Amaia Ispizua, musika-sustatzailea: «Streaminga ez da musika kontsumitzeko modua aldatu izanaren arrazoia, gure egungo bizimoduaren ondorioa baizik»

  • Amaia Ispizua, musika-sustatzailea: «Streaminga ez da musika kontsumitzeko modua aldatu izanaren arrazoia, gure egungo bizimoduaren ondorioa baizik»

Orain dela bi hamarkada baino gehiago hasi zen Amaia Ispizua zuzeneko musikaren sektorean lanean, lehenago Syntorama enpresan eta gaur egun Get In enpresan; sustatzaile aritzen da bertan. MIE eta Musika Bulegoa elkarteetako zuzendaritza-batzordeko kide da, eta MIM (Mujeres en la Industria de la Música) eta APM (Asociación de Promotores Musicales) elkarteetako bazkidea da. Azaroaren 27an, bookingari buruzko online ikastaro praktiko bat emango du. Hainbat gairi buruz mintzatu gara harekin, hala nola musikaren eremuko sustapenaz, autoprodukzioaz, streamingaren gorakadaz eta horrek berekin ekarri duen benetako esperientzien beharraz.


Zertan aritzen dira musika-sustatzaileak? Nola hasi zinen langintza horretan?

Musika-sustatzaileak zuzeneko musika-ekitaldiak antolatzen, ekoizten eta finantzatzen ditu, eta haien arrisku ekonomikoa eta erantzukizuna hartzen du bere gain.

Nire ibilbide profesionalean, kontzertu baten antolaketari lotutako hainbat alderditan aritu naiz, besteak beste, komunikazioan edo ticketing delakoan, baina nire iritziz, sustatzailetzak biltzen ditu ekitaldi baten ia antolaketa-arlo guztiak: proposamen artistikoak bilatzea, kontratazioa, sustapena, ticketinga eta finantzaketa.

Orain dela urte batzuk arte ez zegoen kontzertuak antolatzeko berariazko prestakuntzarik, baina egia da bidean aurkitu dudan jende gehiena halabeharrez iritsi dela sektore honetara, eta denek musikarekiko eta artearekiko zaletasuna dutela, baita nolabaiteko espiritu abenturazalea ere. Jende gehienak komunikazioaren, hizkuntzen edo enpresaren alorreko prestakuntza du; aitzitik, bitxia bada ere, musikari gutxi aurkitu ditut sustatzailetzan. Ni neu, berriz, Donostiako Jazzaldian praktikak egiten hasi nintzen, lehenik logistikan eta gero komunikazioan, artista baten inguruan lan egiten zuen sektore oso baten garrantziaz jabetu gabe oraindik, eta pixkanaka hainbat proiektu eta enpresatan hasi nintzen lanean, hala nola Syntorama eta Get In —orain bat eginda daude biak—, eta hortxe ikasi dut orain dakidan guztia.


Azken urteotan, streamingak goitik behera aldatu du musikaren negozioa. Gai hori landu zenuen iaz, "Streaming bidezko musika. Musikaren negozioa aro digitalean eta haren zaintza etorkizunerako kultur adierazpen gisa" ikastaroan. Bertan, musikaren industrian gertatzen ari diren aldaketez eta artista hasiberriek aurrean dituzten erronkez hitz egin zenuen. Zer nabarmenduko zenuke?

Egia da, streamingak erabat eraldatu ditu musika kontsumitzeko modua eta abiadura, eta, nolabait, ondo islatzen du gaur egun nola bizi garen. Alegia, nire iritziz, streaminga ez da musika kontsumitzeko modua aldatu izanaren arrazoia, gure egungo bizimoduaren ondorioa baizik.

Streamingaren abantailarik nabarmenena eskuragarritasuna dela esango nuke, bai publikoak musika-mota guztiak eskuragarri dituelako, bai eta artistak bitartekaririk gabe publiko guztiengana irits daitezkeelako ere. Eta ondorio negatiboa, ordea, zera da, merkatuaren saturazio handia eta hainbesteko zarataren artean arreta erakartzeagatik artista askok duten antsietatea. Gainera, musika entzuteagatik artistei gutxiegi ordaintzen dien sistema batek ezarritako esklabotzak (Spotifyk, esaterako, 0,0025 eta 0,0040 euro artean ordaintzen dizkie artistei erreprodukzio bakoitzeko) halako tirabira sortu du nork bere abestiak erakusteko erakusleiho global bat izateko beharraren eta artisten ahulezia ekonomikoaren artean.

[Argazkiaren egilea: Irantzu Pastor]


Streamingaren gorakada hori sare sozialei estu lotuta dago, nonbait. Zein dira sare sozialek gaur egungo artistentzat dituzten abantaila eta eragozpen nagusiak?

Gaur egun, artistek bi eskakizun hauei egin behar diete aurre: abestiak konpostatu ez ezik, komunitatea sortzeko gauza ere izan behar dute. Arlo horretan, streamingak eta sare sozialek komunikazio-modu global bat ezarri dute, eta bertan ez bazaude, inork ez zaitu ezagutzen. Ordainetan, sare sozialek publikoarekin zuzeneko harremana izateko aukera ematen dute, bitartekaririk gabe, eta sortutako edukia denbora errealean erakusteko aukera ere bai.

Azken batean, bizitzako alor guztietan bezala, oreka lortzea da gakoa, hots, sormen-proiektuan indarrak biltzearen eta proiektu hori erakusteko plataforma eta tresna digitalak erabiltzearen arteko oreka, proiektua haien oso mende egon ez dadin.


Egun, zertan da edizio-lana? Zer eginkizun betetzen du editoreak egungo musika-industrian?

Musikan, argitaletxeek oso zeregin garrantzitsua dute oraindik ere, baina egia da asko aldatu dela; hau da, dibertsifikatu egin da, bai eta musikarien behar berrietara egokitu ere. Lehen, argitaletxeek batik bat argitalpen-kontratuen kudeaketari, egile-eskubideei, erregistroei eta abarri lotutako lanetan jarduten zuten. Orain, horiez gainera, ustiapen-bide berriak bilatzen dituzte estrategikoki, hala nola lankidetzak eta egilekidetzak, sinkroak edo nazioartekotzea eta mundu zabalean posizionatzea. Ildo horretan, eskakizuna handiagoa da, editoreek nazioarteari buruzko ezagutza handiak izan behar baitituzte alderdi artistiko, legal, administratibo eta teknologikoan.


Irailaren 30ean eta urriaren 1ean, Must +Pro topaketa profesionalak egin ziren lehen aldiz; zuk mahai-inguru batean parte hartu zenuen, Fermín Lorente eta Elias Gómezekin batera, manager batek ekosistema digital eta global batean dituen eginkizun berriei buruz mintzatzeko. Zer ondorio atera zenituzten?

Oso interesgarria izan zen sektoreko beste lankide batzuekin iritziak trukatzea; izan ere, lanaren ikuspegi oso desberdinak izan arren, azken batean, pertsonen arteko kimikak du axola gehien. Abestiek dute axola, zirrarak du axola eta pertsonek dute axola. Digitalizazioarekin ia zerikusirik ez duten sentimendu primarioak dira. Horrez gain, egia da gaur egun manager on batek estratega ona izan behar duela, eta aldaketei azkar egokituko zaien 360 graduko ikuspegia eduki. Besteak beste, aditua izan behar da arlo hauetan: komunikazio digitala, datuen analisia, eskubideak, sinkronizazioak, finantzaketa, erakunde-aliantzak eta plangintza estrategikoa. Haren lana ez da kontzertuak edo diskoetxeekin kontratuak lortzea soilik: ibilbide jasangarri bat eraikitzen lagundu ere egin behar dio artistari, zer bidetatik jo erabakitzen lagunduz.


Gaur egun, makina bat artistak autoekoizpenaren hautua egiten dute. Ekoizpen-munduaren zoko-mokoak nahikoa ezagutzen al dituzte euren lanari etekin guztia ateratzeko? Zeintzuk izaten dira musikaren industrian sartu eta jarraitzeko dituzten zailtasun handienak?

Autoekoizpena oso aukera interesgarria da, baina kontuan izan behar da eredu hori ez dela egokia mundu guztiarentzat. Egia da artistari aukera ematen diola bere proiektuaren alderdi guztiak askoz hobeto kontrolatzeko, baina, aldi berean, esfortzu eta ahalegin handiak egitea eskatzen du, eta ezinbestekoa da ondo lagunduta eta aholkatuta egotea. Tresnen demokratizazioari esker gero eta ezagutza tekniko handiagoa dagoenez, artistek askoz hobeto menderatzen dituzte beren proiektuaren alderdi guztiak, eta hori abantaila izugarria da, baina mundu guztiak ez du zertan ona izan arlo horietan guztietan. Hortaz, nire ustez, norberak hautatu behar du zer kudeaketa-eredua aukeratu, eta erabaki hori artista bakoitzaren araberakoa izan behar da.


Azaroaren 27an, "SGAE: Cómo hacer un booking de un proyecto musical" izeneko online ikastaro praktikoa emango duzu. Ikastaro horretan, musika-proiektu baten booking-lanak egiteko kontuan hartu beharreko funtsezko gaiak jorratuko dituzu. Zergatik da hain garrantzitsua bookinga?

Grabatzea edo komunikatzea bezain garrantzitsua da bira bat planifikatzen jakitea, programatzaileekin harremanetan jartzea, materialak prestatzea eta baldintzak negoziatzea. Bookinga ondo pentsatuta egon ezean, zaila da proiektuak luze irautea. Lan hori emankorra izateko, denbora luzean jardun eta ahalegin handia egin beharra dago, eta, lehen esan dudan bezala, artistak, askotan, sortzeko duen premiarako galga edo oztopo gisa bizi izaten du. Gainera, norberaren proiektua saltzea ez da inoiz erraza izan...

Horregatik, ikastaro honetan tresna praktiko batzuk eskaini nahi ditut, artistek edo kudeatzaileek arlo hori profesionalizatu ahal izan dezaten, zirkuituak nola funtzionatzen duen, helburuak nola zehaztu eta testuinguru bakoitzera nola egokitu ulertuta.


XX. mendean musika kontsumitzeko dauden moduen artean, streaminga gero eta erabiliagoa da, baina, aldi berean, jendeak zuzeneko emanaldi gehiago nahi ditu, inoiz baino gehiago beharbada. Zer diote datuek?

Halaxe da. Datuek berretsi egiten dute itxurazko paradoxa hori: orain arte sekula ez da hainbeste musika entzun, eta inoiz baino kontzertu gehiagotara joaten dira musikazaleak. Streamingari esker, eguneko une guztietan izaten dugu musika entzungai —gidatzen, lan egiten, bidaiatzen edo otorduak prestatzen ditugun bitartean—, eta horrek ikaragarri handitu du entzuleen oinarria. Alabaina, aldi berean, ugaritasun digital horrek berekin ekarri du benetako esperientzien beharra —gizarte-balioak indartzen dituztelako—, bai eta emozioak partekatzeko eta komunitatean bizitzeko premia ere.

Espainian, esate baterako, Anuario de la Música en Vivo 2024 (APMusicales) urtekariaren arabera, fakturazioa % 26 igo da 2019arekin alderatuta, eta inoiz baino kopuru handiagoak izan dira bai jaialdi handietan, bai bira ertainetan, etengabe % 20-25 inguruko igoera izan baita 2022tik. Hau da, publikoak plataformetan aurkitu duen musikarekin berriro konektatzeko abagune bihurtu dira zuzeneko musika-emanaldiak.

Laburbilduz, eskaintza digitala eta presentziala ez dira elkarren aurkakoak; aitzitik, elkar indartzen dute. Streaming bidez entzuten dugu kontzertuetan hunkitzen gaituen musika, eta streaming-plataformetan aurkitzen ditugunen kontzertuetara joaten gara. Artistentzat, bi munduak elkarri lotzea da gakoa.

Kanpotik begiratuta, badirudi gorakada handiena musika-makroekitaldiek izan dutela. Zer dela-eta? Nola eragiten die horrek gainerako guztiei? Alegia, ekitaldi-mota hori horren sendoa izanik, zer leku geratzen zaie musika-areto txikiei, euskarazko talde eta bakarlariei...?

Egia da makroekitaldiek arreta eta baliabide asko biltzen dituztela, eta, azkenaldian, ematen du horrelako ekitaldiak baino ez daudela, baina garrantzitsua da konturatzea haiek ez direla nahikoak musika-egiturari eusteko. Areto txikietan eta tokiko proiektuetan hasten da dena: haietan probatzen da errepertorioa, haietan sortzen dira eszenak eta haietan sortzen dira publikoak.

Funtsezkoa da horretaz jabetzea, eta bitarteko zirkuitu horri berriro ere balioa ematea, hedabideak eta gizartea haietaz ahaztu direla dirudi-eta; gainera, ezinbestekoa da bidezko baldintzak eta ikusgarritasuna sortzea, jaialdi handiekin batera bizitzeak gero eta arrakala handiagoa sortu ez dezan. Euskadin, adibidez, potentzial handiko espazioen sare bat dago, laguntzak eta komunikazioa hobeto antolatzen badira betiere.


Urte hauetan guztietan ikusitakoa eta ikasitakoa gogoan hartuta, zure iritziz, zein erronka nagusi ditu musika-industriak epe labur eta ertainean?

Gizarteak zer-nolako abiadura ezartzen digun ikusita, musikaren industriak premiazko erronka batzuk ditu, eta beraiek markatuko dute, zalantzarik gabe, sektorearen norabidea epe labur eta ertainean: lehenik eta behin, artista eta taldeen jasangarritasun profesionala, ekonomikoa zein emozionala. Ondoren, adimen artifiziala, egiletzaren eta jabetza intelektualaren nozioa zalantzan jartzen duen tresna baita. Sortzeko lanabes erabilgarria izan daiteke oso, baina gatazka etikoak eta legalak ere eragiten ditu inoren lanak baimenik gabe erabiltzen dituenean. Eta kulturaren eta negozioaren arteko oreka ere bai, musikak kultura-adierazpena izaten jarrai dezan, ez finantza-produktu hutsa.

Etorkizuna izango badugu, zalantzarik gabe, prestakuntza, lankidetza eta sortzaileen, erakundeen eta publikoaren arteko harreman-modu berriak bermatu behar dugu.


(2025eko azaroaren 18an argitaratutako Berezia)