Itziar Pérez de Ciriza Macaya: «Imanol Urbietarentzat kanta ez zen eskola apaintzeko baliabide bat, hezkuntza osoa antolatzeko modua baizik»

  • Itziar Pérez de Ciriza Macaya: «Imanol Urbietarentzat kanta ez zen eskola apaintzeko baliabide bat, hezkuntza osoa antolatzeko modua baizik»
    Itziar Pérez de Ciriza Macaya, 'Haur kantarien birlorak' liburua eskuetan duela (argazkiaren egilea: Lorea Berasategi)

Zarauzko Udalaren "Imanol Urbieta" beka eskuratu ondoren, Itziar Pérez de Ciriza Macaya piano-jotzaile, musika-pedagogo eta irakasleak txikitatik Urbietarekin izandako lotura pertsonala ikerketa-gai bihurtzea erabaki zuen. Haren funts pertsonala aztertzen hasi zenean, "denok ezagutzen genuen egilearen atzean ia ezezaguna zen sortzaile eta pedagogo izugarri emankor bat" topatu zuen, eta aurkikuntza horretan sakondu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktore-tesian.


Zerk eraman zintuen zure doktore-tesian Imanol Urbietaren figura aztertzera?

Txikitatik izan dut lotura Urbietaren kantuekin. Aitak, euskaraz ez zekien arren, nirekin kantatzeko ikasten zituen, beti ibiltzen ginen kantuan, eta ikastolan ere abesten genituen. Nire haurtzaroko soinu-bandaren parte dira. 2020an Zarauzko Udalaren "Imanol Urbieta" beka eskuratu nuenean, lotura pertsonal hori ikerketa bihurtu zen. Sei hilabetez haren funts pertsonala aztertzen eta lehen inbentarioa osatzen aritu nintzen. Kutxak ireki ahala, denok ezagutzen genuen egilearen atzean ia ezezaguna zen sortzaile eta pedagogo izugarri emankor bat agertu zitzaidan. Altxor baten aurrean nengoela sentitu nuen, baina baita ere lan hura ezin zela erdibidean geratu. Ordurako unibertsitatean irakasle nintzen, eta doktore-tesiak ondare hori sakon aztertzeko, antolatzeko eta balioan jartzeko aukera ematen zidala ikusi nuen. Horregatik heldu nion erronkari.

[Itziar txikia, Imanol Urbietaren liburu bat eskuetan hartuta, aitarekin]


Nola egituratu duzu lana?

Lana hiru ardatz handiren inguruan egituratu dut. Lehenik, Urbietaren ibilbide biografiko eta musikala berreraiki dut, bere garaiko testuinguru soziala, kulturala eta hezitzailea kontuan hartuta. Bigarrenik, haren pentsamendu pedagogikoa eta baliabide didaktikoak aztertu ditut: zer ulertzen zuen musikaz, haurtzaroaz, jolasaz, gorputzaz eta euskaraz. Hirugarrenik, argitaratutako nahiz argitaratu gabeko kantuak bildu, alderatu eta katalogatu ditut. Hiru zatiak elkarri lotuta daude, kantak ezin baitira ulertu sortu ziren bizitza-, eskola- eta gizarte-testuingurutik bereizita.


Komentatu diguzunez, ikerketaren abiapuntua Imanol Urbietaren funts pertsonalera sarbidea izan zen. Zer topatu zenuen? Zer sentitu zenuen tamaina horretako aurkikuntzaren aurrean?

Denetarik topatu nuen: eskuz idatzitako jatorrizko partiturak, kopiak, orri solteak, argitalpen baterako prestatuta ziruditen koadernoak, marrazkiak, ipuinak, jolasak eta ariketa didaktikoak. Kanta batzuk errepikatuta zeuden, beste batzuk izen desberdinekin edo aldaera txikiekin, eta asko sinatu gabe. Funtsak, beraz, ez zuen soilik kantu-bilduma bat gordetzen; Urbietaren lan egiteko modua ere erakusten zuen, nola probatzen, zuzentzen, moldatzen eta berrerabiltzen zituen ideiak. Lehen unean zirrara handia sentitu nuen. Denok ezagutzen genuen Urbieta zegoen han, baina baita ia inork ezagutzen ez zuen beste Urbieta bat ere. Aurkikuntzaren edertasunaz gain, ardura ere sentitu nuen: material hura zaindu, ulertu eta eskuragarriago egin beharra zegoen.

[Tesiaren defentsa-eguneko irudia. 2026ko otsailak 27]


Nolakoa izan da hainbeste material katalogatzeko eta antolatzeko prozesua?

Prozesua luzea eta oso xehea izan da, ia artisau-lana. Funts pertsonaleko 80 koaderno eta karpetetan 3.643 partitura erregistratu nituen. Lehenik, material guztia digitalizatu eta datu-base batean dokumentatu nuen. Ondoren, partiturak alfabetikoki ordenatu, tituluak alderatu eta kopiak, bertsioak eta aldaerak bereizi nituen. Kanta asko abestu, jo edo entzun behar izan ditut bertsioak identifikatzeko eta, titulu desberdina izan arren, pieza bera edo antzekoa ote ziren jakiteko. Aldi berean, liburu, disko, kasete, CD eta ikus-entzunezkoetan argitaratutako materiala bildu eta funtsarekin gurutzatu nuen. Lan horri esker, funts pertsonaleko 2.295 kanta desberdin identifikatu nituen, eta argitalpenekin alderatu ondoren, horietatik 1.701 argitaratu gabeak zirela egiaztatu nuen. Argitaratutako 2.487 kantekin batera, azken katalogoak 4.188 kanta desberdin biltzen ditu. Kopuru horiek Urbietak bizitza osoan egindako lanaren neurria erakusten dute.


Zergatik egon da orain arte Imanol Urbietaren lanaren zati handi bat katalogatu gabe, sakabanatuta eta ikasketa akademiko sistematikorik gabe?

Ez dago arrazoi bakar bat. Material asko behar edo proiektu zehatz bati erantzuteko sortu zen: ikasgela baterako, irrati- edo telebista-saio baterako, argitaletxe baten enkargurako edo taldean egindako lan baterako. Kantak erabiltzeko, moldatzeko eta berrerabiltzeko sortzen ziren askotan, ez nahitaez argitaratzeko edo artxibo bateratu bat osatzeko. Material horietako asko Urbietak etxean gordetzen zituen, urteetan erabilitako koaderno eta karpetetan.

Urbieta 2016an hil zenean, Aizarna ondare harekin zer egin aztertzen hasi zen, eta hainbat kutxa Zarauzko Udalaren esku utzi zituen. Hortik sortu zen beka, eta ordura arte etxean gordeta egondako material ugari atera zen argitara. Gainera, argitalpen asko deskatalogatuta daude, aleak liburutegi, artxibo eta funts pribatuetan sakabanatuta daude, eta katalogo instituzionalek hutsuneak edo datu kontraesankorrak dituzte. Horri gehitu behar zaio haur-musikak eta euskarazko hezkuntza-materialek ez dutela beti beste errepertorio batzuek izan duten arreta akademiko bera jaso. Horregatik, oso erabilia eta maitatua izan den ondare bat ez zegoen osotasunean ikertuta.

[Imanol Urbietaren funtsa]


Zure lanean hainbat pertsonaren testigantzak jaso dituzu. Nor elkarrizketatu duzu? Zer helbururekin?

Ez nuen galdera-sorta itxi batean oinarritutako elkarrizketa formalik egin. Ikerketa honetako harremanak askoz gertuagoak eta jarraituagoak izan dira: elkarrizketa luzeak, telefono-deiak, mezuak eta kafe baten inguruko solasaldiak. Kontxi Aizarna izan da funtsezko erreferentzia. Harreman zuzena izan dut, halaber, Joxean Urbietarekin, Urbietaren semearekin; Josu Txapartegi "Txapas" lagun minarekin; eta Jaione Eskuderorekin, haren kanta askori ahotsa jarri zienarekin. Urbietaren lagun eta lankide Anjel Lertxundi "Andu"-rengana jo dut, baita Toti Martínez de Lezearengana ere. Azken horrek Urbietarekin lan egin zuen telebistako hainbat saiotan. Horiez gain, haren hezkuntza-lanean parte hartu zuten beste pertsona batzuen ekarpenak jaso ditut, besteak beste Malu Adurizenak.

Lekukotza horiek biografia fintzeko, data eta gertakari zalantzazkoak argitzeko, haren pentsamendu pedagogikoa hobeto ulertzeko eta hainbat kantaren jatorria edo egiletza egiaztatzeko balio izan dute. Datuen triangulazioa ere egin dut. Hau da, pertsona batek emandako informazioa ez dut bere horretan hartu: beste lekukotza, dokumentu, prentsa-albiste edo argitalpenekin alderatu dut. Horrela, iturri desberdinak bat zetozenean, datua ziurtasun handiagoz eman ahal izan dut.


Zein dira Imanol Urbietaren proposamen pedagogikoaren gako nagusiak?

Lehenengo gakoa haurra erdigunean jartzea da: haurra da hezkuntzaren abiapuntua eta helburua, eta ez programa edo metodoa. Bigarrena kantaren zentralitatea da, haren bidez musika, hitza, mugimendua eta emozioa elkartzen baitira. Jolasa, sormena eta gorputza ere ezinbestekoak dira; ikastea ez zuen jarduera pasibo gisa ulertzen, baizik eta eginez, probatuz eta parte hartuz bizitzen den esperientzia gisa. Euskara da beste ardatz nagusietako bat, ez soilik kanten hizkuntza delako, baizik eta lotura afektibo, kultural eta komunitarioa sortzen duelako. Eta, azkenik, haren pedagogia malgua da: ez zuen errezeta itxirik proposatzen; proposamenak haur bakoitzaren, taldearen eta ingurunearen beharretara egokitzen zituen. Egokitzeko gaitasun hori zen, hain zuzen ere, haren metodoaren arrakastaren funtsa.

[Tesiaren defentsa-eguneko irudia. 2026ko otsailak 27]


Ikuspegi pedagogikotik, zein da zure doktore-tesiak nabarmentzen duen ideia nagusia?

Ideia nagusia esaldi batean laburbilduko nuke: kanta ez zen eskola apaintzeko baliabide bat, hezkuntza osoa antolatzeko modua baizik. Urbietarentzat ez zegoen helbururik gabeko kantarik, ezta kantarik gabeko helbururik ere. Kanten bidez musika, hizkuntza, gorputza, emozioa, pentsamendua eta taldeko bizitza lotzen zituen. Eta hori guztia haurrari begira egiten zuen: haurra ez zen jardueraren hartzaile pasiboa, protagonista baizik. Horregatik uste dut haren ekarpena ez dela metodo jakin bat, hezkuntza ulertzeko modu bat baizik.


Zure ustez, zein da Imanol Urbietaren ekarpen handiena etorkizuneko belaunaldientzat? Zer ikas dezakete gaur egungo irakasleek haren lanetik?

Nire ustez, ekarpen handiena ez da sortu zuen kanta-kopurua, musikaren bidez hezkuntza esperientzia bizi, afektibo eta komunitario bihurtzeko izan zuen gaitasuna baizik. Etorkizuneko belaunaldiei kantu ederrez gain, euskara bizitzeko, elkarrekin jolasteko eta talde baten parte sentitzeko modu bat utzi zien. Gaur egungo irakasleek, batez ere, ikasleei begiratzen eta entzuten ikas dezakete haren lanetik. Gakoa ez da errezeta bera talde guztietan aplikatzea, baizik eta behar dena behatzea, proposamenak egokitzea eta jolasari, sormenari eta gorputzari benetako lekua ematea. Haren lanak gogorarazten digu kanta xume batek ere ikaskuntza sakona eragin dezakeela, baldin eta haurraren munduarekin benetan konektatzen badu.


Zein esango zenuke direla zure azterlanaren ekarpen nagusiak eta ondorioak, eta zer aukera berri zabaltzen ditu irakasle, ikertzaile eta musikazaleentzat?

Ekarpenak bi mailatan kokatuko nituzke. Alde batetik, ikerketak Urbietaren ibilbide biografiko eta pedagogikoa berreraiki du, eta, kantagile ezagunaz harago, euskarazko musika pedagogiaren garapenean funtsezko figura izan zela erakutsi du. Bestetik, lehen aldiz haren errepertorioaren ikuspegi sistematiko eta bateratua eskaintzen du: 4.188 kanta desberdin, horietatik 1.701 argitaratu gabeak.

Ondorio nagusietako bat da, aurretik esan bezala, haren pedagogia ez zela metodo zurrun bat, baizik eta haurrei eta egoera bakoitzari egokitzen zitzaien proposamen bizi eta malgua, eta haren printzipio askok gaur egun ere indarrean jarraitzen dutela.

Katalogoak aukera berriak zabaltzen ditu. Irakasleek errepertorio antolatu eta testuingurudun bat eskuratu ahal izango dute; ikertzaileek egiletza, hezkuntza musikala, euskara edo kultura aztertzeko oinarri fidagarriagoa izango dute, eta musikazaleek eskuraezinak edo ezezagunak ziren kantuak berreskuratzeko aukera izango dute. Azken batean, helburua ez da ondarea gordailu batean uztea, berriro zirkulazioan jartzea baizik.

[Imanol Urbietak argitaratutako zenbait liburu]


2018tik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Musika Adierazpenaren Didaktikaren arloko irakaslea zara. Zure tesian diozu abestia ez dela baliabide didaktiko bat soilik, baizik eta musika, hizkuntza eta emozioak uztartzen dituen tresna. Zer leku dauka ikuspegi horrek gaur egungo ikasgeletan? Nola sustatu daiteke?

Nire ustez, abestiak leku handia izan beharko luke gaur egungo ikasgelan, bereziki Euskal Herrian, betidanik kantuan aritu den herria baita gurea. Baliabide gutxik lortzen dute aldi berean musika, hizkuntza, gorputza, memoria, emozioa eta taldeko harremana aktibatzea. Elkarrekin kantatzean ez dugu melodia bat bakarrik ikasten: elkar entzuten, erritmo berean arnasten eta taldearen parte izaten ere ikasten dugu.

Ikuspegi hori sustatzeko, kantak eguneroko jardunean lekua behar du, ez jaialdietan edo denbora betetzeko bakarrik. Praktikan, modu errazean txerta daiteke: egunero tarte labur bat kantatzeari eskainiz; kanta bat ipuin, errutina edo lantzen ari garen gai bati lotuz; eta haurrei keinuak, bertsoak, erritmoak edo bertsio berriak asmatzen utziz. Irakasleek ez dute ahots ezin hobea izan behar; kantatzera ausartu eta parte hartzeko giro segurua sortu behar dute. Irakasleen prestakuntzak ere ahotsa, errepertorioa eta kanta gidatzeko segurtasuna landu behar ditu. Gakoa ez da kanta asko pilatzea, kanta bakoitza benetan bizitzea baizik.

Bestalde, ohartu naiz gaur egun zenbait eskolatan haurrek abestiak pantailaren bidez soilik entzuten edo ikusten dituztela, modu pasiboan, eta horrek kezkatzen nau. Teknologia lagungarria izan daiteke, baina kanta ez dadila pantailan bakarrik geratu: ahotsean, gorputzean eta taldean bizi behar da.


Imanol Urbietaren inguruko tesia amaitu ondoren, zerekin geratzen zara? Ba al dago etorkizunean bereziki garatu nahiko zenukeen ikerketa-ildo edo proiekturik?

Batez ere, Urbieta kantagile handi bat baino askoz gehiago izan zela esango nuke: pedagogo handi bat izan zela eta kanta bakoitzaren atzean beti haur bat, behar bat edo hezkuntza-asmo bat zegoela. Maila pertsonalean, urte hauetan etxeko kide bihurtu da: haren kantez, pasadizoez eta partiturez etengabe aritu gara etxean. Eguneko edozein une zen ona nire alabekin Urbietaren kanonak abesteko edo probatzeko. Asko dibertitu gara eta asko gozatu dugu horrekin. Ikerketan zehar une gogorrak ere izan dira, baina, oro har, asko gozatu dudala esan dezaket. Haren mundura horrenbeste hurbiltzeko aukera izatea zorte handia izan dela sentitzen dut.

Baina tesia amaitu izanak ez du proiektua amaitu. Orain kantutegi digital irekia garatzen ari gara Kontxi Aizarna, haren iloba Julia Urreaga eta hiruron artean. Gure helburu nagusia ondare hori irakasle, ikertzaile, musikari eta herritarren eskura jartzea da. Urbietak herriarentzat lan egin zuen, eta orain haren lana herriaren esku jarri nahi dugu.

Webguneak bilaketa aurreratuak egiteko aukera emango du, eta kanta bakoitzaren fitxan audioa, partitura eta informazioa bilduko dira, eskuragarri dauden neurrian. Bereziki interesatzen zaigu argitaratu gabeko kantak digitalizatzea eta deskatalogatutakoak biziberritzea. Horietako askok ez dute audiorik; horregatik, talde eta sortzaileak bertsio berriak egitera gonbidatu nahiko genituzke, kantak entzun eta abestu daitezen.

Tesia ez dut amaiera gisa bizi, bide baten abiapuntu gisa baizik: jasotakoa berriro herriari itzultzeko bide gisa.


[2026ko uztailaren 29an argitaratutako Berezia]