Proyecto Hemen: egiteko modu ezberdinak, eskuzko lana eta esperimentazioa bultzatzen dituen sorkuntza garaikideko gunea

  • Proyecto Hemen: egiteko modu ezberdinak, eskuzko lana eta esperimentazioa bultzatzen dituen sorkuntza garaikideko gunea

Duela hamar urtetik, Hemen proiektuak  beste egiteko modu batzuk aldarrikatzen ditu Bilboko Alde Zaharretik. Ehunak eta zeramika dira * NEO-artisautza lantegi honen ardatzak, eta ikastaro, hitzaldi eta erakusketen bidez, lanbide tradizionalak berrikusten ditu, ikuspegi garaikide eta diziplinaz haraindiko batetik. Bere unibertsoa osatzeko, H05 du, jantzien eta objektuen marka propioa. Haren sortzaileekin hitz egin dugu proiektuaren jatorriaren eta horri eusten dioten ideien eta prozesuen berri jakiteko.


Zer da Hemen proiektua? Nola sortu zen espazio hori sortzeko ideia? Nork osatzen dute proiektua bultzatzen duen taldea??

2016az geroztik, elkarrekin lan egiten hasi ginen Bilboko Erronda kaleko gure lantegian, eta Hemen proiektua sortu genuen, *Neo-artisautza lantegia. Hasieran Hemen ginen soilik. Aldi berean, eta autonomia zuela, jantzi eta objektuen marka sortu zen (sortu genuen), H05 akronimoa zuena.

Hemen proiektuaren helburua da komunitatea sortzea, eta egiteko modu desberdinak, artisau-lanaren balioa eta esperimentazio materiala bultzatzea eta hurbiltzea. Gure sorkuntza garaikideko espazioak ehuna eta zeramika ditu garapen sortzailerako ardatz, objektuen balioa eta janztearen kontzeptua birpentsatzeko aukera emango diguten tresnak, denbora eta prozesuak partekatzeko nahiarekin.

Gaur egun, proiektua Estela Miguel, Markel González, Estel Falgas eta Mireia Olabarrietak osatzen dute, beste hainbeste ilargirekin batera.


"Neo-artisautza" lantegi gisa definitzen duzue zeuen burua. Zer esan nahi du zehazki kontzeptu horrek? Zertan adierazten da zuen egunerokoan?

Fabrikatu grezierako faber hitzetik dator (artisaua, langilea). Fabrika bat, lantegi bat, sortzeko, eraikitzeko eta egiteko espazio bat da.

Lehen (agian) artisau buztingile batek, adibidez, bizitza osoa eman zezakeen tornuko lanean, une oro antzeko piezak sortzen eta ekoizten, eta jostunaren lana oso mugatua eta zehatza zen. Bizi garen garaiotan, zaila egiten zaigu artisautzako jardun edo teknika bakar batean lan egiten eta jarduten zentratzea, zeren eta, nahi gabe ere, behartuta gaude arlo desberdinetan dibertsifikatzera eta moldatzera, bizirauteko. Horrez gain, uste dugu izaera kontua ere badela. Gu multifazetikoak eta askotarikoak sentitzen gara eta halakoak izan nahi dugu, sorkuntzara hainbat diziplinatatik hurbiltzen diren interesekin. Artisautzaren kontzeptura hari balioa emateko hurbiltzen gara, eskuz egindakoa eta digitala uztartzen dituzten jardunen bidez: ikuspegi berriekin nahasten ditugu eta horien bidez osatzen, eta lausotu egiten dituzte artisautzaren mugak, geure iruditeria kolektiboan ditugunak. Neo-artisautza biltzea da, inguruneak zabaltzea, batzea eta gainjartzea.

Gure egunerokoan hori izerdia, emozioa eta malabarismoa dira.


Ehungintza eta zeramika dira proiektuaren bi ardatz nagusiak. Zergatik aukeratu zenituzten bi diziplina horiek? Zer sormen-aukera aurkitzen dituzue horietan?

Zeramikak gu aukeratu gintuen. Fakultatean buztinarekin ari ginela izan zen, hala ezagutu genuen elkar proiektu hau bultzatu genuen lehen pertsonak. Denok geunden pixka bat hor erakarri egiten gintuelako eta materialaren aukerak ezagutu nahi genituelako.

Baliteke ehungintza lehenagotik etortzea, ia zeharka. Denok sentitzen genuen interesa janzteko ekintzarekiko: geure burua irudikatzeko eta eraldatzeko aukera ematen digun jolas gisa ikusten genuen. Janzkerak eta gurekin dauden objektuek galderak eta hausnarketak sorrarazten dizkigute, haien gainean lan egiteko.

Nolabait, kontzienteki ere aukeratu genituen, aldarrikapen moduan, emakumeen eremura, etxera, dekorazio-objektuen eta arte xeheen esparrura zokoratutako jardunak izan baitira. Material bigunekin lan egitea erresistentzia feminista da nolabait. Zaintzen ikastea, beste leku batetik elkar aurkitzea, modelatzen eta mutatzen uztetik, alegia.

Bada duela gutxi irakurri dugun eta ideia horiek oso ondo jasotzen dituen liburu bat: blandito, blandito, ¿qué le hacemos las feministas al arte? Blanca Ariasena, Cielo Santo argitaletxekoa. Testu bikaina eta behar-beharrezkoa da gure eginkizunerako, bigunetik lan egiten duten artistak biltzen baititu, eta hainbat gauzaz hausnartzen, hala nola ehunezko eta buztinezko materialekin egindako lanen prozesuei, teknikei eta esanahiei buruz.

 

Bi gune dituzue: Siku Lantegia eta Heze Lantegia. Zer ezaugarri dituzte? Zer esperientzia mota eskaintzen dituzue horietako bakoitzean? Beharrezkoa al da aldez aurretik esperientzia izatea parte hartzeko?

Edonor etor daiteke hona, teknikekin eta materialekin esperientziarik izan ez badute ere. Gure ekintza-ardatz nagusiak ehungintza eta zeramika dira, eta hortik dator gure bi lantegien izena: Siku eta Heze. Horietako bakoitzean erabiltzen ditugun baliabideekin lotuta daude izenak. Horietan, zeramikako eta joskintzako ikastaro arruntak egiten ditugu, tornuko intentsiboak asteburuetan, eta bi hilabeteko beste ikastaro batzuk, zeinetan zenbait teknika lantzen ditugun: patroigintza, moldeak, dekorazio teknikak... Horrez gain, gure formaturik bereziena dago: Zeramikako Urteko LAB-orategia (inskripzioak zabalik daude oraintxe bertan; eman izena berehala zeramikaren munduan sakonago murgiltzeko ideiak erakartzen bazaitu).


Defendatzen duzuen sorkuntzan, sortzeko moduan, prozesua emaitza bezain garrantzitsua da. Zer dakar teknika tradizionalak eta eskuzko lana berreskuratzeak?

Prozesua leku eta denbora goxoa da, gozatu, sufritu, borrokatu eta besarkatu beharrekoa. Baina, batez ere, ibili beharrekoa. Prozesua hausnarketa da, ikaskuntza, errepide asfaltatua edo harriz betetakoa, gu eta bestea ezagutzera eta gozatzera gonbidatzen gaituena.

Materialekin lan egiteak eta gure eskuen botere egile eta eraldatzaileak autonomia ematen digu, egiten pentsatzeko aukera ematen digu. Uste dugu tresna digital sortzaileekiko esposizio handiak eta haiek oso eskuragarri izateak hutsune existentzial batera eraman gaitzakeela, gainmetaketagatik. Hori amarruzko ezagutza eta jakintzez makilatuta dago, zeinak ukimenetik urruntzen baikaituzte, bai eta gauzek, materialek eta prozesuek gu eraldatzeko eta guri eragiteko duten berezko gaitasunetik ere.


Tresnak, denbora eta prozesuak partekatzeko ideia funtsezkoa da zuen filosofian. Zergatik da zuentzat hain garrantzitsua dimentsio kolektibo hori?

Gure objektuak ekoizteko eta diseinatzeko espazioa pertsonekin eta ikasleekin partekatzeak aukera eman du proiektua atzeraelikatzeko eta birdimentsionatzeko. Sistemak, temati, indibidualizatuta egotea eta bestearekiko berekoi izaten jarraitzea bultzatzen du. Pertsonak lasai eta aske sentituko diren espazio bat partekatzea eta sortzea izan da beti gure statementa. Dimentsio kolektiboa oso garrantzitsua da, aukera eman digulako erlauntz hori konfiguratzeko eta aurrera ateratzeko.


Aldi berean, H05 garatzen duzue, arropen eta objektuen zuen marka. Nolako elkarrizketa du marka horrek sorkuntza-espazioarekin eta zer adierazten du Hemen Proiektuaren barruan?

Hasieratik sentitu dugu Bilbon objektuak diseinatu eta ekoizteko premia eta gogo handia. Metodologia propioak sortzea, ideiak zertzeko eta gauzatzeko moduak ikertzea, eta marka komunikatzeko moduak garatzea. Horri guztiari esker, aukera izan dugu garenaren arima eta ingurua eratzeko, egoteaz eta gozatzeaz gain.

H05 aldagarria izan da. Kanpotik nortasun oso nabarmenarekin hauteman badaiteke ere, hazten joan da eta, nolabait, marrazten guk geuk bizi dugun unea, beharrak eta estetika. H05 eskaner bat izan da, leiho bat, manifestu bat.


Azkartasuna eta etengabeko kontsumoa ezaugarri dituen gizarte batean bizi gara. Zer eginkizun du zuen proiektuak eredu horren alternatiba gisa?

Balazta moduan funtzionatzen du. Pisuarekin bazatoz, arriskurik gabe jaisten laguntzen dizu; azkarregi bazoaz, aurrez aurre ez iraultzen laguntzen dizu.

Gure proiektuak munduan kokatzeko leku posible bat ikusarazten du. Besteak beste, eta denbora gutxirako bada ere, zure orainera ekar zaitzake, eta zurekin eta inguruko lagunekin partekatzen duzu. Tailerra atzean uzten duzunean, gogoratzen duzu, nahiz eta dena oso azkar joan, zorte pixka batekin hurrengo astean berriro bizi ahal izango zarela une batez bizitzaren zero horretan; berriro hitz egin ahal eta kontatu ahal izango diozu zeure buruari, egiten duzun bitartean. Eta zorte handiagoarekin, egiten jarraitzen baduzu... baliteke autonomia lortzea kontsumo-sistema honetarako, non egiteko guztiak hirugarrengoen esku uzten diren eta gauzak erosi bakarrik egiten diren.

Gure lantegia ez da fast food bat, ez da planteatzen Pinteresteko katilu bat margotzea, ezta señoro baten koadro mitiko bat kopiatzea ere. Nahiago dugu lantegia ez bihurtzea "plan desberdin bat zure lagunekin" edo "post polit" bat zure sare sozialerako, baizik eta denboran jarraitua, sentikorra eta kritikoa den topaketa sustatzea.


Zuen denda-lantegian jendeak piezak nola sortzen diren ikus dezake. Nola aldatzen da objektuekiko harremana, nork egiten dituen eta nola sortzen diren dakigunean?

Hori gakoa da. Gauzak masan eta modu globalizatuan ekoizten dituen sistema honetan, gauza gehienak debaluatu egin dira, baina batez ere arropa, gehien debaluatu den produktuetako bat baita: fast fashiona eta haren ondorioak (denok dakigu zertan den). Sorkuntzan eta tresna eta materialekiko lanean emandako denborarekiko lotura eta kontzientzia erabat galdua genuen.

Azken finean, teknika bat sistema teknologiko batekin ordezka daiteke (orain AA sortzailearekin sortutako irudiekin eta testuekin gertatzen den bezala), baina, nolabait, gure amatxuen brodatuei erreparatu behar diegu. Zertarako balio du gaur gure bizitza arimarik gabeko gauzez betetzen jarraitzeak?

Gure praktikarekin eta prestakuntzarekin, jendea eta ikasleak sorkuntza-garaietara hurbiltzen ditugu, inguratzen gaituzten objektuak begiratzera eta baloratzera.


Urte hauetan zehar proiektua handituz joan da jende askoren laguntzari esker. Zer garrantzi du pertsona-sare horrek Hemen proiektuaren bilakaeran?

Ikaragarria. Bai hasieratik proiektu hau abian jartzea ahalbidetu zuten pertsonak, bai eta parte hartu duten eta lagundu duten profesional guztiak, espazioaren planoak eta diseinuak egin dituztenak, markarako argitalpen kanpainak egin dituztenak, eta hemen aipatzeko lekua ematen ez duten kolaborazio ugari egin dituztenak. Baina, horren guztiaren harira, uste dugu (agian) sorpresa bat izango dugula, objektu formakoa, urtea amaitu aurretik.

Gaur, hemendik, besarkada handi bat bidaltzen diogu Gotzoni (ikaslea, familia eta aztia). Lantegian galdera hauei erantzuten genien bitartean, Doraemon gisa aurkeztu da, bere poltsiko magikoarekin, gu salbatzera magics toolekin.


Zer balorazio egiten duzue hamarkada honetako ibilbideaz?

Zorte handia dugu gure denbora gehien gustatzen zaigunari eskaintzeagatik. Hala ere, gezurra iruditzen zaigu pertsiana altxatu genuenetik 10 urte egingo ditugula. Loa asko kendu digun ametsa da. Hain proiektu txikietan zure lagunekin lan egiten duzunean zaila da dena bateragarri egitea: bizitza, gure lanbidea, nahiak eta beldurrak nahastu egiten dira, eta horiei aurre egiten ikasi behar da. Ahalegin handia eskatzen du, baina elikagarria eta atsegingarria da.

Ez dugu uste erraza izan denik, batez ere sistema ekonomiko-politikoak, non bizirik irauten saiatzen garen, harriak bota eta estutu egiten gaituelako etengabe. Erraztasun gutxi dago autonomo txikientzat, oro har. Erakundeen ardura da proiektu bereziak eta tokiko saltokiak zaintzea eta babestea. Era berean, erraztasunak eman behar dira existitzen jarraitu ahal izateko (ez soilik lehen urteetan); baina, normalean, auzokoak dira haiei eusten dietenak.

Hala eta guztiz ere, astero lantegira etortzen diren pertsonek babestuta sentitzen gara, piezaren bat eramaten dutenek babestuta; jende horrek guztiak mantendu gaitu bizirik eta hegoei eragiten.


[2026ko urriaren 2an argitaratutako Berezia]