Paula Estévezek beti izan zuen argi ilustratzaile izan nahi zuela. Bere ibilbidean, mota guztietako lanak egin ditu: kartelak, diskoen azalak, liburuen ilustrazioak, komikiak... 2017an Etxepare Saria irabazi zuen Ainara Azpiazu "Axpi"rekin batera egindako Arraroa albumarekin. Guillotina Donostiako Autoedizio Topaketaren sortzailea eta Tupust! kolektiboko kidea, autoedizioan indar berezia jarri izan du beti. "Ilustrazio narratiboa eta komiki esperimentala" ikastaroa ematen ari da une honetan Intxaurrondo Kultur Etxean, Donostian. 2026ko otsailetik aurrera gaztelaniaz eskainiko du. Izen-ematea irekita dago.
Zerk eraman zintuen ilustraziora eta komikigintzara? Nola oroitzen dituzu urte haiek?
Betidanik izan dut ilustratzaile izateko nahia. Txiki-txikitatik hartu nuen ikasketak Artera bideratzeko erabakia; batxilergo artistikoa lehenengo, arte ederrak ondoren... Hala ere, unibertsitate garaian horrenbeste ikasgairen artean iparra galdu eta marrazteari utzi nion. Berlinen bizi izan nintzenean berreskuratu nuen txikitako grina.
Komikigintzara fanzineek eraman ninduten, eta nire lehenengo autoeditatutako argitalpen haietan istorioak kontatzeko medioa izan zen. Ordutik, komiki underground eta esperimentalaren oso zalea naiz.
[Heriotzaz eskolan - Argia]
Harrezkero, era guztietako lanak egin dituzu (kartelak, diskoen azalak...) hamaika bezerorentzat: Argia, Petit Sàpiens Magazine, Gipuzkoako Foru Aldundia, Pikara, Elhuyar Fundazioa, Donostia Kultura, Aranzadi Zientzia Elkartea, Cañamo... Nola definituko zenuke zure estiloa? Zer-nolako bilakaera nabaritu duzu artista moduan aurreneko lanetatik berrienetara?
Lerro sendoak erabiltzen ditut, nire lana komikiarekin estuki lotzen dutenak, eta errealitatea irudikatzeko modu artifizialak bilatzen ditudala esango nuke, antzerki baten eszenak bezala. Lanek aukera ematen dutenean, pertsonaia ezberdinak, bereziak eta arraroak irudikatzea gustatzen zait. Misterio puntu bat duten irudiak sortzea. Ikusle edo irakurlearekin konplizitatea bilatzen saiatzen naiz askotan.
Hasierako lanekin alderatuta, nire lanek egonkortasuna lortu dutela esango nuke. Lanean jartzen naizenean zalantza gutxiagorekin egiten dut, eta hori izugarrizko aurrerapausoa da sortzaile batentzat.
2017an Etxepare Saria irabazi zenuen Ainara Azpiazu "Axpi"rekin batera egindako Arraroa haurrentzako albumarekin, eta, handik bost urtera, 2022an, La gran faraona. Hatxepsut i les meravelles de l'Antic Egipte argitaratu zenuen Lara Tororekin. Zer-nolako esperientziak izan dira? Oso ezberdina al da lan egiteko era norbera bakarrik dagoenean edo testuez arduratzen den pertsona baten ondoan ari denean? Baduzu bide horretatik jarraitzeko asmorik?
Bai, noski; oso ezberdina da beste norbaiten testua, egunkari bateko erreportajea edo zure istorio propio bat ilustratzea. Norberak, bakarrik dagoenean, askatasun osoz egiten du lan, gustuko duen gaietan eta jolaserako zein esperimentaziorako leku gehiago dago. Hala ere, besteekin lan egitea oso aberasgarria da, zuri propio okurrituko ez litzaizkizukeen gaiak jorratzera eta horiek zure eremura eramatera behartzen baitzaitu. Asko ikasten da hortik.
[Arraroa albumaren azala]
Autoedizioan indar berezia ipini izan duzu beti. Horren adibide, 2014an Guillotina Donostiako Autoedizio Topaketa sortu zenuen, Mikel Larraiozekin eta Maite Caballerorekin batera. Zertarako? Zer bilakaera izan du?
Donostian lurpeko kultura ia ez da existitzen. Postaleko hiriaren aldeko erabaki politikoek, turismoaren handiagotzeak, lurraren garestitzeak... ezinezkoa egiten du horrelako proiektuek bizirautea. Horregatik, kulturaren zati handiena instituzioen esku dago, edo diruaren menpekotasunetik programatzen duten enpresa pribatu gutxi batzuen esku. Gure nahia betidanik izan da hirian eta inguruan autoedizioan lanean dauden sortzaileak bildu, eta elkar ezagutzeko espazio bat sortzea, doakoa eta gertukoa.
2026an, dena ongi bidean, Guillotinaren 10. edizioa egingo da! 2014an egin genuen lehena, eta, pandemiako bi urteak kenduta, urtero antolatu dugu azoka. Hiru pertsonaren artean antolatzeak eskatzen duen esfortzuaz gain, zailena beti Donostian toki egokia topatzea izan da. Horregatik, lekuz aldatzen joan gara: Dabadaban hasi, Guardetxetik pasa eta azken lau urteetan Añorgako Antzoki Zaharrera iritsi arte. Oso gustura gaude gaur egungo espazioarekin, eta tarte hau baliatu nahi dut gure ibilbidean lagundu diguten guztiei eskerrak emateko, eta bereziki Añorgako gazte asanbladari.
[La gran faraona. Hatxepsut i les meravelles de l'Antic Egipte albumaren barneko irudi bat]
Berriro ere Mikelen eta Maitereen alboan, Hijos Acabados aldizkaria jarri zenuen martxan. Argi dago lan kolektiboa oso garrantzitsua dela zuretzat. Bestela ezinezkoak liratekeen egitasmoei heltzeko balio du?
Dudarik gabe. Nik ekintza zuzenaren aldeko aldarria egiten dut beti. Zure komikiak argitaratu nahi badituzu, zure hirian hutsune bat dagoela sumatzen baduzu, zure ideiak plazaratu nahi badituzu... antolatu eta bilatu nahi duzun hori burutzeko bidea. Lagunekin tabernan bildu eta kexatzea ondo dago, baina askoz eraikitzaileagoa da zuk zeuk egitea.
[Linbo Planeta komikiaren barneko irudi bat]
Ez alferrik, Tupust! kolektiboko kidea zara. 2023an, Gu antologiaren argitalpenarekin, amaitutzat eman zenuten Ni/Zu/Gu trilogia, baina kolektibo bezala lanean jarraitzeko asmoa agertu zenuten. Zein izan da Tupust! kolektiboak eta argitaratutako hiru lanek egin duten ekarpen nagusia? Zure ustez, nolakoa da ilustrazioaren eta komikigintzaren egoera gurean?
Tupust! sortzerakoan euskal komikigintzan tradizionalki nagusi zen eredu heteropatriarkalarekin haustea zen xedea. Aniztasun falta nabaria zen, bai ahotsetan baita estiloetan ere, eta genero-ikuspegia lantzen zuten lanen falta sumatzen genuen.
Uste dut arazo larrienetako bat dela euskal argitaletxe gehienek ez daukatela komikigintzaren inguruko ezagutzarik, ez irudi-editore, ez aditurik. Ia hamar urte pasa dira, eta dudarik gabe azken urteotan egoerak hobera egin duela esan dezakegu, baina oraindik ere beste hizkuntzetan argitaratzen denaren mailatik oso urrun gaude.
[Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA]
Urte hauetan pilatutako ezagutzak besteri zabaltzen ari zara orain, Intxaurrondo Kultur Etxean, Donostian, "Ilustrazio narratiboa eta komiki esperimentala" ikastaroan. Zein dira saioetan jorratuko dituzun gai nagusiak? Euskarazko ikastaroa amaitzearekin batera, gaztelaniazkoari ekingo diozu. Oraindik garaiz gabiltza "Ilustración narrativa y cómic experimental" ikastaroan izena emateko?
Ikastaro honetan narrazioaren oinarriak ikasiko ditugu, pertsonaiak nola sortu, konposizioa landu eta teknika ezberdinekin esperimentatuko dugu. Ikasle bakoitzari bere ahots eta estiloa aurkitzen laguntzea da helburua.
Eta bai, gaztelaniako ikastaroko izen-ematea zabalik dago oraindik; beraz, hau irakurtzen ari bazara, animatu eta eman izena!
Nola uztartzen dira ilustrazioa eta musika? Zertan da Oki Moki taldea?
Nire ibilbideko zutarri garrantzitsuak izan dira beti biak, eta ezin dut bizitza irudikatu ilustraziorik eta musikarik gabe.
Oki Moki taldearekin 2024ko udara eta gero geldialdi bat egitea erabaki genuen, nik orduan egiten ari nintzen komikia (Linbo Planeta, Elkar, 2024) amaitu arte. Gaur egun berregituratu eta konposatzen hasteko ideia daukagu, baina data zehatzik gabe.
[Linbo Planeta komikiaren azala]
Zer proiektu duzu esku artean une honetan? Nondik nora ikusiko zaitugu datozen hilabeteetan?
Behinola aldizkariko "Denbora-pasa" ilustratzen nabil orain, eta Ane Ablanedoren hurrengo liburuarentzat ilustrazioak egiten.
Horrez gain, azaroaren 21ean Hernanikomiken egongo naiz argitaratu dudan azken liburua aurkezten, Linbo Planeta haurrentzako komikia (Elkar, 2024).
(2025eko azaroaren 11n argitaratutako Berezia)