Jon Casenave, idazlea eta euskaltzain osoa: «Azken bizpahiru hamarkadetan, lehengo autoreekilako lotura desegitera utzia dugu ohartu -eta nahi- gabetarik»

  • Jon Casenave, idazlea eta euskaltzain osoa: «Azken bizpahiru hamarkadetan, lehengo autoreekilako lotura desegitera utzia dugu ohartu -eta nahi- gabetarik»
    Argazkia: Euskaltzaindia

Jon Casenave idazle eta euskaltzain osoak Euskal klasikoen bila liburua ondu du, azpititulu gisa galdera bat planteatzen duena: autore zaharrak zertarako ditugu? Lau partetan banatuta, euskal literaturako obra eta egile klasikoak ditu hizpide, eta azken bi mendeetan euskal literaturan izan diren klasikotze-bideak aztertzen ditu. Gure klasikoei buruz hausnartzen jarraitzeko asmoa du Jonek, eta jada hasia da liburu honen segida prestatzen; bertan, 2000. urtetik gaur arteko bilakaera erakutsiko du.


Euskal klasikoen bila liburua da zure lanik berriena. Zer helbururekin idatzi duzu?

Aitzinsolasean kondatu bezala, liburu hau eskas batetik abiatu da. Ikasturtearen amaieran, ikasleen udako irakurketa-zerrenda osatzerakoan ohartu nintzen bi liburu falta zirela -beste askoren artean- liburu-saltokietan, hain zuzen J.B. Elizanbururen Poesiak eta Jean Etxepareren Buruxkak saio-bilduma. Bizkitartean, biak funtsezkoak dira Iparraldeko ikasle baten kulturari begira.

Inguruko kulturetan, lehengo obra nagusiak irakurtzen eta irakasten dira, baita ere berrargitaratzen etenik utzi gabe sakelako bilduma merkeetan. Gurean, aldiz, jarraipen literario hori ez dugu aski zaintzen. Liburu honen bitartez, gogoeta bat nahi izan dut eraman euskal kulturarentzat premiatsua den gai horren inguruan.


Zertaz ari gara gaur egungo ikuspuntutik "klasiko" diogunean?

Kultura garatu guzietan, literatura-sailean klasikotzat hartzen diren obrak izaten dira, komunzki, memorian geratu direnak molde kontsentsual batez. Klasiko bat aipatzen delarik, beti ikuspondu garaikide batetik ikusia da. Hots, gaurko irakurleentzat egina da, gisa hartara egokitua, ikasle edo irakurle jantzi batek behar dituen tresna argigarriekin: oin-ohar kulturalak, literarioak, hizkuntza mailakoak, etab.

Bainan, ez da baitezpada euskal kulturan askotan eraikitzen diren "monumentu filologiko" handi horiekin parekatu behar "klasiko" baten argitalpena. Edizio filologikoak guziz beharrezkoak dira eta asko errespetatzen ditut, artetan nihaurek egiten baititut holakoak. Bainan, argitalpen filologikoak badu alde exhaustibo bat "klasiko" batek eskatzen ez duena. Publiko mugatu eta berezi batentzat egina da "argitalpen filologikoa". Aldiz, zabalagoa behar luke hartzailegoa klasiko batek, horrengatik daiteke erran gaurko ikuspondutik egin behar daitekeela haren argitalpena, gaurko irakurlearentzat pentsatua. Bi edizio-motak behar ditugu gure kulturan eta bigarrena dugu falta mementoan.


Zerk egiten du idazle edo lan bat klasiko? Zergatik atxiki ditugu gure memorian idazle eta liburu batzuk eta ez beste batzuk?

Klasiko bilakatzeko, obra batek ezinbestezko urraspide zenbait baditu iragaiteko. Literaturaren soziologoek ongi erakutsi duten bezala, gizarte batean indarrean dauden "instituzio" edo eragin handiko talde batzuek finkatzen dute "memorian" atxiki "behar" -nahi- dituzten obren zerrenda.

Halarik ere, nahiz aldaketak iraupen luzean baizik ez diren gertatzen, klasikoen zerrenda ez da behin betikoa. Gizartearen ikusmoldeen arabera, obra batzuk sartzen dira zerrendan eta beste batzuk jalgitzen. XX. mendeko 60ko hamarkada arte, erlijioa gai nagusitzat zuten obra batzuk asko aipatzen ziren. Garai hartan, Piarres Lafitte eta Luis Villasante kritikariek goraipatu zuten F. Laphitzen Bi saindu hescualdunen bizia (1867) eta euskal klasikoen zerrendan sartu. Gaur egun, helburu estilistiko batekin irakurtzen den obra da eta ez da gehiago euskal klasiko nagusietan sartzen, erlijio mailako gaiak "literaturaren eremutik" kanpo ezarriak baitira eta irakurlego zabalenak ez ditu sail hartako obra gehienak ezagutzen.


Zelan osatu da euskal klasikoen corpusa? Zer pisu izan dute prozesu horretan barneko zein kanpoko adituek?

Euskal klasikoen corpusa XIX. mende erditik aurrera apailatua izan da. Euskal literaturaren historialariek -kanpokoek eta hemengoek- antolatua dute. Lehen hirurak; B. Detxepare, Axular eta A. Oihenart izan dira. Hastapeneko ikerketa horiek kanpoko historialariek eraman zituzten, adibidez Francisque Michel filologo frantsesak. Kanpoko aditu horiek inguruko kulturetan erabiltzen ziren kriterioak aplikatu zizkioten euskal literaturari, hots "idatziaren eredua".

Eta gero, astiro, zerrenda zabalago bat osatua izan da mende erdi batez, orain arte. Euskal adituek (Pierre Lhande, Piarres Lafitte, Orixe eta, geroxago, Mitxelena, Villasante eta Etxaide) barneko ikuspegi batetik landu zuten euskarazko sorkuntza, beren ezaugarriak sakonduz. Adibidez, ahozkoaren inguruan egiten zen sorkuntza (kantuak, bertsoak, antzerkigintza tradizionala, etab.) erakarri zuten euskal literaturaren sailera, agertu berri ziren sailekin batera, eleberria batez ere.


Nolakoak izan ziren lehengo idazleen klasikotze-bideak XX. mendearen lehen zatian? Zer-nolako ekarpena egin zuen bide horretan Yon Etxaideren Amasei seme Euskalerri'ko saiakerak?

Poxi bat ahantzia bezala da Yon Etxaideren ekarpena alde hortarik. Alta, funtsezkoa izan da Gerlen ondoko garaian. Bere gisara, euskal literatura mailako idazleen "panteona" proposatu zuen, hamasei idazle izen aitzinatuz. Bakoitzarentzat, bio-bibliografia bat egin zuen eta, ondotik, obraren aurkezpen kritiko bat. Hamasei horien artean, gaur egun oraindik klasiko bezala ikusten ditugun autore frango aipatu zituen: Detxepare, Axular, Oihenart, J. A. Mogel, etab.

Zerrenda horretan, besteak beste, Larramendi eta Mendiburu bezalako autoreak aztertu zituen, hots euskararen apologistak eta erlijioaren saileko idazle ezagunak. Gauza da, 60ko hamarkadatik aurrera, Koldo Mitxelena bezalako kritikari batzuen eraginez, kriterio akademikoak aldatu zirela banpez euskal literaturari begira. Adibidez, itzultzaileak, apologistak eta erlijioaren sailean ari ziren idazleak baztertu ziren. Hots, aski fite, zaharkitutzat agertu zen euskal kulturan Yon Etxaideren ekarpena.


XX. mendearen bigarren erdian euskal kanon literarioa zelan finkatu zen azaltzeko, adituen testuetara jo duzu. Nola azaldu zuten prozesu hori Koldo Mitxelenak, Ibon Sarasolak eta Joan Mari Torrealdaik?

Aurrekoan erran bezala, Koldo Mitxelenak kanpoko kultura akademikoetan indarrean ziren ikuspegi batzuk erakarri zituen euskal eremura, Historia de la literatura vasca (1960) deitu liburuan, baita ere bestalde argitaratu zituen azterketa kritikoetan. Aukera horien artean, kriterio literarioa ikusten zuen funtsezko: haren arabera, ordu arteko euskarazko sorkuntza bakandu zuen eta, ondorioz, itzulpen-egokipen gehienak baztertu zituen, baita ere erlijio mailako idazlanak. Era batez, ordu arteko euskal kanona murriztu zuen.

Haren ondotik, ondoko belaunaldiko kritikari batzuek osatu zuten haren ekarpena, batez ere literaturaren eta liburuaren soziologiaren ikuspegitik. Askoren artean, bi izen behar ditugu aurreratu: Ibon Sarasola eta Joan Mari Torrealdai. Ikusmolde kritiko horien bitartez, eraldatu zituzten euskal idazleen panteona eta euskarazko sorkuntzaren irakurtzeko era.


Zein izan zen kritika akademikoaren ekarpena? Nola gauzatu zen ekarpen hori?

Inguruko kultura guzietan funtsezkoa izan da kritika akademikoaren ekarpena. Gurean ere hala gertatu da, hala nola Koldo Mitxelena eta Piarres Lafitte bezalako kritikarien lanekin. Ondoko garaian (1975-2000) ikerketa unibertsitarioak obra eta autore nagusi gehienak landu ditu batez ere doktoradutza mailako tesien bitartez, besteak beste, Axular, Etxeberri Sarakoa, Txomin Agirre, Lizardi eta Orixe. Ikerlan horiei esker, garai hartako unibertsitarioek gaurko klasikoen zerrenda finkatua dute.

Bainan, bistan dena, prentsan agertu kritika-lanak eta idazleen kritika ere kondutan hartu behar dira. Albert Thibaudet XX. mende hastapeneko literaturaren historialariak idatzi zuen bezala, hiru kritika-sailek elkar osatzen dute literaturaren lantzeko eta argitan emateko.


Nola sartu zen ahozkoaren mundua klasikoen artera?

XX. mende hastapenetik aurrera bakarrik. Ordu arte, kultura idatziaren kriterioak aplikatzen zitzaizkion euskal kulturari. Eta, erran gabe doa, erlijioaren eremutik kanpo, gauza guti argitaratzen zela euskaraz. Bainan, hemengo ikerlariak hasi zirelarik euskal literatura pentsatzen, literaturaren balioa baita ere, haren neurtzeko ezaugarriak arraberritu zituzten. Erakutsi zuten egiazko balio literarioa aurki zitekeela ahozkoaren munduko obra nagusi batzuetan.

Euskal kritikari horien artean, Pierre Lhanden lana aipa daiteke. Harek Etxahun-Barkoxe eman zuen adibide gisa: idatziaren munduko poeta bat bezala landu zuen. Obra -bertsoak- bildu eta argitaratu zituen; aztertu zituen garai hartako kriterio akademikoen arabera; konparagai bezala, poeta ezagun batzuk erakarri zituen frantses literaturatik. Hots, orduko "poeta" baten maila eman zion eta, ahozkoaren mundutik ateraz, idatziaren munduan sarrarazi zuen eta klasiko bezala kontsakratu.


Hasieran aipatu duzun moduan, inguruko kulturetan klasikoek pisu handia dute: asko ohoratzen dira, eta leku nabarmena dute hezkuntza-sisteman. Gainera, etengabe berrargitaratzen direnez, erraz aurki daitezke. Azken batean, (ia) edozeinek ezagutzen dituen autoreak eta obrak dira. Euskal munduan nahiko bestelakoa da kontua, ezta? Zer egin daiteke egoera horri buelta ematen saiatzeko?

Lehen erran bezala, azken bizpahiru hamarkadetan, lehengo autoreekilako lotura desegitera utzia dugu ohartu -eta nahi- gabetarik. Jarraipen literario hori landu behar dugu eta gisa hartara antolatu.


Liburuaren azpitituluan planteatzen duzun galderari zuk zeuk zer erantzun emango zenioke? Alegia, autore zaharrak zertarako ditugu? Zer harreman dugu -eta nahi dugu- lehengo idazleekin eta haien lanekin?

Lehengo obra eta autoreei buruzko gogoeta hori bi partetan banatua dut: Euskal klasikoen bila deitzen den lehen partean, azken bi mendeetan euskal literaturan izan diren klasikotze-bideak aztertu ditut. Ondorioz, klasiko bezala agertu eta gainditu obra nagusiak aipatu ditut. Hots, orain arte, euskal kulturan lehengo idazleekin ukan ditugun harremanak landu ditut.

Prestatzen ari naizen segidan, 2000. urtetik orain arteko bilakaera aipatuko dut. Eta aurreko galderari erantzuna osatuko dut bigarren liburu hortan erakutsiz zer harreman nahi dugun antolatu lehengo autoreekin, behar genukeen jarraipen literarioaren segurtzeko gisan. Eta, jarraian, euskal klasikotegiaren berreraikitzeko proposamenak eginen ditut. Erran gabe doa partaide askoren artean mintzatzekoa eta osatzekoa dela egitarau hori, epe luzean.


Gaur egungo zenbait idazle eta liburu bihar-etziko klasikoak izango dira, beharbada. Nola ikusten duzu euskarazko literatura egun?

Euskal literatura garaikidea sekulan baino nasaiagoa da eta kalitate gorakoa da. Seinaleetarik bat dugu, dudarik gabe, kanpoko hizkuntzetara itzulia dela. Gaurko idazleek euskal literaturaren edukia handizki berritua dute. Ausartak izan dira, euskal gizarteak ezagutzen zituen gai premiatsuak erabili dituzte beldurrik gabe, minberenak barne: aurreko garaietako zauriak, XX. mendeko gerlek utziak, Frankismo garaia, memoria baztertuaren problematika, azken urteetako gatazkak eta euskal gizarteak bizi izan dituen aldaketa nagusiak, sozialak eta antropologikoak, emaztearen tokiarena adibidez. Hots, literaturaren funtzioa osoki bete dute idazle garaikideek eta, edukien aldetik baita ere hizkuntza mailan, hausdura handiak markatu dituzte aurreko ikusmoldeekin.

Sortzaile garaikide horiengandik jaso ditugun obra horien artean, batzuk badira klasikotze-bidean sartuak direnak, dudarik gabe: 60ko eta 70eko hamarkadetan agertu Harri eta Herri (G. Aresti), Peru Leartzako (Txillardegi), Hiru gizon bakarka (B. Gandiaga), Ehun metro (R. Saizarbitoria), Etiopia (B. Atxaga), Zergatik panpox (A. Urretabizkaia) bezalako lanak euskarazko sorkuntza nagusitzat hartzen ditugu gaur egun, duda izpirik gabe. Klasiko garaikideen sailean sartzeko balio nahikoa dutenak asko badaitezke, nahiz neke den jakitea non ezarri behar haien aukeratzeko muga. Alde hortarik, gogoeta sakona behar liteke eraman, eta ikerle baten ikusmoldea ez da nahikoa zerrenda baten finkatzeko. Klasikotze-prozesua askoren artean eramaitekoa da. Frango badira erabakian partaide: kritikariak, ikerleak, idazleak, argitaletxeak, eskola, unibertsitatea eta beste instituzio batzuk ere bai.


[2026ko uztailaren 24an argitaratutako Berezia]