Denboraldiko lehen estreinaldia EGUN ZORAGARRIAK/DÍAS ESTUPENDOS izango da. Gazte Konpainiaren 9. promozioa protagonista duen lana. Urtebete falta da Pabellón 6eko Gazte Konpainiaren hamargarren urteurrenerako, eta oraindik indarrean dago talde gazteen profesionalizazioaren aldeko apustua egiteko helburua. Urte hauetan, 50 aktore gazte baino gehiago pasatu dira bertatik, eta 9 ekoizpen propio utzi dituzte guztira.
Aurten aukeratutako antzezlana DÍAS ESTUPENDOS izan da, udari buruz hitz egiten duen Alfredo Sanzolen testua. Pieza istorio txikietan oinarrituta dago eta udaren nostalgia eta haurtzaroaren askatasun galdua ekartzen ditu gogora. Gainera, eguneroko bizitzako errutinatik kanpo proiektatzen ditugun adiskidetasunari, harreman pertsonalei eta fantasiei buruzko hausnarketa proposatzen du.
"Udan, nork bere paradisua eraikitzen du, eta kurtsoan zehar egin ezin dituen gauza guztiak egiten ditu, ausartzen ez delako edo astirik ez daukalako. Gainera, denok desiatzen dugu alaitasun eta poztasun hura eguneroko bizitzara eramatea. Udako iheskortasun hura urte osoan iraun arazteko gogo horrek frustrazioa dakar. Frustazio hori antzematen da antzezlanean. Une dramatikoak eta barregarriak tartekatzen dira. Komedia sentsual, lotsagabe eta sentimentala da".
16 esketxez osatutako lana Itziar Lazkanok zuzendu du eta eszena/istorio bakoitzeko rol ezberdinetan 6 antzezle arituko dira: Gorka Luna, Izar Pizarro, Itxaso Sanchez, Omar Somai, Markel Vázquez eta Sofía Zallio. Testuaren euskarazko bertsioa Patxo Telleriak egin du eta zuzendari laguntzailea Iñigo Cobo izan da. Alde teknikoan, jantziak Betitxe Saituarenak dira, atrezzoa eta elementu eszenografikoak María Casanuevarenak, argiztapen-diseinua Fernando Alcáuzarrena, eta kantu-zuzendaritza Yeray Vázquez. Kartela Lu Sáiz Báezena da.
Antzezlana urtarrilaren 19tik 21era euskaraz eta urtarrilaren 26tik otsailaren 11ra gaztelaniaz taularatuko da, ostiraletik igandera, eta sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri. Ostiraletako eta larunbatetako emanaldiak 19:30ean izango dira, eta igandeetakoak 19:00etan.