ARKABIAk, Vita Fundazioaren kulturgune berriak, Dirdir estreinatuko du, film bakoitzerako berariaz sortutako interpretazioen bidez irudi zinematografikoa eta zuzeneko musika lotzeko sortutako jaialdia. Asmoa da urteroko hitzordu bihurtu dadila. Lehenengo edizio honek bost saio antolatu ditu, eta irailaren 26tik urtarrilaren 21era bitartean egingo da. Askotariko profiletako musikariak eta proiektuak bilduko ditu, egile kantutik eta folketik hasi eta musika elektronikara, pop esperimentalera edo diziplinarteko proposamenetaraino. Hitzorduak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak (10 €) eta jaialdi osorako abonuak (40 €) gaurtik aurrera eros daitezke www.arkabia.eus webgunean edo Posta kaleko 13-15 zenbakian duen egoitzan, astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita).
Jaialdia gaur goizean aurkeztu dute ARKABIAn Garbiñe Ortega koordinatzaileak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak eta jaialdiko lehenengo hitzorduko protagonista izango den Zabala musikagile eta musika ekoizleak.
“Film baterako soinu-banda berria egiteak irakurketa berria egitea dakar, filmaren interpretazio garaikidea eta eguneratua egitea. Horri gehitzen badiogu musikalizazio hori zuzenean egiten dela, Dirdir Jaialdiaren kasuan bezala, esperientzia paregabea bihurtuko da. Hori da jaialdi horren helburu nagusia: esperientzia kolektiboa eta errepikaezina oparitzea, film bat zinema areto batean partekatzearen lilura itzuliko diguna”, nabarmendu dute ARKABIAtik.
Dirdir-en lehenengo edizio honek askotariko programazioa eta erakargarria du publiko guztientzat, eta, klasiko handien (Los pájaros, Taxi Driver, Amanece, que no es poco) eta proposamen garaikideagoen (Un año, una noche filmetik hasi eta Christina Rosenvingek aktore eta musikari lanetan egin dituen filmen saio bereziraino) artean, hainbat zinema-generori erreparatzen die eta hainbat musika-proposamen dakartza, Estatuko musikari interesgarrienetako batzuen eskutik.
Lehenengo edizio honetan parte hartuko duten artistak honako hauek izango dira: Zabala, Lorena Álvarez & Víctor Herrero, Fantasma Sur, Amorante eta Christina Rosenvinge. Horiek guztiek zuzenean joko dituzte emanaldiei buruzko beren musika-proposamenak: Taxi Driver (irailak 26), Amanece, que no es poco (urriak 17), Un año, una noche (azaroak 14), Los Pájaros (abenduak 12) eta Un concierto de cine (urtarrilak 21). Horrela, film bakoitzak une horretarako berariaz sortutako soinu irakurketa berria izango du, saio bakoitza ARKABIAko publikoarentzat esperientzia paregabea eta desberdina izan dadin.
Bost film, bost soinu-banda berri
Jaialdiaren lehenengo hitzordua irailaren 26an izango da, 1976an estreinatu zen Martin Scorseseren Taxi Driver filmaren eskutik, bere 50. urteurrenarekin batera, gainera. Zabalak (Jon Aguirrezabalagaren izen artistikoa) Travis Bickle ikonikoak gizarte bortitz eta psikotiko hartan bizi izan zuen infernuetarako jaitsieraren ikuspegi musikala interpretatuko du zuzenean. Musikagile eta ekoizle bilbotarrak, We Are Standard taldearen buru izan ondoren, musika elektronikoari eta esperimentazioari lotutako proiektu pertsonala garatu zuen. Bere proposamena, paisaia gautar, ilun eta nostalgiko samarretan oinarritua, oso ondo egokitzen da Scorsesek bere protagonistarentzat aukeratu zuen noraezean ibiltze itogarrian. Bere inguruko gainbeherak indarkeria nahia elikatuko baitu osasun mentaleko arazoak dituen Vietnamgo Gerrako beterano horrengan.
Saioak urriaren 17an jarraituko du, José Luis Cuerdaren Amanece, que no es poco eta Lorena Álvarez eta Víctor Herreroren musikaren eskutik. Penintsulako folkari eta egile-kantuari lotutako beren lanek umorez betetako eguneroko eszena txikiak eraikitzen dituzte, espainiar zinemaren kultuzko film honetako unibertso surrealista, zentzugabe eta pertsonaia bereziz betearekin bat egiten dutenak.
Azaroaren 14an, Isaki Lacuestaren Un año, una noche iritsiko da, Fantasma Sur proiektuak lagunduta. Proiektu horretan Alondra Bentleyk, Yliak, Lacuestak berak eta Albert Comak hartu dute parte. Bentleyren ahotsak eta doinuek Yliaren testura elektronikoekin eta zinemagilearekin batera idatzitako mamuen abestiekin egiten dute topo, Albert Coma artista bisualarekin batera musikarekin zuzenean elkarreragiten duten proiekzio zinematografikoen arduraduna baita. Emaitza musika atmosferikoaren, elektronikaren, spoken word-aren eta beste lengoaia batzuen artean mugitzen da, 2015ean Parisko Bataclaneko atentatuaren ondorioak jorratzen dituen istorio batekin hitz egiteko sortutako proposamen horretan, gau hartan aretoan zegoen Ramón eta Céline bikote gaztearen bidez.
Abenduaren 12an, Los Pájaros Alfred Hitchcocken film ezagunenetakoaren txanda izango da, Iban Urizar etnomusikologo eta instrumentu anitz jotzen dituen gipuzkoarraren Amorante proiektu pertsonalaren zuzeneko parte hartzearen eskutik. Ausarta eta ikonoklasta, inprobisazio zalea, beti bere tronpeta estimatuarekin, bere nahasketa-pedalekin, bere harmonium indiarrarekin eta sintetizadore txiki batekin lagunduta, abangoardia eta mestizaje kutsua duten konposizioei ematen die forma; oraina, iragana eta etorkizuna kutsukoak. Oraingoan, musikaren eskutik egingo dio aurre Hitchcocken filmaren giro aztoragarriari. Izan ere, soinu-banda ausart eta ameslaria du, eta haren intentsitatea eta urduritasuna indartuko dituen soinu-irakurketa eskainiko dio.
Programazioa urtarrilaren 21ean itxiko da, Christina Rosenvinge eta Un concierto de cine saioaren eskutik. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du Christina Rosenvingek eta espainierazko indie-aren ezinbesteko figuretakoa bihurtu da, eta zinemarekin nahiz antzerkiarekin ere harreman sendoa garatu du, eta aktore ibilbide interesgarria eraiki du.
Pantaila handian laurogeita hamarreko hamarkadan egin zuen debuta, Penelope Cruz eta Coque Mallarekin batera egin zuen Todo es mentira mitikoaren eskutik. Harrezkero, Viggo Mortensenekin batera aritu da La pistola de mi hermano filmean, Karen filmeko protagonista izan zen, eta berrikiago parte hartu zuen Ion de Sosaren Balearic eta Ángeles González Sinderen Después de Kim filmetan.
Kontzertu honetan, Christinak bere arlo zinematografikoa errepasatuko du, soinu-bandak konposatzen egindako lana, Amaia Mirandak (gitarra), León Sierrak (baxua eta kontrabaxua), Charly Bautistak (sinteak, txirula eta gitarra) eta Xerach Peñatek (bateria) lagunduta. Proposamen paregabea, musika eta zinema elkartzen dituena, denbora eta espazioa gainditzen dituen esperientziari forma emateko.
Sormen prozesuak ezagutzeko topaketa bi
Dirdir ez da emanaldi-kontzertuetara mugatuko. Programak publikoari irekitako saio bi ere badakartza. Saio horietan, hainbat gonbidatuk beren sorkuntza eta lan prozesuak partekatuko dituzte. Lehenengoa musika ekoizpeneko maisu klase bat izango da, Jon Aguirrezabalagaren (Zabala) eskutik. Bi orduz, ekoizpenaren bideak jorratuko ditu, bai musika-proiektuetan, bai ikus-entzunezkoen arlorako soinu-banden sorkuntzan. Saioak proiektu bakoitzaren berezitasunaren bilaketan eta hura lortzeko erabil daitezkeen tresnetan eta baliabideetan jarriko du arreta.
Zabalak ibilbide luzea du ekoizle eta konpositore lanetan. Maspalomas, Los Aitas eta Desaparecido lanetako soinu-banden ekoizpenean eta nahasketan hartu du parte. Bakarkako ibilbideari ekin aurretik, We Are Standard taldeko kide izan zen. Lau disko argitaratu zituen talde horrekin, eta 500 kontzertu baino gehiago eman zituen nazioartean. Gaur egun, zinemarako eta antzerkirako konposizioa, bere proiektu propioak eta beste artista batzuentzako proiektu eta ekoizpen lanak uztartzen ditu, Bilboko Deustu auzoko El Tigre estudiotik.
Bigarren topaketak Isaki Lacuesta zinemagile, ikusizko artista eta musikaria izango du protagonista, eta zinemari, arteari eta musikari buruzko ordubeteko elkarrizketa batean hartuko du parte. Lacuestak musika bihurtu du bere lan artistikoaren elementu nagusietako bat. Bere proiektu berrienen artean dago Segundo premio, Pol Rodriguezekin batera zuzendua eta Granadako Los Planetas taldearen historian ardaztua, zuzendaritza onenaren Goya saria jaso zuena, eta Flores para Antonio dokumentala, Elena Molinarekin batera zuzendua, Antonio Floresen bizitza eta obrari buruz.
Saio horietarako lekuak doakoak dira, baina beharrezkoa da aldez aurretik gonbidapena hartzea ARKABIAren webgunean edo bere egoitzan bertan.