek lan handia eskatzen du, militantzia handia, baina uste dut ikuskizunaren mundutik aparte herriarentzat eta herritarrekin lan egitea ezinbestekoa dela; nik, behintzat, hala sentitzen dut, eta horretan ari gara.
Orain, baina, antzerkira ekarri dugun Miñan honetan zentratzea tokatzen da. Ea publikoari gure proposamena iristen zaion eta jende asko hurbiltzen den antzokietara.
(2024ko urriaren 22an argitaratutako Berezia)
*Argazkiak: Ainhoa Resano