Andoni Mutiloa: «Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta, bidea egiten hasten garenean, sarritan ez dakigu nora eramango gaituen. Horixe da nire kasua»

  • Andoni Mutiloa: «Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta, bidea egiten hasten garenean, sarritan ez dakigu nora eramango gaituen. Horixe da nire kasua»

2017an laneko eszedentzia hartu zuenetik, arte eszenikoen arloan buru-belarri sartuta dago Andoni Mutiloa. Esnatu Naiz kabareta estrenatu zuen 2020an; eta, 2022an, Sex Sua musikala. Orain, urte luzez izan duen fantasia egia bihurtzea lortu du: abeslaria da Nire Fantasia lan berrian. Kazetaritzatik arte eszenikoetara jauzi egiteko erabakiaz, orain arte egindako ibilbideaz eta ametsez galdetu diogu, besteak beste.

Esnatu Naiz


Kazetaritzatik arte eszenikoetara jauzi egin zenuen 2017an. Zergatik? Zerk eraman zintuen Elur Etxea konpainia sortu eta arte eszenikoak zure ogibide bihurtzera? Ez zen erabaki erraza izango, ezta?

Ia 20 urtez kazetari moduan lan egin ostean, 2017an laneko eszedentzia bat hartu nuen Euskadi Irratian. Egunerokoaren egitura zurrunetik atera nahi nuelako hartu nuen erabaki hori. Hasiera batean urtebetekoa izan behar zen eta ez nuen plan zehatzik antolatu, apropos, bizitzan inprobisatu egin nahi nuelako: bidaiak, ikastaroak, boluntario-lanak...

Eszedentzia hartu eta denbora gutxira, ordea, idazten hasi nintzen. Aurretik, irratsaioak prestatzeko gidoi asko idatzi arren, helburu zehatzik gabe sormenari leku bat eskaintzen nion lehen aldia izan zen niretzat; eta modu horretara, zertan ari nintzen eta norantz nindoan jakin gabe, Esnatu Naiz kabaretaren oinarria izango zena gauzatzen hasi nintzen.

Hori bai, eszedentzia hartu berritan, norbaitek esan izan balit nire antzerki-konpainia sortu eta bost urte geroago irratira ez itzultzea erabakiko nuela, ez nukeen sinetsiko, ez nuelako halakorik buruan inondik inora. Bizitzak buelta asko ematen ditu, ordea, eta bidea egiten hasten garenean, sarritan ez dakigu nora eramango gaituen. Horixe da nire kasua.

Esnatu Naiz


2018an hasi zinen zure lehen ikuskizunari forma ematen, eta, azkenean, 2020ko urtarrilean estreinatu zenuen Esnatu Naiz kabareta, handik hilabete gutxira zer etorriko zitzaigun sumatu gabe. Zer kontatu nahi izan zenuen aurreneko lan hartan? Nola sortu zitzaizun ideia? Zelakoa izan zen sortze-prozesua?

Eszedentzia hartu berritan, etxean dutxa hartzen ari nintzen egun batean, esaldi bat etorri zitzaidan burura: "Beyoncé izan nahi duen baserritarra". Grazia egin zidan. Ez nion kasu handirik egin, baina ideia hori buruan bueltaka gelditu zen. Pixkanaka istorio hori garatzen joan zen nire buruan, eta, gidoi horren lehen bertsioa amaitzen ari nintzenean, argi sentitu nuen istorio hori idatzi ez ezik taularatu nahi nuela. Ideia eroa zen, ordura arte antzerkia afizioa izan zelako niretzat, baina nire antzerki-irakasleari, Amancay Gaztañagari, laguntza eskatu eta elkarrekin eman genion forma Esnatu Naiz kabaretari.

Sortze-prozesua oso interesgarria izan zen niretzat, halako zerbait egiten nuen lehen aldia zelako. Gidoiaren lehen bertsioa hankaz gora jarri zidan Amancayk; hasiera batean oso gogorra egin zitzaidan, baina gerora asko eskertu nuen hori egin izana, istorioaren gatazka eta pertsonaia askoz hobeto zehaztu genituelako. Horrez gain, ikuskizunari forma ematen ari ginen bitartean, istorio horrek ertz asko zituela konturatu nintzen: generoa, gure benetako izaerarekin bat egiteko ditugun mugak eta beldurrak, herri txikietako ohiturak, sexilioa... xelebreena da obra estreinatu ondoren jabetu nintzela benetan Esnatu Naizek ikusleengan uzten zuen arrastoaz.

Kabareta izatearena ere sormen-prozesuan zehaztu zen. Dantzatzea eta kantatzea oso gustuko izan ditut txikitatik, kontatzen genuen istorioarekin ederki uztartzen zen, eta, gainera, une barregarriak eta dramatikoak modu errazean nahastea ahalbidetu zigun diziplina artistiko horrek. Uste dut erabaki egokia izan zela, kabareta euskaraz ez delako apenas egin orain arte, eta horrek ere ikusleen arreta piztu zuen.


Handik bi urtera, 2022an, Sex Sua musikala iritsi zen, eta orduan ligatzeko aplikazioetan jarri zenuen arreta. Zeri buruz hitz egin nahi izan zenuen, zehazki, umorez eta dramaz betetako bidaia hartan?

Sexualitateari buruz modu orokorrago batean hitz egiteko asmoa nuen hasiera batean. Baina ligatzeko aplikazioen gaia zehatzagoa izateaz gain, aktualitate handikoa zela konturatu nintzen. Nik ere erabiltzen ditut ligatzeko aplikazioak, eta ezinegona sortu izan didate sarritan: nire burua modu egokian ez zaintzea, frustrazioa, antsietatea, gustuko ez ditudan gauzak egiten bukatzea... Nire inguruko pertsona askok ere antzeko egoerak bizi izan dituzte, eta zurrunbilo ero horri buruzko gogoeta egiteko asmoz sortu genuen Sex Sua musikala. Fikzioan oinarritutako istorioa idatzi nuen, nahiko xelebrea, baina bertan, ligatzeko aplikazioetan ohikoak diren gertaeren adibideak txertatu genituen.

Sex Sua


Bata zein bestea publiko helduarentzat sortutako ikuskizunak diren arren, ikasleentzako emanaldiak ere egiten dituzu. Nola bizi dituzu zuk saio horiek? Umorea baliatuta oso gauza serio eta pertsonalak jorratzen dituzunez, gazte askorentzat, beharbada, ez dira oso gai erosoak izango. Hain justu horrexek egiten ditu hain garrantzitsu emanaldi horiek?

Bete-betean asmatu duzue! Aitortuko dut: ikasleei zuzendutako emanaldiak ez dira errazenak eta goxoenak izaten niretzat. Orokorrean nerabeek ez dute ohitura handirik antzerkia ikusteko, eta, gainera, zenbait kasutan, apur bat deseroso egoten dira gure obretan lantzen ditugun gai batzuekin. Adibidez, Esnatu Naiz kabaretaren hasieran, Elur eszenatokira igotzen denean, harritu egiten dira, trans itxura duen pertsona bat ikustera ez daudelako ohituta. Gainera, aurreiritzi asko kolokan jartzen dizkiegu emanaldian zehar; horren ondorioz, ikasle batzuk urduri jartzen dira, beste aldera begiratzen dute, hizketan hasten dira... Barruak mugitzen dizkie gure proposamenak, zer pentsatua ematen die, eta hori oso beharrezkoa dela uste dut nik. Horregatik, niretzat emanaldi errazak ez izan arren, oso harro nago nerabeekin egiten dugun lanaz.


Sormen-tailerrak ere ematen dituzu, orain arte pilatutako ezagutzak eta bizipenak partekatzeko. Zer-nolako jarduerak proposatzen dituzu? Bestelako egitasmo batzuetan ere parte hartu izan duzu. Esaterako, azaroan, K bulegoak antolatzen dituen suKaldea saioetako batean hizlari izan zinen. Zer menu prestatu zenien bazkaltiarrei?

Berez, denok daukagu sormenerako gaitasuna. Kontua da sarritan gaitasun hori blokeatuta izaten dugula arrazoi ezberdinengatik; eta tailer hauetan proposatzen ditugun ariketen bitartez, sormenarekin berriz konektatzeko tresnak ematen dizkiegu parte-hartzaileei: idazketa-ariketak, mugimendua, antzerkiko klaseetan egin ohi ditugun jolasak, meditazioak... Urte hauetan han eta hemen ikasitako gauzak nahasten ditut tailer hauetan.

K bulegoak proposatutako suKaldea saioan, berriz, kultur proiektu bat modu egokian garatzeko kontuan hartu behar diren elementuen bilduma egin nuen, nolabait; gomendioak eman nizkien parte-hartzaileei. Adibidez, ikuskizun bat sortu ondoren, emanaldiak lortzeko zer egitea komeni den, komunikazioaren arloa nola zaindu, edota emanaldietara publikoa erakartzeko pistak. Arte eszenikoen munduan sartzearekin batera, azken urte hauetan asko ikasi dudala konturatu naiz, eta ederra izan da ezagutza horietako batzuk beste pertsona batzuekin partekatzea.


Nire Fantasia kabaretarekin zatoz orain. Zein da fantasia hori?

Abeslari izatea. Aurreko bi ikuskizunetan antzeztu egin dut batez ere. Tarteka kantatu dut, bai. Are gehiago, Sex Sua musikalerako abesti originalak sortu genituen. Oraingoan, ordea, haratago joan naiz. Musika ikuskizunaren ardatz nagusia izateaz gain, azken urte hauetan sortutako abestiekin kontzertua eskainiko dut; baina, aldi berean, ez da ohiko zuzenekoa izango, abestien trantsizioetan istorio bat kontatuko dugulako. Beraz, Nire Fantasiak kontzertu-itxura izango duen arren, kabareta izango da.


Kasu honetan ere bizipen pertsonaletan oinarritu zara? Zer-nolako ikuskizuna da zehazki? Eta musika aldetik, zer musika-estilo entzun dezakegu?

Ikuskizun berria martxan jartzerakoan, nire bizipen pertsonalak izan ziren abiapuntua: irratiko eszedentzia, arte eszenikoen munduan buru-belarri sartzea, artistaren bizimoduaren argi-ilunak... Sorkuntza prozesuan aurrera egin ahala, ordea, bizitzan ditugun ametsei buruz hitz egiten ari nintzela konturatu nintzen, eta hausnarketa egiteko aproposagoa iruditu zitzaidan; denek ditugulako ametsak, baina sarritan ez diegu kasu handirik egiten amets horiei. Horrekin batera, istorio autobiografikoa izatetik fikziora pasa gara, pertsonaia bat sortu dugulako. Askoz interesgarriagoa iruditzen zait horrela. Hori bai, esan beharra daukat oraingoan ere protagonistak (Urko) eta biok gauza asko ditugula komunean.

Musikari dagokionez, azken urteetan Eñaut Gaztañagarekin batera sortutako kantuak abestuko ditut ikuskizunean. Synth-pop estiloko abestiak dira, 80ko hamarkadan modan zeudenen modukoak eta euskaraz. Gainera, zuzenean joko ditugu, Iñaki Santos teklatuan eta ni kantatzen. Ikuskizun honetako erronkarik handiena horixe da: abestiak zuzenean ondo defendatzea eta, bide batez, publikoa konkistatzea.