Munduaren beste aldeko xelebritiak bueltan izango ditugu abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra arte
Gabon gauak animatzeko, P6ko Antzerki Laborategiko CABARET CHIHUAHUA, 2022ari amaiera emateaz eta 2023ari ongi etorria emateaz arduratuko da.
2013an estreinatu zen ekoizpen arrakastatsua bere 10. urteurrenera iritsiko da. 10 urte hauetan zehar, 200 emanalditik gora eskaini dira, 17 antzezle pasatu dira, eta hainbat bitxikeri eta oroitzapen gordetzen ditu bere baitan.
Felipe Lozak sortu eta zuzendutako komedia musikal lotsagabea giro euskal mexikarrean garatzen da, eta bertan kontatzen den istorioak, zoritxarrez, gaurkotasuneko gaia izaten jarraitzen du. 3 urteko krisialdiaz hitz egiten zenantzezlanaren estreinaldian, oraingo honetan ordea, 12 urte aipatzen dira. Lan- prekarietatea, etxegabetzeak, bankuen abusua, lehen munduko arazoak, miseria, bere horretan jarraitzen duten gaiak dira antzezlanean azpimarratzen direnak. Gai horietaz hitz egiten bada ere, antzezlana zuzeneko musika eta umore handiko komedia dibertigarria da.
Onirikoaren eta benetakoaren arteko mugan, pertsonaia ikonikoak ikusiko ditugu taula gainean: Minelly, Monroe, Winehouse, Cantinflas, Freddie, Frida, Montserrat Caballé, Sabino Arana edo, beste era batera esanda, Iñaki Maruri/Adrian García de los Ojos, Itxaso Quintana/Olatz Ganboa, Quique Gago, Jon Casamayor, Irene Bau, Diego Pérez/Unai Izquierdo, Mitxel Santamarina/Karmele Larrinaga eta Ugaitz Alegria izango dira hurrenez hurren aipatutako pertsonaiak gorpuztuko dituzten aktoreak.
Azkenik, aipamen berezia ikusleentzat. Cabaret Chihuahuarekiko izandako erantzuna txalogarria eta eskertzekoa izan da urte guzti hauetan zehar. Ikusle horien erreakzio, iruzkin eta ahoz-ahoko gomendioek antzezlana hamarkada batez mantentzea lortu dute. Herri ezberdinetatik gerturatu izan dira, eta euretako askok behin baino gehiagotan errepikatu du antzezlana ikustera etortzeko aukera.
Antzezlana giro alai eta onean, lagunartean, senideekin, bikotearekin, lankideekin,… ikusteko plan ezin hobea da. Emanaldiak abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra bitartean antzeztuko dira (kontsultatu ordutegiak webgunean). Ikuskizunak 110 minutuko iraupena du (atsedenaldia barne). Sarrerak eskuragarri daude www.pabellon6.org web atarian.
Lagun ikusezin horrentzako gabonetako opari bikaina!!!