Atlantikaldiak gaur aurkeztu ditu bere 13. edizioaren azken xehetasunak, irailaren 17tik 20ra Errenterian egingo den jaialdiaren egitarauarekin eta proposamenekin batera. Aurkezpenean Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Errenteriako Kultura zinegotziak eta Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria zuzendari nagusiak parte hartu dute.
Horrez gain, egitaraua ehuntzen parte hartu duten eragileak bertaratu dira.
Aurtengo aurkezpena Agirre Lehendakariaren plazan egin da, jaialdiaren bihotzetako bat izango den Itsasargi Nagusia kokatua egongo den lekuan. Izan ere, bertan leku hartuko duen eszenatokiak itsasargi baten funtzio sinbolikoa hartuko du: argia ematea, orientatzea eta elkargune izatea.
Izan ere, hori da aurtengo “Uhinak” leloaren atzean dagoen ideietako bat. Itsasoaren mugimendutik abiatzen bada ere, uhinek askoz gehiago adierazten dute: soinua, energia, mugimendua, transmisioa eta oihartzuna. Uhin batek abiapuntu bat izan dezake, baina bidean hedatu, beste batzuekin elkartu eta urruneko lekuetara iristen da. Atlantikaldia ere halakoa da: Errenterian sortzen diren eta kanpotik datozen uhinak elkartu, gurutzatu eta berriak sortzen diren topagunea.
Musika, kultura eta topaketarako hainbat proposamen
Ohikoa denez, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: Lehendakari Agirre plazako Itsasargi Nagusia izango da agertoki nagusia; Herriko Plaza, hurbileko emanaldiak hartzeko eszenatokia; Kalekaia, Panier orubean, arte urbanoari eskainia; eta Herrixka, Foru plazan, jarduera parte-hartzaileetarako eta gastrogune gisa.
Aurtengo programazioak ere, jatorri, estilo eta sentsibilitate anitzetako proposamenak bilduko ditu. Musika izango da programazioaren ardatzetako bat, baina kontzertuetatik harago, kaleko jarduerak, bisita gidatuak, tailerrak, gastronomia, parte-hartzea eta topaketak ere izango dira protagonista.
Musikari dagokionez, jaialdiaren nortasunaren parte diren Itsas Elkarrizketek proposamen eta jatorri desberdinetako artistak elkartuko dituzte Itsasargi Nagusiko oholtza gainean, jaialdirako propio sortutako topaketetan. Hala, La Mòssa Besaiderekin, Les Frères Smith Lide Hernandorekin, Baiuca Oreka TXrekin, Selma Uamusse Enekorarekin eta Macaco Sünerekin arituko dira elkarlanean.
Musika eskaintza, gainera, Errenteriako hainbat espaziotan banatutako kontzertu eta emanaldiekin osatuko da. Herriko Plazan Nhil, Mon Dvy, Argentinatik Euskal Herrira Folkean, Del Val, Carla Delgado eta Taghufi arituko dira; Herrixkan, The Soulanders, Triporters eta Txorinho; eta Kalekaian, berriz, Azkura, Zaunka, Sedientos de Cumbia, Mamba System, Mr. Luken, Vazkez eta Siwanaba.
Bestalde, Herri Arte Eskolak aurten ere bere ekarpena egingo dio jaialdiari. Edizio honetarako prestatutako Konexio bretainiarra ekimenaren bidez, Bretainiarekin eraikitako lotura artistiko eta kulturala eramango dute Atlantikaldiara.
Programazioaren beste proposamenen artean, besteak beste, bisita gidatuak, Paddle Surfa, An(h)iztunak Giza Liburutegia, Sukaldian kulturarteko sukaldaritza tailerra eta bestelako jarduerak daude. Egitarau guztia atlantikaldia.errenteria.eus helbidean kontsultatu daiteke.
Izen-emateak irekita
Jarduera batzuetan parte hartzeko izen-emateak dagoeneko zabalik daude.
? Bisita gidatuak: izen-emateak Turismo Bulegoan egin behar dira.
? Paddle Surf + Sukaldian: izen-emateak online egin daitezke, Atlantikaldiaren webgunearen bidez.
? An(h)iztunak: izen-emateak online egin daitezke, Atlantikaldiaren webgunearen bidez.
Jardueren ordutegi eta xehetasun guztiak atlantikaldia.errenteria.eus webgunean kontsulta daitezke.
Atlantikaldia, denon atean eraikitako jaialdia
Aurten ere, Atlantikaldiaren izaera kolektiboa eta komunitarioa nabarmendu nahi da. Jaialdia ez da soilik eszenatokietan gertatzen; kultur eragileek, elkarteek, sortzaileek, ostalaritzak, merkataritzak, ikastetxeek, kirol elkarteek,
gastronomia-elkarteek, erakundeek eta herritarrek osatzen duten sarearen emaitza da.
Ildo horretan, Atlantikaldiaren atzean dagoen komunitate osoa jarri nahi da agerian. Herriko eta inguruko eragileen inplikazioak ematen dio jaialdiari bere benetako izaera, eta haiei esker bihurtzen da Errenteria musika, kultura eta hizkuntza artistikoen topagune.
Aurten, beraz, itsasargia piztu eta uhinak zabaltzeko gonbita egingo die Atlantikaldiak herritarrei eta bisitariei. Irailaren 17tik 20ra, Errenteriako plazak, kaleak, ibaia eta ohiko jaialdi-guneak kulturaren eta topaketaren eszenatoki bihurtzeko.