Ricardo Darín aktore, ekoizle eta zuzendaria –azken hamarkadetako Latinoamerikako eta munduko zinemaren izen ospetsuenetako bat– izango da Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko kartelaren protagonista; 2026ko irailaren 18tik 26ra bitartean izango da aurtengo edizioa. Antzezle argentinarrak presentzia handia izan du azken 20 urteotan Zinemaldian; izan ere, 2017an Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso zuen: Donostia Saria.
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan kartelak aurkezteko ekitaldia egin dute gaur eguerdian. José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Maialen Belokik –Rebordinosen ondorengoak– aurkeztu dute ekitaldia. Gaur egun bi zuzendariordeetako bat da Beloki, baina urtarrilean Zinemaldiaren zuzendariaren lanpostura aldatuko da.
Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem, Cate Blanchett eta Marisa Paredes protagonista izan dituen kartel ofizialen ondoren, Ricardo Darín argentinarra Zinemaldiari irudia ematen dion zinematografia garaikidearen bederatzigarren irudia izango da aurtengoan. Iaz bezala, Wallijai estudio donostiarrak diseinatu du posterra, collage gisa, Sebastián Arpesella argazkilari eta musikari argentinarrak 2024an egindako erretratu bat oinarri hartuta.
Wallijaik gainerako sailetarako kartelak ere sortu ditu. Aurreko edizioan gaia genero zinematografikoen ingurukoa zen; oraingoan, berriz, leitmotiva zinemako lanbideak izan dira. Hala, Darínen irudia duen posterrak interpretazioa gogorarazten digu, eta gainerakoak hauekin lotuta daude: gidoigintza (New Directors), soinua (Horizontes Latinos), zuzendaritza (Zabaltegi-Tabakalera), muntaketa (Perlak), arte-zuzendaritza (Nest), makillajea (Culinary Zinema), efektu bereziak (Zinemira) eta ekoizpena (Made in Spain).