Pasaiako Dantza Festibala, herria eszenatoki

  • Pasaiako Dantza Festibala, herria eszenatoki

2019. urtean aurkeztu zen Pasaiako Dantza Jaialdia, herriko Udalak eta Haatik Konpainiak antolatuta. Diziplina eszenikoa publiko ezberdinei hurbiltzeko helburuarekin sortutako ekimenak bizirauteko etengabeko borrokari aurre egin behar izan dio hurrengo bi edizioetan, proposamen asko galdu diren pandemia testuinguruan. Orain, 2022ko ekainean egingo den laugarren edizioan ari dira lanean, zalantzaz baina mimo handiz. Lantaldearekin egon gara euren zeregina ezagutzeko.


Zein helbururekin jarri zen abian Pasaiako Dantza Festibala?

Kalitatezko dantza jaialdi parte-hartzaile, parekide eta integratzailea izateko asmoarekin jarri zen martxan Pasaiako Dantza Festibala. Lau egunetan zehar dantzaz modu ezberdinetan gozatzeko aukera sortu nahi genuen. Pasaiako eta inguruetako herritarrek dantza eta oro har artearekin duten erlazioan sakontzeko aukerak emanez.  

Halaber, dantzak adierazpide ezberdinetan ekar ditzakeen onurak herritarrei hurbildu, horien interesa piztu eta dantzarako publiko berriak sortu.  

Jaialdiak Pasaiako herritarren garapen soziokulturalean aurrera egiten laguntzeko asmoz ere jaio zen.

Arteak, estetikak eta mugimenduek sortzen dituzten sentsazio eta sentimenduak balioan jarri eta dantza-lan horiek gai ezberdinei buruz sortu ditzaketen hausnarketetan atentzioa jarriz.  

 


Hurrengo edizioa laugarrena izango da. Zer bilakaera izan du hitzorduak denbora horretan?

Lehen edizioaren arrakastak gure iragarpen onenak ere luzez gainditu zituen. Herritarren erantzuna eta jaialdiari eman zioten jarraipena izugarria izan zen. Ondorengo asteetan bertaratutakoen esker on hitzak  jasotzen jarraitzen genituen. Oso hunkigarria izan zen.

Ondorengo urteak aldiz, zailak izan dira Covid-ak sortu duen egoeraren ondorioz. Bigarren edizioa hankaz gora jarri zuen eta zalantzaz beteriko data eta formatu aldaketa bat egitera behartu gintuen.

Hala eta guztiz ere pozik geratu ginen ekintza neurtuago eta edukiera murrizketak izanda ere jaialdiak herrian sortu zuen erantzunarekin.

Eta azken urte honetan murrizketekin jarraitu arren, lehen edizioarekin antza handiagoa izan duen jaialdia izan dugu berriz.


2022ko ediziorako proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1ean amaituko zen. Zer erantzun izaten du deialdiak? Zer programa mota prestatzea gustatzen zaizue?

Proposamenak biltzeko deialdia egiten dugun bigarren urtea da. Eta Euskal Herriko konpainia eta sortzaileek bizi duten egoeraren erradiografia bat egiteko tresna baliagarria da. Alde horretatik, esan dezakegu proposamen ugari iristen zaizkigula. Iazko ediziorako 50 proposamen inguru jaso genituen.

Kalean eskaini ahal izateko dantza lan labur-ertainak programatzen jarraitzeko asmoa dugu. Estilo ezberdinak agertzen diztuzten pilulatxoez osatzen goaz egunak.

Eta herriko edo inguruko dantza-eskola eta elkarteen lanez osatzen dugu.  


Zuen ustez, zer estrategia indartu behar dira dantza publiko berriengana hurbiltzeko?

Horixe da gure helburuetako bat. Eta ez dugu barita majokorik... Gu estrategia ezberdinak aurrera eramaten saiatzen gara.

Iaz, esaterako, Pasaiako hiru ikastetxeetan sentsibilizazio jarduerak burutu genituen. Eskoletan lan egin behar dela argi dago. 

 


Eta bestetik, dantza lanak doan eta herritarrak dauden lekuan eskaintzea, lan pieza motz eta erakargarriak. Esaerak dioen bezala: “Mahoma ez badoa mendira...”

Azkenean, herriko ohiko ekintza bezala aurkitu behar dute dantza, eta pixkanaka interesa sortu, erakarri eta gustuko bihurtu.


Nola ikusten duzue dantza-sormenaren osasun-egoera gure testuinguruan, Covid pandemiari lotutako neurrien eraginaren ondoren?

Zaila izan da guztiontzat. Eta izaten ari da oraindik. Gizarte osoa espero ez genuen zurrunbilo batean sartuak gaude, eta ahazten zaigun bakoitzean berriz dator ate joka.

Zentzu honetan, konpainia askoren bizi-iraupenarentzat kolpe larria suposatu du. Lan egiteko moduak aldatu beharra. Zalantzak azken unera arte. Etorkizunera begira, ohikoa baina ezjakintasun handiagoa...

Zorionez azken hamarkadan aurrerapen handiak emanda zeuden. Sorkuntza zentroak, konpainiak, sendotzeak, erresidentzia deialdiak, formazioak.... Eta honi esker uste dugu bizirik ateratzeko esperantzak ere handiagoak direla.


Jaialdia 2022ko ekainean egingo da. Zein nahiko zenukete izatea laugarren edizioaren titular nagusia?

Pandemiarekin lotutako titularrik egoteko beharrik ez izatea nahiko genuke. Konpainien lanez hitz egitea, proposamen bitxiez, sortu den giroaz...Hori izango da titularrik onena.




Zer alderdi lantzen jarraitu nahi duzue etorkizunari begira?

Unean unekoa aztertzera behartu gaitu pandemia honek, eta gauza guztietatik ikastera. Horrela jarraituko dugu. Ez baitago errezeta magikorik. Iaz funtzionatu zuenak agian aurten ez du balioko eta.

Baina oinarrian euskal sortzaileei txoko goxo bat eskaini nahi diegu, haien lanak aurkezteko eta Pasaiako herritarrei lan paregabeez gozatzen jarraitzeko aukera.

 

(2021eko abenduaren 9an argitaratutako Berezia).