Pasaiako Itsas Festibala, munduko itsas kulturen erakusleiho erraldoia

  • Pasaiako Itsas Festibala, munduko itsas kulturen erakusleiho erraldoia

Maiatzaren 26tik 29ra egingo da Pasaia Itsas Festibalaren 2. edizioa. Xabier Agote jaialdiaren zuzendariarekin hitz egin dugu itsas ondareaz, proiektuaren sorreraz, 2020an pandemiak eragindako geldialdiaz, itsasoaz, elkartasunaz, aurtengo egitarauaz eta etorkizuneko erronkez.


Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Pasaia Itsas Festibala?

Ospakizun bikoitz bat: batetik, Euskal Herriko itsas historia handiaren ospakizuna –eta hor, bereziki, Pasaia nabarmendu da; euskal itsas historia garrantzitsua izan bada, Pasaiakoa bereziki aberatsa izan da–; eta bestetik, azken 23 urteetan Albaola Itsas Kultur Faktoriak Pasaiako Udalarekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin euskal itsas ondarea lantzeko eta balioan jartzeko egindako lanak emandako fruituen ospakizuna.

Bere garaian lanean hasi ginenean, itsas ondareak oraindik ez zuen ondare izaerarik ere. Ordura arte jendeak ez zuen horrelakorik entzun. Gaur egun, lan askoren ondoren –hor dago Albaola Itsas Kultur Faktoria–, euskal kostaldean itsas ondarearen erreferente nagusia izatea lortu du Pasaiak, eta ibilbide luze hori ere ospatu nahi dugu.

Uste dut horri zor zaiola hainbeste itsasontzik eta eragilek Pasaiara etorri nahi izatea. Azken ia mende laurdenean aldian-aldian hainbat itsas festibaletara joateko (geuk egindako txalupekin...) eta han euskal itsas kulturaren ordezkari izateko apustua egin genuen. Horrek aukera ugari eman digu: batetik, itsas festibal bat nola antolatu behar den ondo barneratu ahal izan dugu, gero estrategikoak diren eragileekin harremanak sortuz; bestetik, gure lana ezagutzera eman dugu, eta, horren ondorioz, euskal itsas ondarearen eta historiaren zale asko datoz Pasaiara.


Bi urtean behin egiteko asmoarekin jaio zen 2018an, baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen 2020ko edizioa. Zer eragin izan du etenaldi luze horrek?

Sekulako lana egin genuen 2020ko edizioa prestatzeko. Orduan egindako lan batzuk baliagarriak izan dira edizio honetarako, baina guztiak ez, noski. Geldialdi hark inoiz baino ilusio handiagoarekin lan egitera eraman gintuen, 2020koa bertan behera uztea kolpe latza izan baitzen. Gero, denok bizi izan ditugu pandemiaren ondorioak: kalera atera ezinda etxean egon beharra... Horrek trauma handia sortu du.

Beraz, nik uste dut jaialdi hau oso une egokian datorkigula, pandemiaren osteko garaiaren hasieran gaudelako eta jendeak sekulako gogoa daukalako berriro lehen bezala bizitzeko, arnasa hartzeko. Eta zer egokiagoa Pasaiako Itsas Festibala baino? Itsasontziek ebokaziorako gaitasuna dute; askatasunaren adierazle dira. Haizea, askatasuna...


Ontzien kalitatea eta itsas kulturaren aniztasuna ezinbestekoak dira Pasaia Itsas Festibalaren filosofian.

Aniztasuna, horixe da itsas historia. Orain 500 urte, Elkano Sevillara itzuli nahian ari zen; Afrikatik ibiliko zen. Eta kontuan izan behar da zer-nolako eskifaiarekin; jatorri askotako jendearekin zebilen. Hori da itsasoa. Itsasoa beti izan da topaleku bat, munduko marinelak elkartzen diren tokia. Hortaz, aniztasuna ezinbestekoa da itsasoan. Gainera, itsasontzien izaera ibiltaria da, eta batzuk berton dabiltzan arren, gure kostaldetik urrundu gabe, ontzi asko urrutira joateko pentsatuta daude. Funtsean, itsas festibal batek munduko itsas kulturak elkartu beharko lituzke.

Bestetik, kalitatea, benetakotasuna. Nire iritziz gaur egun gure gizarteak gero eta gehiago benetakotasunari begiratzen dio. Dena birtuala den une honetan, uste dut badela noizean behin atzera begiratzeko beharra, ikusteko garai batean nola bizi ziren, nola egiten zitzaien aurre itsasoko erronkei, nolako diseinuak sortzen zituzten ontziolek, nola nabigatzen zuten... Oso interesgarria da benetakotasuna. Itsasontzi horiei begiratuta, asko ikas daiteke; ikasi eta, batez ere, ulertu.


Itsasoa tragedia handien lekuko izan ohi da. Baina kultura ezberdinetako jendea elkartzeko ahalmena ere badu, ezta?

Atzo egon nintzen, hain zuzen, Aita Mari dokumentala ikusten, eta, gero, mahai-inguru batean parte hartu genuen. Batek esaten zuen –dokumentalean bertan uste dut– itotzen ari diren pertsonak salbatzeko eskubidea baino gehiago, beharra, obligazioa dugula. Itsasoan, lehorrean bezala.

Lehorrean ospakizun egoerak sortzen dira, baina baita gerrak ere. Ukrainako gerra lehorreko gerra bat da. Eta gauza bera gertatzen da itsasoan ere: hor daude surflariak eta hondartzan ondo pasatzen duen jendea, aisialdiaz gozatzen duena, baina aldamenean jendea itotzen ari da. Hori ere balioan jarri nahi dugu. Festibal batek alde hori ere izan behar du, alde solidarioa: argia jarri behar dugu itsasoan gertatzen diren egoera guztien gainean. Are gehiago hemen goi mailako hainbeste eragile humanitario edukita: Aita Mari, Zaporeak, SOS Arrazakeria eta beste hainbat eta hainbat. Sekulako lana egiten ari dira, eta gure nahia da haiei laguntzea, guri –Albaola Itsas Kultur Faktoriari eta Festibalari– laguntzen diguten bezala. Hainbat enpresak eta boluntariok ematen digute laguntza guri, eta guk ere besteei laguntzeko obligazioa dugu. Argia jartzen ari gara erakunde horietan.


Zentzu horretan, ekintza solidario ugari antolatu dituzue.

Bat aipatzearren, aurreko edizioan bezala, aurten ere Zaporeak elkarteak jaten emango die jaialdian modu aktiboan parte hartuko duten itsasontzietako eskifaia guztiei, eta aurten gehiago dira. Zaporeak-eko sukaldariak eta boluntarioak arduratuko dira otordu guztiak prestatzeaz eta zerbitzatzeaz. Produktu horiek dohaintzan hartuko dituzte; jada hasi gara jasotzen. Asko dira eskuzabaltasunez elikagaiak ematen ari direnak. Gero, eskifaiek zortzi bat euro ordainduko dute otordu bakoitzeko, eta biltzen den diru guztia, guzti-guztia, Zaporeak elkartearentzat izango da, errefuxiatuei jaten ematen jarrai dezaten.


Lau egunez hainbat herrialdetako itsas kulturek bat egingo dute, gastronomiaren, musikaren eta itsasoarekin lotutako lanbideen bitartez. Zer nabarmenduko zenuke aurtengo ediziotik?

Batetik, produktuak egongo dira. Ez nituzke aipatu beharko –edo denak aipatu beharko nituzke–, baina, agian, nabarmentzekoa da berriro ere Sagardogileen Elkartekoak jaialdian izango direla. Izan ere, itsasoak sekulako garrantzia eta lotura izan du sagardoarekin; sagardoa eta itsasoa eskutik helduta joan izan dira mendeetan zehar, eta itsasoko euskaldunen edaria izan da. Baina, era berean, ez dira faltako artisau garagardogileak ere, eta produktu ugari egongo da dastatzeko eta erosteko. Artisau mordo bat ere egongo da –errementariak azpimarratuko nituzke; dozena bat errementari profesional arituko dira lanean, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren kanpoko plazan–.

Musika ere azpimarratu behar da. Kalean era guztietako musikaz gozatu ahal izango da (batukadak, otxoteak...); aldiz, oholtza gaineko kontzertuei dagokienez, 13 izango dira guztira. Horietatik lau bertoko taldeak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Katapulta Tour Gipuzkoa" programari esker beren burua ezagutzera emateko aukera izango dutenak. Hori oso interesgarria da.


Eta hemendik aurrera, zer? Zein izango da jaialdiaren norabidea etorkizunean?

Espainian era honetako jaialdirik ez zegoela ikusita 2018n lehen edizioa antolatu genuenean, ez genekien jarraipena izango zuen ala ez, ez baikenekien nolakoa izango zen jendearen erantzuna. Eta harrigarria izan zen. Inola ere ez genuen uste hainbesteko jendetza etorriko zenik, eta ustekabean harrapatu gintuen gu, antolatzaileak alegia, baina baita inguruko tabernariak ere. Berehala geratu ziren ezer gabe, lehen egunean bertan. Oraingoan, prest gaude.

Arrakasta horren ondorioz, festibalarekin jarraitzea pentsatu genuen; hori bai, bi urtetik behin egiteko erabakiarekin. Izan ere, urtero egitea gehiegi litzateke, sekulako lana baita hau dena antolatzea. Lehorrekoak baditu bere zailtasunak, noski, baina horri itsasokoa gehitzen badiozu, asko da, bi festibal batean. Beraz, aurtengoa ere oso ondo joango den esperantzarekin, aurrerantzean jaialdia egutegian finkatzea eta denon buruan egotea da erronka, etorkizuna izan dezan.

Zeregin horretan ari gara. Badakigu aurtengo edizioa aurrekoa baino sendoagoa izango dela, eduki gehiagorekin, itsasontzi gehiagorekin eta lehorrean ere askoz gauza gehiagorekin. Erreferente izatea da gure asmoa. Itsasoak merezi du. Gure itsas historiak merezi du. Pasaiak merezi du. Jaialdi honen bidez Pasaia biziberritzen ere ari gara. Pasaitarrak aspaldidanik ari dira Pasaia biziberritzeko proiektuak eskatzen. Hau izan dadila horietako bat, beste bat.

 

(2022ko maiatzaren 24an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana