Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, "Un modo de hacer generativo" ("Egikera sortzaile bat") erakusketa inauguratu du gaur. Erakusketak Marisa Gonzalezek 2023an Velázquez Saria lortzeko egindako lana errepasatzen du, multimedia sortzaile gisa egindako ibilbide luzeagatik.
Azkuna Zentroko Marisa Gonzálezen bakarkako erakusketa hau euskal instituzio batean egiten den artistaren lehen erakusketa antologiko handia da. Proiektu honek jaio zen hirira ekarri du berriz artista, baina Gonzálezek sekula ez dio utzi bere obren bidez hiriarekin harremanetan egoteari.
Gaur goizean egin den erakusketaren aurkezpenean, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarriak, Azkuna Zentroko zuzendari nagusi Txomin Olabarrik, Marisa González artistak eta erakusketaren komisario Violeta Janeiro Alfagemek hartu dute parte. Era berean, Manuel Segade izan da bertan, Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaorekin lankidetzan, erakusketa antolatzen duen Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionaleko zuzendaria.
Marisa González (Bilbo, 1943) aitzindaria da Espainian arte-sorkuntza eta irudiak komunikatzeko eta erreproduzitzeko teknologiak uztartzen. Hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere lana ohiko baliabide artistikoetatik aldentzen da, eta makinak —koloretako fotokopiagailuak, termofaxak eta bere garaian puntako teknologia izan diren beste tresna batzuk— erabiltzen ditu kopiatzailea edo erreplikatiboa izan beharrean sortzailea den artea asmatzeko. Makinarekin izandako eragin-truketik sortzen diren elementu berriak eta originalak sartzen ditu, ez makinaren funtzionamendu soiletik sortutakoak. Marisa Gonzálezek metodo propio bat sortu du, hizkuntza bat, non berehalakotasunak, zoriak, probak eta erroreak hartzen duten protagonismoa.