Garazi eta Unai Lopez de Armentia: «Arte eszenikoen sektoreari laguntza ematen dion eta sektorea oinarritik indartzen duen espazioa da Baratza aretoa»

  • Garazi eta Unai Lopez de Armentia: «Arte eszenikoen sektoreari laguntza ematen dion eta sektorea oinarritik indartzen duen espazioa da Baratza aretoa»

Gasteizen arte eszenikoen sektorea indartzeko espazio bat behar zela iritzita jarri zuten abian Baratza aretoa Garazi eta Unai Lopez de Armentia neba-arrebek 2013ko apirilean. Sektorearen artean sareak sortuz joan diren heinean, hasieran amets zoro bat zirudiena erreferente kultural gisa finkatu da Euskadin. Garazirekin eta Unairekin hitz egin dugu arteen sorkuntzara, ikerketara, prestakuntzara, erakusketara eta bitartekaritzara bideratutako zentro honen nondik norakoak hobeto ezagutzeko.


Amets zoro batetik jaio omen zen Baratza aretoa. Krisi-garai betean, jendeak ez zuen ulertzen zer egin nahi zenuten zehazki, baina zuek argi zenuten. Espazioa bera ere hutsetik sortu zenuten. Nola gogoratzen dituzue garai haiek? Zer areto-eredu izan zenuten buruan proiektua martxan jartzea erabaki zenutenean?

Beharra zegoelako sortu zen Baratza, garai hartan beharrezkoa ikusten baikenuen Gasteizen arte eszenikoen sektorea indartuko zuen entsegu- eta topaketa-leku bat. Krisian geunden, eta, beti bezala, kultur sektorea zen gehien sufritzen ari zena. Denbora gutxian, entsegu-areto, tailer- eta topaketa-gune gisa hasi zena zerbait askoz handiagoa bihurtu zen, asmo handiagoko egitasmoa hasi zen gauzatzen.

Eredua Ingalaterran, Alemanian eta Frantzian ezagutu genituen espazio independente eta alternatiboetatik hartu genuen. Baina, jakina, duela 13 urte hemen existitzen ez ziren Europako kultura-politikekin batera zihoazen proiektu-ereduak ziren horiek. Horregatik, asko kostatu zen administratiboki Baratza irekitzea, Udalaren baimen-kontuengatik eta abar. Gainera, ekonomikoki arrisku ikaragarria izan zen, baina esfortzuarekin, laguntza pribatuarekin, ilusioarekin eta dedikazioarekin aurrera ateratzea lortu genuen. Hala ere, beti esaten dugun bezala, hau etengabeko erresistentzia-ekintza da, gure sektoreak oso prekarioa izaten jarraitzen baitu herrialde honetan, eta ia ezinezkoa da egonkortasuna eta duintasuna lortzea.

Hori esanda, aipatu behar da hamarkada luze honetan gure aurreikuspenak gainditu ditugula, eta gaur egun esan dezakegu amets hura erreferente kultural gisa finkatu dela Euskadin. Sektoreari laguntza ematen dion eta sektorea oinarritik indartzen duen espazio bat da, artista gazteak babesten dituena profesional bihurtzeko prozesuan eta arte biziei gure gizartean izan behar duten garrantzia ematen laguntzen duena.

[Parasite Kolektiboa. Jokoa]


Zer da zehazki Baratza aretoa? Zer helburu ditu?

Baratza Gasteizko erdialdean dago. Arteen sorkuntzara, ikerketara, prestakuntzara, erakusketara eta bitartekaritzara bideratuta dauden 300 metro karratu dira. Bi neba-arrebak sortutako proiektua da, Garazi Lopez de Armentia antzezle eta dantza-sortzaileak eta Unai Lopez de Armentia antzezle eta antzerki-sortzaileak. Hiru emakumek/disidentek osatutako talde egonkorra dute alboan, eta haiekin batera sorkuntza-baratza hau zuzentzen dute.

Baratzak sorkuntza garaikidea eta ikerketa eta berrikuntza bultzatzen ditu arteetan. Sortu zenetik, tokiko eszena babesten du, eta artista berrientzat anezka gisa balio du. Nazioarteko kontaktuei eta taldearen ibilbideari esker, sare lokalak, nazionalak eta nazioartekoak sortzen ditu artista, espazio eta publikoen artean.

Horretarako, zentroak egonaldiak, klaseak, tailerrak eta programazio eszenikoa eskaintzen ditu. Gainera, kultur arloko jende askorentzat topagunea da, baina baita inguruko auzoekin, Errota eta Alde Zaharra, bitartekaritza artistikoa eta lan sozio-komunitarioa egitea ere badauka xede bezala. Hori dela eta, kultura-jardueraz gain, aretoak hitzaldiak, aurkezpenak, topaketak eta programazio anitza bere baitan hartzen ditu, eta hirian eta atzerrian gertatzen diren zenbait proiektutan ere elkarlanean ari da.

[Raira Rosenkjar Tetas piezaz hizketan]


Entsegu-lokal gisa jaio zena, formakuntza-zentro ere bihurtu zen gero, proiektua errentagarri egitearen garrantziaz jakitun. Zer-nolako prestakuntza eskaintzen duzue?

Baratzak hainbat diziplina eszeniko edo fisikotako ikastaro erregularrak, trinkoak eta masterclassak eskaintzen ditu urte osoan zehar. Klase erregularrak (yoga, dantza, antzerkia...) eta tailerrak, masterclassak edo noizbehinkako ikastaroak daude. Gainera, Parasite Kolektiboak Ikerketa eta Sorkuntza Eszenikoko Laborategia (LINCE) zuzentzen du, aretoaren filosofia pedagogikoaren ardatz gisa.

Baina kanpoko proposamenak ere hartzen ditugu, beti gorputzarekin, mugimenduarekin, musikarekin, sormenarekin edo ongizatearekin lotutakoak, gure eskaintza osatzen laguntzen digutenak eta aretoarentzako diru-sarrera modu bat ere badirenak.

[Kuia espazioa]


Sortze-prozesuari garrantzi handia eman izan diozue beti, ez azken emaitzari bakarrik. Sortzeko baldintza egokiak behar dira, eta horixe eskaintzen duzue zuek egonaldi artistikoen bidez. Berriki itxi duzue prozesuan edo aurre-ekoizpen fasean dauden bi proiekturi laguntzeko egonaldien deialdia. Erakusteko espazioak ez ezik, sortzeko espazioak ere behar dira?

Behar dira, eta asko. Eskari handia dago entsegu-, esperimentazio- eta ikerketa- prozesuentzako espazioei dagokienez. Gu saiatzen gara eskari horri ahalik eta ondoen erantzuten, ez soilik egonaldien bidez, baita espazio-lagatzeen bidez ere.

Artistek kudeatutako aretoa da Baratza, eta, horregatik, badakigu zein garrantzitsua den sortzaileentzat ikertu, esperimentatu eta entseatu ahal izateko espazioak izatea. Sormen-prozesuetarako espazioa eta denbora eskaini ahal izatea gure eginkizun garrantzitsuenetako bat da. Horregatik, espazioa eta denbora ez ezik, prestazio ekonomikoak, mentoringak eta bitartekotza- eta lankidetza-prozesuak ere eskaintzen dituzte Baratzako egonaldi artistikoek.

Hiru egonaldi-mota daude: lagapen-trukea, lankidetza edo deialdi bidezkoa. Urte osoan zehar egiten dira.

[Urania Ducajú. Estar viva me grita]


Urteko programazio eszenikoa hainbat ziklotan banatzen duzue: Bertako Fest, Zurrunbilo Jaialdia, Tzan Tzan Fest, Scratxe Gaua eta Baratza Urteurrena. Zer bilatzen duzue egitasmo horietako bakoitzarekin?

Horiek denboran zehar destilazio moduan gelditu diren zikloak dira. Lehenengo urteetan hilabetero programatzen genuen, denetarik. Saiatzen ginen heltzen zitzaizkigun proposamenei erantzuna ematen eta guri interesatzen zitzaizkigun lanei espazioa bilatzen. Baina horrek guztiak dakarren lana gehiegizkoa zen, eta, gainera, ez genuen horretarako baldintza ekonomiko eta estrukturalik.

Beraz, denborarekin gure identitatearekin bat zetozen zikloak babestu genituen. Alde batetik, dantza garaikideak eta euskarazko arte eszeniko garaikideek gure lurraldean babes handia behar dute, eta, gainera, gure gustukoak diren diziplinak dira biak. Horrekin batera, esperimentalagoak diren lengoaia berriak bultzatu nahi ditugu. Eta, noski, bertakoak diren lanak, konpainiak eta artistak ere babestu nahi ditugu.

Programazioa honako ziklo hauetan banatzen da: Bertako Fest, bertako sorkuntzaren alde freskoena eskaintzeko; Zurrunbilo Jaialdia, euskarazko sorkuntzan zentratzen dena; Tzan Tzan Fest, dantza garaikideko ziklo esklusiboa; Baratza Urteurrena ziklo goxo eta askotarikoa (disidentzia ere behar duen tokia izaten ari da azken urteetan: auzoko gaiak eta identitatea, disidentzia sexu/generikoak, jatorrizkoak, besteak beste); eta Scratxe Gaua, eszena nazional mailan prozesuan dauden proposamen ausartenei eskainitako asteburu bat.

[Idoia Zabaleta. Orta edo nor-bat dantzan]


Urte hauetan guztietan, tokiko eszenari babes handia eman diozue, eta bereziki bultzatu duzue euskarazko sorkuntza. Orain 12-13 urte Gasteizen ez zen beharbada euskaraz sortzeko hainbesteko ohiturarik egongo. Errealitatea asko aldatu al da?

Ba, egia esan, aldatu da, eta harrotasunez esan dezakegu Baratzak eragin handia izan duela horretan. Orain dela 10 urte Gasteizen oso gutxi programatzen zen euskaraz. Oraindik ere gutxi programatzen da, baina orduan gutxiago. Beraz, hemengo sortzaile euskaldunek ez zuten euskaraz sortzen, ez baitzuten irteerarik ikusten beraien lanentzat.

Zurrunbilo Jaialdia, euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdia, horregatik hasi zen, duela 10 urte.

Hasieratik aritu gara Euskal Herrian sorkuntza-munduan diharduten beste mugimenduekin sareak sortzen, bertarako artistak sare horietan murgiltzeko intentzioarekin. Orain arte, EHAZErekin, Oihaneder Euskararen Etxearekin, Metrokoadroka, Artedrama eta ATX konpainiekin, EHUko Kultura Sailarekin, TAErekin eta Izaskun Arrue Kulturgunearekin ibili gara elkarlanean.

Horrela, Zurrunbiloren eskaintza eszenikoa bitartekaritzako eta prestakuntzako jarduera paraleloekin osatzen da. Urtero aldatuz doaz, eta euskal arte eszenikoak Gasteizko publikoari hurbiltzeko helburuari erantzuten diote. Audientziekin lan egiteaz gain, jaialdi honen beste zutabeetako bat sareak sortzea delako. Hau da, sareak sortzea Arabako lurraldearen eta Gipuzkoan eta Bizkaian lehendik dagoen euskal sorkuntza garaikidearen mugimenduaren artean, baita Iparraldearekin eta Nafarroarekin ere.

[Tripak Kolektiboa Platea antzezten Zurrunbilo jaialdian] 


Baratza aretoaren bueltan sortuz joan diren sareak ez dira soilik lokalak, nazioartekoak ere badira. Nola baloratzen duzue orain arte egindako lana? Zer esanahi dauka gaur egun Baratzak Gasteizentzat?

Baratza eta Parasiteko kideek ibilbide luzea dute nazioartean antzerkiaren eta dantzaren munduan, eta, horregatik, Baratzak loturak ditu hemengo eta kanpoko artistekin, konpainiekin eta antzeko espazioekin. Gainera, sare horiek hazten jarraitzen dute, eta Baratzak, iraganeko harreman horiek mantentzeaz gain, aliantza berriak egiten ditu urtero.

Ortuak/baratzak sektorearen artean sareak sortzea du helburu, kultura modu integralean indartzeko eta aberasteko.

Honako hauek dira aliantza horietako batzuk:

Arrakala Koop., Kalakalab, Parasite Kolektiboa, Pez Limbo eta Teklak erakunde/kolektiboek bultzatutako ekimena da Topa! Beren jarduera profesionala artearen, kulturaren eta sormenaren hainbat esparrutan garatzen dute. Topa!-ren egoitza nagusia Gasteizko Baratza aretoa da. Bertan, sustatzaileek sorkuntza garaikideari, publikoarekin egiten den lanari eta kultur kudeaketari lotutako proiektuak amesten eta diseinatzen dituzte. Topa! 2017an hasi zen imajinatzen, 2021ean forma hartzen hasi zen eta 2022an eratu zen elkarte gisa. Funtsean, diziplinarteko lankidetzan eta kogobernantza-ereduetan esperimentatzeko nahia dago, eta zaintza eta laguntza kolektiboko balio handia duen proiektua da.

Monstrenka aretoa, Garaion eta Azala lehengusina/ahizpa modukoak dira Baratzarentzat. Arabako eta kanpoko lurraldeetako bizitzak kultura- eta kontrakultura-indarrez elikatzen dituzten pertsonak eta espazioak dira. Espazio horiekin harremana izatea, derrigorrezkoa izateaz gain, plazera ere bada, bide harritsua basa-lorez betetzea eragiten duena.

Lokalki, zenbait kolektibo eta konpainiak —hala nola, Sleepwalk Collective, Larrua, Tripak, Les Bobé Bobé, Pez Limbo, El mono habitado, Kalakalab, Metrokoadroka, DOOS eta abar luze batek— Baratzak eta hark bultzatzen duen guztiak zentzua izatea eragiten dute. Sormena eta potentziala nabariak dira lurralde honetan, eta beharrezkoa da guztion artean hori elikatzen jarraitzea merezi duen kultura-nitxo izan arte. Oraingoz, ez dauka politikariek eta erakundeek egingo duten itxurarik.

Gainera, Baratzak hainbat proiektu eta ekimen babestu eta lagundu ditu, hala nola, Gauekoak, Festival InTacto, Gaztefilm eta Zineleku, Jalgi! Ahotsa, Cosmic Fest eta abar. Eta Zehar, Errota Anitza, Aldabe Gizarte Etxea, Korrika...

[Olfa Sendesni]


Ez da ahaztu behar zuek biok artistak ere bazaretela. Nola uztartzen dituzue zentroaren zuzendaritza-lana eta sortzeko duzuen grina?

Guk beti argi izan dugu lehenengo artistak garela eta hori ezin dela gure bizitzan falta, baina egia da horrekin bakarrik aurrera ateratzea zail samarra dela; beraz, esan dezakegu bi lanak partekatzea ezinbestekoa zaigula. Gero zailtasunak ere badira; kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak batzuetan nahi genukeena baino lan handiagoa eskatzen digu, eta produkzio artistiko baten aurrean gaudenean dena pilatzen da, baina bihotza pozik izaten dugu antzerki eta dantza artean mugitu gaitezkeenean.

Esango nuke gero eta modu arinagoan egiten ikasi dugula, eta, gainera, seme-alabak hazten ari dira, eta horrek ere malgutasuna eskaintzen digu. Hasieran, kultur kudeaketaren lana berria zen, dena genuen ikasteko, umeak txikiak ziren eta zailtasunez bilatzen genuen denbora entseguetarako. Orain, Baratzako taldea egonkorragoa da, badakizkigu nondik norakoak eta, gainera, argiago daukagu antzezle-lanak nola egin nahi ditugun, gehienetan ez goaz diruz hain itota eta erabaki osasuntsuagoak har ditzakegu.

[Baratzako lantaldea]


Baratza aretoan beti saiatu izan zarete arte eszenikoen unean uneko beharrizanei erantzuten. Zein dira momentu honetan beharrizan horiek? Nola egin dakieke aurre erronka horiei?

Garrantzitsua da kultura-sektorera dedikatzen diren zentro independenteak artistek kudeatzea, horrek oinarrizko sektoretik hurbil eta konektatuta mantentzen baititu. Laguntza publiko eta pribatuei esker, zerbitzu publikoak duen bokazioari eusten diogu, baina beti ere sektorearen eta artisten ikuspegitik.

Gure sektorearen defentsa eta duintasuna ez da guretzat diskurtso teoriko bat, ezta aldarrikapen abstraktu bat ere; gure bizi- eta lan-esperientziaren parte da. Gure eguneroko lana militantzia-modu batek zeharkatzen du, artea eta kultura gizarte kritikoago, sentikorrago eta kohesionatuago bat eraikitzeko funtsezkoak direla sinestetik jaiotzen dena.

Hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, hasi gineneko helburu berberekin jarraitzen dugu Baratzan. Badakigu hau iraupen-lasterketa bat dela. Zenbait alderditan aurrerapauso handiak eman badira ere, oraindik urrun gaude kultura, sozialki zein politikoki, ondasun unibertsal gisa eta pertsonen eta komunitatearen garapenerako oinarrizko behar gisa hautematen den eszenatoki bat lortzetik.

Gure ustez hori da gure lekua, artea beti izango baita —edo hala izan beharko luke— zerbait subertsiboa, eta, beraz, gure lekua beti izango da erresistentziarena.

Uste sendo horretatik abiatuta, gure lana ez da soilik arte-sorkuntzaren eta kultura-sektorearen laguntzara mugatzen. Azken urteotan, ingurune hurbilarekiko dugun konpromisoa ere indartu dugu. Gure ustez, kultura ezin da bizi inguratzen duen errealitate sozialetik isolatuta. Horregatik, aktiboki parte hartzen dugu gure auzoko Errota Zaharraren bizitza komunitarioan, auzoko elkarte eta proiektuekin elkarlanean: Errota Anitza, Errota Zaharra Auzo Elkartea, Errota Mahaia, jai-batzordea edo Errota Eskola, besteak beste. Gure ustez, kulturak zentzua du loturak sortzeko, komunitatea sendotzeko eta mundua bizitzeko beste modu batzuk kolektiboki irudikatzen laguntzeko gai denean.

 

[2026ko ekainaren 17an argitaratutako Berezia]