Hamar proiektu teknologiko (bost espainiar eta bost europar) lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen, ikus-entzunezkoen sektorean aplika daitezkeen eta garapen teknologikoetan diharduten startup sortu berrietarako eta ekintzailetza-taldeetarako Donostia Zinemaldiaren lehiaketan. Aurten 68 proiektu jaso dira, kopururik handiena lehiaketa sortu zenez geroztik (2019).
Zinemaldia Startup Challenge estatu-lehiaketako bost finalistetatik, Volumek denbora errealeko atzemate bolumetrikoa proposatzen du komunikazio murgiltzailea sortzeko; Dymensiumek, halaber, esparru horretan egiten du lan 4DGS teknologiaren medioz, esperientzia murgiltzaileak eta goi-fidelitateko biki digitalak sortzeko. Bestalde, intoreality.tv ekimenak web erreproduzitzaile interaktibo bat aurkeztuko du; hala, 2D seinale tradizionala seinale murgiltzaileekin eta gailu anitzekoekin konbinatuz, ikus-entzuleei aukera ematen die esperientzian aktiboki parte hartzeko; HAMO Real-Time Animation Systemek, bestalde, pertsonaia digital elkarreragileak sortzen ditu denbora errealean, eta hainbat animazio-teknika konbinatzen ditu horretarako. Azkenik, Pixentinel tresnak adimen artifiziala darabil streamingetan seinale-akatsak detektatu, diagnostikatu eta konpontzeko.
Europako hiru proiektu ere, ildo horretan, adimen artifizialean oinarrituta daude: Graphrs alemaniarrak sistema eragile bat garatzen du ikus-entzunezko ekoizpenean diharduten profesionalei euren lana errazteko; THELMA erreminta finlandiarrak, berriz, ingurune bakar batean kudeatzen du pertsona publikoen identitatearen eta jabetza intelektualaren erabilera desegokia online; eta SuperScout britainiarrak, hirugarrenik, erraztu egiten du film office delakoen, alorreko profesionalen eta ekoizpen-enpresen artean kokapenei buruzko informazioa kudeatu eta trukatzeko ataza. Azkenik, bi hauek izango ditugu: lehenik, kokapenera bideratutako beste proiektu bat, Virtual Location Scouting finlandiarra, filmazioak aurrebisualizatzea eta urrutiko planifikatzea ahalbidetzen duena errealitate areagotuari esker; eta bigarrenik, jasangarritasunean eragina duen bat, TheGreenShot plataforma belgikarra, ekoizpenen karbono-aztarna neurtzen, murrizten eta jakinarazten duena, datu handien medioz, datu trazagarriak, auditagarriak eta ziurtagiri askotara egokituak baliatuta.
Bi epaimahai independentek sari bana emango diete estatu espainiarreko startup edo ekipo ekintzaile bati eta Europako beste bati. Bestalde, hirugarren epaimahai batek aipamen berezia emango du ekintzailetza-balioen aitorpen gisa.
Zinemaldia Startup Challengen hautatutako proiektuek ikus-entzunezko sektoreari aplikatutako berrikuntza teknologikoa islatzen dute, hainbat ikuspegitatik, eta pitching saio batean aurkeztuko dira irailaren 24an (osteguna). Zinemaldia & Technology jardunaldiak AC Coppensek moderatutako mahai-inguru bat ere izango du, ikus-entzuleak ardatz hartuta eta teknologiak horiengana iristeko duen eginkizunaz hausnartuz.