Proiektuak jasotzeko deialdiaren epea 2022ko urtarrilaren 17tik otsailaren 15era izango da (eguerdiko 12: 00etan)
-----
Emakume zinegileentzako mentoring programa
Noka Mentoring, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa, Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloak koordinatzen du, Zineuskadirekin lankidetzan, Euskadin eta Nafarroan oinarritutako zuzendari berrien proiektuak tutorizatu, lagundu eta bultzatzeko.
Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua eta akonpainamendu profesionala eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; horrez gain, ahalik eta osoena izango den zuzendari-txosten bat egiten ere lagunduko diete, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diren tutore laguntza batzuk eskuratzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zine eta Ikus-entzunezko Institutua), eta baita nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionaletakoak.
Prozesu osoan hiru tutore egongo dira- Mar Coll, Maider Oleaga eta Diana Toucedo- eta horiek hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dute programa osoan zehar. Hiru tutoren profilek lotura zuzena izango dute zinema-sorkuntzarekin. Mentoringean bi alderdi konbinatuko dira: batetik, film baten ideazio-prozesura sormenaren bidez hurbiltzea eta, bestetik, proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza.