Gaur, uztailak 7, aurkeztu dute Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak, lehenengo edizio honetarako Durangoko Udalarekin lankidetzan. Urriaren 4an, larunbata, Durangon izango da.
Durangon bertan izan da aurkezpen-prentsaurrekoa, Landako gunean, eta bertan Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatu Leixuri Arrizabalagak, Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek eta Danok Pro taldeko Jon Gomez Garai bozeramaileak hartu dute parte. Prentsaurrekoan ere izan dira Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia eta Paule Sánchez Durangoko Kultura zinegotzia, Udaleko gainontzeko ordezkari politikoekin eta Bizkaiko Erromeria Eguneko lehenengo edizioan parte hartuko duten zenbait artistekin batera.
Leixuri Arrizabalagak hasi du Bizkaiko Erromeria Egunaren aurkezpena, «erromeriak gure kultura eta nortasunaren parte» direla esanez, eta halaxe zehaztu du foru-diputatuak berak: «Urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu den bezala, erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta, gaur aurkezten dugun ospakizun hau, horren adibide garbia da». Arrizabalagak esan du transmisioan jarri dutela fokua: «Belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna».
Mireia Elkoroiribek, bere aldetik, nabarmendu du «Durango euskal tradizioaren, musikaren eta kulturaren epizentro» bihurtuko dela, eta 30 taldetik gora arituko diren egunean «erromeria kutsua duten herriko eragile guztiek ere parte hartuko dutela». Durangoko alkateak azpimarratu du «sekulako aukera» eta «ohorea» dela lehenengo edizioan Durangon antolatzeko aukera eskaini izana, «erromeriaren bidez gure ondare immateriala biziberritu, belaunaldi berriei transmititu eta gurea egiten jarraitzeko».
Bizkaiko Erromeria Egunak «herri osoa erromeria giroz bustiko badu ere, bereziki Landako gunea, honen alboko Ibaizabal parkea eta bertako auzunea, Musika Eskola eta bere ingurua, eta Plateruena antzokia izango dira eskaintzarik zabalenak hartuko duten guneak», azaldu du Jon Gomez Garaik, erromerietan urte luzez dabiltzan musikariz osatutako Danok Pro kooperatibaren ordezkari.