Jokai konpainia, Jon Artola Urrutiak eta Jabier Leoz Aristuk 2021ean Lekunberrin (Nafarroa) sortutakoa, tokiko eszena iraultzera datorkigu, arte eszenikoen zenbait diziplina elkartzen dituzten proiektu berritzaileen bidez. Mugarri izeneko ikuskizuna estreinatu berri dute, mugan gertatzen diren istorioak hari nagusitzat hartuta eta antzerkia eta erroko musika uztartuz. Jabierrekin egin dugu berba horretaz guztiaz.
Zer da Jokai? Zein helbururekin sortu zen?
Jokai arte eszenikoen konpainia bat da, bi lan-ildotan oinarritua; bietan, istorioak kontatzea da helburua.
Lan-ildoetako bat zurezko jokoen instalazio parte-hartzaileetan datza, eta bestea, musika- eta antzerki-ikuskizunak garatzean.
Esan bezala, arte eszenikoen zenbait diziplinatako istorioak kontatzea da konpainiaren helburu nagusietako bat, baita euskararen erabilera eta kultura euskaldunaren balioak eta ohiturak sustatzea ere.
"Mundu guztiak ikusitako gauza bera ikusita, inork pentsatu ez duena pentsatzea: hori da sormena". Albert Einsteinek esana da, eta zuen webgunean jasoa. Ideia hori al da Jokairen jardueraren zutabe nagusia?
Hala da, bai, sormena garatzea da, hain zuzen, Jokain lantzen dugun beste alderdi bat. Gure jolas-instalazioa, Larun, horren adibide argia da; gure lana jolaserako proposamen bat egitea da. Aukera ematen diegu haurrei zein helduei beren jolasa sor dezaten, hau da, irudimena aska dezaten.
Zer-nolakoa da, zehazki, instalazio hori? Zer bilatzen du?
Larun parte hartzeko instalazio bat da, eskuz egindako zurezko sorkuntza?jokoen bilduma batez osatua. Jokoak euskal mitologian oinarritzen dira, eta diseinu esklusiboa dute, bai alde teknikoari dagokionez, baita alde artistikokoari dagokionez ere. Publiko guztientzat dira, ez haurrentzat soilik, hau da, helduentzat ere bai.
Bildumak bi espazio ditu: lehenengoa, "Mari", zenbait jolasek osatua, zenbait trebetasun probatzera zuzendua: besteak beste, punteria, kontzentrazioa, estrategia eta lankidetza. Bigarrena, "Montessori Gunea", Montessori materialaz osatuta dago, txokoetan antolatuta, eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta.
Bildumaren helburuak dira kide osasuntsuak eta inklusiboak sortzea, belaunaldien arteko harremanak sustatzea, eta, lehen esan dugun bezala, irudimena eta sormena garatzea, eta, batez ere, jende guztia jolasean eta dibertitzen ibiltzea.
Bigarren lan-ildoa musika- eta antzerki-ikuskizunen garatzearekin lotuta dago, eta horren barruan Mugarri estreinatu berri duzue. Zer nolako proiektua da?
Mugarri izeneko ikuskizunean, musika eta antzerkia uztartzen ditugu. Hamar abestik osatzen dute, mugako leku batean gertatu diren benetako 10 istoriori dagozkienak. Kontatzen diren istorioek ordena kronologikoari jarraitzen diote, gerraostean hasi eta gaur egunera arte.
Ikuskizunean kontatzen diren istorioak iragan garaikoak badira ere, oso lotura estua dute gure gaurkotasunarekin. Zuen 'Bidasoa' abestiak dioen bezala, "pauso batekin hasitako bidaiak ilusioetan uzten ditu orbainak". Zeri buruzkoa da, zehazki, Mugarri?
Mugarri mugako toki jakin batetik begiratzean datza. Hemen gertatu diren istorioak dira, baina munduko edozein tokitan ere gertatzen ari dira horrelakoak. Mugarri zapalduez ari da, desberdinkeriez, genero?ikuspegitik, kultura arteko ikuspegitik betiere.
Ahozko tradizioan oinarritutako ondare immateriala lekua galtzen ari den jendarte honetan bizi garelarik, hari balioa emateko modu bat ere bada?
Bai horixe! Hori da, hain zuzen, proiektuaren zutabeetako bat. Gure ustez garrantzitsuak diren pertsonei edo istorioei ahotsa eta musika ematea: Kaxilda Hernáezen istorioak, Erronkariko enarenak edo bere garaian abortatu ahal izateko muga gurutzatu zuten Basauriko emakumeenak, besteak beste.
Zeintzuk dira Mugarri ikuskizunaren talde artistikoaren partaideak?
Maitane Urbizu (ahotsa), Jabier Leoz (ahotsa eta txalaparta), Sergio Lamuedra (txalaparta), Julen Lezaun (ahotsa eta biolina), Eñaut Zubizarreta (biolontxeloa), Cecilia Moreno (gitarra) eta Tere Sarriguren aktorea.
Nola doaz saioak? Zelan erantzuten ari da publikoa? Zer aurreikusten duzue datozen hilabetetarako?
Saioak primeran doaz. Taldea oso pozik dago jasotzen ari garen erantzunarekin, eta eszenatokian oso eroso gaude; asko gozatzen ari gara. Gainera, gure ideia jendearengana heltzen ari da; esaten digute ikuskizuna iristen ari zaiela, hunkituta daudela, eta hori oso berezia da guretzat, oso polita.
Oraingoz, zenbait saio ditugu hilabete honetarako eta hurrengorako, eta gogotsu gaude agenda betetzen jarraitzeko eta gure ikuskizuna zenbait herritan eta hiritan emateko.
Eta gerora begira, bide berriak aztertzen jarraituko duzue? Ideia berriak taxutzen ari al zarete? Norantz jo nahiko zenukete datozen urteetan?
Bai, bai, jo eta ke jarraitzen dugu ideien munduan murgilduta. Gure nortasunarekin batera doan zerbait da, hori bai, beti esan dudan bezala, artearen artisautzat jotzen dugu geure burua, su motelean prestatzen dugu janaria, eta proiektu bakoitza garatzeko hartzen dugu behar dugun denbora, proiektua egin eta desegin ahal izateko, azken emaitzarekin pozik geratu arte.
Beste ezeren gainetik, egiten dugunarekin hunkitzen jarraitu nahiko genuke, gogo eta ilusio berberekin. Lan eginez eta denboraren poderioz aurrera egingo dugu.
(2025eko maiatzaren 20an argitaratutako Berezia)