Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariarekin hitz egin dugu, "trikitixa" hitzaren atzean dauden errealitate ugariez, kultur adierazpide honek XX. mendean izan zuen bilakaeraz eta gaur egun Euskal Herriko kulturan duen lekuaz. Hizpide izan ditugu baita ere Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen sorrera eta 1972tik gaur arte trikitixaren memoria jasotzeko, zaintzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko —"merkatuaren logikatik harago" eta isilpean— egindako lan handia eta trikitixak aurrera begira dituen erronka eta aukera nagusiak.
"Trikitixa" hitzak adiera ugari ditu. Musika-tresna gisa, XIX. mende amaieran errotu omen zen Euskal Herrian. Zer-nolako bilakaera izan zuen XX. mendean?
"Trikitixa" hitzak errealitate zabal bat izendatzen du: musika-tresna bat baino gehiago da, panderoa, kopla, dantza eta komunitatea uztartzen dituen kultur adierazpena. Hasieran pandero-jotzaileek zuten protagonismo nagusia, eta emakumeek bete zuten eginkizun hori hein handi batean.
"Trikitixa" izena bera pandero-hotsetik datorrela nahiko jakina da. Hori kontuan hartzen badugu, pandero hutsez egiten ziren erromeria haiek ere trikitixa izango ziren, ezta?
Tresna gisa, akordeoi diatoniko hau XIX. mende erdialdera iritsi zen Euskal Herrira, baina garrantzitsua da gogoratzea panderoak lehendik ere bazuela presentzia handia gure herri-kulturan. Erromeria askotan pandero hutsez egiten zen festa, eta geroago baita dultzaina edo albokarekin ere. Trikitixa, beraz, lehendik zegoen erromeria- eta dantza-giro horretara iritsi zen, eta txistu, alboka eta dultzainaren errepertoriora moldatu.
XIX. mendearen amaiera aldera hasi zen akordeoi diatonikoa Euskal Herrian zabaltzen, eta XX. mendearen hasieran pandero-jotzaileak eta soinu-jotzaileak bikote instrumentalak osatzen hasi ziren. Pixkanaka, akordeoi diatonikoak protagonismo handiagoa hartu zuen, eta hortik aurrera trikitixaren irudi klasikoa osatu zen: soinu-jotzailea eta pandero-jotzailea elkarrekin.
1936ko gerrak eten handia ekarri zuen: erromeria asko desagertu ziren, eta hainbat trikitilarik beldurrez utzi zioten plazan jotzeari. Hala ere, gerraostean Elgeta bezalako trikitilariek transmisioari eutsi zioten, eta belaunaldi berriak sortzen lagundu zuten.
1970eko hamarkadatik aurrera, gainera, antolakuntza eta komunitate-kontzientzia indartu ziren, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen sorrerarekin batera. Horrek lagundu zuen trikitixak plaza hutsetik harago ere presentzia izaten: irakaskuntzan, argitalpenetan, jaialdietan eta sorkuntza berrietan. Azken batean, XX. mendeko bilakaerak erakusten du trikitixak tradizioari eutsiz berritzen jakin duela.
[Itsaso Elizagoien]
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen zimenduak 1972an jarri ziren, nahiz eta ofizialki 1990ean sortu zen. Zer helbururekin jaio zen?
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea trikitilariak eta trikitizaleak elkartzeko eta trikitixaren inguruko komunitatea antolatzeko beharretik sortu zen. 1972an jarri ziren lehen zimenduak, Usurbilen Sakabi eta Egañazpiri egindako omenaldiaren bueltan, eta ordutik aurrera trikitixaren transmisioa, sustapena eta duintasuna bermatzea izan dira helburu nagusiak.
Elkarteak hasieratik ulertu zuen trikitixa ez zela soilik musika-tresna; herri-kultura baten adierazpena zen, eta horregatik, belaunaldien arteko transmisioa zaindu eta komunitateari tresnak eskaintzea hartu zuen xede.
Era berean, Elkarteak merkatuaren logikatik harago jardun nahi izan du beti: trikitilari gazteei laguntzea, ondare historikoa jasotzea, euskaraz sortu eta argitaratzea, lurraldetasuna, parekidetasuna eta sorkuntza sustatzea izan dira bere jardunaren oinarrietako batzuk.
[Gorka Erostarbek idatzitako Egañazpi. Ezinik esan polita ez dela... liburuaren aurkezpena]
Liburu eta disko ugari argitaratu ditu Elkarteak urteotan. Oso esanguratsua da disko-liburu formatuan kaleratutako azken bi biografiak bi emakumeri eskainitakoak izatea: Romualda Zuloaga. Panderoaren bidaia hilezkorra, Gontzal Carrascok idatzia, eta Primi Erostarbe. Itzalari dantza, Itziar Ugarte Irizarrek ondua. Kultura herrikoia da trikitixa, eta, beraz, idatzi gabe dago historiaren zati handi bat. Historia hori idaztea –eta berridaztea– ere bada, beraz, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egitekoetako bat?
Bai, zalantzarik gabe. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egiteko nagusietako bat izan da urte hauetan trikitixaren memoria jasotzea, zaintzea eta belaunaldi berriei transmititzea. Izan ere, trikitixa herri-kulturaren parte den heinean, haren historiaren zati handi bat ahoz transmititu da, eta askotan idatzi gabe geratu da. Horregatik, Elkarteak ezinbestekotzat jo du historia hori dokumentatzea eta ikusgarri egitea.
Aurreko belaunaldien ezagutza etorkizuna eraikitzeko baliagarria da. Horregatik, urteotan Elkarteak argitalpen, disko, dokumentazio- eta ikerketa-lan ugari sustatu ditu, trikitixaren ondare kulturala gal ez dadin.
Gainera, oso esanguratsua da azken bi biografia handiak emakumeei eskaini izana: Romualda Zuloaga eta Primi Erostarberi. Historian emakumeek izan duten presentzia askotan behar baino gutxiago nabarmendu da, nahiz eta trikitixaren transmisioan eta panderoaren tradizioan funtsezkoak izan diren.
Beraz, bai: historia hori idaztea eta berridaztea ere bada Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen arduretako bat; ez soilik iragana gordetzeko, baizik eta komunitate baten memoria bizirik mantentzeko eta etorkizunari begira oinarri sendoak eraikitzeko.
Gainera, aurreratu dezaket aurten argitaratuko dugun biografia-liburua Zubizarreta Ahizpei zuzendua izango dela. Elgoibarren jaioak, hamaika anai-arreba ziren zubizarreta gurrutxagatarrak. Guztiek jotzen zuten tresnaren bat, pandero-jotzaileak, ordea, Pantxika (1988-1964), Martzelina (1892-1991) eta Juliana (1910-2006) izan ziren.
Espainiako Gerra Zibilak emakumezkoak plazatatik (ere) zokoratu zituen arren, Zubizarreta ahizpek lortu zuten gizonezkoen trikiti-munduan lekua egitea. Juliana, adibidez, garaiko trikitilari ezagun gehienekin ibili zen pandero-jotzaile, hala nola, Kataolatzarekin, Madariagako Gregoriorekin, Lajarekin, Sakabirekin, Mendaroko Ospasekin, Manuel Gelatxorekin eta baita haren seme Pedrorekin ere. Martzelina berriz, Zestoan bizi izan zen eta, besteak beste, Joxe Etxabe Udabe Bittarte-rekin ibili zen panderoa jotzen. Hiru ahizpak hilak diren arren, haien testigantza gordetzen duten familiartekoek historia berreskuratzen eta osatzen lagunduko digute.
2022an ospatu zituen urrezko ezteiak Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, eta, handik bi urtera, 2024an, egindako bidea laburbiltzen duen liburua eman zuen argitara, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. 50 urte eta gehiago, Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak idatzia. Egoitza aldatzearena erabaki handia izan zen, noski, baina bost hamarkadatan nabarmentzeko moduko beste hainbat aldaketa ere izango ziren, ezta?
Bai, egoitza-aldaketa garrantzitsua izan zen, baina bost hamarkadako ibilbidean Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak beste hainbat urrats eta eraldaketa esanguratsu ere bizi izan ditu. Liburuak azaltzen duen moduan, Elkartearen bilakaera etengabeko eraikuntza kolektibo baten emaitza izan da.
Hasierako urteetan, esaterako, Elkarteak ez zuen ez egoitzarik ez egitura formalik. Bilera asko trikitizaleen topagune ziren jatetxe eta elkarte gastronomikoetan egiten ziren, eta 1991ra arte ez zen Elkartea legeztatu. Hortik aurrera etorri ziren egonkortasun handiagoa ekarri zuten hainbat mugarri.
1995ean bazkidetza-sistema jarri zen martxan, eta horrek autonomia handiagoa eman zion Elkarteari proiektu propioak garatzeko. 2000. urte inguruan beste jauzi kualitatibo bat etorri zen: lehen aldiz liberatuak hasi ziren lanean, bazkideen ekarpenei eta erakundeekin sinatutako hitzarmenei esker. Horrek aukera eman zuen eguneroko jarduna indartzeko eta zerbitzu gehiago eskaintzeko.
Urteotan Elkarteak dokumentazio-lana, ikerketa, argitalpenak, formazioa eta koordinazioa sendotu ditu. Horren erakusgarri dira antolatutako jaialdiak eta hitzaldiak, eskainitako zerbitzu eta ikastaroak, baita argitaratutako buletin-aldizkari, liburu, disko eta abesti kopuru handia ere. Liburuak jasotzen duenez, azken bi hamarkadetan 35 jaialdi eta 45 hitzaldi antolatu dira, eta 30 liburu nahiz 400 abesti baino gehiago argitaratu dira 31 diskotan.
Azken batean, bost hamarkada hauetan Elkarteak trikitixaren inguruko komunitatea antolatu, sendotu eta etengabe berritzen jakin du.
[Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. 50 urte eta gehiago liburuaren aurkezpena]
Trikitixak asko eman die euskal musikari eta, oro har, kulturari, eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ere lan eskerga egin du isilpean ondare horren zabalkundean. Batak zein besteak merezi duten aitortza al dute?
Nik uste dut trikitixak eta trikitixaren komunitateak ekarpen handia egin diotela euskal kulturari, eta askotan ekarpen hori ez dela behar bezainbeste baloratu.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak urte luzez egin du lan askotan ikusgaitasun handirik gabe: dokumentazioa biltzen, ondare historikoa jasotzen, argitalpenak sustatzen, trikitilari gazteei laguntzen, formazioa eskaintzen eta transmisioa bermatzen. Horren guztiaren atzean militantzia handia egon da, bai boluntarioena bai liberatuena.
Gainera, askotan merkatuaren logikatik kanpo hartu dira erabakiak: errentagarriak ez izan arren, ondarearen transmisioa, euskarazko sorkuntza edo gazteei bidea irekitzea lehenetsi dira. Horrek erakusten du Elkartearen lana ez dela soilik kultur programazioa egitea izan, baizik eta komunitate oso baten zerbitzura jardutea.
Aitortzari dagokionez, azken urteotan pauso batzuk eman direla esango nuke, baina trikitixaren historiak berak erakusten du urte askotan herri-kulturaren eremu informaletan bizi izan dela: ahoz aho, plazaz plaza eta belaunaldiz belaunaldi. Horregatik, hain zuzen ere, guretzat garrantzitsua da historia hori jasotzea eta kontatzea; izan ere, herri batek bere memoria zaintzen ez badu, arriskua dago egindako lana eta egindako ekarpena lausotuta geratzeko.
Bertsolaritzaren bideari jarraiki, trikitixak ere lor lezake noizbait ondare immaterialeko kultur ondasun izendapena?
Nik uste dut trikitixak badituela ondare immaterial izendapena merezi izateko osagai guztiak. Izan ere, ez gara soilik musika-tresna edo genero musikal bati buruz ari; komunitate baten bizimoduaz, transmisio-moduaz, hizkuntzaz, dantzaz eta herri-kulturaren adierazpide oso batez ari gara.
Trikitixaren jatorrian panderoa, kopla eta dantza daude, eta belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu den kultur adierazpena izan da. Horregatik, trikitixaren balioa ez dago soilik oholtza gainean edo grabazioetan; herri-memoria batean eta komunitate-sare batean dago.
Bertsolaritzarekin gertatu bezala, uste dut garrantzitsuena ez dela soilik aitortza instituzionala bera, baizik eta komunitate bizi bat egotea. Eta trikitixak badu hori: hor dago gure indargune handiena.
[Euskal Herriko Trikitixa Eguna. 2025/04/05 - Agurain]
Askotan tradizionaltzat jotzen da trikitixa, eta bada tradizioari traizioa egin nahi dionik modernotasunaren izenean. Baina trikitixak jakin du beste musika-tresna batzuekin nahasten eta garaian garaiko joeretara egokitzen. Zer-nolakoa da egun trikitixaren egoera (trikitilariei, ikasleei, publikoari eta abarri dagokienez)?
Trikitixaren historian begiratzea besterik ez dago ulertzeko tradizioa eta berrikuntza beti joan direla eskutik. Trikitixa kultur adierazpide bizia izan da beti, eta garaian garaiko aldaketa sozial, teknologiko eta musikalekin harremanetan bizi izan da. Horregatik, trikitixak "azal berritzen" jakin du: joera batzuk bereganatuz eta beste batzuk albo batera utziz.
Tradizionala da tradizioz egiten dena, errepikatzen dena. Instrumentuari herriak bere berezitasun propioa ematen dionean bihurtzen da herrikoi, berezko, Euskal Herriko doinu. Kanpoko influentziak geure egiten ditugunean, gure moduan, orduan bihurtzen dira herrikoi eta, behin eta berriz errepikatzen badira, tradizional.
Ez bada aldatzen ez da mantentzen eta ez bada mantentzen hil egiten da.
Hasierako pandero hutsetik akordeoi diatonikora igaro zen, gero bikote-formatua sendotu zen, eta denborarekin beste instrumentu eta musika-molde askorekin elkarrizketan aritu da. Horrek erakusten du trikitixa ez dela museo batean gordetako pieza bat, baizik eta etengabe mugitzen den komunitate kulturala.
Gaur egun, gainera, egoera oso bestelakoa da duela 50 urtekoarekin alderatuta. 1972an trikitixaren komunitatea egoera oso ahulean zegoen, eta gaur egun, berriz, bere norabidea markatzeko gai den komunitatea da. Hor badago urte askotako lan kolektiboaren emaitza.
Ikasleei dagokienez, irakaskuntza-sare zabala dago gaur egun, topaketak, material pedagogikoak eta formakuntza-saioak antolatzen dira, eta belaunaldi berriek trikitixa ikasteko inoiz baino aukera gehiago dituzte. Trikitilariei dagokienez ere, askotariko profilak daude: tradiziotik gertuago daudenak, esperimentaziora jotzen dutenak, eta beste musika-estiloekin nahasten dutenak.
Publikoari dagokionez, trikitixak oraindik ere lotura handia du plaza-, erromeria- eta jai-giroarekin, baina oholtza eta proposamen artistiko berrietara ere egokitu da. Horrek guztiak erakusten du trikitixaren indarra ez dagoela forma bakar batean, baizik eta komunitate batek bere garaiko erronkei erantzuteko izan duen gaitasunean.
2025eko otsailaren 18an, Espainiako Ministro Kontseiluak musika-irakaskuntza profesionalen barruan trikitixaren espezialitatea sortzea onartu zuen, eta martxoaren 6an argitaratu zen errege-dekretua. Berehala, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hausnarketa-prozesua abiarazi zuen irakasle eta bazkideen iritziak jasotzeko. Zer ondorio atera zenuten? Nola eragin lezake datozen urteetan?
Dekretuak aitortza instituzional garrantzitsua ekarri du, eta pauso historikoa da trikitixa musika-irakaskuntza profesionalen barruan txertatzea. Baina egia da trikitixak bazuela lehenagotik ere herriaren aitortza.
Azken batean, trikitixaren indarra ez da dekretu batekin sortu. Komunitate batek mantendu du bizirik urte luzez.
Horregatik, guk askotan esaten dugu aitortza instituzionala garrantzitsua dela baina trikitixari benetako zilegitasuna herriak eman diola urte guzti hauetan. Herri-kulturatik sortu zen, eta herriaren babesari esker iritsi da gaur egun dagoen lekura.
Hala ere, hasieratik argi izan genuen erabaki horrek galdera eta erronka berriak ere ekarriko zituela. Horregatik abiatu genuen hausnarketa-prozesua bazkideen artean, komunitatearen ikuspegia entzutea ezinbestekoa iruditzen zaigulako.
Prozesu horretan behin eta berriz azaldu zen ideia bat izan da oreka zaintzearen beharra: alde batetik, trikitixak merezi duen aitortza akademikoa eta egonkortasuna lortzea; eta, bestetik, trikitixaren izaera herrikoia, ahozko transmisioa eta plazako kultura ez galtzea. Izan ere, gure historiak erakusten du trikitixa ez dela soilik kontserbatorioko irakasgai bat, komunitate baten transmisio-modua baizik.
Horregatik, gure ustez, gakoa ez dago soilik dekretuan bertan, baizik eta hemendik aurrera komunitateak egingo duen bidean. Trikitixak historian zehar erakutsi du egokitzen eta berritzen badakiela, baina beti komunitateari eta transmisioari lotuta. Etorkizunean ere hori zaintzea izango da erronka nagusietako bat.
[Usurbilgo Trikitilari Eguna Oroituz. 2025/03/22 - Usurbil]
Eta zein dira trikitixaren esparruan dauden beste erronka handiak?
Erronka nagusietako bat belaunaldien arteko transmisioa zaintzea izango da, hori baita trikitixaren oinarrietako bat. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen kezka nagusietako bat izan da aurreko belaunaldien ezagutza jasotzea eta etorkizunera eramatea.
Horri lotuta, uste dugu ezinbestekoa dela plaza, erromeria eta ahozko transmisioaren espazioak bizirik mantentzea. Trikitixa ez baita soilik ikasgela batean ikasten den zerbait; komunitatean bizi den kultura da. Horregatik, erronka handia izango da irakaskuntza arautua eta herri-transmisioa orekan mantentzea.
Beste erronka bat izango da gazteei erakargarri egiten jarraitzea, trikitixak historian zehar egin duen bezala garaiko hizkuntzekin eta sentsibilitateekin elkarrizketan jarraituz.
Horrez gain, dokumentazio- eta memoria-lanarekin jarraitzea ere bada erronka handi bat. Herri-kulturaren zati handi bat ahoz transmititu denez, arriskua dago hainbat testigantza, doinu edo bizipen galtzeko. Horregatik, guretzat garrantzitsua da historia hori jasotzen eta berridazten jarraitzea.
Eta, azkenik, komunitatea bera zaintzea: trikitilariak, pandero-jotzaileak, irakasleak, ikasleak, antolatzaileak eta zaleak. Trikitixaren indargunerik handiena ez baita tresna bera bakarrik, haren inguruan ehundu den komunitate bizia baizik.
[2026ko maiatzaren 25ean argitaratutako Berezia]