ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren barnean, Bilboko Udalak antolatuta, ZINEBI NETWORKING – Dokumentalen Sorgunea Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren zortzigarren edizioa gauzatuko da azaroaren 21etik 28ra bitartean. Foroa ZINEBIk antolatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren finantzaketarekin eta EITB MEDIA SAU (EITB), RTVE, Zineuskadi Elkartea eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren lankidetzarekin.
ZINEBI NETWORKING sortzeko prozesuan aurkitzen diren film dokumentalen inguruan elkartzeko, laguntzeko eta elkarrekin hausnartzeko gune moduan finkatu da. Fikzioa ez den zinemari arreta berezia eskainiz, foroak analisi, elkarrizketa eta aholkularitza profesionala konbinatzen ditu, zinemagile eta ekoizleei garatzen ari diren edo amaitzeko fasean dituzten proiektuak bultzatzeko aukera ematearekin batera.
ZINEBI NETWORKINGek konpromisoa du sortzen ari den talentua bultzatzeko eta Euskadiko eta Estatuko ikus-entzunezko sarea sendotzeko; era horretan, baterako ekoizpena, hausnarketa kritikoa eta fikzioa ez den zinemako profesionalen arteko sareak sortzea sustatzen ditu.
Zortzigarren edizio honetan, film luze dokumentalen 11 proiektuk hartuko dute parte, bi kategoriatan banatuta —garapen-egoeran dauden proiektuak eta amaitzeko fasean dauden proiektuak—, eta 10.000 euroko hiru sari eskuratzeko lehiatuko dira. Guztira 30.000 euro banatuko dira laguntzetan.