"K.OS" izeneko proiektua hautatu du Getxo Kulturak antolatzen duen Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren bosgarren edizioko epaimahaiak. Zirku garaikideko pieza da, Donostiako ZirKuSS konpainiaren eskutik, eta, Picassoren "Gernika" lanean oinarrituta, gerra-gatazketako eskrupulurik ezaz hausnartu nahi du, besteak beste. Proiektu berri hori martxan jartzeko egonaldia Muxikebarri zentroan izango da abuztuaren 23tik irailaren 19ra bitartean. Horren azken egunetan, bertan izango da ere proiektuaren aurrestreinaldia, irailaren 18an eta 19an, 20:00etan. Gainera, hilaren 17an, entsegu irekia egingo da ordu berean.
Lander Brionesen zuzendaritza artistikoa eta Maialen Alberroren koreografiak dituela, "K.OS"-ek zortzi artista biltzen ditu, Picassoren lan ospetsuaren sinboloak irudikatzen dituztenak. Horien bitartez, ZirKuSSk jendeari bandoez eta garaiez ulertzen ez duen basakeriaz hitz egiten dio, biztanleria zibila erabaki politikoen biktima bihurtzen duena. Lan honek mugimendu akrobatikoa eta narrazio poetikoa uztartzen ditu, zuri-beltzeko estetika batean oinarrituta, hitzik gabe, gerraren izugarrikerian zehar bidaia emozional bat eskainiz, baina gerra horretatik bizirik ateratzea lortzen duten pertsonen samurtasuna alde batera utzi gabe.