Beñat Iturbe Hualde, komikoa: «Asko erabiltzen ditut publikoaren erantzuna, haren erreakzioa eta lokaleko giro orokorra ikuskizunaren alde»

  • Beñat Iturbe Hualde, komikoa: «Asko erabiltzen ditut publikoaren erantzuna, haren erreakzioa eta lokaleko giro orokorra ikuskizunaren alde»
    Argazkia: La Llama Fest

Beñat Iturbe Hualdek orain zazpi bat urte hasi zuen bere ibilbidea stand-up komediaren munduan, pare bat saiakera antzuren ondoren. "Ordubete" izeneko ikuskizunarekin hara eta hona ari da orain. Gainera, YouTuben "Grazia" izeneko elkarrizketa-saio bat dauka, eta irailaren 26an (larunbata) "Esateko idatzi" ikastaroa emango du, Azpeitian. Hori guztia eta askoz gehiago izan ditugu hizpide solasaldi honetan.

Noiz eta nola hasi zinen stand-up komedia egiten?

Berez 2019. urtean hasi nintzela esaten dut normalean. Lehenago egon zen saiakera pare bat, behin unibertsitateko festa batean eta beste behin Madrilgo mikro ireki batean, baina ez ziren oso ongi atera, eta ez zidan jarraitzeko gogo handirik sortu.

Bartzelonako La Llama liburu-denda ireki zutenean, bertan probaleku bat antolatu zuten, eta han probatu nuen hirugarrenez. Hobeto atera zitzaidan, ez bereziki ongi, baina horren ongi tratatu ninduten Abik eta Kikek, dendako jabeek, eta Tomàs Fuentesek, aurkezle bezala, probatzen jarraitzeko grina sortu zitzaidan. Orduan ikusi nuen, lehen aldiz, nik egin nahi nuena egiteko bazegoela tokitxo bat, bazeudela komedia-mota arraroago bati espazioa emateko prest zeuden publikoa eta antolatzaileak.

[Argazkia: Alba Bouvier]


Askotan harritzen gaituzte komikoek beren burutazioekin. Baina benetan originalak al dira? Ala beste batzuek egiten dutenari adi egotearen emaitza ere badira? Zein dituzu zuk erreferente nagusiak? Zer ikasi duzu haiengandik?

Bai, zentzu askotan badirudi erreferenteak aipatzeak nolabait norbere lana gutxiesten duela, edo komedia asko ikusten baduzu horrek zure ideiak kutsatzen dituela, ezin zarela horren originala izan. Ez dut uste inondik inora horrela denik. Ez baduzu beste komediarik ikusten, errazagoa izan daiteke ez ikustea zuri bururatu zaizun hori agian beste askori bururatu zaiela aurretik eta, beraz, ez zarela hain originala. Orain arte egindakoa, tradizio-mota desberdinak, gaur egungo mugimenduak... ezagutu eta aztertzeak laguntzen du inor egiten ari ez dena identifikatzen eta sentsibilitate pertsonalago bat garatzen.

Niretzat, zentzu horretan, oso garrantzitsuak izan dira oso gauza pertsonal eta espezifikoak egiten ikusi ditudan komikoak: Miguel Noguera, Andy Kaufman, Maria Bamford, Stewart Lee edo Tig Notaro, adibidez. Asko inspiratzen nau publiko zabalago batengana iristeko bere umorea aldatzen ez duen jendeak, azkenean zure publikoa berdin-berdin aurki dezakezula erakusten duelako.


Nolakoa da bakarrizketa bat idazteko prozesua? Nola egiten zaio aurre orri zuriaren sindromeari?

Nire kasuan, emanaldietarako datak lotuz eta idatzita daukadan materialaz aspertuz.

Oso gutxitan eseri izan naiz orri zuri baten aurrean idaztera. Normalean mugikorrean edo libreta batean apuntatzen ditut kalean, erosketa egiten, dutxan edo kotxea gidatzen bururatzen zaizkidan ideia solteak (azken biak, ekintza amaitu ostean), eta hor geratzen dira, egutegian emanaldi baterako bi egun falta direla ikusten dudan arte. Orduan errepasatzen dut daukadan materiala, txiste batzuekin dagoeneko aspertuta nagoela-eta erabakitzen dut zerbait berria probatzea, begiratzen dut zer daukadan apuntatuta, eta horietako premisaren bat aukeratzen dut.

[Argazkia: Peio Goienetxea]


Gero, idatzitako hori jendaurrera eraman behar da. Inprobisatzearen aldekoa zara ala idatzi duzun testuari leial izaten saiatzen zara?

Idatzitako hori jendaurrera eramatea idazketa-prozesuaren parte bezala ulertzen dut oraindik. Normalean probaleku, open mic edo mikro ireki moduko emanaldi informaletan probatzen ditut txisteak.

Apuntatuta daukadan premisa hori probatzeko normalean ez dut askoz gehiago garatzen. Etxean apuntatzen dut nondik nora joan daitekeen, eta eszenatokian "ahoz" idazten dut, gutxi gorabehera. Saiatzen naiz grazia egiten didan hori lagun bati azalduko niokeen bezala kontatzen publikoari, ea zer moduz ateratzen den. Hor sartu daiteke inprobisazio gehiena, ideia hori plazaratzean sentitu eta pentsatzen dudanak gehitzen dionarekin, publikoaren erreakzioarekin eta abar. Momentu horretan ulertzen duzu benetan zer idatzi duzun, grazia izan dezakeen edo lotsatzen zaituen jendaurrean botatzeak.

Emanaldi horien audioa mugikorrarekin grabatzen dut, eta hurrengo egunean transkribatzen dut; orduan konfirmatzen da benetan ea grazia zeukan edo ez, eta baldin bazuen, idatzita geratzen da, orain bai, txisteak gehituz joateko, probalekuz probaleku, guztiak ongi funtzionatu arte. Eta behin funtzionatzen duenean, idatzita geratzen da, eta beste zerbait probatzen hasten naiz.


Batzuetan publikoa oso aldekoa izango da; beste batzuetan, ez. Zer egiten da publiko zaila egokitzen denean? Testua moldatu egiten duzu aurreikusten duzun publiko-motaren arabera?

Nik asko erabiltzen ditut publikoaren erantzuna, haren erreakzioa eta lokaleko giro orokorra ikuskizunaren alde. Zerbait gertatu bada, norbait oso altu baldin badabil, ez diot zentzurik ikusten aktore bat izango banintz bezala aurrera egiten saiatzeari, uste dudalako tentsio arraro bat sortzen duela. Harresi bat eraikitzen du nolabait publikoaren eta komikoaren artean, eta horrek giroa hoztu dezake.

Publikoak ikusten badu zu ez zaudela gustura barre gutxiago egiten du, baina nolabait erakusten duzunean baietz, kontziente zarela, zuk ere badakizula zerbait gaizki atera dela baina berdin zaizula, edo zure buruari barre egiteko erabiltzen duzula, gehiago disfrutatzen du. Askotan gaizki doan emanaldi bat gaizki doala esaterakoan, bat-batean, tentsio edo deserosotasun hori desagertzen da eta, ironikoki, funtzionatzen hasten da.

[Argazkia: Kike García]


Txisteak behin eta berriro probatu beharko dira, noski. Zer egiten duzu funtzionatzen ez dutenekin? Emanaldiak aurrera doazen heinean, hasierako testua aldatzen joaten da?

Behin baino gehiagotan probatu behar dira ikusteko, arrazoi asko egon daitezkeelako ez funtzionatzeko: ez duzu ongi esan, jendeak ulertu du baina ez du barrerik egin... Niri benetan grazia egiten badit, hilabeteak edo urteak egon naiteke behin eta berriro probatzen, gauzak aldatzen, argiago azaltzen, ordena etengabe moldatzen, sinesten dudalako funtziona dezakeela, eta batzuetan gertatu izan da. Beste batzuetan, lehenengo egunean argi daukat ez duela inoiz funtzionatuko.


YouTubeko zure kanalean "Grazia" izeneko elkarrizketa-saio bat daukazu. Zer-nolako jendea elkarrizketatzen duzu?

"Grazia" noizean behin lagun komikoekin grabatzen ditudan elkarrizketa batzuk dira, haien obrako txiste, bloke edo esketx zehatz bati buruz. Beraiek erabakitzen dute zein ekarri nahi duten. Nik aurretik analisi txiki bat egiten dut, eta sorkuntza-prozesuari eta erabaki zehatzei buruzko galderak egiten dizkiet. Orain arte lagunak gonbidatu izan ditut, euskal eszenakoak eta Madrilen edo Bartzelonan ezagutu ditudanak. Umore-mota desberdinak lantzen dituen jendea ekartzen saiatu izan naiz, komediaren ikuspegi desberdinak jorratzen dituztenak.

Momentuz ez dut gehiago grabatu, baina dagoeneko hitz egin dut beste pertsona batzuekin; galderak prestatzea falta zait atal berriak grabatzeko.

[Argazkia: Mattin Saldias | Diseinua: Julen Alberdi]


"Ordubete" izeneko bakarrizketa sortu duzu. Zeri buruz hitz egin nahi izan duzu? Nola betetzen da edukiz 60 minutuko saio bat? Nondik nora ikusi ahal izango zaitugu datozen hilabeteetan?

Idazteko daukadan prozesua jarraituz, ez dut bakarrizketa gai zehatz baten inguruan prestatu. Gutxi gorabehera azken zazpi urte hauetan idatzi eta probatutako materialaren bilduma moduko bat da, gai eta premisa desberdinak batzen dituena. Ikuskizunean ikuskizunari buruz hitz egiten dut; alegia, metahizkuntza moduko bat sortzen dut, eta ordubetea betetzeko egin behar izaten dudanarekin eta denborarekin jolasten dut.

Momentuz, urriaren 30ean Gasteizen egingo dut emanaldia, Karrika tabernan, eta pendiente daukat data gehiago ixten joatea.


Gauzak ondo bidean, "Esateko idatzi" ikastaroa emango duzu irailaren 26an (larunbata) Dinamoa Sormen Gunean, Azpeitian. Nori zuzenduta egongo da? Zer-nolako programa prestatu duzu?

Stand-up bloke bat idatzi nahi duen edonori dago zuzenduta, gero eszenatokian probatzeko prest egon daitekeena. Asmoa nahiko praktikoa izatea da, etorriko den jendeari, bere ideietatik abiatuta, material propioa idazten eta garatzen laguntzea. Horretarako, argibide teoriko batzuk edo beste komiko batzuen adibide zehatzak jarriko ditut, baina beti helburu praktiko batekin, idazketara bideratuta.


Ba al duzu beste proiekturik esku artean?

Asier K, Jone Bengoa eta Lander Varona lagunekin "Edukiontzia" izeneko podcast berria egiten hasi gara berriki, eta probaleku ibiltari bat ere abiatuko dugu irailean hainbat tokitan. Informazio gehigarria Euripean Corp.-en Instagrameko kontuan duzue dagoeneko.


[2026ko irailaren 7an argitaratutako Berezia]


  • DataIrailak 21
  • Gaia Arte eszenikoak