Haurrei eta familiei zuzendutako telesaila da Loa eta Laia, euskaratik eta euskaraz sortua eta musika ardatz duena. Bi atal estreinatu dituzte oraingoz; loaetalaia.eus webgunean eta YouTuben ikus daitezke. Josu Bergarak eman dizkigu proiektuari buruzko xehetasunak.
Zer da Loa eta Laia egitasmoa? Nori dago zuzenduta?
Loa eta Laia euskarazko marrazki bizidunen telesaila da. Musika oinarri duena eta ingurune digitalean zabaltzeko pentsatu duguna. Familiei zuzenduta dago; zehatzago esanda, 2 eta 7 urte bitarteko umeak dituztenei.
Nola eta zer helbururekin jarri zenuten martxan?
Duela bi urte, Josu Bergara musikaria, etxeko txikientzat euskarazko marrazki bizidunak bilatzen ari zela, konturatu zen gure hizkuntzan horien eskaintza zabalagoa izan zitekeela; huraxe izan zen proiektuaren sorrera. Telesailak hiru helburu nagusi ditu: euskarazko eduki digitala sortzea eta hedatzea, musikarekiko zaletasuna garatzea eta balore unibertsalak zaintzea eta zabaltzea.

Lau dira pertsonaiak: Loa, Laia, Niko eta Qiang. Nolakoak dira?
Pertsonaia indartsu eta ezberdinak sortu ditugu. Horien sormen prozesuan garrantzitsua izan da Loa eta Laia emakumeak eta telesailaren protagonistak izatea. Qiang-en eta Nikoren kasuan ere, dibertsitate funtzionala eta gorputzen dibertsitatea kontuan hartu ditugu.

Oraingoz, bi kapitulu prestatu dituzue. Zer maiztasunekin joango zarete hurrengo atalak igotzen? Pentsatu al duzue zenbat izango diren? Ala ikusteko dago?
Hilero atal berri bat estreinatzeko asmoa dugu. Lehen denboraldi honetan, 2023ko ekainera arte argitaratuko ditugu edukiak. Ondoren, telesailaren arrakastaren eta jasotzen duen babesaren arabera, hurrengo pausoak erabakiko ditugu.
Alderdi artistikoari dagokionez, nolako marrazki bizidunak dira? Zerk egiten ditu bereizgarri?
Marrazkiak eskuz eginda daude, eta oso pertsonalak dira. Paul Caballero ilustratzaileak lantzen ditu, eta unibertso grafikoaren detaile guztiak zaintzen ari da. Protagonistek berezko estiloa dute, alaia eta ausarta.
Nork osatzen du Loa eta Laia egitasmoaren lantaldea?
Telesailaren egile eta sortzaile nagusiak Josu Bergara musikari eta publizista eta Paul Caballero ilustratzailea dira. Lantaldea honako hauek osatzen dute: Ane Martinez eta Leire Aparicio abeslariek eta musika moldaketez arduratzen diren David Sanchez Damián eta Nerea Alberdi konpositoreek. Horrez gain, Burutü komunikazio agentziaren eta CMYK ilustrazio eskolaren babesa eta laguntza jaso dugu.
Marrazki bizidunez harago, beste material mota batzuk ere prestatzen ari zarete, ezta?
Bai. Hezkuntza zentroetatik (ikastolak, eskolak...) gurekin harremanetan jarri dira, eta esan digute telesaila oso interesgarria iruditu zaiela gela barruko ariketak gauzatzeko aukerak ematen dizkielako. Horren ondorioz, pixkanaka material didaktikoak lantzen hasiko gara, margolaritzarekin eta musikarekin lotutako oinarrizko ariketa txikiak egiteko modukoak. Gure webgunean argitaratuko ditugu.

Eta etorkizunera begira, zer? Pentsatu al duzue zein izango diren hurrengo urratsak?
Egia esateko, ilusioz gainezka gaude. Dena ondo badoa, zuzeneko ikuskizuna eta merchandising euskarriak lantzeko asmoa dugu, besteak beste.
(2022ko abenduaren 12an argitaratutako Berezia)