Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako Los domingos / Sundays (Espainia-Frantzia) film luzeak irabazi du Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Urrezko Maskorra. Epaimahai ofizialak ex aequo eman dio Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra Jose Ramon Soroizi, Maspalomas (Espainia) filmean egindako lanagatik, eta Zhao Xiaohong-i, Jianyu laide mama / Her Heart Beats in Its Cage (Txina) filmean eginiko antzezpenagatik. Gainera, Camila Plaatek eskuratu du Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra Belén filmean (Argentina) egindako antzezpena aintzatesteko.
Joachim Lafossek, Les chevaliers blancs / The White Knights (2015) filmarekin zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuenak, sari berbera eskuratu du berriz ere Six jours ce printemps-là / Six Days in Spring (Belgika-Frantzia-Luxenburgo) lanari esker, baita gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria ere, Chloé Duponchelle eta Paul Ismaëlekin batera. Argazki onenaren saria Pau Estevek jaso du, Los Tigres (Espainia) filmean egindako lanagatik.
Horretaz gainera, Epaimahaiaren Sari Berezia José Luis Guerinen Historias del buen valle / Good Valley Stories (Espainia-Frantzia) filmarentzat izan da, zeinak sari hori bera jaso baitzuen En construcción (2001) lanarekin. Oraingoan, "kamera periferiara eta gutxitan filmatutako aurpegi eta paisaietara zuzentzen duen film bati" eman dio saria epaimahaiak, kontuan izanik "denboraren gainetik eskuzabal eta gizatiar jariatzen den begirada marrazten duela, bidaia horretan zinemaren funtsa bera gogora ekarriz".