EHUko Argitalpen Zerbitzuak Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburua kaleratu du berriki, zazpi sortzaileren obra aztertzen duen lan kolektiboa. Paloma Rodriguez-Miñambres eta Jon Kortazar EHUko irakasleak arduratu dira edizio-lanaz. Liburuaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko, Palomarekin hitz egin dugu.
Nola sortu zen liburu hau egiteko ideia? Zer helbururekin jaio zen?
Euskal emakumezko idazleei aintzatespena emateko jaio zen liburu hau; izan ere, Euskadi Literatura Saria, euskarazko literatura modalitatean, emakumeek irabazi zuten 2018. eta 2020. urteen artean.
Zer jasotzen du, zehazki, liburuak? Nork hartu du parte?
Laida ikerketa-taldeko kideek eta liburuan aztertutako zenbait lanen egile diren bi idazlek hartu dute parte, Eider Rodriguezek eta Karmele Jaiok, hain zuzen ere. Bi idazle horien kasuan, elkarrizketen bidez eman dute beren ibilbidearen eta ahotsaren lekukotasuna.
Zein dira liburuko protagonistak eta hautaketa egiteko baliatutako irizpideak? Ba al dago zazpi egileak lotzen dituen haririk?
Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao dira liburuko protagonistak.
Hiru hautaketa-irizpide baliatu dira: aukeratutako idazleak 1970 eta 1985 artean jaiotakoak dira; kasu askotan, euren lanek beste hizkuntzetara itzulpenak izan dituzte; eta 2018. eta 2022. urteen artean Euskadi Literatura Saria eskuratu dute.
Euskal literaturan emakume-ahotsak eta izaera garaikidea islatzea da zazpi egileak lotzen dituen haria. Liburuan Miren Gabantxok dioen bezala, emakume idazle horiek oso kontziente dira gure kulturan gizarte feminista bateranzko gizarte-aldaketarako duten bitartekari-rolaz.
Liburuaren aurkezpenean Jon Kortazarrek eta biok diozue "gure testuinguru sozialean, sorkuntzaren paisaian emakumezko sortzaileek gero eta presentzia handiagoa dutela berretsi duten bi kultura-prozesu gertatu dira". Zein dira bi prozesu horiek?
Alde batetik, Euskadi Literatura Saria lortu dute; beste aldetik, erreseina eta kritika onak eskuratu dituzte Espainiako literatur esparruan zein hedabide kulturaletan.
Baina bi fenomeno horiek (sariak eta beste literatura-sistema batzuetan lortutako oihartzun kritikoa) ez datoz beti bat, ezta?
Kontu honetaz Jon Kortazarrek erabiltzen duen metaforari erreferentzia eginez, isobarak balira bezala hartu behar dugu bi fenomeno horien uztardura. Hau da, balio diezagukete komuneko puntu batzuk identifikatzeko euskal literaturaren alorrean.
Argi dago itzulpenak egundoko garrantzia duela euskal literatura-sisteman. Urtez luzez, noranzko batean egin izan da lan batez ere (kanpoko lanak euskarara ekartzeko), baina, azken urteetan, zorionez, kontrako noranzkoan ere lan handia egin da (euskarazko lanak beste hizkuntza batzuetan emateko). Zein da egungo egoera? Bide onean al goaz?
Bide onetik goaz, bai, baina ahalegin handia egin beharra dago erakundeen zein gizartearen aldetik irakurleak erakartzeko eta euskaraz egiten den literatura zabaltzeko; izan ere, kontziente izan behar dugu euskara hizkuntza minorizatua dela eta inguruko bi hizkuntzek, frantsesak eta gaztelaniak, presentzia handia dutela.
Egungo egoerari dagokionez, Karmele Jaiok liburuan dioena ekarri nahi dut gogora, hau da, munduaren ikuspegi androzentriko bat nagusi izan dela gaur egungo kontaketa literarioan orain gutxi arte. Desira, amatasuna, zaintzak, jasandako indarkeriak etengabe kanporatuak izan dira zentroetatik periferietara.
Lehen zertxobait aurreratu diguzunez, bi elkarrizketa ere jaso dituzue liburuan, Miren Gabantxo ikertzaile eta komunikazio adituak Eider Rodriguez eta Karmele Jaio idazleei egindakoak. Zein da elkarrizketa horiek liburuari egindako ekarpena?
Ekarpena da bi idazle horiek adierazi eta sakondu ahal izan dutela istorioak idazteko beraiek dituzten motibazioetan, arrazoietan. Horrela, beraien kosmobisioa eta feminismoari buruzko aldarrikapena islatu dute.
Emakumezko idazleen ahotsek ikusgarritasun handia lortu dute azkenaldian, baina periferiatik erdigunera igaro al dira? Zein dira erronka nagusiak benetako panorama-aldaketa gerta dadin?
Periferiatik erdigunera igaro baino, hurbiltzeko ahalegina egin da. Hori izan da, bereziki, batetik, beste hizkuntzetara itzulpenak egin direlako, eta, bestetik, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia istorioan eta Katixa Agirreren Amek ez dute obran oinarritutako pelikulak atera direlako. Obra literarioen zabalkundeari dagokionez, zinemak bestelako errekonozimendua ekar dezake.
Erronka nagusiei begira, honako hauek aipatuko nituzke: irakurle-masa zabaltzea itzulpenen bidez; euskaraz ez diren komunikabideetan emakumezko idazle horien lanak zabaltzea; eta irakurleak lortzea.
Orain arte gehiegi argiztatu gabeko eremuetan jarri du fokua zuen Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuak. Bertan jasotako lanek ikerketa-bide berriak irekitzea espero duzue?
Bai. Lehendabizi, argia haiengan, haien obretan, jarri behar da etorkizunean ikerketarako bidezidorrak sortu ahal izateko; beraz, itxaropena dugu lehen pauso hori lortua dela.
(2025eko abuztuaren 13an argitaratutako Berezia)