Musikari ugariren alboan ibili ondoren, 2009an bakarkako bideari ekin zion Maite Arroitajauregi "Mursego"-k, eta orain buru-belarri ari da soinu-banden sorkuntzan. Halere, ez ditu oholtzak erabat alboratu. Maiatzaren 8an, esaterako, Kutxa Fundazioa Klubean izango da, "Bizi ala Iraun" kontzertu-zikloaren baitan, azkenaldian sortu dituen pieza berriak publikoari erakusten. Orain arte egindako bideaz eta etorkizuneko proiektuez hitz egin dugu berarekin.
Anariren ondoan aritu ondoren, beste talde eta bakarlari askorekin ere ibili zinen (Lisabö, Xabier Montoia, Gora Japon...). Nola gogoratzen dituzu urte haiek? Zer ikasi zenuen esperientzia haietatik?
Denbora asko igaro da ordutik, eta Anarirekin jotzen hasi nintzen garaia gogoratzen dut, batez ere; bestea geroago etorri zen. Oso ilusio handiarekin bizi izan nuen etapa moduan gogoratzen dut. Niri asko gustatzen zitzaidan Anari, eta egun batean berarekin jotzeko deitu zidan. Urte asko izan ziren, eta denbora-tarte hartan esperientzia lortu nuen, zuzenean aritzeak ematen duena. Konpromiso bat, lan egiteko modu bat neureganatu nuen: entseatzera joan, zuzenekoak antolatu eta oholtza gainean aritu. Azken batean, eskarmentua hartu nuen. Garai hartan, eszenatokiak nahiko beldur ematen zidan, baina, poliki-poliki, kontzertuak egin ahala, zuzenean jotzeari nion beldurra desagertuz joan zen pixka bat.
Zerk eraman zintuen bakarkako bidea hartzera? Zer dago Mursego izenaren atzean?
Bakarkako bideari ekitea zerbait naturala izan zen. Momentu batean, hainbeste talderekin lan egin ondoren, bai zuzenean, bai grabazioetan-eta, bulkada sentitu nuen bakarrik zerbait egiteko, nire abestiak sortzeko. Izan ere, taldean jo izan dudanean, normalean aldez aurretik konposatuta zeuden konponketak-edo egin izan ditut. Baina une batean neure musika egiteko nahia sentitu nuen. Tira, nahia baino gehiago beharra izan zela esango nuke. Eta halaxe hasi nintzen 2009an Mursego proiektuarekin.
Bakarka jotzen hasteko, izen artistiko bat bilatu behar izan nuen. Berlinera egindako bidaia batean, lagun-taldean geundela, gure hizkuntza eta hitz gustukoenez hizketan hasi ginen. Niri asko gustatzen zait portugesak duen sonoritatea, eta baten batek esan zuen "saguzarra" portugesez "morcego" zela. Ikaragarri gustatu zitzaidan izen hura; beraz, neuretzat hartu nuen, eta halaxe geratu da. Ordutik, arreta handia jartzen diet saguzarrei, eta haiei buruz irakurtzen dut. Atsegin ditut banpiroak eta haien inguruko imajinario guztia ere: Drakula... Ezaugarri ugari dituzte saguzarrek erakargarri egiten zaizkidanak: ugaztunak eta hegalariak dira, oso bista murritza daukate eta, gauez ibiltzen direnez, ultrasoinuen bidez komunikatzen dira... Oso saguzarren maitalea naiz.
[Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika]
Zer leku du esperimentazioak zure sorkuntza-lanean? Inprobisazioan sinesten duzu ala eguneroko lana da inspirazio-iturririk onena?
Niretzat esperimentazioa eta sorkuntza eskutik doazen bi kontzeptu dira: sortzen ari naizenean, esperimentatzen ari naiz. Sortzeko, esperimentatu egin behar dut: gauzak, soinuak... probatu, kendu, ipini, eta haiei buelta eman. Oso garrantzitsua da hori niretzat. Esperimentazioa, sorkuntza eta ikasketa nire sortze-prozesuan beti batera doazen hiru termino dira.
Badago korronte bat inspirazioan, musetan... sinesten duena. Ez da nire kasua. Niretzat, galderan diozuen bezala, eguneroko lana da inspirazio-iturririk onena; lana eta lana. Eta esperimentatzea, probatzea, jolastea, ikastea. Prozesu horretatik ateratzen dira gauzak. Horrek inspiratzen nau. Egia da, baita ere, askotan bilatzen ditudala inspirazio-iturriak beste arte-diziplina batzuetan; musika, zinema edo literatura inspirazio-iturri izan daitezke. Baita bizitza bera ere. Baina niretzat garrantzitsuena eguneroko lana da, bulegoko lana: hara joatea, lanean jartzea eta orduak pasatzea gauzak probatzen. Noski, sortze-fase horretan inprobisatu ere egiten dut. Batzuetan ideia bat izaten dut buruan, baina beste batzuetan inprobisaziotik jaiotzen dira. Edozein modutan, gehiago naiz ideia edo kontzeptu bat hartu eta hori beste zerbait bilakatzekoa. Nire lana izaten da ideia edo kontzeptu bat hartzea eta, hari tiraka, musika egitea. Gauza askok inspira zaitzakete, baina benetako etekina eguneroko lanetik lortzen da.
2009an argitaratu zenuen bakarkako lehen diskoa: Bat (1). Ondoren etorri ziren Bi (2), Mursegokeriak –antzerki-, zinema- eta dantza-piezetarako egindako abestiak, bertsioak...– eta Hiru (3). Zure ikuspegitik, zer-nolako bilakaera erakusten dute lan horiek?
Bilakaera naturala. Kanta batzuk nituen, eta egun batean haiek grabatzea erabaki nuen. Orduan hasi zen dena forma hartzen. Zuzenekoak egiteko deitzen hasi zitzaizkidan, eta, ondorioz, nire lanean eta jardunean sinesten hasi nintzen. Kontzertuak ematen ari nintzen bitartean, abesti berriak sortzen ari nintzen. Kantak konposatu ahala grabatu nuen bigarren diskoa, eta berdin-berdin hirugarrena. Musikari gisa hazten joan nintzen. Etxean nituen gauzekin gero eta gehiago hasi nintzen lanean. Txeloa da nire musika-tresna, eta harekin batera Casiotone bat erabiltzen hasi nintzen, eta hala joan nintzen gailu berriak gehitzen. Adibidez, lehen looper txiki bat neukan; orain, berriz, lan asko egiten dut looper handiago batekin, eta, hari esker, hiru kanal, hiru geruza lan ditzaket aldi berean.
Musikari gisa haziz joan naizen heinean, egiten dudan musika ere aldatu egin da. Esaterako, nire azken kantek aldez aurretik etxean egindako lan handia dute. Zeharo ezberdina da orain 15 urte egin nezakeena eta orain egin dezakedana; orain, askoz gehiago kontrolatzen dut nire grabazio-ekipoa. Horrekin batera, askoz lanabes gehiago ditut, eta instrumentu birtual ugari erabiltzen dut. Gainera, uste dut nire musikan oso nabaria dela urte asko daramatzadala zinemarako lanean. Horrek erreminta berriak jarri dizkit eskura, eta horiek aplikatu ditut orain aurkeztuko ditudan lan berrien konposaketan ere.
[Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika]
Zure zuzenekoak oso bereziak dira. Zer du kontzertu batek performancetik?
Ni saiatzen naiz, batez ere azkenaldian, performance hori bilatzen; ahalegintzen naiz kontzertu guztiak berdinak izan ez daitezen. Asko ari naiz zaintzen eta lantzen gorputzaren presentzia, mugimendua, espresioa kantuaren hedapen bat bezala. Espazio aldetik ere saiatzen naiz publikora sartzen, publikotik hasten kantuan, publikotik gertu egoten, publikoa apelatzen edo hari dei egiten, modu batean, eta, horrekin batera, nire materialetara gehitzen musika ez diren beste soinu eta audio batzuk, testu irakurriak, adibidez. Sukramarkusen, esaterako, hainbat ahots sartzen ditut: Harkaitz Canorena, Bernardo Atxagarena... Ahalegintzen naiz esklusiboki musikalak ez diren hainbat elementu sartzen, baina, lehen esan bezala, orain gorputzaren eta espazioaren kontzeptuak lantzen ere ari naiz pixka bat.
Dantzaren eta antzerkiaren arloko sortzaileekin kolaborazioak egin izan dituzu, baina azken urteetan zinemaren munduan murgilduta zabiltza, bakarka eta, batez, ere, Aránzazu Callejaren alboan. Bikote artistiko ezin hobea osatzen duzue, jasotako sariei erreparatuta (tartean, jatorrizko musika onenaren Goya saria 2021ean, Pablo Agüeroren Akelarre filmerako sortutako soinu-bandagatik). Zure diskoetan izan ohi duzun lan egiteko moduarekin alderatuta oso ezberdina al da film baten musika sortzeko prozesua? Zure esperientzian oinarrituta, zer izan behar du soinu-banda on batek?
Bai, oso ezberdina da; azken batean, zure abestietan zeuk nahi duzuna egiten duzu. Formatua ere zeharo ezberdina da soinu-banden kasuan. Zuzendari bat dago, askatasun handiagoa edo txikiagoa ematen dizuna, baina, funtsean, enkargu-lan bat da; irudi batzuei lotuta dagoen musika egiten ari zara. Egia da, ordea, lan egiteko modu asko daudela. Nik nahiago dut irudiak ahaztuta istorioa soinuaren bidez nire erara kontatzea. Inoiz egin izan dut, baina nahiko utopikoa da momentuz. Nahiz eta ez den lan egiteko modurik gustukoena niretzat, normalean irudiei lotuta egoten naiz, eta askotan haien mende. Irudiek dute garrantzia, eta musikak lagundu egiten die. Ez naiz horren aldekoa, baina, zoritxarrez, askotan horrela izaten da.
Bestetik, zinemarako musikak jende eta baliabide asko inplikatzen du: musikariak, entseguak, teknikariak, grabazioa, estudioa... Hor oso makineria konplikatua sartzen da jokoan. Aldiz, bakarrik zaudenean, nahi duzuna eta nahi duzun moduan egiten duzu. Zinema azkenean prozesu kolektiboa da, baina nire gusturako hierarkikoegia; askotan ekoizleak edo zuzendariak dauka azken hitza.
Horren harira, soinu-banda on batek bere kabuz istorio bat kontatzeko gai izan behar du; ez du izan behar irudien apaingarri. Inprobisazioan oinarrituta egindako oso soinu-banda onak daude, esaterako. Adibide bat jartzearren, Neil Youngek Jim Jarmushen Dead Man filmerako egin zuena nire ustez soinu-banda ona da, baita Miles Davisek Louis Malle-ren Ascenseur pour l'Echafauderako (Ascensor para el cadalso, gaztelaniaz) egin zuena ere. Mica Levik Jonathan Glazer-en Under de Skin filmerako egindako soinu-bandak ere bakarrik funtzionatzen du, irudien beharrik gabe. Badaude lehenagoko soinu-banda onak ere, Bernard Herrmannenak eta Ennio Morriconerenak, adibidez.
[Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika]
Argi dago hitz-jokoekin eta hitzen sonoritatearekin lan egitea atsegin duzula. Beraz, ez da harritzekoa iaz Sukramarkus izeneko emanaldia estreinatu izana. Lehen ere aipatu diguzu zertxobait, baina zer da, zehazki? Nondik nora sortu zen ideia?
Sukramarkus enkargu batetik sortu zen. Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren palindromoak liburu batean jaso zituen. Liburua osatzeko, palindromo batekin kartel edo afixa bat egiteko eskatu zien hainbat artistari, eta, hortik abiatuta, palindromo bakoitza bere testuinguruan jarri zuen. Hortik dator liburuaren izenburua: Markos Gimenoren 101 letrakartel. Gero, letrakartel horiek erakusketa bihurtu ziren. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan inauguratu zen (harrezkero, beste hainbat udalerritan zehar dabil), eta handik eskatu zidaten letrakartel horiekin zerbait egiteko. Hasiera batean, asmoa zen kontzertu erdia Mursegoren errepertorioari eskaintzea eta bigarren erdian letrakartelekin zer edo zer egitea, baina azkenean erabaki nuen dozena bat palindromo hartzea, haien berrirakurketa egitea eta haien inguruan pieza batzuk sortzea, oso libreak, kantaren formatutik apur bat aldenduta, pixka bat performatiboagoak-edo.
[Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika]
Maiatzaren 8an Kutxa Fundazioak Bidean Produkzioakekin batera antolatzen duen "Bizi ala Iraun" kontzertu-zikloan parte hartuko duzu (2026ko programazioa mahai-inguru batek eta beste 10 emanaldik osatzen dute: Audience, CastaZabal + La María, Ortiga, Gregotechno, Antía Muíño, De Ninghures, Javi Medina, Ibon RG + Enrike Hurtado, Rocío Márquez eta El Pony Pisador). Zer prestatu duzu egun horretarako?
Nik jarri nuen data hori, maiatzaren 8a, nire abesti edo esperimentu berriak erakusteko. Aspaldi lotu genuen. Hainbat bozeto eta ideia nituen buruan egun horretan aurkezteko: dira kantak, dira piezak... Ez dakit nola esan. Dira soinu-performanceak edo soinutik abiatutako piezak. Ezberdin egiten dituena da asko landu ditudala etxean; alegia, aurrez grabatutako elementu asko looper-ean eramango ditut etxetik, eta horrek aukera emango dit nolabait gorputzaren presentzia handiagoa izan dadin. Kanta batzuetan txeloa izango dut gainean, eta, beraz, ezin izango naiz gehiegi mugitu, baina beste askotan zutik egongo naiz, eta kontzeptuak edo abestiak eskatzen didanaren arabera mugituko naiz. Ez dakit nola azaldu. Orain askotan esaten den bezala abestiak performatuko ditut. Mursegoren bilakaera ikusteko modu bat izango da.
Kezkatzen nauten gai askori buruz kantatu nahi nuen; beraz, puntu politiko bat ere izango du emanaldiak. Badakigu pertsonala den oro dela politikoa, baina kasu honetan kanta askok dute kutsu politikoa. Bizi dugun garai honek kutsu edo oinarri politikoa duten piezak egitea eskatzen dit. Azkenaldian sortu ditudan bospasei pieza maiatzaren 8an erakutsiko ditut. Batzuk, estreinatu; beste batzuk, moldatu... Esan dezagun material berria izango dela.
2017an eman zenuen argitara zure azken disko luzea: 100% Oion. Lan zeharo ezberdina da zure ibilbidean. Harrezkero, tantaka bakarrik eman dituzu argitara abestiak. Zeri zor zaio eten hori?
Eten horren arrazoia oso argia da: zinemak denbora asko eskatzen du, eta, gero, lana dago, bizitza, haur bat haztea... Ez dauka misteriorik. Zinema oso basatia da; denbora asko eskaini behar zaio. Orain eszedentzian nago, baina orain arte lanean aritu naiz, eta horri zaintza gehitu behar zaio (semearena, aitarena)... Bizitza da, azken batean. Badaukat gogoa berriro ere oholtza gainean apur bat ibiltzeko; beharbada ez hasieran bezala, baina pixka bat bai.
Bestetik, argitaratzearenari jada ez diot zentzu handirik ikusten. Baliteke gauzak igotzea Bandcamp-era edo norabait, baina ez dut uste egungo gizartea eta bizi dugun momentua diskoak argitaratzeko onenak direnik. Lehen esan bezala, gehiago sinesten dut jendea kontzertuetara joatean eta unean unekoa bizitzean. Horretan nago.
[Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika]
Soinua adierazteko modu berriak esploratzen jarraituko duzu aurrerantzean ere? Nondik nora joango dira zure hurrengo proiektuak?
Uste dut joan naizela elkarrizketa osoan zehar esaten bide berriak urratzen jarraituko dudala. Maiatzaren 8an ikusiko da hori. Soinu aldetik aldaketa egongo da. Ez naiz efektu asko sartzearen oso zalea, baina momenturen batean sartuko dut pedalen bat. Gauzak aurrez grabatuta eramateak soinu-aldaketa dakar berekin. Grabatuta eramango dudan hori Jon Agirrezabalagak nahasita egongo da, teknikoki soinu ona eskaintzeko helburuarekin. Nire soinua beti izan da lo-fi-a, zikina, punkia... Ez da horri kontra egiteko, eboluzio bat baizik. Gauza asko landu ditut etxean, eta merezi du hori soinu onarekin eramatea. Halere, ez diot garrantzi handiegirik ematen soinuari. Kanta bat ondo defendatu behar da berdin dio zer soinurekin. Kutxa Kultur-en akustika oso ona da, eta, beraz, merezi du soinua zaintzea, baina zoratu gabe.
Niretzat garrantzitsuena da kanta onak egitea, eta askotan neure buruari esaten diot akatsari ere bide eman behar zaiola. Sarritan ez diot neure buruari akatsak egitea barkatzen, baina, azken finean, bakarrik nago, looper batekin... Entzule gisa gertatzen zait jotzailea humanizatzea, eta ez ditut akatsak zerbait txarra balira bezala bizi. Gertatu egiten dira. Baina ni neu naizenean akatsak egiten dituena ez zait gustatzen. Horrekin bizitzen ikasi behar dut oraindik. Beti esan ohi dut saiatuko naizela gehiago jotzen, baina soinu-banden munduan ere nire ibilbidea aurrera doa, eta lan asko daukat. Zorionez. Azkenaldian asko deitzen didate lan egiteko. Jo nahi dut, baina lana lana da. Eszedentzian segitzen dut, eta diru-iturri bat da azkenean. Jan ere egin behar da, eta, beraz, zineman jarraituko dut. Nire hurrengo proiektuak epe motzera lau film dira. Horrela daude gauzak.
Baina, bai, soinua esploratzen segituko dut. Saiatzen naiz proiektu bakoitzak, pelikula bakoitzak zerbait berria ekar dezan: lan egiteko modu berri bat, norbait ezagutzea, instrumentu berri bat sartzea... Beti ari naiz saltseatzen; nahi baino gutxiago, ez daukadalako denborarik, baina beti gauzak probatzen. Izan instrumentu birtual berri batekin —aste honetan bertan 80ko hamarkadako Roland 808 sintetizadorea erosi dut, proiektu berri baterako behar nuelako—, izan plugin edo efektu berri batekin —gaur goizean under the water filtro batekin ibili naiz—... Edo tutorial bat ikusten dut edo zerbait galdetzen diot adimen artifizialari, eta horrek jakin-min handiagoa sortzen dit, gauzak probatzeko gogoa. Edozein modutan, ez naiz ez dakit zenbat sintetizadore eta gailu erabiltzekoa. Lehenago aipatu dudan moduan, kanta bat ona bada, ez da behar sintetizadore mordoa eta soinu ikaragarri ona. Gauzak onak direnean edozerekin eta edozelan defendatzen dira.
[2026ko apirilaren 16an argitaratutako Berezia]