Irati Crespo: «Urteetan gordeta egon den Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa zaintzea, aztertzea eta, bereziki, eskuragarri egitea izan da Artxiboaren helburu nagusia»

  • Irati Crespo: «Urteetan gordeta egon den Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa zaintzea, aztertzea eta, bereziki, eskuragarri egitea izan da Artxiboaren helburu nagusia»

Estatu mailako zinemaldirik zaharrena da Donostiakoa. Haren 70. urteurrenarekin bat eginez, ikerketarako baliabide ugari argitaratu ziren webgune propio batean, eta artxiboak aurrez aurreko kontsultarako ateak zabaldu zituen aurrenekoz. 2022. urtea zen. Lan handia egin behar izan zen aurrez horretarako, eta ez du etenik izan harrezkero. Azken urteetan Donostiako Zinemaldiko artxiboak izandako bilakaera eta etorkizunera begira dituen erronkak hobeto ezagutzeko, Irati Crespo Artxiboaren arduradunarekin hitz egin dugu.


Zer da Artxiboa. Noiz eta zer helbururekin sortu zen?

Artxiboa Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak 2018an abian jarritako kontserbazio- eta ikerketa-proiektua da, eta bere helburu nagusia urteetan gordeta egon den Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa zaintzea, aztertzea eta, bereziki, eskuragarri egitea izan da.

Estatu mailako zinemaldirik zaharrenaren artxiboaz ari gara, 73 urtez gordetako materialekin osatu dena, eta, beraz, artxibo honek, Zinemaldiaren istorio anitzak ez ezik, XX. mendearen bigarren erdialdeko oihartzun sozial eta politikoak ere erregistratzen ditu.

Esan beharra dago zinemaldi baten artxibo hain osatua aurkitzea ez dela batere ohikoa. Kasu batzuetan, zinemaldietako artxiboak sakabanatuta daude, bilduma pribatu edo instituzionaletan eta gehienetan ez dute inolako kontserbazio-, antolaketa- eta irisgarritasun-estandarrik jarraitzen. Beste batzuetan, artxiboak galduta daude, praktika txarren edo gertaera tragikoen ondorioz: horren adibide da Berlingo Zinemaldiaren barruan dagoen Forum sail historikoaren artxiboa, sute baten ondorioz ia osorik galdu zena.

Baina gure kasuan, harritu egin gintuen Zinemaldiak Martutene auzoan duen biltegi batean bere historia-material guztia gorde izanaren keinuak. Eta, hemen, Zinemaldiko langile askoren lan ikusezina aitortu behar dut, 70 urtean material kopuru handi bat babesteko sentsibilitatea izan dutelako.

Azken urteotan proiektu honen emaitza batzuk hainbat formatutan partekatu eta gizarteratu ditugu (erakusketak, ikerketa artikuluak, seminarioak...), baina 2022. urteak Zinemaldiaren 70. urteurrenarekin bat eginez mugarri garrantzitsu bat ezarri zuen proiektuan; izan ere, ikerketarako baliabide ugari argitaratu genituen webgune propio baten bidez (https://artxiboa.sansebastianfestival.com/eu/), eta artxiboak aurrez aurreko kontsultarako ireki zituen bere ateak historian lehen aldiz.

[Yoshiko Yamaguchi aktorea jarraitzaileei autografoak sinatzen Donostiako Tenis Elkarte Errealean, Jerez-upeltegi batek antolaturiko festa batean zehar (Pascual Marín, 1953)]


Zer-nolako materiala dago Artxiboan?

Donostia Zinemaldiko artxiboaren bildumak Zinemaldiak zazpi hamarkadatan zehar ekoiztutako edo bildutako funtsak biltzen ditu. Funts horiek, 8 guztira, jatorri eta ezaugarri desberdinak dituzte eta hainbat material-mota biltzen dituzte (paperezko dokumentazioa, argazki-objektuak, kartelak, filmak, egunkariak eta argitalpenak), eta tratamendu- eta eskuragarritasun-fase desberdinetan daude.

2018. urteaz geroztik, gure lantaldeak funts horiek kontserbatzeko, katalogatzeko eta digitalizatzeko lanei ekin zien, 2023ko urtarriletik aurrera beren kontsulta bermatzeko.

Funts horietan lehena, Artxibo Orokorra litzateke: funts horrek paperezko dokumentazioa biltzen du. Sortu zenetik, Donostia Zinemaldiak artistekin, erakundeekin, enpresekin eta partikularrekin izandako korrespondentzia biltzen du, bai eta erakundeak berak sortutako txostenak, aktak eta bestelako dokumentazio administratiboa edo munduko beste zinema-jaialdi eta -erakunde batzuekin lotutako materialak ere. Bildumaren edukiera 900 kutxakoa da, eta dagoeneko 17.000 espediente eta dokumentu katalogatu ditugu.

Paperezko dokumentazioarekin jarraituz, beste bi funts berezi babesten ditugu: Jose María Aycart Funtsa eta Bideo Jaialdiaren Funtsa. Lehenak, bere familiak dohaintzan emana, José María Aycart Orbegozoren bilduma pertsonaleko materialak biltzen ditu. Cine Club San Sebastián elkarteko sortzaileetako bat izan zen Aycart, 1958. eta 1964. urteen artean Donostia Zinemaldiko Batzorde Betearazlearen kidea izan zen eta Zinemaldiko zuzendarikide izatera heldu zen 1963ko edizioan. Beraz, funts horrek Zinemaldiko lehen urteetako dokumentazioa biltzen du bereziki. Bigarrenak Guadalupe Echevarríak 1982. eta 1984. urteen artean zuzendu zuen bideoarekin lotutako esperientzia abangoardistak pilatutako materialak gordetzen ditu. Hiru ediziotan zehar nazioarteko artistekin, enpresekin eta erakundeekin izandako korrespondentzia biltzen du, bai eta Bideo Jaialdiaren barne-antolaketari dagokion dokumentazioa ere.

Prentsa Funtsak Donostia Zinemaldiko lantaldeak (1961-1990) eta Hitz (1987-1989) eta Info (1987) agentzia espezializatuek bildutako prentsa-dosierrak barne hartzen ditu. Dosier horiek Donostia Zinemaldiaren nazioarteko estaldura mediatikoarekin zerikusia duten prentsa-ebakinak eta bestelako materialak biltzen dituzte.

Argazki Funtsak 55.000 objektu fotografiko inguru hartzen ditu bere barne eta hainbat prozesu eta formatu biltzen ditu, honako hauek besteak beste: kopia fotografiko kromogenoak eta zuri-beltzekoak; negatibo kromogenoak; eta diapositiba kromogenoak. Bilduma horrek 1953-2008 urteetan zehar egindako argazki analogikoak biltzen ditu, eta egun horietako 21.000 katalogatu eta 600 bat digitalizatu ditugu.

Kartelen Funtsak 317 diseinu orijinal, sorkuntza-prozesuak eta fotolitoak (hau da, film gardenean inprimatutakoak) gordetzen ditu, Zinemaldiko kartel ofizialak eta sail paraleloetakoak jasotzen dituena. Kartel guztiak digitalizatu ditugu, eta dagoeneko ikusgai daude gure artxiboaren webgunean. Hala ere, funts hori ez dago osatuta: 50eko hamarkadako kartel ugari ditugu faltan, eta gure webgunean deialdi bat dugu, edonork, informaziorik balu, gurekin harremanetan jartzeko modua izan dezan.

Donostia Zinemaldiak lehiaketan saritu edo programatu dituen 35mm-ko filmen kopiak gordetzen ditu baita ere bere Filmoteka Funtsean. Funts hori 1995ean gordailutu zen Euskadiko Filmategian, eta 120 film luzek, 36 film laburrek eta 8 albistegik osatzen dute bilduma.

Eta, azkenik, Egunkariak eta Liburutegia: Donostia Zinemaldiaren egunkari ofiziala, gaur egun ere Zinemaldiko egunetan editatu eta banatzen dena, hainbat goibururekin argitaratu da historian zehar, eta 700 zenbaki inguru gordetzen ditugu, Zinemaldia hasi zenetik, 1953an. Horiek denak ere dagoeneko digitalizatuak izan dira, eta gure webgunean eskuragarri daude. Ikerketarako errekurtso oso garrantzitsuak dira material horiek.

[Kartel batzuk]


Nolakoa da material horren guztiaren bilketa-, kontserbazio- eta antolaketa-lana?

Bilduma honen osotasuna eta aniztasuna benetan harrigarria bazen ere, materialek narriadura-arazo larria erakusten zuten. Donostiako klima dela eta, imajina dezakezue zer gertatzen zaien paperezko milaka dokumentuei eta kopia fotografikoei hamarkadetan zehar hezetasun handiko eta tenperatura aldakorreko giro batean uzten badira.

Behin funts guztiak identifikatuta genituela, 2019an artxiboaren parte handi bat Martuteneko biltegitik Tabakalerara ekarri genuen, gaur egun Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak, beste hainbat instituzioren artean, beren xedea duten eraikinera. Beste instituzio horietako bat Euskadiko Filmategia da, proiektu honetan ezinbesteko izan dugun bidelaguna; izan ere, haien kontserbazio-nabeetan instalatu dugu gure artxiboa osotasunean hura baldintza egokienetan babestu ahal izateko.

Ezkerreko argazkietan materialen parte bat zein egoeratan zegoen ikus daiteke, eta, eskuinean, gaur egun kontserbazio-karpetetan eta pH neutroko kaxetan duen instalazio berria. Irudi horien artean gure zaharberritzaile-kontserbatzaile taldearen lan izugarria dago. Azken sei urteetan, milaka dokumentu garbitu, egonkortu eta konpondu ditugu hainbat euskarritan (papera, argazkiak eta posterrak), eta, taldearen esku-hartzeari esker, Zinemaldiko artxiboak metamorfosi bat jasan du: material-masa eskuraezin eta erabilezin batetik, katalogatzeko, aztertzeko eta digitalizatzeko prest dagoen material bilduma iraunkor batera.

Funts horien guztien katalogazioari ekiteko, ez dugu kanpoko tresnarik erabili eta gure propioa sortu dugu Zinemaldiak duen barne datu-basean, Zinemaldiko web eta online departamentuko koordinatzaileen eskutik. Erraminta horren atzean, ISAD(G) plantilla erabili dugu, Nazioarteko Artxiboen Kontseiluak 1994an materialak katalogatzeko publikatu zuen araudi estandarizatua.


Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoan digitalizatu gabe gordetako materialak Euskadiko Filmategiaren liburutegian kontsulta daitezke, baina, orain, artxibo digitalak aukera berriak zabaltzen ditu. Nori dago bideratuta, bereziki? Zer eskaintzen du?

Edozein artxibo bezala funtzionatzen dugu, eta, gure artxiboaren instalazioak lehen aldiz kontsultarako ireki aurretik, protokolo bat prestatu genuen. Aurrez aurreko kontsulta irakaskuntza- edo ikerketa-jarduerarekin lotura dutela egiaztatzen duten erabiltzaile espezializatuei mugatuta dago, bai eta ikasleei ere.

Erabiltzaileek aldez aurretik kontsultatu behar dute online katalogoa, beren intereseko materialak aurkitzeko (beti ere digitalizatu gabekoak), eta, horrekin, aurretiko hitzordua erreserbatu beharko dute gurekin. Azkenik, behin hitzordua hartuta, materialak Euskadiko Filmategiaren liburutegian zerbitzatzen ditugu, asteazkenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara.

Bestalde, 2022ko abenduan Artxiboaren webgune propioa publikatu genuenean, artxibo digitalak beste erabiltzaile batzuengana iristea baimendu zigun. Orain arte, hainbat ekimen egiten ditugu webgunean hilabetero edukia eguneratzeko eta elikatzeko: hilabeteko dokumentua, bilduma digitalak, ikerketak... Webgunean, digitalizatutako 5.000 dokumentu (eskutitzak, argazkiak, kartelak, egunkariak…) kontsultatu eta 40.000 deskribapen-fitxa inguruko katalogora sar daiteke, espezialistek eta ikertzaileek azter ditzaten.

Zinemaldiko artxiboa publiko guztiari hurbiltzeko, programa publikoak, bisita gidatuak eta erakusketak ere bultzatzen ditugu.

[Maritxu Mayor Lizarbe kazetaria, Charles Fernley Fawcett aktorea elkarrizketatzen María Cristina Hotel barnean (Fotos Destello, 1957)]


Udan, Artxiboak berreskuratutako hainbat elementu garrantzitsuren berri izan dugu: besteak beste, Luis Buñuelek 1960an Donostia Zinemaldira bidalitako gutun bat eta 1953ko jaialdiaren inaugurazioen entzun ahal izan zen lehen sintoniaren partitura. Altxor handiak dira, inolaz ere. Baina izango dira azkenaldian egindako aurkikuntzen artean nabarmentzea merezi duten beste batzuk ere...

Zinemaldiaren historia eta letra larriko Historia nola uztartzen diren erakusteko, eta artxiboko materialak gure orainarekin errima egiten duela adierazteko, gure materialen artean aurkitu ditugun telegrama batzuetan oinarrituko naiz: 1975eko abuztua eta iraila bitartean, Zinemaldia hasita zegoela jada, Francoren gobernuak heriotza-zigorra ezarri zien ETA eta FRAPeko 11 kideri, guda-kontseilu batean epaitu ostean. Horrela gauzak, nazioarteko oihartzunaren ondorioz, kulturarekin zerikusia zuten mundu mailako pertsonaiek -zinema-zuzendari, kritika-idazle eta zinema- erakundeek- hainbat telegrama bidali zituzten Zinemaldira, haien filmak erretiratu eta bisitak bertan behera uzteko abisuarekin, boikot politiko moduan; izan ere, garaiko Zinemaldiak aurrera egin zuen bere ekimenarekin gizartean jazotzen ari zenari jaramonik egin gabe. Gure artxiboak hainbat herrialdetatik, bai eta Espainiatik ere, bidalitako telegrama oso esplizitu horien arrastoa gordetzen du.

Horren harira, hilabeteko dokumentu hau ere kaleratu genuen, Gena Rowlands-en ausentziari buruz.


Argazkiek eta kartelek ere historien -eta Historiaren- berri ematen dute. Adibidez, orain badakigu nor izan zen Sail Ofizialean lehiatu zen lehen emakumea. Beraz, Zinemaldiaren artxiboaren garrantzia zinematik harago doa, ezta?

Bai, zeharo. Argazki-materialak Zinemaldia alfonbra gorritik kanpo kontatzea eta "fokuz kanpoko" horiek berreskuratzea ere ahalbidetzen digu. Adibidez, 1968an, beste mugarri garrantzitsu bat topatuko dugu: Zinemaldiko historian lehen aldiz, euskal film luze bat Sail Ofizialean hautatua izan zen: Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert-en "Ama Lur" filma. Zentsura-prozesu latza igaro ondoren, filma lehiaz kanpo aurkeztu bazen ere, gure artxiboan argazki oso sinboliko bat gordetzen dugu: Basterretxea eta Larruquert, Ateneo Guipuzcoano Zineklubaren film onenaren saria jasotzen.

[Fernando Larruquert eta Néstor Basterretxea zuzendariak, "Ama Lur" filmarengatik Ateneo Guipuzcoano Saria jasotzen itxiera-afarian María Cristina Hotelean (1968)] 


Artxiboa elikatzeko bide horretan zer-nolako garrantzia dute Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera, bultzatzen dituen José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-bekek? Zer dira, zehazki? Asier Aranzubiak, Zigor Etxebestek eta Paula Arantzazu Ruizek jaso dituzte aurten. Beren proiektuetan lanean ari al dira jada?

José Ángel Herrero-Velarderen memoria omenduz (Zinemaldiaren historia garaikidea ulertzeko funtsezko figura), 2023an Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak ikerketa beka-programa abian jarri genuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Programa honen helburu nagusienak bi lirateke: alde batetik, gure artxiboaren inguruko eta Zinemaldiaren historiaren inguruko ikerketak sustatzea eta dibertsifikatzea, eta, bestetik, ikerlariak Donostiara ekarriz, gure artxiboan gordetzen diren ikerketarako baliabideak ezagutzera ematea eta etorkizunean zinemarekin lotutako ikerketa akademikoak burutzeko gure artxiboa derrigorrezko geldialdi bihurtzea.

Programa Gipuzkoako zein Estatu mailako ikerlariei dago zuzenduta, eta Artxiboko Hautespen Batzordeak hautatutako hiru proiektuek 3.500 euroko laguntza izango dute hurrengo zortzi hilabeteetan, beti ere gure artxiboan gordetzen diren materialak erabiliz, artikulu bat prestatzeko. Beka-programak, gainera, bi asteko egonaldi-fase bat ere badu, uztailean gertatzen dena, eta hautatutako hiru bekadunei Donostiara etortzeko eta 14 egunez hemen bizitzeko gonbita egiten zaie, gastu guztiak ordainduta dituztela. Fase horretan, artxiboan murgiltzen dira buru-belarri hiru bekadunak ikerketa sustatzeko eta behar dituzten material guztiak kontsultatzeko.

Azken edizio honetako hiru ikerlariek Asier Aranzubiak, Paula Arantzazuk eta Zigor Etxebestek— dagoeneko egonaldi-fasea igaro dute, eta haien hirietara itzuli dira pilatutako datu eta material guztiak prozesatu eta artikulua idazteko.

Aurreko urtean, lehen edizioko bekadunak Donostiara itzuli ziren haien ikerketen emaitzak publikoaren aurrean eta seminario formatuan aurkezteko.

[Gina Lollobrigida aktorea Procinor banatzaileari Emakumezko interpretazio onenaren Donostia Saria ematen "A Woman Under the Influence" filmarengatik (1975)]


Artxiboa urratsez urrats -eta etenik gabe- aurrea doa. Donostia Zinemaldiaren 73. edizioa bukatu berri, ez da lanik faltako orain. Zein dira Artxiboak etorkizunera begira dituen erronka nagusiak?

Artxibo bat eraikitzea gauza oso garestia eta prozesu motela ere bada, eta lan oso espezializatua eskatzen du hura eskuragarri eta irisgarri egiteko; zentzu horretan, proiektuaren finantzaketa-iturriak bilatu eta jasangarritasuna ere bermatu behar da.

Bestetik, urtean zehar betetzen ez diren arlo teknikoenak (kontserbazioa, katalogazioa, digitalizazioa...) ikerketarekin eta programa publiko erakargarriekin uztartzeko lanak dira erronka nagusienetako batzuk. Adibidez, José Ángel Herrero-Velarde beka-programa martxan jarri genuenetik, dagoeneko dozena bat ikerketa-artikulu ekoiztu dira, eta horiek zein formatutan eta zein modutan kaleratu erabakitzeko proiektuan murgilduta gabiltza, publikoak zein erabiltzaile espezializatuek Zinemaldiaren historiari buruzko literatura berria eskuratu dezaten.


(2025eko urriaren 16an argitaratutako Berezia)