Julia Otxoak Gaztelaniazko Literaturaren Euskadi Saria jaso du berriki, Bajo los astros de la repetición poema-liburuarengatik. Saria nola jaso duen jakin nahi izan dugu, eta, bide batez, gainbegirada bat eman diogu haren ibilbide artistiko luzeari, harekin batera. Ibilbide horretan hainbat genero landu izan ditu, hala nola olerkia, mikrokontakizuna, haurrentzako ilustrazioa edo ikus-poesia.
Noiz jabetu zinen sormenerako berebiziko bultzada sentitzen zenuela? Zer-nolakoak izan ziren hasierako urrats haiek?
Argi gogoratzen dut 12 urte nituenetik, gutxi gorabehera, idazketaz baliatu behar izan dudala nahi nuena adierazteko. Hura egunkari poetiko moduko zerbait zen, artean ez bainintzen idazle sentitzen. Aurrerantzean nire bizitza guztia horretan emateko irrika geroago etorri zen, 20 urte inguru nituela. 25 urte nituenean argitaratu nuen nire lehenengo poema-liburua, Composición entre la luz y la sombra, Telefónican administrari gisa irabazitako nire lehen soldataren diruarekin.
Bi karrera hasi nituen, Zuzenbidea eta Psikologia, baina hirugarren ikasturtean utzi nuen azken hori. Orduan argi izan nuen idazle izan nahi nuela eta soldata beste lan batetik irabaziko nuela; eta zorte ona izan nuen: Telefónican oposizioak egin nituen, eta sartu nintzen. 08:00etatik 15:00etara lan eginda, arratsaldeak libre geratzen zitzaizkidan idazteko.
Julia Otxoa eta Esther Ferrer (Donostia, 2016)
Oso egile oparoa zara, eta hainbat genero artistiko lantzen dituzu. Zer dela eta hain interes desberdinak izate hori?
Egiten dudan guztia sustrai bakarra duen zuhaitz batekin irudikatu daiteke; sustrai hori existentziaren pertzepzio poetikoa da, eta hainbat adarretan adierazten da: olerkia, kontakizuna, haurrentzako ilustrazioa, ikus-poesia, obra grafikoa, etab.; unean uneko bizi-sentimenduaren beharra zein den, adierazpide bat edo beste baliatzen dut.
Nik argi ikusten dut une bakoitzean nire inspirazioa zein arte-adierazpideren bidez bideratu ahal izango dudan. Arteen arteko erlazioa naturala da nire baitan. Beti interesatu izan zaizkit literatura, artea, filosofia, eta, baita ere, zientifikoki jakitea nola funtzionatzen duen gure gorputzak eta nola funtzionatzen duen gizakiaz bestelako espezieen gorputzak (zuhaitz, animalia eta abarrena). Denaren jakin-minez egoten naiz.
Menoscuarto Ediciones argitaletxeak kaleratutako hiru kontakizun-liburu
Mikrokontakizunaren edo kontakizun laburraren generoa gaztelaniaz indartu duten egileen belaunaldi batekoa zara; besteak beste, Variaciones sobre un cuadro de Paul Klee, Un extraño envío edo El hombre del espejo lanei esker. Irakurleak obra horietan guztietan aurki ditzake aldaketarik gabe mantentzen diren osagaiak: ludikoa, itxurekin jolastea, absurdoa, norbere hizkuntzarekin jolastea edo misterioa. Nondik sortzen dira istorio horiek? Iruditzen al zaizu alegia, fantasia modu bat dela errealitatea deskodetzeko edo itzultzeko?
Mikrokontakizunak idazteari ekin nionean, poesia idazten ari nintzen, eta oraindik ere idazten dut, baina halako batean istorio txikiak eta pertsonaiak agertzen hasi ziren, jakitun izan gabe zein genero idazten ari nintzen, eta jakin gabe garai hartan mikrokontakizunak argitaratzen zituen egile bakanetako bat nintzela. Generoa aztertzen duten adituek ikusten dute garai horretan halako lotura bat zegoela nire eta miresten ditudan idazle batzuen artean: Luis Mateo Diez eta Javier Tomeo... Alajaina! Ohore handia da niretzat. Mikrokontakizunak idaztean, hitz lauez baliatzen jarraitu nuen, poesian bezain labur eta izaera sinboliko berarekin.
Alegiazko mundua, surrealista, fantasiazkoa... hori da errealitatearen sentimendua adierazteko biderik onena. Prozesuan ezer ez dago aurretik erabakita; hau da, olerkietan bezala, une egokian hitzetik hortzera etortzen den inspirazioak gidatzen du mikrokontakizun edo kontakizun bakoitza. Alegia, kontakizun bakoitza berehalakoa da, inoiz ez dut ematen ordubete edo bi ordu baino gehiago hura idazten.
Irakurle gisa, garrantzi handia eman izan diot beti alderdi ludikoari, ezustekoari, ustekabeari, hizkuntzarekin ere jolasteari, ironiari eta abarrei; hartara, irakurle gisa atsegin dudana moldatzen dut idazle gisa.
Alegiazko gaiei dagokienez, askotan gogora ekartzen dut ez dela ahaztu behar Europako kulturaren zati handi batek greziar mitologia duela oinarri; hots, itzelezko alegia-iturri agorrezina dela gizakiaren ezagutzarentzat.
Julia Otxoa, Luis Mateo Diezekin batera, Tos de perro liburuaren aurkezpenean (Leon, 2022)
2021ean, Tos de perro argitaratu zenuen. Liburuan, zure familiari zuzenean eragiten dioten eta, nolabait, zure haurtzaroan arrastoa utzi zuten gertaerak bildu zenituen. Zerk bultzatu zintuen? Zer izan zitzaizun zailena? Hasieratik argi izan al zenuen fikzioa zure oroitzapenen lagungarri eta osagarri izango zela?
2013an, nire lehengusu batek, Balbino García de Albizu Jimenezek, nire aitona Balbino Garcia de Albizu Usarbarrenaren gorpuzkiak hobitik ateratzeko eskatu ondoren, Donostiako Aranzadi Institutuko taldeak, Francisco Etxeberria auzitegi-doktoreak zuzenduta, hamar biktimaren gorpuzkiak atera zituen Nafarroako Urbasa mendilerroko Raso leizetik; ba, orduan, Francisco Etxeberriak, lagun baikenuen eta ni idazle nintzela baitzekien, leizearen barrualdetik egindako igoeretako batean arkatz txiki bat eskuratu zidan —aitona Balbinoren eskeletoko hezur barreiatuen ondoan aurkitua—, eta zera esan zidan: «Idatzi, Julia. Idatzi honetaz guztiaz».
Erronka bat izan zen, sei urte kostatu zitzaidan betebehar bat, hainbeste behar izan bainuen lortzeko Nafarroan 1936ko kolpe militarraren ondoren bizitza indarkeriaz erauzi zieten haien oinazea, izugarrikeria, kontatzeko erregistro zehatz eta doia... Eraildako haien erru bakarra zera zen, UGT sindikatuko kide izatea edo Mola jeneralaren kolpisten gertukoak ez izatea.
Erronka zaila zen, baina hasieratik argi eta garbi izan nuen ez nuela gertaera ankerren erretratu lineala egin nahi, baizik eta inoren bihotza hunkituko zuen sorkuntza bat erdietsi nahi nuela; alegia, gertaerak kontatu bai, baina irakurleak hunkitzeko eta gertaerok inoiz ez ahazteko moduan narratu behar nituela. Eta irakurri dutenek esaten didatenari kasu egitera, lortu dut. Harro nago, uste baitut kitatu dudala eraildako aitonari eta gainerako biktimei nolabait zor niena. Hain zuzen, nire liburuetan ahotsa eman behar niela ahots hori bortizki kendu zietenei.
Gainera, liburua ozeanoaz bestaldera heldu da, eta Carleton Collegeko (Minesotta) ikasle estatubatuarrek ikasten duten espainierazko liburua da orain. Memoriak bizirik dirau.
Eta liburu honetako haur-oroitzapenetan gerra garaiko eta gerraosteko familia-denbora gogor baten aztarnak gurutzatzen badira ere, kontakizuna idaztean nahi izan nuen halako eran egin, non argi-itzalak, bizipoza eta egun krudeletako tragedia alegiarekin eta memoriarekin nahasiko baitziren, haurtzaroko espazio magiko horretatik abiatuta.
Berrogeita sei oroitzapen-segida dira, beren prekarioan fikzioa euskarri eta osagarri dutenak. Bizi izandako hori irudimenaren bitartez beratu eta onduta dago, denboraren sentimendua metafora eta ahanzturaren aurkako babeski gisa grabaturik.
Liburu horrekin batera poema-bilduma bat loratu zen, Resurrección, gai berean oinarritua: 1936ko kolpeak nire familiari erasandako basakeria frankista.
Zure lan-ildo guztietan bada funtsezko elementu bat, sekula bazter utzi ez duzuna: poesia. Zer ematen dizu poesiak? Zein dira zure poemagintzaren zeharkako kontzeptuak?
Poesia bizitza hautemateko molde bat da niretzat, bizitzarekiko jarrera bat. Adierazpide horretan, edertasunaren aterpe bat aurkitzen dut, bai neure burua gerizatzeko, bai beste batzuk gerizatu daitezen.
Nire olertian kontzeptu hauek azaleratzen dira behin eta berriz: ankerkeriaren eta bidegabekeriaren aurreko jarrera etikoa, naturarekiko filiazioa, espezie guztienganako maitasuna; eta hizkuntzarekiko etengabeko kezka ere bai, nire poesiako zein prosako betiereko adigaia. Hots, hizkuntzaren musikaltasun zehatza lortzea, partitura baten gisara; horrek zerikusi handia du hitz, adjektibo, aditz eta abarren konbinazioarekin: oreka hauskor bat, irakurleari berriro ere zirrara eragingo diona.
Zure azken olerki-liburuetako bat, El instante y su sombra, bizitzarako gonbidapen bat da, eta naturala denaren edertasunerako eta txundidurarako gonbita ere bai. Christian Bobin idazle frantsesak Le plâtrier siffleur (El yesero silbador, gaztelaniaz) izenburupeko liburu txiki batean idatzi zuenez, munduan poetikoki bizi izatea eta mundua gizalegez bizitzea, funtsean, gauza bera da. Mundu hau ikusteko eta berton bizi izateko modu bat al da poesia?
Bai, noski! Poesia mundu hau ikusteko eta berton bizi izateko era bat da. Christian Bobin —zoritxarrez, berriki zendu da— egundoko idazlea da, eta asko identifikatzen naiz harekin. Olerkari isila eta indartsua. Begi mistiko bat, hitzaren adierarik onenean: lilurabidearen lekuko da txikia den horretan, ohiko saltzaileek gutxiesten duten orotan.
Zure azken poema-liburuak, Bajo los astros de la repetición izenekoak, Gaztelaniazko Literaturaren Euskadi Saria irabazi du aurten. Epaimahaiak azpimarratu duenez, «poema horietan hizkuntza zalantzan jartzeak ez du isiltasunera bultzatzen, injustizia historikoa adierazi eta salatzeko beharraren aurrean hitz zehatza bilatzera baizik». Nola jaso duzu saria? Zer da zuretzat Bajo los astros de la repetición?
Pozarren jaso dut saria. Liburuak idazten ibilbide luzea egina dudalarik, sari hau gure Kultura Sailaren aintzatespena da, eta niretzat berezia da hain zuzen ere hemen izatea, jaio eta bizi naizen herrian, Euskal Herrian.
Halaber, onespena edo bultzada ematen dio Averso argitaletxeari, liburuan sinetsi zuen editorialari, sariak irakurleenganako proiekzio handiagoa dakar eta.
Iaz, Tos de perro Gaztelaniazko Literaturaren Euskadi Sarirako finalista izan zen. Eta aurten, berriz, zorte miragarria izan dut.
Bajo los astros de la repetición, nire poema-liburu saritua, mendeetan zehar giza aiurrian den indarkeriari buruzko hausnarketa bat da; era berean, irmoki aldarrikatzen du edertasuna egoera guztietan, egunerokotasunean eta naturan bilatzeko beharra, baina, oroz gain, aldarrikatzen du basakeriaren aurrean ezinbestekoa den edertasun hori bilatzea, hots, besteren minarekiko enpatia bilatzea. Finean, inguratzen gaituen guztiaren lekuko izatea, izan ginen eta oraindik garen haurraren begi harrituez begiratuta, geure buruari galdezka, tamal ororen aurrean itxaropenaren eta pozaren eguneroko jaiotze argitsu eta egunerokoan.
Erdian, aurtengo sarituetako hiru: Jon Urzelai, Aiora Jaka eta Julia Otxoa
Ba al dago oraindik ere gure mundu laster honetan lekurik irakurraldiak hain beharrekoa duen sakontasunerako eta baretasunerako? Eta nola eragiten dio presa horrek guztiak arte-sorkuntzari eta -ekoizpenari?
Beti egongo da abagunea sentiberatasunaren bitartez denbora humanizatzeko eta, horrekin batera, irakurketaren bidez sosegu hartzeko. Irakurtzea funtsezkoa da pentsamendua beste unibertso batzuetara zabaltzen laguntzeko, gure analisi-gaitasuna garatzen duelako. Manipulazioaren aurrean beregainago eta kritikoago egiten gaituelako.
Presa ez da ona ezertarako, ezta sorkuntzarako ere, ezer sortzekotan beharrezkoa baita egindakoaren kalitatea aztertzeko patxada. Sorkuntza-lana ez da ekoizpen laster bat, guztiz kontrakoa baizik: bizitza guztian zehar jalkitako jakitearen destilazioa.
Berdin-berdin, presa izatea ez da ona bizikidetzarako, ez eta inguruan dugun guztiari adi egon eta hautemateko ere. Duintasunez bizitzeko behar den gelditasuna miresten eta errespetatzen ez badugu, arimarik gabeko barbaro teknologiko bihurtzeko arriskuan jartzen gaitu ziztu oro-suntsitzaile horrek.
Julia Otxoa eta Angela Mallén (Vitoria-Gasteiz)
Elkarrizketaren hasieran esan diguzun moduan, arteen elkarrekiko harremana berezkoa edo naturala da zuretzat. Literaturaz gain, adibidez, beste alor batzuk ere jorratzen dituzu, hala nola ikus-poesia, argazkigintza eta haurrentzako ilustrazioa. Zer leku betetzen dute arte plastikoek zure sorkuntza-lanean? Zer ekartzen dizute sortzaile gisa?
Ezin dut esan egiten dudan sorkuntza mota bakoitzak zenbat ematen didan, baina esan dezaket egiten dudan guztia —dela argazkigintza, dela ikus-poesia, dela haurrentzako ilustrazioa edo obra grafikoa— estuki lotuta dagoela, nahitaez, adierazpeneko bizi-sentimenduko une jakin bati; aldiune horretan horixe da, ezta ez beste bat. Sasoi bat dago ikus-olerkirako, beste bat obra grafikorako, etab.; maiz elkarrekin erlazionatzen dira eta aste berean denak batera suertatzen dira. Naturaltasunez bizi izaten dut hori dena.
Orain ba al duzu guri iragartzeko moduko proiektu berririk?
Bai, umorezko eleberritxo labur bat: Las medias perdidas de Lorenza Mestretta. Leongo Eolas argitaletxean argitaratuko da, Tos de perro eta El hombre del espejo kaleratu ditudan argitaletxe berean. Bide batez, liburuko azala nire obra grafiko bat izango da, argitaletxe horretan publikatu ditudan aurreko bi liburuetan bezala.
(2024ko azaroaren 28an argitaratutako Berezia)