Leioako Umore Azoka, bi hamarkada baino gehiago kaleko arteen alde egiten

  • Leioako Umore Azoka, bi hamarkada baino gehiago kaleko arteen alde egiten

2022ko maiatzaren 19tik 22ra bitartean, Umore Azokaren 22. edizioa egingo da Leioan. Aurtengo programazioa hasi baino 48 ordu lehenago, Alberto García jaialdiaren koordinatzaileak kaleko arteak ikusgai jartzen dituen Estatuko azoka bakarraren iraganaz, orainaldiaz eta etorkizunaz hitz egin du.


Zein da Leioako Umore Azokaren jatorria? Nolakoak izan ziren azokaren lehen urratsak?

Umore Azoka duela 23 urte hasi zen, eta 21 edizio egin dira. Pandemiaren une gogorrenetan, 2020an, Euskadiko kaleko arteen erakusketa bihurtu genuen. Azoka gisa, 22. edizioa izango da hau.

Hausnarketa batetik abiatuta sortu zen: Euskadik kaleko arteen konpainia ugari ditu, eta une horretan konpainiek ez zuten gunerik lanak erakutsi eta aurkezteko. Duela 22 urte soilik La Fira de Tarrega zegoen kaleko arteetan espezializatuta, eta bertan Euskadiko konpainien presentzia sinbolikoa zen.

Lehen urteak gogorrak izan ziren, baina ilusioz betetakoak; izan ere, hasieratik, bai Euskadiko konpainiek bai Estatukoek parte hartu zuten Umore Azokan, eta gauza bera gertatu zen kontratazioaren arloko profesionalekin ere.

Euskadiko konpainiek euren lan eta proiektuak aurkezteko erreferentzia-puntutzat hartu zuten Umore Azoka.

 

[Alberto García, Umore Azokaren koordinatzailea hasieratik]

 

Zer ibilbide izan du hogei urtetik gorako historian?

Azokaren ibilbidea Euskadiko nahiz Estatuko kaleko arteen errealitatearekiko paraleloa izan da. Ezin dugu ahaztu duela 20 urte “kaleko antzerkiaz” mintzatzen ginela, eta orain “kaleko arteez”.

Gaur egun, kaleko antzerkiaz gain, dantza, zirkua, musika, performanceak, instalazioak, eta abar ikus ditzakegu, edo kaleko arteen tekniken fusioak.

Umore Azoka konpainiek aurkeztutako lanak erakusteko puntu izatetik topaketa, hausnarketa eta trukerako puntu izatera igaro da.


Sektoreko kideen egutegian ondo markatutako hitzordua da, eta erakusleiho garrantzitsua konpainientzat. Non uste duzue dagoela arrakastaren gakoa?

Bai, garrantzitsua dela uste dugu, eta hori argi dago parte hartzeko eskatu diguten konpainien kopuru handia ikusita, ez soilik Euskadi mailan, baita Estatuan eta nazioartean ere; izan ere, mundu osoko proposamenak heltzen zaizkigu.

Une honetan, Estatu mailan, kaleko lanak erakusten dituen azoka bakarra gara. Beste ekitaldi batzuetan fusio bat egoten da, edo kaleko arteen zertzeladak; Leioan, ordea, programazio guztia kalekoa da.

Bestalde, beti saiatzen gara ahalik eta aukera gehienak eskaintzen. Horretarako, joera berrien alde egiten dugu eta adi egoten gara kaleko arteen munduan sortu edo garatzen diren kontu guztien berri izateko.


2022rako programa diseinatzeko bostehun proposamen baino gehiago jaso dituzue. Nola baloratzen duzue deialdiaren emaitza?

Balorazioa oso positiboa da, hala proposamenei nola –batez ere– kalitateari dagokienez. Gure ustez, pandemiak urte hauetan eragindako etenaren ondorioz, konpainiek proiektu sendoagoak, hausnartzaileagoak eta konprometituagoak aurkeztu dituzte.

 

Topaketak espazio bat eskaintzen du, adibidez, negozio-bilera profesionalak egiteko. Zer ematen dio azokari programazio osagarri horrek?

Oso garrantzitsua da azokak atal horretan egiten duen ekarpena, Umore Azokak berak indartzen baitu alderdi hori. Batzuetan erakunde gisa lantzen dugu hori, eta besteetan sektoreko elkarteekin elkarlanean. Beti planteatu izan dugu Umore Azoka ez dela soilik proiektu sortzaileak erakusteko puntu bat, baizik eta zerbait gehiago, sektoreak lan egiteko, ezagutarazteko, ikasteko, garatzeko eta zuzeneko arte eszenikoen munduan esku hartzen dugun guztion artean partekatzeko toki bat.


Zein da genero-berdintasunaren egoera sektore honetan? Zer-nolako pisua eta espazioa dute emakumeek egindako kaleko ekoizpenek?

Kaleko arteen arloan, uste dut emakumeen presentzia funtsezkoa izan dela, eta oraindik ere badela, zuzeneko arteen munduan. Gaur egun hala dela ikus dezakegu, baina baita atzera begiratuta ere.

Emakumeek egindako ekoizpenek pisu handia dute; zuzendaritzan, dramaturgian, ekoizpenetan, interpretazio-lanetan, alderdi teknikoetan, eta abarretan aritzen dira. Sektore guztietan daude, eta parte-hartze aktiboa dute.

 

[Edizio honetako programazioko ikuskizunetako bat: Gazte, Hika Teatroarena]


Azken urteetako jarduera COVID-19aren eraginak baldintzatu du. Nola bizi izan duzue eta zein irakurketa egin duzue bizipen horretatik?

COVID-19a kolpe latza izan zen. Gure kasuan, prest geneukan 2020ko Umore Azoka, konpainiak dagoeneko hautatuta genituen, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Urte horretan zerbait asmatu behar izan genuen, eta, kaleko arteen alde Euskadiko konpainiekin lanean jarraitzeko xedearekin, Euskadiko kaleko arteen erakusketa sortu zen, non Euskadiko 25 konpainiak baino gehiagok parte hartu ahal izan zuten.

2021ean, Umore Azoka egin zen, baina beste data batzuekin: irailean egin genuen, ezarritako neurri guztiekin. Euskadiko, Estatuko eta nazioarteko konpainiek hartu zuten parte, baita programatzaile eta banatzaileek ere. Jarduera paraleloak ere egin ziren. Aldea nabaritu zen, artistak ez baitzeuden publikotik hain gertu, segurtasun-distantzien eta espazio-mugen ondorioz. Baina ikusi genuen publikoak eta artistek kalean egon nahi zutela, espazio hori okupatu nahi zutela lehen bezala eta guztiaz gozatu nahi zutela.


Nola jarraitu behar du hazten Umore Azokak?

Umore Azokak hazten eta garatzen jarraituko du, kaleko arteekiko, proposamen eta sorkuntza berriekiko eta sektorearen konpromisoekiko paraleloan. Ezin dugu besterik planteatu. Kaleko arteek eta Umore Azokak elkarrekin jarraitu behar dute, egungo eta etorkizuneko helburuak lantzen.

 

(2022ko maiatzaren 17an argitaratutako Berezia).