Gure Zinemak Patricia López Arnaizi (Vitoria-Gasteiz, 1981) emango dio IV. Saria. Patricia López Arnaiz egungo euskal zinemako antzezle aitortuenetako bat da, eta azken urteotan egindako ibilbideari esker, zinemagintzako panorama osoko aktore nabarmenenen artean kokatu da.
Sari-banaketa ekitaldia irailaren 19an egingo da, Donostia Zinemaldiaren barruan. Gure Zinema plataformak aintzat hartuko du aktorearen ibilbidea, Euskaditik eraikitakoa eta gure zinemaren bizitasuna eta aniztasuna hobekien islatzen duten hainbat filmekin estuki lotutakoa.
Saria, gainera, Lopez Arnaizentzat bereziki esanguratsua den une batean iritsi da. Aktoreak 2026an bere bigarren Goya saria jaso du, Emakumezko Aktore Protagonista Onenari, Alauda Ruiz de Azúaren Los domingos filmean egindako lanagatik. Aitortza horri gehitu behar zaizkio David Pérez Sañudoren Ane filmagatik lortutako Goya saria eta beste hainbat aintzatespen, besteak beste, Donostia Zinemaldiko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra, Pilar Palomeroren Los destellos filmagatik, baita Feroz, Forqué, Ondas eta Ojo Crítico sariak ere.
Euskal zinemarekin duen harremanak bere filmografia markatu du. 80 egunean, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako lehen filma, izan zen ikus-entzunezkoen munduan egin zuen lehen lana. Ondoren, besteak beste, Lasa eta Zabala eta Un otoño sin Berlín lanetan parte hartu zuen, eta, bereziki, Ane filmak inflexio-puntua markatu zuen bere ibilbidean.
Azken urteotan, gainera, euskal ikus-entzunezkoaren funtsezko hainbat ekoizpenetan parte hartu du. Estibaliz Urresola Solagurenen 20.000 erle-espezie pelikulan Ane interpretatu zuen, eta lan horri esker, besteak beste, Feroz saria eta Malagako Zinemaldiko Zilarrezko Biznaga jaso zituen. Horiez gain, Andrea Jaurrietaren Nina eta Alauda Ruiz de Azúaren Los domingos filmetan parte hartu du. Azken hori, hain zuzen ere, Espainia Oscar sarietan ordezkatzeko aurre hautatu berri dute.
Euskadirekiko lotura galdu gabe sendotu du bere ibilbidea. Gasteizen jaioa, López Arnaiz Ortzai antzerki-eskolan trebatu zen aktore gisa, EHUn Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi ondoren. Eszenatokietan eman zituen lehen urratsetatik hasi eta azken aitortzetaraino, pertsonaia konplexuek eta publiko oso ezberdinekin konektatzeko gai den interpretazioak markatutako ibilbidea eraiki du.
Gure Zinema Sariaren laugarren edizioa
Gure Zinema Sariak Euskadiko ikus-entzunezkoen ekosistema indartzen eta gure zinema publikoarengana hurbiltzen laguntzen duten ibilbideak eta lanak aitortzen ditu. Patricia López Arnaizek Ramon Barearen lekukoa hartuko du; Bareak III. Gure Zinema Saria jaso zuen 2025ean.
Aurreko edizioetan ere aitortuak izan ziren Ane Gabarain, 2024an, eta Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako ‘Cinco lobitos’ filma, 2023an. Horrela, sariak euskal ikus-entzunezkoen hazkundeari, ikusgarritasunari eta aitortzari laguntzen dioten ibilbide indibidualak zein talde-lanak balioesten jarraitzen du.
Gure Zinema
Gure Zinema duela lau urte sortu zen Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak biltzen dituen plataforma gisa; gure zinema indartu nahi duen eta ikusleei gure lanak pantaila handian are gehiago gozatzeko aukera emango dieten abantailak eskaintzea helburu duen aliantza da. Hain zuzen ere, plataformaren aurkezpen ofiziala Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan egin zen.
Gure Zinema osatzen dute Euskadiko ekoiztetxeen elkarteek, EZAEk, EiTBk eta euskal zinemaren gainerako eragileek, besteak beste, jaialdiek, kultura-erakundeek eta aktoreen zein gidoilarien elkarteek. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa du.
Gainera, Gure Zinema Klubak 1.700 harpidedun baino gehiago ditu dagoeneko. Euskal zinema babestu eta aparteko esperientziez gozatu nahi duten pertsonak dira, eta, besteak beste, filmaketak bisitatzeko, emanaldi berezietara joateko eta zozketetan parte hartzeko aukera dute. Ekoiztetxeen lankidetzari esker, zozketa horietako irabazleek gertutik ezagutu ahal izan dute nola filmatu ziren La ermita, Una ballena, Nina, Soy Nevenka, Karmele eta Singular lanak. Halaber, A los libros y a las mujeres canto, Gelditasuna ekaitzean, Nina eta Robotia filmen taldeekin batera egindako emanaldietan parte hartu ahal izan dute.