Nekane Aramburu: «90eko hamarkadako arte-espazio alternatiboek, gizartearekin bat eginez, arteak gizartearekin zuen harremana aldatzen lagundu zuten»

  • Nekane Aramburu: «90eko hamarkadako arte-espazio alternatiboek, gizartearekin bat eginez, arteak gizartearekin zuen harremana aldatzen lagundu zuten»

Analisi soziokulturala, artxiboko dokumentazioa eta eskarmentu pertsonala batzen dituen ikuspegi batetik, Nekane Aramburu kultura-kudeatzaile, museologo eta kuradoreak, Nodos germinales. Espacios de arte alternativos en los 90 (Bizkaia/Gipuzkoa/Araba) liburuan, nodo horiek berrikuntza, erresistentzia eta eraldaketa kulturalerako agente gisa izan zuten eginkizuna aztertu du sakonki. Hona hemen eman dizkigun azalpenak.


Zein da XX. mendearen azken hamarkadan Euskadin sortu ziren arte-espazio alternatiboei buruzko ikerlan sakon honen jatorria? Artearen Historian gutxi aztertu izan da espazio horien bilakaera. Zer dela eta?

Lehenik eta behin, ikerketaren jatorria 90eko hamarkadaren hasierako nire eskarmentu profesionala da; izan ere, nik neuk espazio alternatibo bat abiarazi nuen. Eta, aldi berean, une horretan sendo sortu ziren espazioen sare nazionala. Zenbait liburu ere idatzi nituen. Nabarmentzekoak dira Historia y situación actual de los colectivos de artistas y espacios independientes en el Estado Español (1980-2010), 2010ekoa (Kultura Ministerioak finantzatu zuen "Archivos colectivos" web-proiektuarekin), eta berriago bat, Alternativas. Políticas de lo independiente en las artes visuales, 2020koa, Cendeacek argitaratua. Kontua da ezaguna egin den "alternatiboa" instituzioen galbahetik igaro dela, eta horiek interesatzen zaiena baino ez dutela hedatu. Halaber, prestakuntza-zentroek edo unibertsitateek ez dute izan iragazkirik gabeko informazioa jakinarazten duten programarik, dela ezjakintasunagatik dela ez zituztelako interesgarritzat jotzen.

(Arteleku. Donostia. Argazkia: Ricardo Iriarte)


Zer gertatu zen Euskadin urte gatazkatsu horietan autogestionatutako espazioen sare bat agertu eta gizartean oihartzuna izaten hasteko?

Euskadi muturreko krisialdi bat pairatzen ari zen maila guztietan. Horregatik, gizarte zibilak, artistaz eta arloko profesionalez osatuta, garaiko sormen-praktikak kudeatzeko eta zabaltzeko baliabideak sortu zituen.

(Beato Pako txosta. San Frantziskoko auzokideen elkartea. Bilboko festak. 1989. Artxiboa: Arturo Izarzelaia)


Dena den, aurretik, 1920ko eta 1930eko eta 1960ko eta 1970eko hamarkaden artean, izan ziren zenbait "proto-espazio" esanguratsu, Ars Bilduma aldizkarian argitaratu zenuen "Los primeros espacios alternativos en el País Vasco: los proto-espacios" artikuluaren arabera. Nolakoak ziren?

Proiektu horietan artea eta bizitza uztartzen zituzten aurrera egiteko; adiskidetasunean oinarrituta sendotu zituzten harremanak, baita kultura-aliantzen eta elkarlanaren aldeko konpromiso desinteresatuan oinarrituta ere. Stvdio Aretoaren kudeaketan (1948-1952) parte hartzeko Willi Wakoniggek José Ramón de la Ricari bota zion esaldi batean ere sumatu daiteke konfiantza hori: «Emazkidazu 7 000 pezeta, baina galdutzat jo itzazu».

(X-Planet taldeak bere egoitzan egindako bilera. Bilbo, 1991. Artxiboa: Beatriz Silva)


Zergatik izan ziren hain garrantzitsuak 90eko hamarkadako nodo germinal horiek, berrikuntza-, erresistentzia- eta eraldaketa-eragile gisa?

Lehenik, arteak gizartearekin izan zuen harremana aldatu zutelako harekin bat eginez. Bestalde, degradatutako gune edo inguru batzuetan jardun zutelako. Hirugarrenik, jarrera horrek instituzioen eta museoen jardunbide batzuk aldatzen lagundu zuelako. Jardunbide egokien kodeen, kudeaketa gardenaren eta lehiaketa bidezko kudeaketaren alde borrokatu ziren.

("Contagiar-Contaminar 3. Llovía el día que murió" performancea, Beatriz Silva Las Chamas-en. Bilbo, 1993. Argazkia: Alejandro de la Rica)


Urte horietako zer proiektu nagusik egin zieten aurka artearen ohiko egiturei? Zein ziren bitartekaritzaren, parte-hartzeko prozesuen edota berrikuntza sozioartistikoaren erroak?

Bi adibide argi azalduko dizkizuet: Kultur Barrek Bilboko San Frantziskoko auzokideekin zuen harremana, batetik, eta Trasformak Gasteizen sustatutako programak, bestetik, teknologia berrien eta performancearen proiektu artistikoak eginez kolektiboekin, Amba kasu, inguruko tabernekin eta Erdi Aroko Hirigunearekin lankidetzan.


Hasieran aipatu diguzun bezala, 2010ean Historia y situación actual de los colectivos de artistas y espacios independientes en el Estado Español (1980-2010) argitaratu zenuen. Euskadiko errealitatea eta estatuko beste lurralde batzuetakoa oso ezberdinak izan dira?

Bai, noski, sozialki eta politikoki. Hala ere, bazeuden konplizitate- eta komunikazio-bideak, batez ere, Kataluniarekin, Valentziarekin, Madrilekin eta Kantauri itsasoko ertzarekin. Horien bidez, koprodukzio asko eta kultura-kudeaketan aldaketak eragiteko moduak aktibatu ziren.


Ez zen erraza izango 500 orrialdetik gorako liburu honi forma ematea. Zer sentitzen duzu argitaratuta ikustean? Baduzu hurrengo argitalpen-proiekturik edo denbora batez kudeatzaile kultural arituko zara buru-belarri?

LIBURUAKen lana zoragarria eta oso profesionala izan da, eta merezi duen zabalkundea izatea espero dut.

Agerikoa denez, tesi bat argiki hedatzeko ezinbestekoak dira zehaztasuna eta profesionaltasuna.

Ari naiz beste liburu batzuk prestatzen epe ertainera; horietako bat oso ezaguna ez den idazle europar baten itzulpen bat izango da. Bestela, egun Fenosa fundazioa eta museoa zuzentzen jarrita daukat arreta, Kataluniaren eta Parisen artean, baina ez ditut kuradoretza-proiektuak baztertu. Horiek ere artista garaikideetatik oso gertu daude, eta testuinguru historikoa sortzeko asmoa dute.


(2025eko urriaren 2an argitaratutako Berezia)


OHARRA: Nekane Aramburuk abenduaren 5ean Donostiako San Telmo Museoan aurkeztuko du Nodos germinales. Espacios de arte alternativos en los 90 (Bizkaia/Gipuzkoa/Araba) liburua. Fernando Golvano izango du ondoan.