Eduardo Chillidari buruzko lehen eleberri grafikoak publiko berriei hurbilduko die haren lana

  • Eduardo Chillidari buruzko lehen eleberri grafikoak publiko berriei hurbilduko die haren lana

(Argazkia: Mireia Massagué, Chillida Lekuko zuzendaria; Nausica Sánchez, Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketa arduraduna; Rafael Martínez, Norma argitaletxearen sortzailea eta presidentea; David Marto, Chillidaren mapa lanaren marrazkilaria eta egilea; eta Mikel Chillida, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce fundazioren bozeramailea)

  • David Marto marrazkilariak sortu duen eleberri grafikoari esker, artistaren obrarekin maiteminduta dagoen ikasle gazte baten begien bitartez deskubrituko dugu Eduardo Chillida
  • Norma argitaletxeak argitaratu du komikia gaztelaniaz eta euskaraz, Chillida Leku museoarekin eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce fundazioarekin lankidetzan, belaunaldi berriei hurbiltzeko euskal eskultorearen obra
  • Álvaro Martínez Bueno marrazkilariaren hitzaurrea du bolumenak eta, gainera, 24 orriko txosten bat du informazio gehiago emateko Eduardo Chillidari, haren Espainiako obra publikoei eta Chillida Leku museoari buruz

Norma komikietan espezializatutako argitaletxeak David Marto marrazkilariaren Chillidaren mapa eleberri grafikoa aurkeztu du ostegun honetan, hilaren 3an, Chillida Lekun. Ostiral honetan iritsiko da liburu-dendetara. Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena aitzakia hartuta argitaratu da, eta espainiar geografian barrena abiatuko da bidaian, protagonistaren eskutik, euskal artistaren obra publikoa deskubritzeko.

Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da aldi berean komikia eta Eduardo Chillidaren obra publikoa —espazio publikorako pentsatuta dagoena— ezagutzera animatzen gaitu Marta protagonistaren eskutik. Arte Ederren ikaslea da Marta, eta bere ametsa izan da Espainia osoan zehar dauden Eduardo Chillidaren monumentu nagusiak bisitatzea aitonarekin batera. Aitona hiltzean, erabakiko du hari gorazarre egitea eta bere ametsa betetzea; horrela, Chillidaren eskulturak miretsiko ditu bidaia ahaztezin bateko zenbait etapatan.

"2017ko irailaren 8an bisitatu nuen lehen aldiz Chillida Leku museoa, baina ez nuen pentsatzen zazpi urte geroago eleberri grafiko hau argitaratuko genuenik", adierazi du Rafael Martínezek, Norma argitaletxearen sortzaile eta presidenteak, komikiaren aurkezpenean. Chillida Leku museoarekin eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce fundazioarekin elkarlanean egin da komikia, bada.

Argitaletxearen proposamenaren helburua da belaunaldi berriei hurbiltzea XX. mendeko euskal artista garrantzitsuenetako baten obra. Horretarako, eleberriaren edukian, ikuspegi oso didaktikoa baliatu du David Martok: hurbila eta optimista da, aditua eta kritikoa baino gehiago. "Hasieratik nekien ez nuela biografia bat egin nahi; bada, garatu nuen istorioan, neska batek Espainian barrena bidaiatuko du Chillidaren obra publikoak bisitatzen eta Chillidari buruz ikasten, eta, horrela, irakurleak harekin batera deskubrituko du eskultorea", azaldu du Martok.

Publiko gaztea ez ezik publiko guztiak erakartzeko, estilo serioagoa landu du artistak obra honetarako, angelu eta zuzenetan oinarrituta, bere marrazkien ohiko estilotik zertxobait urrun. Hiru kolore bakarrik erabili ditu, gainera: zuria, beltza eta bolumena ematen eta irudiak errazago irakurtzen laguntzen duen urdina.

"Baliteke belaunaldi berriak Eduardo Chillidaren artetik urrunago egotea, ez baitira harekin bizi izan kontzienteki. Komiki hau aukera perfektua da haren obra hurbiltzeko eta eskultorearen espirituarekin konektatzeko, eta ikusi ahal izango dute haren ikuspegi berezia eta jardun artistikoa oraindik ere garrantzitsuak direla XXI. mendean", adierazi du Nausica Sánchezek, Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketa arduradunak.

Toledotik Donostiara, Eduardo Chillidaren obraren bitartez

Chillidaren mapa Eduardo Chillidaren obra publikora hurbilduko da protagonistak hasiko duen barne-bidaia pertsonal baten ikuspegitik. Protagonistak, bere aitonari esker, harreman maitekor eta intimoa garatu zuen txikitatik Toledo bere jaioterrian dagoen Topaketa-lekua IV eskulturarekin. Aitona hiltzean —Chillidaren obraren osozalea bera—, bidaia bat hasiko du protagonistak espainiar geografian barrena, eskultura monumental nagusiak deskubritzeko: Madril, Sevilla, Valladolid, Bartzelona eta Donostia bisitatuko ditu, besteak beste. Chillida Lekun amaituko da bidaia, nola ez, Eduardo Chillidak eta Pilar Belzunce emazteak Chillidaren eskulturak biltzeko sortuzuten tokian.

Chillidaren mapak belaunaldi berriei (baina ez horiei bakarrik) hurbildu nahi die Chillidaren obra publikoa; hots, espazio publikorako pentsatuta dagoena eta bere ibilbide artistikoan hain garrantzitsua dena. "Aitonak beti esaten zuen norbaitena dena ia inorena ere ez dela, horregatik hasi zen proiektu monumental hauek egiten, bere obrak denonak izan zitezen eta topaketa-leku bilaka zitezen", adierazi du Mikel Chillidak, artistaren biloba eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce fundazioren bozeramaileak.

Eduardo Chillidaren 40 eskultura publiko baino gehiago daude munduko hainbat hiritan banatuta, eta denek herritarrentzako topaketa-leku bilakatu dituzte beren kokapenak. Adibide argiak dira Donostiako Haizearen orrazia XV, Gijóngo Zeru ertzaren laudoriotan eta Sevillako Tolerantziaren monumentua, beste askoren artean.

Norma argitaletxeak egin duen Chillidaren maparen argitalpen zainduak Álvaro Martínez Bueno artista eta komikigilearen hitzaurrea du. Eisner saria irabazi zuen Álvarok The Nice House on the Lake sailarekin eta, hain zuzen ere, Chillidaren obra sartu zuen binetetan. Gainera, bineten 60 orrialde baino gehiagoren ondoren, 24 orriko txosten bat du bolumenak. Irakurleek informazio gehiago izango dute, bada, Eduardo Chillidaren bizitzari eta obrari buruz: atal bat du haren Espainiako obra publikoari buruz, lokalizazio-mapa bat eta guzti, Chillida Lekuren historiari buruz eta artistaren obraren gako-kontzeptuei buruz, bai eta artistaren biografiari buruz ere.


  • DataUrriak 3
  • Gaia Ikusizko arteak, Literatura