Orchestre Philharmonique de Radio France orkestrak eta Sol Gabettak emango diote amaiera bihar Hamabostaldiari

  • Orchestre Philharmonique de Radio France orkestrak eta Sol Gabettak emango diote amaiera bihar Hamabostaldiari

Musika Hamabostaldiaren 85. edizioak agur esango du bihar, ostirala, Kursaal Auditorioan egingo den azken kontzertu sinfonikoarekin. Azken kontzertu horretarako, Hamabostaldiak Orchestre Philharmonique de Radio France ospetsua gonbidatu du, 90eko hamarkadan jaialdiarekin harreman estua izan zuena eta orain itzuliko da bere egungo zuzendari titularrarekin, Mikko Franck finlandiarrarekin. Sol Gabetta mundu osoko biolontxelo jotzaile ezagunenetako bat izango du lagun, eta Édouard Laloren Biolontxelorako kontzertuari helduko dio, Debussy, Ravel eta Stravinskyren lanak biltzen dituen programa batean. Kontzertua bihar, abuztuaren 30 ostiralean izango da, 20:00etan, Kursaal Auditorioan. SarrerakKursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke.

Orchestre Philharmonique de Radio France, 30eko hamarkadan Frantziako irrati-difusioak sortutako lehen orkestra filarmonikoaren oinordekoa, Europako panorama sinfonikoaren talde berritzaile eta berezienetako bat bihurtu da. 1937an sortu bazen ere, orkestra 70eko hamarkadaren erdialdean berregituratu zen, Pierre Boulezen bultzadaz. Konpositore eta orkestra-zuzendari ospetsuak, orkestra sinfoniko tradizionalen zurruntasunaren kritikoak, esperimentaziorako eredu malguago eta irekiago baten alde egin zuen. Ikuspegi abangoardista horrek gidatu du orkestraren ibilbidea ordutik, eta ideien laborategi eta obra berriak estreinatzeko gune pribilegiatu bihurtu du (25 inguru denboraldi bakoitzean). Eklektizismoa Frantziako Irratiko Orkestra Filarmonikoaren ezaugarrietako bat da. Bere errepertorioak errepertorio sinfonikoko klasiko handietatik hasi eta abangoardiako sorkuntzetaraino, jazza edo musika elektronikoa hartzen ditu. Programa-aniztasun horrek erakusten du estilo eta garai desberdinen artean zubiak eraikitzeko duen bokazioa, musika garaikidearen hedapenarekin duen konpromisoa eta Frantziako gizartearen espektro zabal batera iristeko nahia. Gainera, Orchestre Philharmonique de Radio France-en jarduerak kontzertu-aretoak gainditzen ditu, Radio France-rekin duen lankidetza estuak audientzia are zabalago batera iristeko aukera ematen baitio.

Jarraitu irakurtzen


  • DataAbuztuak 29
  • Gaia Musika