Silvia Ruiz abokatuari elkarrizketa, ikus-entzunezko lanen babes juridikoaren gainean

  • Silvia Ruiz abokatuari elkarrizketa, ikus-entzunezko lanen babes juridikoaren gainean

Silvia Ruiz abokatuak prestakuntza zabala dauka jabetza intelektualari, entretenimenduaren zuzenbideari, teknologia berriei eta pribatutasunari buruz. Ikus-entzunezko Produktoreen Elkarteak (Apika) antolatutako “Babestu zure ikus-entzunezko proiektua lehen unetik” ikastaroa eman du berriki Gasteizen. Ikus-entzunezko proiektu bat juridikoki babesteko eta balizko arazoak saihesteko tresna nagusiak birpasatu ditugu elkarrekin.


Zer da "ikus-entzunezko obra" bat egile-eskubideei buruzko legediaren arabera?

Jabetza Intelektualari buruzko Legean xedatutakoaren arabera, ikus-entzunezko obratzat joko dira irudi elkartu sail baten bidez adierazitako sortze-lanak, soinua erantsia dutenak edo soinu gabeak, proiekzio-tresnen bidez edo irudia eta soinua publikoari komunikatzeko beste zeinahi bitartekoren bidez erakusteko eginak. Definizio horrek barne hartzen ditu filmak, telesailak, dokumentalak, bideoklipak, film laburrak, etab.


Zer ikus-entzunezko obra-mota babestu daitezke?

Jatorrizkotasunaren betekizuna betetzen duten eta euskarri ukigarri batean finkatuta dauden ikus-entzunezko sorkuntza guztiak daude babestuta. Horien artean nabarmentzen dira film luzeak, film laburrak, dokumentalak, telesailak, entretenimendu-programak, animazioak, musika-bideoklipak, narrazioa duten bideojokoak eta pieza publizitarioak edo instituzionalak. Beste herrialde batzuetan, AEBetan kasu, programa-formatuak ere babesten dituzte kontratu-erregistroen edo marka-eskubideen bitartez.


Nor jotzen da ikus-entzunezko obra baten egiletzat? Zer eskubide dituzte eta zer iraupen dute?

Ikus-entzunezko obra baten zuzendaria edo errealizadorea, gidoilariak eta obrarako bereziki sortutako musikaren konposatzaileak jotzen ditu egiletzat aipatutako Jabetza Intelektualari buruzko Legeak. Egileek askotariko eskubideak dituzte: batetik, eskubide moralak (egiletzat aitortzea, adibidez) eta, bestetik, garrantzi berekoak diren beste batzuk, ondarezkoak edo ekonomikoak (erreprodukzioa, banaketa edo komunikazio publikoa baimentzekoak, esaterako). Horiekin lotuta, Legeak eskubideei ezartzen dien iraupena aipatu behar da: bizirik geratzen den azken egilea hiltzen denetik 70 urte.


Zer urrats eman behar dira ikus-entzunezko obra bat legalki erregistratzeko? Ezinbestekoa da hori egiteko legearen babespean egoteko?

Jabetza intelektualari dagokionez, obraren edo sorkariaren izaera gorabehera, ez da nahitaez erregistratu behar aipatutako eskubideen babesa aktibatzeko, alegia, babes juridikoa eta egiletza obrarekin batera sortzen dira.

Hala ere, edozer motatako obren egileei ematen zaien lehen gomendioa lana erregistra dezatela da, adibidez, Jabetza intelektualaren erregistroan edo beste formula batzuen bidez, horrek egiletzaren legezko presuntzioa ematen baitu eta epaiketetan frogatzat erabili daitekeelako. Lana erregistratzeko formulario bat eta obraren kopia bat aurkeztu eta dagokion tasa ordaindu behar da.


Zein dira ikus-entzunezko lanak babesteko oinarrizko tresnak?

Pauso hauek ezinbestekoak dira: lehenik eta behin, kontratuak behar bezala idaztea (ekoizpenari, lagapenari, banaketari eta abarri buruzkoak) edo, beste era batera esanda, eskubide-katea bermatzea; hau da, ikus-entzunezko lana era baketsuan ustiatzeko eskubide guztiak izatea.

Bigarrenik, lana erregistratu behar da, nola Jabetza intelektualaren erregistroan, hala notario-gordailuetan edo gordailu digitaletan (Safe Creative, blockchain).

Ondoren, kudeaketa kolektiboko erakundeetan erregistratu behar da, DAMA edo SGAE kasu, eta, azkenik, marka erregistratu, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoan (OEPM, gaztelaniazko sigletan) zein Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO, ingelesezko sigletan), hala badagokio.

Horietarako guztietarako, ekoizpena edonolakoa dela, funtsezkoa eta oinarrizkoa da abokatu aditu baten laguntza izatea.


Zer da ikus-entzunezkoen eskubideak lagatzea eta noiz egiten da?

Labur esanda, hitzarmen bat da, zeinaren bidez egileak edo eskubideen titularrak baimena ematen baitio hirugarren bati obra ustiatzeko, osorik edo zati batean, baldintza jakin batzuetan. Ekoizpen-fasean formalizatu ohi da (ekoizleari obra komertzialki ustiatzeko baimena emateko) edo ondoren, banaketa- edo egokitze-prozesuetan (adibidez, streaming-plataformetarako).

Mota horretako hitzarmenen kasuan, oso garrantzitsua da behar bezala negoziatzea eta ekoizleak ikus-entzunezko lana ustiatzeko behar dituen eskubide guztiak izatea.


Zer oinarrizko elementu izan behar ditu ikus-entzunezko ekoizpen-kontratu batek alderdi guztien segurtasun juridikoa bermatzeko?

Ekoizpen-kontratu baten funtsezko elementuetako lehena alderdiak identifikatzea da. Halaber, kontratuaren xedea ere zehaztu behar da, hau da, ekoitzi beharreko obra. Egile-eskubideen lagapena ere garrantzitsua da. Kasu horietan, eskualdeak zenbateraino, zer lurraldetan eta zenbat denboraz lagatzen diren adierazi behar da. Era berean, finantza-ekarpenak eta baliabide teknikoak zehaztu behar dira. Beste elementu bat diru-sarreren edo etekinen banaketari buruzkoa da. Kredituak eta eskubideen titulartasuna ere aipatu behar dira eta, azkenik, konfidentzialtasunari, erantzukizunari eta gatazken konponketari buruzkoak.


Zer kontratu sinatzen du ikus-entzunezko lan baten sortzaileak telebista-kate edo streaming-plataforma batekin?

Oro har, eskubideak lagatzeko kontratu bat sinatzen dute. Denbora jakin batez emititzeko lizentzia izan daiteke (aldi baterako lizentzia), edo lagapen osokoa (ekoizpen propioen kasuan). Plataformek lagapen zabalak exijitzen dituzte lurralde guztietarako eta balizko baliabideetarako (all rights, worldwide, in perpetuity); horregatik, lagatako eskubideen irismena ondo negoziatu behar da.


Badago estatuan ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko pizgarri fiskalik?

Espainian Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen 36. artikuluak zerga-kenkariak ezartzen ditu. Espainiako eta nazioarteko produkzioetan Espainiako lurraldean egindako gastuen % 30-40ko kenkariak eskaintzen dira. Zenbait lekutan, Kanarietan edo Euskadin kasu, portzentajeak % 50-60koak izan daitezke baldintza batzuk betez gero.

Gurera etorrita, azpimarratu behar da lehiakortasun-egoera zoragarria dela, hiru foru-lurraldetako pizgarriei esker. Horien ondorioz, EAEko ikus-entzunezkoen industria formalki hazi da eta sortzaileen eta egileen talentu handia agerian gelditu da. Gainera, erakunde publikoek pizgarriari emandako babesari esker, kulturan inbertitzeko segurtasun juridikoa bikaina da.


Zer beste alderdi izan behar dira kontuan ikus-entzunezko lanak behar bezala babesteko juridikoki?

Lana erregistratzeaz eta kontratuak sinatzeaz gain, funtsezkoa da clearance legala egitea (tartean sartuta dauden hirugarrenen eskubideak egiaztatzea); musika eta soinu-artxiboa babestea, pantailan agertzen diren pertsonen irudiari eta ahotsari lotutako eskubideak bermatzea eta sorkuntza-prozesuak dokumentatzea (gidoiak, storyboardak, kredituak).


(2025eko ekainaren 17an argitaratutako Berezia)