"York Bowen Festival Enkarterri" jaialdiak herrialde ezberdinetako 100 musikari gazte bilduko ditu nazioarteko edizio berri batean


  • Topaketa uztailaren 20tik 31ra bitartean izango da eta kontzertuak, masterclasseak eta hainbat jarduera izango dira Balmasedan, Zallan, Gueñesen, Guggenheim Bilbao Museoan eta Euskalduna Jauregian

Bizkaiko Foru Aldundiaren babes nagusiarekin, Balmasedak uda honetan "York Bowen Festival Enkarterri" jaialdiaren nazioarteko edizio berri bat hartuko du. Musika klasikoko topaketa honek bi astez Enkarterri prestakuntza, elkarbizitza eta sormen musikalerako gune bihurtuko du, 12 eta 30 urte bitarteko Enkarterriko nahiz hainbat herrialdetatik etorritako gazte interpreteentzat. Jaialdia uztailaren 20tik 31ra egingo da, «Enkarterri munduan zehar kulturaren bidez» lelopean, eta masterclassak, ganbera-musika, orkestra-jarduerak, hitzaldiak, aire zabaleko kirol-ekintzak eta publiko guztiari irekitako kontzertuak uztartuko ditu Enkarterriko eta Bilboko hainbat gunetan.

Enkarterriko Mankomunitatea da egitasmoaren erakunde laguntzaile nagusia; izan ere, proiektuak «musika klasikoa kulturartekotasuna sustatzeko eta Enkarterriko gazteen artean aisialdiaren eta kulturaren programazioa sustatzeko, laguntzeko eta elkarrekin sortzeko tresna gisa, Gaztedi Enkarterri Planaren 16. neurriaren garapenarekin bat eginez».

Jaialdiaren ardatz nagusietako bat haren hezkuntza- eta gizarte-dimentsioa da. Topaketaren helburua da talentu eta etorkizun artistiko handia duten gazteei musika-prestakuntza espezializatua eskuratzeko aukera ematea; izan ere, askotan zailtasunak izaten dituzte nazioarteko esperientzia mota horietan parte hartzeko. Ekimenak benetako ikaskuntza- eta hazkunde-aukerak sortu nahi ditu, ikasleen talentua eta ahalegina oinarri hartuta.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUztailak 7
  • Gaia Musika