Donostiako 87. Musika Hamabostaldiak bere programazioaren aurrerapena aurkeztu du

  • Donostiako 87. Musika Hamabostaldiak bere programazioaren aurrerapena aurkeztu du
    Juan Diego Florez (Argazkia: Gregor Hohenberg / Iturria: www.quincenamusical.eus)

  • Juan Diego Flórez tenorrak irekiko du jaialdia
  • Kursaaleko kontzertu handien zikloan nazioarteko orkestra hauek izango dira: Mahler Chamber Orchestra, The Constellation Choir and Orchestra, Seoul Philharmonic Orchestra eta Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa; zuzendarien artean, Riccardo Chailly, Sir John Eliot Gardiner, Daniel Harding edo Jaap van Zweden; eta bakarlariei dagokionez, Grigory Sokolov eta Daniil Trifonov pianistak, Julia Hagen txelista edo Matthias Goerne baritonoa
  • Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Easo Abesbatzak, Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Berliozen Hildakoen Meza Handia, "Requiema" zorrotz eta monumentala interpretatuko dute
  • Publiko zabalarentzat, ulerterraz izanagatik bereziki nabarmentzen dira Seoul Philharmonic Orchestraren bi kontzertuak, Mozarten 40. Sinfonia eta Beethovenen Bederatzigarrena entzungai; eta Scalaren lehen kontzertua, Dvoraki eskainia
  • Victoria Eugenia Antzokian Arriaga harrigarria kontzertua izango da, konpositorearen heriotzaren bigarren mendeurrenean; Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza Juanjo Menaren zuzendaritzapean ariko dira
  • Eva Yerbabuena flamenko dantzariak "Yerbagüena" ilun disdiratsua ikuskizuna dakar jaialdira.
  • Hamabostaldiaren Lagunek apirilaren 1era arteko epea dute abonuak eta sarrerak eskatzeko, eta Lagun izatearen abantaila guztiez baliatu nahi duten zaleek Hamabostaldiaren webgunean edo jaialdiaren bulegoetan eman dezakete izena
  • Sarreren salmenta orokorra maiatzaren 19an hasiko da

Ikus egitaraua (aurrerapena)

Abuztuaren 2tik 30era, Donostiako 87. Musika Hamabostaldiak Donostiako eta Gipuzkoako uda publiko ororentzako kalitate oneneko zuzeneko musikaz eta dantzaz beteko du. Hiriko areto nagusietan, kultura-espazioetan eta beste hainbat lekutan, bai eta Gipuzkoako beste herri batzuetan ere, proposamen ugari izango dira, sinfonikotik errezitaldira, tradizionaletik abangoardiara, Kursaaleko formatu handitik Tabakaleran edo San Telmon izango diren emanaldi intimistenetara. Katalogoa askotarikoa da, bakoitzak gehien erakartzen duena aukeratu eta jaialdia bere egin dezan, bere plana bihur dezan... Musika Hamabostaldia, a zer plana! Otsailean iragarri bezala, Mari Puri Herrerok egindako kartela izango da aurtengo edizioaren irudia.

Jarraian, Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian izango diren kontzertu eta ikuskizunak zehazten dira, jaialdiko hitzordu nabarmenen eszenatokiak.

Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloa

Abuztuaren 2an, Hamabostaldiaren irekiera egunean, Juan Diego Flórez tenor perutarra jaialdira itzuliko da. Bi hamarkada baino gehiagoren bueltan, munduko ahotsik handienetako bat bihurtuta dator Donostiara; hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea du, arrakastaz josia, operako tenplu handienetan, hala nola New Yorkeko Metropolitan Opera, Milango alla Scala antzokian, Londresko Royal Opera Housen edo Veronako Arenan. Vincenzo Scalera pianistak lagunduta, errezitalean ariko da; Italiako eta Frantziako opera, zarzuela eta musika hegoamerikarreko piezekin eraikitako programa baten zerbitzura jarriko du bere talentu handia (Verdi, Donizetti, Bellini, Rossini, Massenet, Gounod, Serrano, Lecuona, etab.); abuztuaren 30ean programa horrekin berarekin itxiko du Salzburgoko Jaialdia. Vincenzo Scalera estatubatuarra Juan Diego Flórezen kolaboratzaile estua da eta beste artista handiekin ere jardun da bere ibilbidean zehar: Carlo Bergonzi, Montserrat Caballé, José Carreras, Andrea Bocelli, Leyla Gencer, Vittorio Grigolo eta Renata Scotto, besteak beste. Dudarik gabe, publikoaren oroimenean eta jaialdiaren historian iraungo duen gaualdia izango da.

Jarraitu irakurtzen


  • DataMartxoak 26
  • Gaia Musika