Eskaladatik dantza bertikaleta jauzi egin, eta 2017an Dimegaz sortu zuen Janire Etxabe dantzari eta koreografoak. Egitura horren baitan, ikus-entzunezko lanak, ikerketa-proiektuak eta Harrobi Dantza Bertikala konpainiarentzako lan eszenikoak egiten ditu. Horrekin batera, Dingilizke egitasmoari esker, dantza bertikala jendeari gerturatzeko bitartekaritza-ekimenak bultzatzen ditu. Iaz, gainera, Geure(R)a liburua argitaratu zuen, izen bereko bere obra eszenikotik abiatuta. Hori guztia eta gehiago izan dugu hizpide Janirerekin.
Nola deskubritu zenuen dantza bertikala? Zerk liluratu zintuen?
Dantza bertikalak nire bi pasioak, arnesa eta dantza, uztartzeko aukera eman zidan, eta horrek liluratu ninduen. Asteburu gehienak eskalatzen ematen nituen. Arnesean zintzilikatzea izugarri maite dut: arrokan, elurretan... edonon, eta eskaladaren bidez dantza bertikalera heldu nintzen. Kasualitatez, eskalada-sektore batean Antoine Le Menestrelen bideo bat erakutsi zidaten. Hura ikustean, txundituta geratu nintzen, eta horretan jarri nuen fokua: entrenamenduetan, formakuntzetan, atzerrira bidaiatzean eta aitzindarietatik ikastean.
[Antoine Le Menestrelekin ikasten, Venezian]
2017an, Dimegaz sortu zenuen, eta, handik hiru urtera, 2020an —pandemia batek mundua hankaz gora jarri zuen urtean—, Harrobi Dantza Bertikala konpainia. Nola funtzionatzen dute bi egitura horiek?
Dimegaz eta Harrobi Dantza Bertikala begirada beretik sortzen diren bi egitura ezberdin dira. Dimegaz 2017an sortu zen, eta Janire Etxaberen proiektu pertsonalak garatzen dituen plataforma da, ekoiztetxe gisa funtzionatzen duena. Egitura horretatik ikus-entzunezko lanak, arte plastikoekin uztartzen diren ikerketa-proiektuak, Harrobi Dantza Bertikala konpainiarentzako sorkuntza eszenikoak eta Dingilizke bitartekaritza-ekimen ezberdinak bultzatzen dira.
Harrobi Dantza Bertikala 2020an sortu zen, eta sorkuntza eszenikoak garatzen ditu. Sorkuntza bakoitza gauzatzeko taldean lan egiten duten hainbat dantzari bertikal, teknikari eta arlo ugaritako artistak daude.
Bi egiturek dantza bertikal eta esekiaren bidez euskara, euskal kultura eta memoria historikoa zabaltzea dute helburu, mugimendu garaikidearen eta lurraldearen sustrai kulturalen arteko elkarrizketa ezarriz, natura eta arkitektura mugimenduaren euskarri gisa erabiliz.
[Lehen aldiz kanpoan, ikasten]
2021ean, Harria Herria estreinatu zenuen, arreta emakumearen irudian jartzen zuen ikuskizuna, Max sarietan finalista izan zena, kaleko ikuskizun onenaren kategorian. Dantza bertikaleko lana izan aurretik, film laburra izan zen, eta nazioartean sari ugari jaso zuen.
Bai, eta sorpresa handiz hartu genituen bai film laburrak nazioartean jasotako sariak bai emanaldiak Max sarietan jasotako aipamena. Atzera begiratzean, bizipenak oroitzean emozionatu egiten naiz, prozesua oso zaila izan zelako: dantza bertikalean hasteko ia dena utzi nuen, beldur handia neukan, inbertsio ekonomikoa oso handia izan zen; momentu oso zailak izan ziren. Baina gero Harrobi Dantza Bertikala konpainiarekin lanean buru-belarri hasi nintzen, eta daukadan lantaldeari oso eskertuta nago. Jada bost urte dira lantalde berarekin lanean. Plazer hutsa da.
[Harria Herria]
2022an, Dendu etorri zen, "oreka" kontzeptuaren bueltan sortutako lana, Oreka TX taldearekin batera ondua, eta, 2023an, Geure(R)a, emakumeen inguruko memoria zalantzan jartzen zuena (eta Harria Herria ikuskizuna bezala, Max sarietan finalista izan zena). Elkarren artean oso lan ezberdinak. Zer kontatu nahi izan zenuten bi lan horietan?
Dendun (2022) oreka kontzeptua ikertzea interesatzen zitzaigun. Izenburuak berak eusten dio aurkako indarren artean egonkortasun-puntu bat aurkitzeko ideiari. Oreka TX taldeko txalapartariekin egindako lana funtsezkoa izan zen prozesu hartan, txalaparta erritmoari, elkarrizketari eta bi lagunen arteko entzuketari lotutako tresna baita. Orekaren, erritmoaren eta lankidetzaren arteko harreman hori mugimendura eta espazio eszenikoarekiko harremanera ere eraman genuen, hainbat mailatan.
Geure(R)a (2023) lanak, berriz, emakumeen memoria historikoa du ardatz. Dantza bertikalaren, poesiaren, musikaren eta irudiaren bidez, sorginkeriaz akusatutako emakumeen jazarpenari buruz hausnartzen du piezak, eta baita ere begirada historiko horrek oraindik gaur egungo gizartean duen oihartzunari buruz. Horrela, iragana eta oraina lotzen dituen bidaia poetikoa proposatzen du ikuskizunak, galdera bat planteatuz: nortzuk dira gaur egun sorginak eta nortzuek zapaltzen dituzte?
[Geure(R)a]
2025an, Loraldia Festibalaren barruan Atxine ikuskizunaren aretoko bertsio osoa aurkeztu zenuen. Emakume bat eta bere burukoa eszenan. Zehatzago esanda, Janire Etxabe eta bere burukoa. Erronka handia izan al zen lan-prozesuan eta eszenatokian bakarrik aritzea?
Bai, zalantzarik gabe, erronka potoloa izan da. Atxine oso proiektu pertsonala da, eta sortze-prozesua nire gain hartzeak ikerketa-, zalantza- eta aurkikuntza-fase asko zeharkatzea ekarri zuen. Modu horretan lan egiteak askatasun handia ematen dizu hizkuntza propioa garatzeko, baina, aldi berean, prozesuaren erantzukizun osoa zure gain hartzen duzu: mugimenduaren eta dramaturgiaren idazketatik erabaki eszenikoetaraino. Alde horretatik, bide gogorra izan da, exijentea, baina baita oso aberasgarria ere.
Eszenatokira bakarrik irtetea ere erronka berezia da. Atxinen elkarrizketa nire gorputzaren, burukoaren eta objektu baten artean ezartzen da, piezan zehar esanahi ezberdinak hartzen dituen eta lagun eszeniko bihurtzen den objektua. Harreman hori funtsezkoa izan zen ikuskizunaren dramaturgia eraikitzeko, eszena bakoitzak berarekin erlazionatzeko modu desberdin bat proposatzen baitu, irudi eta egoera desberdinak sortuz.
Aldi berean, nahiz eta eszenan presentzia bakarra dagoen, nik beti esaten dut bikotean egiten den dantza dela, une oro alturako teknikariarekin zuzenean koordinatuta nagoelako. Kolaborazio artistikoak —Garazi Etxabururena eta Magalie Lanriotena, esaterako— oso garrantzitsuak izan dira niretzat: piezaren garapenean lagundu dute, eta kanpoko begirada oso baliotsuak ekarri dituzte. Bertsio osoa Loraldia bezalako festibal batean aurkeztea oso une berezia izan zen, oroimenari, identitateari eta belaunaldien arteko transmisioari buruzko hausnarketa egiten duen ikerketa-lan intimo bat publikoarekin partekatzeko aukera eman zidalako eta jaialdi honek duen filosofiarekin eskutik helduta zihoalako.
[Atxine]
Ekitaldi eta ospakizunetarako neurrira egindako ikuskizunak ere sortzen dituzue, ezta?
Bai, Site Specific-ak oso gustura egiten ditugu. Espazio konkretu batera egokitu edo neurrira egiten ditugun lanak dira. Ekitaldiaren helburua, asmoa, publiko-mota, espazioa... zein den kontatzen digute, eta informazio horrekin guztiarekin sortzen hasten gara. Besteak beste, Euskararen Etxearen inaugurazioan, Karola garabian, Aizpeako labeetan, ekitaldi pribatuetan, hainbat enpresa eta eraikinen urteurrenetan eta erakusketa baten irekieran dantzatzeko aukera izan dugu.
[Karola garabian dantzan]
Ekoizpen artistiko batetik besterako tartean, ikus-entzunezko lanei tartea egiten diezu; hori bai, dantza bertikala beti erdigunean jarrita. Horren adibide dira Iretargi film laburra (2022) eta Haize lerroak dokumentala. Zer ematen dizute ikus-entzunezko lanek?
Ikus-entzunezko obrek dantza bertikalaren hizkuntza zabaltzeko eta eszenak beti onartzen ez dituen beste leku batzuetatik esploratzeko aukera ematen didate. Zentzu horretan, Iretargi edo Haize lerroak bezalako proiektuak ikerketa-guneak ere badira, non dantza bertikala lurraldearekin beste begirada batetik harremantzen den. Ikus-entzunezkoek kontakizun zabalagoa eraikitzeko aukera ematen didate. Haize lerroak dokumentalaren kasuan, paisaia horietan dantzaren bidez egindako esku-hartzeak erakusteaz gain, mugimendua lurraldearekin eta esperientzia pertsonalarekin lotzen den historia ere artikulatzen da.
Bakarka edo Harrobiko dantzariekin egiten ditudan esku-hartze artistiko asko naturaguneetan izaten dira —mendiak, kobazuloak, basoak edo itsaslabarrak—, ikuslerik ez dagoen lekuetan, eta hor lana gorputzaren eta paisaiaren arteko harreman intimo batean garatzen da. Ikus-entzunezkoek une horiek erregistratzeko aukera ematen didate eta, ondoren, horiek publikoarengana gerturatzeko, pribatuan gertatzen diren une berezi horiek partekatuz.
Iaz, Geure(R)a liburua argitaratu zenuen, izen bereko obra eszenikotik sortua, Toti Martínez de Lezearen testuekin eta Eli Azurmendiren irudiekin. Zer-nolako lana da?
Dantza bertikala hitz, irudi eta soinu bihurtzen duen liburua da. Harrobi Dantza Bertikalarekin eta Janire Etxaberen obra eszenikotik sortua, lanak sorgin-ehizan erretako emakumeei omenaldia egiten die, eta oroimenean zein euskal kulturan sustraitua dago. Eli Azurmendiren ilustrazioekin, Toti Martinez de Lezearen prosa poetikoarekin eta Juantxo Zeberioren musikarekin, argitalpenak erresilientzia eta emakumeen botere eraldatzailea ospatzen duen esperientzia artistikoa, dinamikoa, oroigarria, indartsua eta poetikoa eskaintzen du. Liburuak Geure(R)aren musika entzuteko QRa dakar, eta beste QR batean liburua beste hizkuntza batzuetan irakur dezakezu (gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta italiera).
Liburuaren helburua izan da Geure(R)a beste euskarri batean aurkeztea eta, horren bidez, dantza bertikala publiko ezberdinei gerturatzea; bizkaieraz, noski.
[Geure(R)a liburuaren azala]
Dingilizke egitasmoaren bitartez, dantza bertikala ezagutzeko eta dantza bertikalean trebatzeko aukera dago. Zer eskaintzen duzue, zehazki?
Dingilizke egitasmoaren helburua da dantza bertikala publiko ezberdinei gerturatzea; dantza bertikala ezagutu edo dantza bertikalean trebatzeko aukera eskaini nahi zaio jendeari, gure hizkuntzan eta kulturan oinarrituz. Egitasmo honek 4 adartxo ditu:
Batetik, eskolako hezkuntza-proiektua. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei eskainia dago. Egoera erreal batetik abiatuz, dantza bertikala zuzenean ezagutzeko aukera dute, oinarrizko konpetentzien ikaskuntza esanguratsua egiten duten bitartean.
Bestetik, formakuntza trinkoak eta intentsiboak daude. Formakuntza horien bidez, dantza bertikalean eta dantza esekian aritzen ikasteko aukera eskaintzen da, Harrobi Dantza bertikala konpainiako dantzariekin eta kanpoko koreografo aitzindariekin. Eskolek izaera trinkoa dute. Gernikan dagoen Txitatoki zirku-eskolan eta Gautegiz Arteagako frontoian izaten dira; intentsiboak, aldiz, lurralde ezberdinetan eskaintzen ditugu.
Dantza-solasaldiek eta ikus-entzunezkoen proiekzioek osatzen dute hirugarren lerroa. Ikusleak Dantza bertikal edo esekiko emanaldiak zuzenean ikusi eta konpainiako dantzariekin solasean aritzeko aukera du. Arlo honetan, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta solasaldiak ere eskaintzen ditugu.
Eta, azkenik, mendiko eskolak daude. Mendiko paretetan eta zuhaitzetan formakuntza intentsiboak eskaintzen ditugu, konpainiak bere sorkuntza koreografikoak egiteko baliatzen dituen espazio naturalak partekatuz eta asteburu osoko esperientziak eskainiz.
Nola erakar liteke dantza bertikalaren mundura diziplina horren azaleko ezagutza baino ez duen jendea?
Dingilizke egitasmoaren baitan daukagun eskaintzaren bidez jendea dantza bertikala probatzera gonbidatzen dugu, bertan bizi diren emozioak senti ditzaten. Bizitzan noizbait bizi beharreko esperientzia dela uste dut.
Zertan zaude murgilduta une honetan?
Udaberri eta udara denboraldia prestatzen ari gara, Geure(R)a eta Harria Herria ikuskizunen entseguekin topera. Irrikan gaude herri ezberdinetako eraikinak eta frontoiak ezagutzeko eta haietan dantzatzeko. Nafarroako eta Iparraldeko espazio asko ez ditugu ezagutzen, eta asko gustatuko litzaiguke gure lana han erakustea.
Horrekin batera, Harrobi Dantza Bertikalarentzako ekoizpen berrian lanean ari naiz: Ainarak. XX. mendean emakume haiek Pirinioak zeharkatzen zituzten udazkenean, Mauleko abarketa-industrian lan bila. Beltzez jantzita, urrian joaten ziren, haranetik, eta maiatzean itzultzen ziren, enarak bezala migrazio-mugimenduetan. Konpainiaren bosgarren urteurrena da, eta zeozer berezia egin nahi nuen: aretoko ekoizpen bat. Iraganean murgilduz, obra honek arnes-dantza eta lurreko dantza garaikidea uztartuko ditu, euskal kulturaren pasarte historiko hartan inspiratutako migrazio-, sakrifizio- eta erresilientzia-istorio bat kontatzeko. Lurrean Garazi Etxaburu, Leire Otamendi eta Miren Lizeaga dantzariak egongo dira; eta arnesaren gainean, Harrobiko dantzariak. Ekoizpen honek Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du.
Bestetik, arlo pertsonalean, "Dilindatze. Gorputz eta objektu esekiak: interakzio eta eraldaketa berriak dantza esekiaren bidez" ikerkuntzan murgilduta jarraitzen dut. Zintzilik dauden objektuekin egindako inprobisazio-saioen bidez, gorputzaren mugimenduan dituen efektuak aztertzen ari naiz. "Dilindatze"-k diziplina arteko dimentsio du, ikus-entzunezkoekin, instalazioekin eta bitarteko digitalekin etengabe elkar elikatzen ari dena. Bi mailatan hedatzen da: bata performatiboa, gorputzak denbora errealean objektuekin duen harremana aztertzen duena; eta bestea instalakuntzarena, non prozesuaren objektuek eta erregistroek paisaia autonomoa osatzen duten. Helburua ez da pieza itxi bat ekoiztea, baizik eta, hizkuntza eszeniko eta poetiko gisa, esekidura eraldatzeko potentzialari buruzko esplorazio-eremu bat irekitzea.
(2026ko martxoaren 25ean argitaratutako Berezia)